Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Suitzar gazta eta euskara

Suitzar gazta eta euskara

2013-06-04 / 09:35 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Osasun-arretan kontrako gertaerak ohikoak dira, beharbada jendeak uste duena baino maizago gertatzen dira. Osasun langileon helburua laguntza eskaintzea den arren, buru belarri lanean eta ahaleginak egin arren, sarritan okerrak egiten ditugu. Errare humanum est, denok egiten dugu huts. Irtenbideak bilatzeko asmoz eta segurtasuna helburu, kontrako gertaerak aztertzeko orduan Reasonen arriskuaren teoria dugu eredu, edo, beste era batera esanda, suitzar gaztaren eredua.

Honen arabera, errua ezin zaio pertsona bakar bati egotzi; aitzitik, egoera sistemak baldintzatzen du. Gaztaren moduan irudikatzen da hau, eta hortik datorkio izena: edozein sistemaren barruak, edozein hesik edo gazta xerrek akatsak izaten dituzte, edo zuloak, eta horiek bata bestearen atzetik lerrokatzen direnean, hutsen katea dator. Huts batek bakarrik ezin du kalte eragin; huts guztiek batera, elkarrekin, bat eginez eta lerrotuta soilik sor dezakete kaltea. Hau da, faktore edo eragile anitzek eragiten dituzte kontrako gertaerak. Ez dugu "nork" galdetu behar, "zergatik" baizik, eta zuloak estaltzen saiatu behar gara.

Osakidetzak, 30 urte bete dituen osasun erakundeak, beste erakunde guztiek legez, badauzka bere hutsuneak. Horien artean, euskararen erabilera eskasa bat da. Lan hizkuntza erdara dela argi dago, jakina, baina erabiltzaileei ere ez diegu euskarazko osasun arretarik eskaintzen, eta horrek zerbitzuaren kalitateari kalte egiten dio. Euskararen eta euskaldunon aurkako gertaera bilakatu da. Baina Osakidetza handia da, oso konplexua, bai langile kopuruaren aldetik zein egitura aldetik: zeladoreak, administrariak, erizainak, medikuak, teknikariak, ospitaleak, osasun zentroak, larrialdi unitateak...

Konplexutasun hau kontuan hartuta, eta suitzar gaztaren ereduari jarraituz, ezin zaio errua edo huts egitea bakar bati leporatu. Hau oker kolektiboa da, sistemaren hutsuneek eragindakoa. Sistema da oker dagoena, eta gazta xerra asko daude hemen.

Alde batetik gizarteak, orokorrean, salbuespenak salbuespen, ez du osasun-arreta euskaraz eskatu. Euskararen aldeko aldarrikapenak asko izan dira, baina osasungoak ez du lehentasunik izan. Eta ulergarria da, ezin diogu errua jendeari egotzi, izan ere gurera ez dira aldarrikapenak egitera etortzen, laguntza jasotzera baizik. Menpekotasun egoeran, osasuna da euren kezka, ez hizkuntza eskubideak. Eta kalitatea eta euskara uztartu ezinak direlakoan bizi gara, guztiz sinetsita, lehentasuna zerbitzuari emanez, euskararik gabeko kalitatea ezinezkoa dela ohartu barik.

Langileok formazioa erdaraz jaso dugu, erdaraz lan egitera ohituta gaude, eta erabat onartzen dugu, ez dugu egoera tamalgarri hau zalantzan jartzen. Medikuon kasuan, medikuntza ikasketak, espezialitatea, testuliburuak, ia dena erdaraz dago. Arraroa egiten zaigu historia klinikoa, txostenak, analisien emaitzak, eta abar euskaraz irakurtzea; ez baitago horrelakorik Osakidetzan, zuloz beteta dago langileon gazta xerra.

Zuzendaritza mailan, ez da egon euskara bultzatzeko borondate handirik, lehentasunak beste arlotara zuzendu dira eta. Bestalde, erdaldunak dira gehienak, egoerak hartara behartuta.

Politika munduak eta gizarte eragileek ere ez dute asko lagundu. Euskal Herriak herri bezala, eta gizarte bezala, bizi dituen zatiketek ez dute batere laguntzen; Iparraldeko egoera ezezaguna egiten zaigu; Nafarroak bere erakundeak eta osasun zerbitzua dauzka, eta EAEk bereak. Eta EAEn ere, zatiketa da nagusi: Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak, eta abar. Sindikatuen helburua lan baldintzak babestea da, besteak beste, eta hori izan da euren lehentasuna, ez euskara, ezta erabiltzaile euskaldunen eskubideak babestea ere. Esan bezala, Euskal Osasun Zerbitzuaren konplexutasunak zaila egiten du arazo hau bere onera ekartzea; gazta handia, zuloz gainezka, denak lerro-lerro.

Arazoa konpontzeko, eta suitzar gaztaren eredua erabiliz berriro ere, saia gaitezen zuloak estaltzen, euskararen erabilpena ezinezkoa egiten duten oztopoei hesiak jartzen. Batez ere, ez diezaiogun inori errua bota; "nork" galdetu beharrean "zergatik" galde egin dezagun. Zergatik gaude egoera honetan, zergatik ez dauzkagu lantresnak euskaraz, zergatik gure lan hizkuntza ez da euskara, zergatik ez dugu osasun-arreta euskaraz ematen. Eta borondate eta asmo onez, denon artean, arazoari irtenbidea eman diezaiogun. Denek egin dezakegu huts, baina ergelek soilik irauten dute huts horretan.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus