Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Qué suerte que tenéis el euskera

Qué suerte que tenéis el euskera

2013-05-27 / 10:00 / Aitor Montes Lasarte   HERRI-ADMINISTRAZIOA

"¡Qué suerte que tenéis el euskera!" esan zidan Madrileko familiako mediku batek, nork eta PPri botoa eman dion madrildar mediku erdaldun batek. Zorionekoak gu, euskara daukagulako! Krisian murgilduta, murrizketak non nahi, eta osasun sistemaren pribatizazioaren mehatxuaz hodei zitzerrak zeruan. Madrileko osasun langileak gora begira (zerura ez, guri begira) eta inbidia sanoaz; eskerrak euskara daukazuela. Euren ustez, euskara baita, edo izan daiteke, gure babesa, gure ezkutua. Eta gu, konturatu ere ez.

Agian Madrilekoak baino apur bat hobeto gaude, baina murrizketak hona heldu dira ere. Legea bete egin behar da, beste aukerarik ez omen dago eta langile publikoen lanaldia luzatu behar da. Eta, aldi berean, soldaten jaitsiera edo izozketa jasan behar. Eusko Jaurlaritzako funtzionarioek lanordu gehiago eta egun libre gutxiago izatea nahi omen du gobernu berriak eta arrazoizko neurriak direla dio Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak. Sindikatuak honen aurka noski, inposaketa dela argudiatuz, Madrilek zer esan eta Gasteizek huraxe egiten duela esanez. Baina sarritan sindikatuen eta langile publikoen aldarrikapenek ez dute gizartearen onespenik lortzen, ez daukate harrera ona. Alfer hutsak omen gara, gure lan baldintzak ezin hobeak, eta gure soldata besteek ordaintzen dute; azken batean gure gainean gaizki esaka ibiltzea ohiko gauza izan da beti. Borroka lan baldintzetara mugatzea oso zaila dirudi krisi egoera batean. Egoera honetaz baliatuz, hogeita hamaika eskutik, neurri hauen funtsezko helburua ordezkoak kaleratzea eta dirua aurreztea dela ematen du.

Eskerrak euskara daukagula. Osakidetza sortu zenetik 20 urte baino gehiago igaro dira eta oraindik orain ez dugu osasun arreta euskaraz eskaintzen. Ez ditugu gure erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzen, eta kalitatea eta euskara banaezinak izanik, zerbitzuaren kalitate huts ikaragarria agerian jartzen du honek. 2013ko maiatzaren 13an aurkeztu den Euskara Planaren ebaluazio-txostenak euskararen erabilerak aurrera egin duela dio, hizkuntza-eskakizunen esparruan batez ere. Bigarren Euskara Planari ekin diote orain, eskubideak babesteko eta euskara laneko hizkuntza gisa bultzatzeko, eta aplikazio informatikoak euskaratuko dituzte. Onak gaude itsuari argi egiteko, zorionekoak gu!

Beharbada sailburuordeak arrazoi osoa dauka eta "igoera hori ezartzeko modu asko daude". Eta txokoan utzi duen pilota errebotera bidaliz, sindikatuek badaukate aukera buru eta zuzendariei aurre egiteko; aldi berean lanpostu finkoa daukagunok gure lankideen lanpostuak babesteko. Langileen arteko elkartasuna izan daiteke jendea euskararen mundura hurbiltzeko aukera. Lanaldiaren igoera osasungoa euskalduntzen eman dezagun proposatzen dut nik: euskara ikastaroak, euskara teknikoan trebatzea, historia klinikoen itzulpenak, euskararen ibilbideak garatzen... Emergentzia egoeran, gakoa akordioa da, garai berri bat irekitzeko akordioa, dio Lehendakariak, eta zuzen dago. Emergentzia nazionalean (badauka euskarak tokirik gure nazioaren kontzeptuan?) gaudelarik, Osakidetza euskaldundu dezagun, "ahalegin txikia" baino, ahalegin eta esfortzu handia eginez. Lan ordu gehiago beharbada, baina ez da lankiderik kalera joango; alderantziz, ordezkoen laguntza ezinbestekoa izango litzateke. Horrela, adostasunez, denak pozik: batzuk, legea bete dutelako; paziente euskaldunak, euskaraz jasoko dutelako arreta; sindikatuak eta langileak, lanpostuak errespetatuko direlako, edo sortuko direlako. Euskara, gure babesa, balizko pribatizazioen aurkako babesa; izan ere, enpresa pribatuek ezingo dute osasungoa euskaldundu, eurentzat ez da izango ekonomikoki bideragarria. Osasun sistema publiko batek bakarrik eskain dezake osasun arreta euskaraz, eta euskararen bitartez sistema publikoa defenda dezakegu. Euskara gure ezkutua, langileon eta erabiltzaileen onerako.

Eta behar bada Jaurlaritzak arrazoia dauka, baliteke euren asmoa dirua aurreztea ez izatea, legea betetzea baizik. Ados orduan; bete dezala legea, hizkuntza eskubideak eta kode deontologikoa errespetarazi ditzala, kalitatea lortzeko. Osasun arreta euskaraz eskain dezala Osakidetzak, behingoz.


(AITOR MONTES LASARTE familiako medikua da Aramaion)

  • Argazkia: Goiena


Aitor Montesek erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus