Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  BBK eta aitorpena

BBK eta aitorpena

2013-05-03 / 09:20 / Arkaitz Zarraga Azumendi   ENPRESA

Berriro ere errenta aitorpena egiteko epea heldu da eta horrekin batera bihotzerrea sartu zait, urtero bezala. Kontua ez da guztion kutxari asko zor diodala, ez! Kutxatik zerbait jasotzea espero dut. Gatazka linguistikoa izango dudala aurreikusteak nahasten dizkit barrenak. Badakigu estress linguistikoa sortzen zaigula euskaldunoi (elebidunoi) bi hizkuntzen artean erabaki behar izaten dugunean, baina gogorragoa da, nire ustez, gatazkaren aurreikuspena, eskubidea dena aldarrikatzeak arazoak sortuko dizkigula baitakigu.

BBKri ematen diot nik nire soldata gordetzeko eta, bide batez, zatirik handiena beretzat gorde dezan etxea ordaintzeko utzi zidanaren trukean. Hori horrela izanda, bere bidez egiten dut aitorpena aspaldian. Joan den urtean lantoki aldaketa izan nuen eta Basaurin egiteko eskaera egin nuen euskaraz egiteko baliatutako telefonoan. Neskak ez dakit nongo bulegora joan behar nintzela esan zidan, baina nik herria ez nuen ondo ezagutzen eta gure bulego ondokoan egin nahi nuela esan nion. A! Baina hor erdaraz! Ezin nuen sinestu! Errenta aitorpena egiteko propio kontratatzen dute jende gazte piloa eta Basaurirako euskaraz artatzeko gai ez zirenak hartu zituzten bulego gehienetarako! Euskaldunok bulego bakarra genuen!

Nire haserrea adierazi nien arduradunei eta mezu-trukaketa luzea izan genuen. Nik uste nuenaz bestera, euskara dakien jendea kontratatzea ez dela hain erraza esan zidaten. Sarrikon irakasle dabilen lagun bati galdetu nion ea ez duten bertatik irten eta langabezian dauden gazte euskaldunen daturik. Baietz esan zidan, estatistika ikaragarria helarazi zidan. Gehienak langabetuak! Horrela jakinarazi nien BBKko arduradunei eta aurrerantzean kontuan hartuko zutela espero nuen.

Aurten, esan bezala, berriro heldu da diru-kontuak "aitortzeko" garaia eta BBKko webgunera jo dut telefono bila. Bertan daude jarrita zerbitzua ematen duten bulego guztiak. Euskaldunentzakoek lauki gorria dute alboan. Bizkaia osoan erdiek dute markatxoa. Herri batzuetan batek ere ez. Basaurin zazpitik batek!! Deitu dut euskarazkora eta eman didate gure lantoki ondoko bulegorako zita. Ez da "euskaldunentzakoa" baina ni euskaraz joango naiz, iazko moduan. Bertan zegoen neskak euskaraz artatu ninduen. Beldur aurpegia jarri zuen hasieran, baina lasaituz joan zen eta ederto bete zituen ordenagailuko hutsuneak, niri modu egokian galdetuta. Gainera kobratzea egokitu zitzaidan. Eskerrak eman nizkion, zoriondu eta izena eskatu, bere nagusiei esateko bera kapaz zela lan hori euskaraz egiteko, nahiz eta ez dioten horretarako prestakuntzarik edo laguntza berezirik eman.

Horrela jardutera animatu nahi ditut euskaldunak. Batez ere Abanto, Alonsotegi, Balmaseda, Etxebarri, Gueņes, Muskiz, Ortuella, Trapaga eta Zallakoak, eurenean ez baitute euskaraz egiteko aukerarik, baina baita Bilbo, Getxo, Barakaldo edo Basauri bezalako herrietakoei, kopuru sinbolikoetan baitabiltza.

Nik neurearen berri emango dut. Ea zortea dudan.


(ARKAITZ ZARRAGA AZUMENDI)


Arkaitz Zarragak erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):



Inprimatu


Erantzun

 
BBK eta aitorpena
2013-05-06 / 08:01 / Iņigo Isuskiza

Kontua zelan joan zaizun esan behar diguzu, Arkaitz, baina zure urteroko "bihotzerrenta" sendatzea kostatuko zaizu...

Animo!!!

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus