Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Komunikazio elektronikoa: IVAPen gomendioak web-orriak idazteko

Komunikazio elektronikoa: IVAPen gomendioak web-orriak idazteko

2013-05-16 / 09:30 / Xabier Amatria, Urtzi Barrenetxea, Irene Fernández, Rakel Olea, Joseba Uskola eta Izaskun Zuntzunegi (IVAP)   INTERNET

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) berrehun orrialdeko argitalpena plazaratu du, euskaraz, Interneti egokitutako kalitatezko komunikazioa helburu. Xabier Amatria, Urtzi Barrenetxea, Irene Fernández, Rakel Olea, Joseba Uskola eta Izaskun Zuntzunegi dira Komunikazio elektronikoa: IVAPen gomendioak web-orriak idazteko lanaren egileak. Jarraian, argitalpenaren hitzaurrea irakur dezakezue. Argitalpena osorik ere jarri dugu, PDF-an.

Urteak dira IVAPek administrazioan hizkera argia zabaltzeari ekin ziola eta ahalegin horretan buru-belarri ari da egun ere. Azken aldi honetan, komunikazio erraz eta argi hori garatzeko oso ingurune interesgarri bihurtu da Internet. Izan ere, teknologia berrien ezaugarriek erabat baldintzatzen dute edukiek nolakoak izan behar duten ingurune digitalean; esaterako, web-testu egokiek laburrak, hurbilak eta interaktiboak izan behar dute. Testuinguru horretan, argitalpen honek beste urrats bat eman nahi izan du kalitatezko komunikazioa bultzatu eta lantzeko hautuan, mundu digitalera jauzi eginez. Finean, helburua berdina izanik, eszenatokia da aldatzen dena.

Argitalpen digital honek izaera praktikoa du: funtzionatzen duen eredu batetik abiatu gara eta web-orrietako edukiak prestatzeko han-hemenka sakabanatuta eta hamaika formatutan aurkitutako ideiak eta ekarpenak biltzen jardun dugu. Informazio hori guztia jaso, egokitu, egituratu eta liburu-itxura eman diogu, lan hau (bertsio digitalean argitaratua bakar-bakarrik) borobildu arte. Gainera, dena euskaraz.

Hizkuntzaren hautua ez da ausazkoa izan. Honelako ekoizkinak egitea euskararentzat zein garrantzitsua den jakinda, euskaraz atondu dugu edizio hau, lehenengoa. Egun, komunikazio digitalaren hedapenak hizkuntza gutxituen iraupenerako ezinbesteko baldintza izanik, uste dugu argitalpen hau euskaraz egoteak balio erantsia duela. Koldo Mitxelenak zioenez "Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria". Bada, aurrekoa parafraseatuz, euskararen egiazko misterioa hain txikia den hizkuntzak mundu digitalean bere tokia izatea da, hizkuntza erraldoien parean, gainera. Zentzu horretan, egileok ahalegin handia egin dugu webean erabiltzen diren kontzeptuak eta terminoak euskaraz ematen, eta euskararako beren beregi egindako egokitzapenak ere prestatzen.

Komunikazio mota berria

Internetek komunikazioaren paradigma klasikoa hautsi eta komunikazio-eredu berria sortu du, eta orain arte nagusi izan diren komunikazio motak -alegia, pertsona arteko komunikazioa eta masa-komunikazioa- eraldatu egin ditu. Ondorioz, espazio birtual berrian komunikazio mota guztien konbergentzia gertatzen da.

Hortaz, igorlearen eta hartzailearen rolak aldatu egiten dira ingurune digitalean. Izan ere, komunikazio tradizionalean hartzailea pasiboa da, baina oraingoan aktibo izatera igaro da. Internetek bi rolak maila berdinean jartzen ditu. Igorlea ere anitza da eta edozein pertsona edo talde bihur daiteke mezu-igorle.

Gainera, hipertestuari esker, hartzailea ez da mezu-kontsumitzaile hutsa. Eta horixe dugu, hain zuzen, bigarren ezaugarri nagusia eta komunikazio digitalaren ekarpenik berritzaileena. Hipertestuak idazkera berri bat sortzen du, sekuentziala, linealtasunaren nozioarekin apurtzen duena. Horri esker, komunikazio prozesuan parte hartzen duten guztiak aktibo bihurtzen dira, aukera baitugu komunikazioaren esperientzia irekitzeko eta irakurlearen esku uzteko.

Hirugarren aldaketa nabarmenena mezuari dagokio. Oraingo mezua formatu ani­tzez osatua dago eta multimedia izaera du, formatu eta hedabide mota guztien integrazio gisa ulertuta.

Horiek dira, beraz, komunikazio digitalaren hiru nolakotasun nagusiak: interakzioa, hipertestualitatea eta multimedia izaera.

Liburuaren nondik norakoak

Liburua, esan gabe doa, aholku-emailea da. Interneten idazteko eta Interneterako edukiak prestatzeko zenbait proposamen zabaldu eta beraien inguruan gogoeta eragitea ditu helburu nagusiak; ez da, beraz, arau-emailea, ez du ezer preskribitzen edo agintzen. Eta hori hala da, bereziki, gure erakundearen izaeragatik beragatik: IVAP erakunde publikoa izanik ere, besteak beste euskararen normalizazioaren esparruan murgilduta, ez du araurik ematen, bere esanak gomendioak eta aholkuak baino ez dira.

Hartzaileei dagokienez hitz bi. Argitalpen hau, lehenik eta behin IVAPeko langileentzat dago pentsatuta, bereziki inoiz edo behin web-orrietako edukiak prestatu behar dituztenentzat. Horiekin batera, administrazio publikoan weberako testuak eta bestelako materialak sortu eta atondu behar dituzten langileak ere hemen aurkeztutako edukien hartzaile ditugu. Azkenik, espero dugu bertan eskainitakoak baliagarri izatea web-orrietarako edukiak prestatu nahi dituen edonorentzat ere. Ez da, hortaz, liburu teknikoa, erabiltzaile adituei begirakoa; eta noiz edo noiz azalpen sakonak eman beharrean egon bagara ere, edozein erabiltzaile arruntek jarraitu ahal izango ditu hemen esandakoak inolako arazorik gabe.

Liburuaren edukiak

Lau atalek osatzen dute liburua: Nabigazioa, Diseinua, Idazketa-prozesua eta Estiloa. Guztiek daukate egitura berdina: sarrera, gaiaren ildo nagusiak aurkezteko; edukiak, kapituluka banatua; laburpena, eduki nagusiak motzean jasotzen dituena, eta, azkenik, erabilitako bibliografia (horietako batzuk Interneten dohainik kontsultatzeko modukoak). Ikus ditzagun banan-banan bakoitzaren edukiak.

Irakurleak, web-orri batean sartzen denean, uneoro jakin behar du non dagoen. Orientatu egin behar dugu, eta horretarako dauden tresnen berri ematen dugu "Nabigazioa" atalean: menu motak eta bakoitzaren ezaugarriak, ogi-papurrak idazteko gomendioak, laguntza-orriek eta gunearen mapek nolakoak izan behar duten. Azkenik, hipertestu egokiak egiteko hainbat gomendio eskaintzen da.

"Diseinua" dugu liburuaren bigarren zatia. Web-orria irekitzen dugunean ez dugu irakurtzen, eskaneatu egiten dugu, orriaren inpresio orokor bat jasotzeko. Eta prozesu horretan diseinuari erreparatzen diogu, esaterako, paragrafoen egiturari, koloreei edo letra-tamainari. Horiek eta beste batzuk aztertzen ditugu atal honetan, hala nola, letra larriaren, lodiaren eta etzanaren erabilera; koloreen arteko kontrasteak nolakoa izan behar duen; informazio garrantzitsua eta bigarren mailakoa bereizteko teknikak; tituluak egoki idazteko laguntza; gako-hitzak nola eta non jarri behar diren; zertarako balio duten zerrendek, noiz eta nola erabili taulak; multimedia-sistemak eta, bukatzeko, erabilerraztasuna.

Pantailetan ez dugu paperean bezala irakurtzen. "Pantailarako testuen idazketa-prozesua" atalean lantzen ditugu Interneterako testuak idazteko orduan zein irizpide hartu behar diren kontuan. Prozesu hori ongi betetzen laguntzea da atal honen helburua: nola hasi pantailarako testuak planifikatzen; zeintzuk irizpide hartu kontuan testuak idazteko eta zein den egiturarik egokiena horretarako, irakurlea beti gogoan izanda. Azkenik, testuak argitaratu aurreko berrikuspenaren garrantzia ere nabarmentzen da atal honetan.

Estiloari buruzko atalak ixten du argitalpena. Bertan, ibilbide bat egiten dugu testutik hasi eta, hitzetaraino, paragrafoak eta esaldiak egoki erabiltzeko gomendioak ahaztu gabe. Adibidez, testuen luzera egokia aukeratzeko zenbait ideia eskaintzen dugu. Paragrafoen egitura ere lantzen da atalean barrena. Esaldiei dagokienez, berriak ez diren zenbait aholku eskaintzen ditugu, hala nola: esaldi laburrak erabiltzearen abantailak; informazioa ondo kokatzea zein garrantzitsua den komunikaziorako; kontuz ibili behar dela estilo nominalarekin, gerundioekin eta abarrekin. Azkenik, lexikoa aukeratzerakoan, hitz zehatzak eta esanguratsuak erabiltzearen abantailak azpimarratzen dira, izenordainen erabilerarako zenbait aholkurekin batera.

Eskerrak

Eskerrak emateko unean, ezin aipatu gabe utzi Joseba Lozano, IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio zerbitzuburua, eta Iosu Uribe, IVAPeko informatika arduraduna. Beren aholkuak iradokizunak eta ohar teknikoak oso lagungarriak izan dira lana osatzeko. Bihoakie beraiei eta IVAPeko zuzendaritza taldeari gure eskerrik beroena, lana aurrera ateratzeko emandako erraztasunengatik eta gugan jarritako konfiantzarengatik.

Liburuak bizia nahi du izan, eta horrek esan nahi du hobekuntzei irekia dagoela, argitaratu eta praktikara eramaten den unetik bertatik. Horretarako, zuen iritziak eta proposamenak ezinbestekoak dira, aldiro-aldiro egin asmo ditugun egunera­tzeak eraginkorrak izango badira.

Geroak esango digu bertan jasotakoa baliagarria den ala ez, baina gure erakundean argi dugu lan hau ez dela ezeren amaiera; alderantziz, eskuartean ditugun beste eginkizun batzuekin batera -hala nola, tramitazio elektronikoaren zabalkundea, web-orrien kalitatearen azterketa edo dokumentuen estandarizazioa-, esparru digitaleko kalitatezko komunikazioa eraikitzeko bidean, abiapuntutzat hartzen dugu.


(XABIER AMATRIA, URTZI BARRENETXEA, IRENE FERNÁNDEZ, RAKEL OLEA, JOSEBA USKOLA eta ITZIAR ZUNTZUNEGI, IVAPeko teknikariak dira)

Liburua IVAPen webeko Argitalpenak atalean ere aurki daiteke.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus