Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal Telebista eta euskal telebista

Euskal Telebista eta euskal telebista

2012-07-24 / 08:08 / Jon Sarasua   ENPRESA

"Euskarazko telebista esparruaz eztabaidarako gogoeta bat" egin du Jon Sarasuak, "EITBk sortutako Kontseilugune aholku-organurako egindako gogoeta pertsonal bat eta Lanki ikertegiko Inkuba egitasmorako egindakoa baliatuz, testu bat idatzi dut labur-labur, tesi zehatz baten bueltan. Gogoeta partziala da, baina euskarazko hedabideen inguruan behar dugun debaterako ekarpen mugatu moduan balio dezake beharbada. Zenbakiz seinalatutako puntutan banatu ditut ideiak, haria errazago eramateko", azaltzen du. Hemen irakur daitezke Sarasuaren ekarpenaren hemeretzi puntuak.

  1. Bereizketa bat egin behar dugu hasieratik: gauza bat da Euskal Telebista eta bestea euskal telebista. Hau da, bi plano dira ETB eta euskarazko telebista espazioa. Nagusi diren iritziek, oro har, ideia batean oin hartzen dute: ETBri dagokiola euskarazko telebista espazioaren ardura, zentroa eta ia osotasuna islatzea. Gai hau beste modu batez ikustea beharrezkoa iruditzen zait.
  2. Euskarazko telebista-espazioa pentsatzean, eredu desberdinez pentsa genezake. Joan diren hamarraldietan ere hautu desberdinak egin zitezkeen, eta hautu jakin bat egin zen: monokultiboa, telebista publiko-autonomiko baten monokultiboa. Enpresa publiko bakar batek euskarazko telebista-espazioa betetzea aukeratu zen, eta enpresa bakar hori kate generalista baten bidez euskarazko ikusleak oro hartzen eta fidelizatzen saiatzea. Eztabaida liteke kalitatean zenbat asmatu den (horretan aitorpena egitea sortzen zait kritika adina) edota baliabide aski bideratu den. Baina debatea ezin da mugatu baliabide gehiago eskatzera eta programazioan asmatzera soilik. Beste gai bati heltzeko garaia ere bada: egindako hautu horri 30 urtez eustea egokia izan den, ze aukera dauden, eta ea aurrera begira modu honetan edo beste batean egituratu litekeen euskarazko telebista espazioa. Eta, ondoren, hor nola koka genezakeen kate publiko honen tokia eta funtzioa.
  3. Esan beharrik ez dago euskararen hedabide esparruak garrantzia duela gurea bezalako hizkuntza-komunitate minorizatuarentzat. Elkarren artean sortu beharreko sinergiak eta multimediaren aldaketak gorabehera, esparru honetako alor bakoitza (telebista, irratia, prentsa idatzia, internet sarea...) nola egituratu pentsatu behar dugu, erakunde publikoen eta euskararen hauspo moduan sortutako EGEen artean (EGEak: Euskararen Gizarte Erakundeak, hauetan dago euskararen inguruko ekimen eta materia grisaren zatirik handiena).

    Erakunde publikoen bilakaera eta euskal hiztun komunitatearen potentzial, erakundetze eta kapital sozialean oinarrituta birpentsatu beharko da euskararen hedabide esparrua. Irrati espazioan zenbat irrati eta nolakoak irudikatzen ditugun, prentsa idatzian ze apustu egin behar diren, interneten nola jokatu, eta telebistaren alorra nola egituratu behar dugun, ekimen sozialeko eta ekimen publikoko enpresen arteko paper banaketari dagokionez, esparru osoari eta tokian tokikoari dagokionez, eta abar.

  4. Ez du gehiegi merezi 30 urtetan monokultiboaren eredua bultzatu izanaren arrazoiak bilatzen luzatzea. Masa kritiko txikia eta telebistaren kostua argudia litezke, baina, bereziki azken hamarraldietan, eztabaidatzeko moduko argudioak dira. Garbi dago euskal munduan bazegokeela telebistak sortzeko adina energia euskaltzale sozial, enpresa forma har zezaketenak, beste alor batzuetan gertatu den bezala. Zalantzarik gabe, egin den hautua egiteko arrazoien artean dago joko politikoa ere. Eta hala izan beharko zukeen ziurrenik, euskal hiztunen hautu politikoak bi estrategia politiko antagonikotan (erakunde autonomikoen legitimazio eta deslegitimazioan) zatitua egon baitira hiru hamarraldiotan, eta egoera horretan telebista ez baita nolanahiko tresna eta nolanahi banatzeko pastela.
  5. Badira arrazoiak pentsatzeko euskararen komunitatearen desafioetan gizarte ekimeneko enpresen bidez, enpresa sozial errotuen bidez, lortzen dela eraginkortasunik eta errentagarritasunik handiena. Honetarako, gai hau euskal erakunde sarearen analisi instituzionalean kokatzea komeni da. Estatuak, kapitalak eta gizarte antolatuak osatzen duten hirukia da etorkizuneko gogoeta politiko global askoren gaia. Honetan Euskal Herria, eta bereziki euskararen komunitatea, errealitate aipagarria da: euskal hiztun komunitateak gizarte kapitala deitutakoaren aldetik indargune bereziak ditu eta bertako gizarte antolatuak duen energia edo pisu espezifikoa nahiko ezohikoa da. Hauxe da gure gizartearen ezaugarri nabarmenetako bat ikuspegi unibertsal batetik.

    Errealitate hau funtsezkoa izan da, besteak beste, euskararen berreskurapenaren arloan azken bost hamarraldiotan. Baina bestetik, euskal hiztun komunitatea politikoki zatitu duen pitzadura sakonak distortsionatu du egitate hori. Alor estrategikoak gizarte ekimeneko sareen esku, enpresa publiko-administratiboen esku ala bien arteko banaketaren esku uztearen gaia, neurri handian baldintzatu du lehia politikoak, kontrol nahiak eta kontrol susmoak. Gure herriaren potentzial sozial nagusietakoa -autoeraketaren bidez tresna, erakunde eta enpresak sortzekoa- ahuldu da horrela.

  6. Iraganera beste begiratu labur bat eginez, aurreko hiru hamarraldietan euskarak aukera on bat izan zuen espazio garrantzitsu bat irabazteko, oportunismo apur batekin jokatu izan balu. Tokian tokiko telebisten gaia erabat birjin zegoen garaian (80ko bukaeran eta 90eko hamarraldiaren hasieran), izan ziren ahotsak adierazi zutenak euskarak aukera historikoa zeukala espazio hori lehentasunez betetzeko, eta komunikazio lokalaren funtzioan hizkuntza handiagoei aurrea hartzeko. Horretarako sare eta baliabideak baziren (euskara elkarteak, aldizkarien mugimendua, euskalgintzako erakundeak, udalak, mankomunitateak...), baina Debagoiena bezalako salbuespen batzuk kenduta, apustu hori erdibidean baino atzerago geratu zen, ekimen sozialaren eta agintarien aldetik apustu koordinatu bat egiteko ezintasunagatik, eta bisio faltagatik. Tokian tokiko telebisten gaia etorkizuneko panoraman elementu bat besterik ez da, jakina. Honetan ere, atzera begiratzea baino hobe dugu aurrera begiratzea.
  7. Dena den, gauden puntuan gaude. Eta badira hiru arrazoi planteatzeko euskarazko telebista espazioaren eredu matriziala bera birpentsatu beharra dagoela. Batetik, euskararen bilakaera bera, euskarazko produktuen kontsumoaren egoera, bere masaren hazkuntza eta sintoma kezkagarriekin. Bigarrenik, telebistaren arloan abiadura bizian gertatzen ari diren aldaketak, eta teknologia nahiz eskaintza uholde baten panorama berria. Hirugarrenik, hiru hamarraldiotako pitzadura politikoa beste egoera batera pasa izana, eta horrek blokea zitzakeen hainbat posibilitate irekitzeko ahalbidea. Hiru arrazoi multzo hauen pilaketak abagune berezia sortzen du.
  8. Euskal hiztun komunitatearen analisi bat izatea beharrezkoa da euskarazko telebista esparrua pentsatzerakoan. Hiztun komunitate honek indikadore soziologiko batzuetan perfil propioak ditu (nahiz eta bitxia den honen inguruko ikerketarik ez egitea edo datuak ez gizarteratzea). Bada joera bat gizarte osoaren parametroak aplikatzeko euskarazko hiztun komunitateari, automatikoki eta ikerketa berariazkoen faltan. Esan gabe doa euskal hiztun komunitateak horietako ezaugarri asko konpartitzen dituela, baina gauza batzuetan perfil propio eta ezaugarri estatistiko bereziak ematen dituela ere bai. Perfil horietako batzuk esanguratsuak izan litezke telebista espazioa, telebista motak nahiz programazioak pentsatzerakoan.
  9. Bestetik, eta hizkuntza baten biziberritze edo garapen prozesuaz ari garenez, beharrezkoa da kontuan izatea hizkuntza komunitate horren mailakatzea edo barne-egitura ere. Hiztun komunitatearen erdigunean kokatzen dira hiztun osoak, funtzio informal eta formal desberdinak euskaraz egoki egiteko gai direnak. Horiek baino erdigunerago, euskaraz bizi eta euskaraz kontsumitzeko hautua egin dutenak. Eta horien artean biziberritzearen gidaritzan are erdirago, euskararen garapen prozesuan aktiboki engaiatuta dauden milakak. Egitura honetan ertzeragoko zirkuluetan daude hizkuntzaren ezagutza eta erabilera-maila desberdineko pertsonak, hizkuntza hezkuntza prozesuaren bidez soilik ukitzen dutenak, hartzaile pasiboak, eta beste hainbat multzo.

    Egitura hau duen hiztun komunitatearen taupada ezagutu behar da beronen komunikazio esparrua kudeatzeko. Taupada hori ez da ezagutzen gizarte zabaleko ezaugarriak mimetikoki berari aplikatuta. Adibidez, jakin behar da euskaraz bizitzeko hautua egin duena ez dela hiritar estandar baten egoeran bizi. Euskaraz bizitzeak plus bat, ahalegin bat, neke bat, jarrera bat eskatzen diola. Nahimen bat izatea eta elikatzea. Eta horrela beste gauza asko.

    Baliteke programa batek, edo apustu mota batek, edo hedabide oso batek, audientzia mugatua izatea baina hiztun komunitatearen muinean edo beste geruzaren batean funtzio kualitatibo berebiziko bat betetzea. Edo baliteke aitzakia horretan ahaleginak alperrik galtzen ibiltzea. Gauza asko hartu behar dira kontuan. Kopuruek bakarrik ez dute balio hemen. Kopuruek ere bai, jakina.

  10. Guztiarekin, bi galdera egin behar ditugu. Zein da etorkizunean, gaurtik hasita, euskarazko telebista espazioa artikulatzeko modurik egokiena euskararen garapenaren ikuspuntutik? Eta zein da modurik egokiena diru-baliabideei errendimendu handiena ateratzearen ikuspuntutik?
  11. Bi abiapuntu daude galdera hauen oinarrian. Bata, euskarazko telebista espazioa askotariko telebistek osatuko dutela etorkizunean. Bigarrena, euskarazko telebista espazioak diru-baliabide publikoak izan behar dituela ezinbesteko osagai, formula desberdinen bidez, zerbitzu publiko hori ematen duen enpresaren oin instituzionala edozein dela ere. Euskarazko telebista espazioa birsortzea helburu politiko publiko moduan ulertu behar da, orain artean bezala. Helburu publiko hori lortzea formula desberdinen bidez egin daiteke hainbat gauza konbinatuz: kate publikoen kudeaketa, gizarte ekimeneko kateekin kontzertazioak, bitariko formulak, merkatu doitu baten arautzea, diru-laguntzak eta beste. Alor guztietan dator gai hau agenda politikora. Baina bereziki Euskal Herrian, gizarte honen nerbio autoeratzaile berezia ikusirik, eta are gehiago euskararen gaian, helburu publikoen eta gizarte ekimenaren arteko jokoa txirikordatzen asmatzea berebizikoa da.
  12. Hala, euskal telebista espazioaren etorkizuna pentsatzerakoan osagai desberdinak sartu behar ditugu jokoan. Internetek eta baliabide teknologiko berriek telebistari ekarriko dioten birkokatzea pentsagai moduan hartu behar dugu batetik. Eta pentsagai hori begi bistatik kendu gabe honako elementuak konbinatu beharko dira: telebista publiko-autonomikoa, ekimen sozialeko Euskal Herri mailako telebista kateak, tokian tokiko telebistak eta hauen saretzeak eta gainerako euskal hedabideen interneteko telebista eskaintza, gutxienez. Hori igorleei dagokienean. Ekoizpenari dagokion arloa are zabalagoa da.
  13. Gogoeta honen lerro artean irakur liteke euskarazko telebistaren meloia irekitzeaz ari naizela. Hala da, bai, meloia irekitzeaz eta EITB entitate publikoak hartzen duen dirutza modu berri batean banatzeaz ari naiz. Beste eztabaida bat da dirutza horrek gehiago izan behar duen, eta banaketaren ondoren entitate publikoa ere indartzen segi behar den. Hemen planteatzen dena da euskarazko telebista espazioa sortzearen helburu publikora bideratutako dirua etorkizunean modu konbinatu batean banatu behar litzatekeela, hala a) diru publikoari etekin handiagoa ateraz, b) ikusleari aukera gehiago eta menu zabalagoa eskainiz, c) gizarte ekimeneko enpresak telebistagintzan aktibatuz, d) euskal hiztun komunitatearen dinamika onenetatik gertuago dauden bideak irekiz eta e) euskal telebista esparru txiki eta mugatu baina askotarikoagoa eta sustraituagoa sortuz. Ez dut honekin zalantzan jartzen esparru berri honetan ETBk izango duen eta izan behar duen funtzio ordezkaezina eta ziurrenik zentrala.
  14. Badakit oraindik inertziak handiak direla, eta meloi hori zabaltzearen aurrean ezagutzen dugunarekiko atxikimenduak nahiz kalkulu politikoak aktibatzen direla oharkabean. Sentsibilitate politiko bakoitzak badu joera kalkulatzeko ze espaziotan nork izan dezakeen abantaila, edo kokapen hobea. Inor ez da inozoa hedabideen gaian (baina tira, errezeloei irudimenarekin zirri eginez, irudikatu liteke ezker abertzaleak kudeatutako telebista autonomiko bat ere, eta berarentzat deserosoa izaten hasi den herri ekimeneko telebista bat alboan). Zilegi dira beldur alderdikoiak. Euskarazko hedabideen espazioak, ordea, ezin du urte gehiago eta aukera gehiago galdu kontu horietan. Ondobidean, euskarazko hedabide esparrua antolatzeko oinarriak jartzeak akordio politikoa eskatuko du.

    Badakit oraindik indar handia duela monokultiboaren ideiak, eta euskaltzale askoren erreakzioa dela "bidea da ETB indartsu bat egitea euskaraz" esatea. Eta bai, ETB on bat behar dugu, eta ona litzateke euskarazko katean zentratzea ETBren indarrak. Baina ondoez berriak ez dira errezeta zaharrekin konpontzen. Euskaldungoaren kontsumo eta irudikapen fragmentazioari, edota aukeren biderkatzeari, ezin zaio kate bakarraren ideiarekin erantzun, ez hedabide-entitate publiko bakarrean diru ia dena kontzentratzean ere. Euskarazko eskaintzak multipolarragoa izan behar du, eta multipolartasun horretarako aukera ematen digu euskal hiztun komunitatearen eraketa-gaitasun eta erakunde sozial-enpresarialen dentsitate bereziak.

  15. Orain arteko puntuak ikusita, iduri lezake ETB-1en programazioa garrantzi gutxiko kontua dela idazki hau egin duenarentzat. Ez da hala. Daukagun tresna nagusia da zalantzarik gabe, eta beronen eredu nahiz programazioan asmatzea garrantzizkoa da. Idazki honen mezua da kate honen funtzioa (edo honi lotutako beste eskaintzena) esparru zabalago bateko paper-banaketan kokatu beharko genukeela laster. Paper-banaketa horrek diru-banaketa ere esan nahi du. Irudika dezagun euskal telebista esparrurako dirutza jakin bat bideratuko dela, eta horretatik bi heren ETBra doala eta beste heren bat gizarte-ekimeneko euskal telebistentzat erabiltzen dela. Edo irudika dezagun hiru laurden ETBrentzat eta laurden bat gizarte ekimeneko euskal telebistentzat. Edo irudika dezagun lau bosten ETBrentzat eta bosten bat gizarte ekimeneko euskal telebistentzat. Euskal telebista esparrurako bideratuko litzatekeen diruaren laurden edo bosten batekin EGEek egin ditzaketenak (demagun Berria taldeak, edo Argia taldeak edo Topagunean biltzen den hedabide-sareak edo beste eragileren batek) hiztun komunitatearen ikuspuntutik eragin eta etekin handikoak dira.
  16. Euskarazko telebista publiko on bat behar dugula esatea da euskaltzaleen erreakzio nahiko logiko eta automatikoa, baina hori parte bat baizik ez da, eta horretan tematzeak ekar diezaguke behar dugun politika berria saihestea. Euskarazko telebista esparruaren matrizea bera birpentsatu behar dugu: eredu monista batetik eredu konbinatu batera pasatzeko abagunea dator. Hori baliabide publikoak gehitu eta modu konbinatuan banatzetik hasten da. Honetarako arrazoirik sakonena euskal hiztun komunitatearen ehun-egiturari erantzutea izan liteke. Baina bada xumeago azaldu litekeen arrazoi bat: eredu monistak jadanik ez du irtenbide onik gure kasuan. ETB bost aukeratik bat zenean (90eko hamarraldia) inbertsio handia eginda audientzia txukun xamarrak lor zitzakeen. Gaur egun dozenaka aukerako menu zabal batean euskarazko ikusle potentzial fragmentatua ukitzeko beste bide bat behar da, arazoa ez da kate baten programazioan asmatzea bakarrik.
  17. Oraingo programazioari dagokionez, gauza bat aitortu behar da, lehengo eta oraingo gidarien alde: zaila eta konplexua da telebista generalista bat arrakastaz kudeatzea, eskaintza uholde baten barruan eta gurea bezalako egoeran dagoen hiztun komunitate minorizatu bati begira. Erraza da kanpotik errezeta politikoki politak ematea ("kirola murriztu", "barne produkzioa gehiago bultzatu!"), baina zezenari adarretatik helduta dagoenak daki adarren berri. Alde asko zaindu behar dira eta audientzien diziplina sorgina da. Euskarazko eskaintzaren erakargarritasunak, gainera, ahultzera egin du arrazoi soziolinguistiko, kultural eta globalengatik. Beraz, zalantzatik eta apaltasunetik tokatzen da proposamenak egitea.
  18. Aurretik esandako guztiarekin koherentzian, iruditzen zait ETBren euskarazko eskaintza trantsizio epe baterako pentsatu behar dela. Etorkizunean euskarazko telebistaren esparrua irekiko bada, hor birkokatu beharko du kateak, baina goiz da une posible horretako eredua pentsatzeko, aldagai desberdinak sartuko baitira jokoan. Bitartean, euskarazko kateak aurrera egin behar du, beheraldiari eutsi eta esperimentatu, garai berrietarako.

    Trantsizio epe honetan, betiko galdera modu patxadatsu batez planteatzeko aukera izan daiteke. Zenbateraino jokatu audientzia maila minimo bat eman behar duen kate generalista moduan? Eta zenbateraino bilatu balio erantsia, plus bat, beste kateek eman ezin dutenaren bidetik? Oreka ez da erraza, baina bigarrenetik ("beste kateek eman ezin dutenaren bidetik") arrisku batzuk hartuta baliteke lehenbizikotik gehiegi ez aldentzea.

  19. Iruditzen zait telebistaz egindako gogoetaren ildo batzuk balio dezaketela irratiaren esparrurako ere. Edo areago. Irratia arlo zaluagoa da, merkexeagoa, malguagoa. Galdera bertsuak egin beharra dago. Zein da etorkizunean, gaurtik hasita, euskarazko irrati espazioa artikulatzeko modurik egokiena euskararen garapenaren ikuspuntutik? Eta zein da modurik egokiena diru-baliabideei errendimendu handiena ateratzearen ikuspuntutik?

    Hemen, telebistaren kasuan baino ere nabarmenagoa da eredua birpentsatzeko aukera. Ekimen sozialaren potentziala handiagoa da irratiaren kasuan, eta are errazagoa euskarazko irrati-eskaintza konbinatu bat eskaintzea, baliabideak hobeto banatuz, eta entzuleari aukera desberdinak eskainiz. Euskarazko irrati espazioa sortzearen helburu publikora bideratutako dirua ere etorkizunean modu konbinatu batean banatu behar litzateke, arlo honetan ere a) diru publikoari etekin handiagoa ateraz, b) entzuleari aukera gehiago eta menu zabalagoa eskainiz, c) gizarte ekimeneko enpresak euskarazko irratigintzan aktibatuz, d) euskal hiztun komunitatearen dinamika onenetatik gertuago dauden bideak irekiz eta e) euskal irrati esparru mugatu baina askotarikoagoa eta sustraituagoa sortuz.

Honetaz albo-argudio gehigarri batzuk aipa litezke, baina testua aski luzea bada bestela ere, eta uste dut tesiaren hezurdura azalduta dagoela. Etorkizuneko politikak pentsatzeko heldulekuak eskaintzea izan da testuaren asmoa, begiratu mugatu batetik, ezer baino gehiago eztabaidarako material moduan.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus