Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Eztabaidaren desbideratzea eta gertakarien larritasuna

Eztabaidaren desbideratzea eta gertakarien larritasuna

2012-09-10 / 10:55 / Euskal Herria Esnea Kooperatiba   ENPRESA

Hautsak harrotu ditu Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria Esnea marka berriari produktuen etiketak euskara hutsean edukitzeagatik ireki dion zigor-espedienteak. Kaikuk markaren izena zela-eta igorritako salaketaren ondoren etorri da Jaurlaritzaren ekimena. Jarraian datorrena, Euskal Herria Esnea Kooperatibak sortuka ika-mikari erantzunez plazaratu duen azken adierazpena da.

Euskal Herria Esnea Kooperatibak ondorengo adierazpenak egin nahi ditu, azken egunetan gertatu den guztia dela eta.

  1. Atsekabetu egiten gaitu ikusteak nola eztabaida mugatu den Kaikuk gertatutakoan duen arduraren gainean. Benetan larria dena da euskal merkatuan salduko den produktu batek arazoak izatea euskara hutsez saltzeko.
  2. Kaikuk betetzeko eskatu duen etiketatuari buruzko espainiar legea ez da bidezkoa, eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria Esnearen kasuan ematen dion interpretazioa guztiz murriztatzailea da eta euskaldunon hizkuntza eskubideak mugatzen ditu, euskararen erabilera sustatu beharrean. Produktu batek ez du zertan tradizionala izan euskara erabili ahal izateko, eta are gutxiago prozesu guztia, materiak, eta abar, autonomia erkidego batean eginak direla bermatu. Horrela balitz, enpresa txiki gutxi batzuek besterik ez lukete beteko euskaraz egin ahal izateko baldintza. Horrek euskara erabilpen folklorikora mugatzen du, ia-ia artisau-eremuan bakarrik betetzen baitira eskakizun horiek. Euskara hizkuntza modernoa da, eremu guztietan presente egon behar duen hizkuntza, eta berri pozgarria behar luke euskal kooperatiba batek bide horretan lehenengo urratsa eman izana.

"Kaikuk harria bota eta eskua gorde"

Kaikuk hitzez hitz esan du "denuntzia ez zutela etiketatzea dela-eta jarri". Bere denuntzia-idazkian, ordea, honakoa dio: "Aurretik esandako guztiarengatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu aipatu produktuaren komertzializazioa ikuskatzea eta etiketatze-gaietako araudia betetzea" ("Por todo lo expuesto, solicitamos al Gobierno Vasco realicen una revisión de la comercialización de dicho producto y del cumplimiento de la normativa en materia de etiquetado").

Prentsan adierazi du "marka"-ren ikuskatzea eskatzeko sartu zuela idazkia. Alabaina, horrek ez dauka inolako zerikusirik testuaren bukaeran espresuki eskatzen duen "etiketatze-araudia betetze" horrekin, eta hori da, hain zuzen ere, prozedura zigortzailea ekarri duena.

Kaikuk publikoki bere ekintzen ardura ez hartzeko egin duen saiakeraren aurrean, Euskal Herria Koop. Elkarteak adierazi nahi du Bilboko Kafe Antzokian egindako adierazpen guztiak berresten dituela eta berriro ere adierazi nahi dugu:

  1. Euskal Herria Esnearen buruak, beste baserritar batzuekin batera, Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuen esne-ontzi elebakarra kaleratu aurretik, eta, naturaltasun osoz, ikusi eta ez zitzaigun inolako arazorik jarri etiketatze horrekin esnea merkaturatzeko.
  2. Produktua merkaturatu ostean, espedientearen instruktoreak idatziz bidalitako posta elektronikoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak telefonoz jaso zuen gure kooperatibaren kontrako salaketa, eta horren ondorioz hasi ziren miaketak.
  3. Telefonoz egindako denuntzia bera idatziz aurkeztu zen beranduago maiatzaren 8an, Kaiku Koop.E-ren izenean eta presidenteak sinatuta.
  4. Denuntzia horretan, beste irain-hitz batzuen artean, zalantzan jartzen zuten gure esnearen jatorria eta euskal baserritarrak ote ginen, eta Sorian ontziratzen genuela azpimarratzen zuten (horrek Euskal Herrian elaboratua ez dela interpretatzera eraman lezake, eta interpretazio horrek etiketatze-araudia haustea lekarke), eta bukaeran, eskakizunetan "aurretik esandako guztiarengatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu aipatu produktuaren komertzializazioa ikuskatzea eta etiketatze-gaietako araudia betetzea". Etiketatze guztiak hizkuntza batean egiten dira, eta etiketatzeari erreferentzia egitea hizkuntzari erreferentzia egitea da. Hori da Kaikuk Eusko Jaurlaritzan salatu zuena, eta bere zigor proposamenean aipatutako gai guztietatik betetzen ez den bakarra. Hain zuzen ere Kaikuk betetzeko eskatu zuen arau hori da orain ez betetzea leporatzen zaiguna, 18 artikuluan hizkuntzari erreferentzia egiten baitio. Kaikuk araudi horren betetzea eskatu zuenean, etiketatzearen hizkuntza jarri zuen jomugan. Horrek ekarri dituen ondorioak zeintzuk izan diren mundu guztiak daki jada.
  5. Orain Kaikuk Eusko Jaurlaritzari botatzen dio errua. Hori Eusko Jaurlaritzak berak argitu beharko du. Guri Eusko Jaurlaritzako espedientearen instrukziotik argi eta garbi esan zaigu (baita idatziz ere) guztia telefono dei horrekin hasi eta gero idatziz aurkeztu zen Kaikuren denuntziaren ondorio dela. Kaikuk ezin duena egin da tonto edo inozotzat hartu. Etiketatze-araudia betetzeko eskatu zuenean jakin bazekien euskararen kontuak ekar ziezazkigukeela arazoak.
  6. Eusko Jaurlaritzak, denuntziaren aurrean, ez zuen kontutan hartu "marka"-ri buruzko alegaziorik, eta esne guztia euskal baserrietakoa dela baieztatu zuen, bere jatorri eta trazabilitatea bermatu zituen ikuskatzeen bidez. Dena dago ondo, zuzen, betetzen ez dugun bakarra etiketatze-araudia da hizkuntza bakarra euskara delako; eta 18. Artikuluaren interpretazioaren ondorioz, ez baititugu euskara hutsez aritzeko baldintzak betetzen.
  7. Edozein behatzaile inpartzialek ondoriozta dezake denuntzia jarri duenak "etiketatze-araudia betetzeko" eskatu badu, eta arau horrek hizkuntzari zuzenean erreferentzia egiten badio, salatuak hizkuntza gaietan legea betetzeko eskatzen duela. Are gehiago, hori bada Eusko Jaurlaritzak espediente zigortzailea irekitzeko (guretzat bidegabea) duen argudio bakarra Kaikuk salaketan emandako arrazoiketaren artean.
  8. Kaikuren ordezkariak EITBn emandako azalpenetan esan zuen beraiek ez dutela ezer saltatu, ez gaituztela euskararengatik salatu, ezta etiketarengatik ere. Non esaten du gezurra Kaikuk? Denuntzian edo orain azalpenak ematean? Ezinezkoa da biak ala biak egia izatea, dokumentuetan baitago. Eusko Jaurlaritzari galde egin diezaiotela ea Kaikuren salaketak, bai edo bai, etiketatzearen hizkuntza ikuskatzera daramatzan! Ez da inor inozotzat hartu behar, baserritik etorri arren.
  9. Denuntzia jarri zuen Kaikuk espero ez zuena zen baserritar talde pobre eta umil bat, baina duintasunez betea, ausartuko zenik horrelako multinazional bati aurre egiten. Idazkia harroputza dela deritzogu, baserritarrei ohorea eta entzutea kentzea baitu asmo. Halaber, ez zuten inondik inora ere espero horrelako elkartasun uholdea sortuko zenik, denuntzia jarri duenaren jarreraren kontra egingo zuenik jendeak. Kaikuk jakin bazekien etiketatze-gaietako araudia betetzea eskatzean horrek guri ekar ziezazkigukeen arazoak, eta horregatik eskatu zuen. Orain gizartearen erantzunak beldurtuta esaten duena da: "Ni ez naiz izan, beste hori izan da (Gobernua), eta nik denuntziatutakoa beste gauza bat izan da". Kaikuk sinatutako papera, non esku-hartzea eskatzen zuen, eta horren ondorioak hor daude, orain agian horretaz lotsatu edo damutu arren.
  10. Eusko Jaurlaritzak, Kontsumo Zuzendaritzaren bidez, esan badu legezkoa dela euskara hutsez etiketatzea, eta Kaikuk ez badu hori denuntziatu, gure galdera da: zergatik ez da espedientea ixten? Horrela gure behiak zaindu eta proiektua aurrera ateratzera bideratuko ditugu gure indarrak. Eta, Kaikuk ez badu hori denuntziatu: esan nahi al du horrek ez dagoela ados ezarri nahi diguten zigorrarekin? Bestetik, Kaikuren asmoa denuntzia horrekin ez ote zen konpetentzia kolpean ezabatzea eta gero Eusko Jaurlaritzari errua botatzea? Eta esan zituen gainontzekoak (baserritarrak ez direla Euskal Herrikoak, esnea ez dela euskal esnea...) gezurra direla baieztatu denez gero, zer dauka Kaikuk esateko bere salaketaren ondorioei buruz?


(EUSKAL HERRIA ESNEA KOOPERATIBA)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus