Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Txillardegi, euskara batuaren aita

Txillardegi, euskara batuaren aita

2013-02-08 / 10:55 / Jean-Louis Davant (Euskaltzaindia)   BESTELAKOAK

Urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2012an hil ziren euskaltzainak omentzeko. Hona hemen Jean-Louis Davant euskaltzain osoak idatzitako hilberri txostena, Jose Luiz Alvarez Enparantza Txillardegiren omenez.

Nire lan apal honetan, bi gai aipatuko ditut, elkarri lotuak: euskara batuari buruz egin zuen obra, eta Euskaltzaindiarekiko harremanak.

Txillardegiri etiketa bat jartzekotan, poliaintzindaria zela erran nezake, zeren aitzindaria izan zen lauzpabost alorretan: frankismo denborako abertzale berria, sozialista librea, iparraldekoen lagun goiztiarra, idazle polifazetikoa, bide berrien urratzailea, eta azken puntu horretan Arrietak du hitza...

Halere niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, iparraldean hasia. Haatik helburu hori aitzinetik bazuen, oraino bere Donostian zegoen denboratik. Euskaltziandiari bi aldiz adierazi zion. Lehenik 1956an "Karta idegia" delakoaz(1), gero 1958an "Batasunaren bidea" txostenaz(2). Txosten horretan proposatzen dituen puntu asko berantago beteko dira, baina mementoan Euskaltzaindia ez zegon batere holako berrikuntzen onartzeko prestik, eta Mitxelenak hetsidura hori agerian utzi zuen hitz labur hauez: "Nire ustez, alegia, gutsi gora be(he)ra bat gatoz. Eztut uste, ordea, gaur batasunik egin ditekeanik".(3)

Ondorioz, baina franko berantago, 1963an, Txillardegik Hazparnetiko gutunez urgazle karguari uko egin zuen, Piarres Xarriton / Charrittonekin batera, baina Euskatzaindiak horien dimisioak ez zituen onartu (4). Hor Txillardegik hasi zuen benetan eta egiazki euskara baturako bidea.

1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, euskaltzale batzuk hilabetero bildu ginen horren inguruan, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzak Enbataren aldamenean zeukan gelan, euskara batuari buruzko lehen urratsen finkatzeko. Lehenik argitu dezadan zer zen Euskal Idazkaritza. Kultura elkarte hori mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte batzuek hirurogeiko hamarkada hastean sortu genuen euskararen zerbitzuko. Bereziki oroitzen naiz Lauaxeta sari bat asmatu zuela, urtero ematekoa, eta urte pare batez bederen eman zuela, behin San Martini, bestean Rikardo Arregi kazetalari gazteari. Gero oroimenak ihes egiten dit, salbu euskara batuaren kasuan.

Beraz Euskal Idazkaritzaren egoitzan eta babesean elkarlanean genbiltzan usaian zortzi lagun: hiru ETAko iheslari (Jesus-Mari Bilbo gernikarra, Eneko Irigarai donostiarra eta Txillardegi bera), bi EAJko (Monzon eta Solaun), ni Enbatako kidea, bi apaiz (Andiazabal eta Roger Idiart), gehi azken bilkuretan beste bi apaiz: Jean Hiriart-Urruty eta Pierre Lafitte.

Burutzeko, bilkura bat egin zen ber tokian, Baionako Biltzarra, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Lafitte gidari, mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte andana batekin. Abuztuaren 29ko larunbat goizean, Euskal Idazkaritzaren izenean, harrerako hitzaldiaren erratea tokatu zitzaidan. Hegoalderantz zabalduriko lapurtera batean gure ibilbidea eta xedeak azaldu nituen, eta gero presaka Hazparneko egoitzara itzuli nintzen, emaztearen bila. Lehenbiziko haurraren munduratzeko eguna etorria zuen hain zuzen. Baionako klinika batera joan behar zuen, beraz lagundu nuen, eta gau hartan gure lehen alaba jaio zitzaion. Ondorioz Baionako Biltzar horretan guti egon nintzen...

Hor onartu ziren euskara batuari buruzko lehen neurriak: grafia eta deklinabidea bereziki, baita oinarrizko hiztegi labur bat. Aitzineko bilkuretan, aditza ere landua genuen, baina hori Baionako Biltzarrak ez zuen onartu, adostasun osorik ez baitzegoen biltzarkideen artean: Txillardegik batuko aditza gipuzkeran oinarritua zuen, baina lapurterak itzal handia bazuen oraino, euskal literaturaren historian ukan zuen toki handiari esker. Haatik berantago, Euskaltzaindia Txillardegiren ildotik joango zen aditzari dagokiola ere.

Baionako Biltzarraren ondotik, horko proposamenak Euskaltzaindiari helarazi genizkion, eta honen gehiengoak, 1968ko udan, Arantzazuko Biltzarrean beretu zituen, nahiz Txillardegi ezin zen etorri egoera politikoagatik. Horren txostena kasik osorik onartu zen, bereziki Koldo Mitxelenaren itzal handiari esker. Gero honek gure ibilbidea markatu zuen, baina beti aitortuz Txillardegiri zor geniona. Bai, hala da: Txillardegi, euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala. Txillardegi bera ere ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina!

Haren ondoko lanetan aipatzekoak dira bereziki honako hauek:

  • Sustrai bila, 1970 (eta aldaketa zenbaitekin 1977an Oinarri bila)
  • Euskara batua zertan den, 1974
  • Euskal gramatika, 1978: euskara batuko lehen gramatika osoa
  • Euskal aditza batua, 1979: Euskaltzaindiak onarturiko adizkiak pedagogiaz argitaratzen ditu.

Badakigu, aita batek ez du haurra osorik egiten, handiena gero amari dagokio, baina zinezko aita beti hor dauka laguntzaile. Txillardegiri biak zor dizkiogu: lehenbiziko pindarra, hura gabe haurrik ez baita, eta gero bere lanez ama Euskatzaindiari ekarri dion hazkurri kritikoa, nahiz bien arteko ezkontza gutiz hutsegin genuen 1980an. Euskaltzain oso izateko, Patxi Altunarekin lehian gertatu baitzen, horrek baino boz gehiago bildu zuen, baina gehiengo osora heldu gabe.

Gertakizun horrez gauza asko erran izan da funtsezko segurtamenik gabe. Uste dut auzi mingarri hori behin betiko argitzeko eta hesteko garaia dela. Horretarako eskuetan ditut behar diren kartak, eta gaur aukera ezin hobea dudanez, karta horiek baliatuko ditut. Ni ordukoz euskaltzain oso nintzen, 1975ko otsail ondarrean Zuberoaren ordezkari hautatua Guillaume Eppherre zenaren ondoko, eta bozketan parte hartu nuen. Gainera, oroimenaren lagun, horrez kontu ematen duen Euskera aldizkaria eskuetan dut: Euskera XXVI (2. aldia), 1991-1, 177178 orrialdeetan irekitzen dut, eta hona horretako pasarte argigarri batzuk.

"Hondarribiko Udaletxean, 1980.eko Apirilaren 18an, arratsaldeko lau t’erdietan, egin du Euskaltzaindiak bere hilabeteko batzarra. Bildu dira: L. Villasante buru, J. Haritschelhar buruorde, J.L. Davant, X. Diharce, A. Irigoyen, E. Knörr, P. Lafitte, E. Larre, J. San Martin, J.M.a Satrustegi eta A. Zavala euskaltzain jaunak;
(...).
"J. Hiriart-Urruty, P. Larzabal eta L. Mitxelena jaunek ezin etorria adierazi dute."
(...)
"Hauteskundeak: eguerditan euskaltzain osoek izan dute beste bilera berezi bat ere, J. M. Lojendio euskaltzain oso zenaren hutsunea betetzeko hauteskundeak direla-ta. Hamabi euskaltzain inguratu dira eta beste hiruk beren eskubidea idatziz bialdu dute. Hamabost boto, beraz".

Hor nire argibidea. Nor ziren delako hamabiak? Gorago izendatu diren hamaikak, gehi F. Krutwig. Beren eskubidea idatziz bidali zuten hiruak berriz, ezin etorria adierazi zuten hiruak izan ziren, eskubiderik ezin baita helarazi ezin etorririk adierazi gabe. Hiru horiek Hiriart-Urruty, Larzabal eta Mitxelena zirela oroitarazten dut. Euskera aldizkarian irakurtzen dut aurrera:

"Izen bi aurkeztu dira: J. L Alvarez Enparantza Txillardegi, A. Irigoyen, E. Knörr eta F. Krutwig jaunek izenpeturik ekarri da; eta P. Altuna, J.M.a Satrustegi, A. Zavala eta P. Lafitte jaunek proposatua.
(...)
"Hiru bozketa egin dira. Lehenbizikoan 8 txartel atera ditu Txillardegik, sei Altunak eta zuri bat. Bigarrenean: Txillardegik bederatzi, eta Altunak sei. Hirugarrenean Txillardegik 8 eta Altunak 7".

Nire iruzkina: hogeita lau euskaltzain osoetarik bi zendu berriak izanez (Lojendio eta Iraizoz), hamabi bozekoa zen gehiengo osoa.

Hara beraz Euskera aldizkariak dakarrena. Hor soziologia elektoral pixka bat egin behar dugu. Hamabost bozemale: zazpi zibil edo laiko, zortzi apaiz. Bi hautagai: Txillardegi laikoa, hiru laikok aurkeztua, eta Patxi Altuna, hiru apaizek aurkeztua. Nahiz botua segeretuan eman zen, beti bezala, biziki aise asma dezakegu orokorki nork nori eman zion: logika osoz, Txillardegiri eman diogu zazpi laikoek eta apaiz batek. Gainera nik badakit berenganik horrela izan zela, berek erran baitzuten, ez zeudelarik aitortzera behartuak eta beraz gezurretan aritzeko arrazoirik ez zeukaten. Zibilen zerrenda hor dago, eta gehitu zaigun apaiza zein izan zaitekeen ere aise asma dezakegu.

Beste apaiz bat ibili zen oreka perfektu baten bila: lehenbizikoan zuri bozkatu zuen, bigarrenean Txillardegiri bederatzigarren botua eman zion, eta hirugarrenean Altunari zazpigarrena. Beste apaiz hori zein izan zen? Horrez badut ene susmoa, haatik ez naiz seguru, eta bego bakean. Euskera aldizkariaren txostenarekin bukatzen dut:

"J.M. Lojendio zenaren aulkia bete gabe gelditu da, beraz, eta Aita P. Iraizozkoaren hutsunearekin batera, datorren uztaileko batzarrean izango dira, Beran, bien bozketak. Bi hilabeteko epea dago izenak aurkezteko: Ekaineko batzarra arte".

Beraz bigarren saioa Berako udaletxean egin genuen 1980ko uztailaren 31an. Lojendio zenak hutsik utziriko aulkirako, Altuna hautagai bakarra zen. Berriz hamabost hautesle gertatu ginen. Altunak hamalau boto ukan zituen, hamabosgarrena zuri atera zen, eta jakina, Patxi garaile atera zen Lojendio zenaren ondoko. Txillardegi hor agertu bazen, seguru nago eremanen ziola, aitzinean egonez: besteek amore eman beharko zuten. Gero berantegi zen. Beste bi aldiz aurkeztu genuen, baina debaldetan, berarekin kontatu gabe. Behin gutun batean kontsolatu nahi ukan nuen ene gisan, idatziz Emile Zola hogeita zenbait aldiz Académie française delakora aurkeztu zela debaldetan, hari botua ukatu ziotenak aspaldian ahantziak daudela, eta bera beti bizi dela idazle handitzat anitzen gogoan. Umore onez hartu zidan, baina luzarako, horrek ezin zuen ezer kendu.

Ezin zuen baztertu akats handia geratu zela, hutsune larria, euskara batuaren aita Euskaltzain osoen artean ez egotea, klarki erran behar da, bakoitzaren ardurak agerian utziz. Eta dena errateagatik, aitor dezagun Patxi Altunak ere merezi zuela euskaltzain aulki baten betetzea, euskararen alde eginiko lanei esker, geroztik ber ildotik ongi baieztatu duen bezala. Baina bere aldia geroxeago eman ahal genikion, Txillardegiri lehentasuna zor geniolako, nik uste, euskara batuaren aita zenez, ezin baztertua.

Dena dela, ondoko euskaltzainek ez dute horretan ikustekorik, eta beti saiatu dira, eta haiekin saiatu gara, Txillardegiri zor diogunaren adieraztera, bereziki 2005ean, Iker saileko 17. liburua eskainiz: Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia deituriko liburua argitaratuz, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker. Aurretik, 2000. urtean, Akademia honek Txillardegiren bibliografia 1956-1999 delako idazlana, 954 sarrera bibliografiko dakarzkiena, egin eta Txillardegiri eman zion. Berantago, 2007an, Leturiaren egunkari ezkutua agertu zelako mende erdia bete zenean, Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak hitzaldi sorta bat prestatu zuen, eta 2008ko maiatzean, hitzaldi horien emaitza biltzen duen liburua Euskaltzaindiak aurkeztu zuen izenburu honekin: Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan. Euskaltzaindiaren hiru omenaldi konkretu horiek Txillardegiri on egin zioten, eta guri zelan ez! Goian bego Txillardegi, euskara batuaren aita.


(JEAN-LOUIS DAVANT euskaltzain osoa da)

  • Estreinakoz www.euskaltzaindia.com-en argitaratua (2013-2-4)

Oin-oharrak

  • (1) Euskera I, 1965, 240-250: orain EHH, 148.
  • (2) Euskera IV, 1959, 150-170.
  • (3) Euskera IV, 1959, 171.
  • (4) Enbata, orduan hilabetekaria, 1963ko iraila; orain EHH, 161-167. Ber gaiaz orokorki Hegats literatur aldizkaria, 49, 2012: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, "Altxa itzazu begiak"; bereziki Gotzon Aurekoetxearen Txillardegi eta Euskara Batua, 137-143.

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus