Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Kaukaso: Europako hizkuntza-mosaikoa

Kaukaso: Europako hizkuntza-mosaikoa

2012-03-08 / 10:12 / Eduardo J. Ruiz Vieytez   HIZKUNTZA

Kaukaso mendikateak Europa eta Asia arteko muga geografikoa ezartzen du. Mendikatearen hegoaldeko hegalean Georgia eta Azerbaijan daude; iparraldekoan, berriz, Errusiar Federazioa. Hizkuntzei dagokienez, mendi sistema honen inguruan dago Europa osoko aniztasun eta aberastasun handiena. Izan ere, ingurune horretan hainbat hizkuntza-talde indoeuropar erabiltzen dira, baita hizkuntza altaikoak eta hizkuntza kaukasiarren taldea osatzen duten beste batzuk ere.

Egun, Errusiar Federazioan hitz egiten diren hizkuntzetatik 30 daude Kaukasoko hizkuntza-familian. Familia horrek hiru milioi hiztun inguru ditu, eta horiei georgiarren gehiengo nabarmena eta Azerbaijaneko gutxiengoaren taldeak gehitu behar zaizkie. Kaukasoko hizkuntzek mendikatearen bi aldeetako eremu zabalean dute jatorria, Kristau aroa baino milaka urte lehenago. Hizkuntzalariek hiru talde nagusitan banatzen dute Kaukasoko hizkuntza-familia. Gaur egun, hegoaldeko hizkuntza-taldea ia soilik georgierak osatutakoa da (hizkuntza honi loturiko beste batzuk asimilatuz, esaterako, svanera, mingreliera eta lazera, baita abkhazerak ere. Errusian, ipar-mendebaldeko hizkuntza-taldean, abazera eta adyghera, txerkesera eta kabardera hizkuntzak daude, bestalde, ipar-ekialdeko taldea bi multzo bereizietan agertzen da zenbaitetan: naxiera edo erdialdekoa eta darginera edo ekialdekoa. Lehenengoan, ingera eta txetxeniera hizkuntzak daude, eta darginera azpi-taldeak hizkuntza-kopuru oso handia, 23 hain zuzen ere, hartzen du barnean, hauetako batzuk beste inguruko batzuek asimilatzeko prozesuan: avarera, andiera, botlikhera, godoberiera, chamalalera, bagulalera, tindiera, karatiera, akhwakhera, bezhtiera, didoera, hinukhera, kubatxiera, hunzibera (guztiak avarera-andiera-tsesic azpitaldekoak), lakera, dargvera, khaidakhera, kubatxiera (lakera-dargvera azpitaldea), archiera, lesgiera, aghulera, rutulera, tabasaranera eta sajuro (lesgoera azpitaldea). Darginera taldeak, gainera, Dagestaneko Errepublika autonomoko mugak gaintzen ditu, alboan duen Azerbaijaneko iparraldea ere mendean hartuz.

Kaukason dagoen bigarren hizkuntza-familia altaikoa da, gaur egun 30 bat hizkuntza biltzen dituena. Familia honen barruan, hiru hizkuntza-talde nagusi daude: turkiar taldea da gaur egun indartsuena eta tatarera, kumykera, karachayera, balkarera (mendebaldeko azpitaldea), azerbaijanera (hegoaldeko azpitaldea), eta nogaiera (erdialdeko azpitaldea) biltzen ditu. Bestalde, mongoliar taldekoa kalmukiera da. Hizkuntza altaikoek Altai mendikatearen inguruan dute jatorria, gaur egun Mongolia eta Errusiar Federazioa banatzen dituen inguruan. Horrela, hainbat norabidetan zabaldu ziren Kristau Aroko I. mendetik aurrera.

Hizkuntza indoeuroparrei dagokienez, XVIII. mendetik aurrera errusiarrak hedatzen hasi zirenean iritsi zen errusiera Kaukasora, eta eskualde osoan etnien arteko komunikazio-hizkuntza izatera iritsi da. Inguruan nagusi den beste hizkuntza indoeuropar bat armeniera da: gehiengoaren hizkuntza da Armeniako errepublikan, baita Nagorno-Karabach eskualde autonomoan ere.

Iraniar taldeko bi hizkuntza ere badaude familia indoeuroparraren barruan. Tatera da horietako hizkuntza bat, V. eta VI. mendeetan, iparraldeko muga zalantzakorrak zaintzea helburu hartuta, pertsiarrek eskualdeko ingurune menditsuetan ezarri zituzten judu-taldeek berenganatutakoa. Bestalde, ossetiarrak alaniarren ondorengoak dira bai etniari bai hizkuntzari dagokienez. Azkenik, Itsaso Beltzetik gertu greko pixka bat hitz egiten da bizantziar garaietatik.

Hizkuntza-aniztasuna izugarri handia izan arren, ordea, ez da berdintsu islatzen aintzatespen konstituzionalari edo ofizialari dagokionez. Hala, mendikatearen hegoaldean hauek dira estatus ofiziala duten hizkuntzak: azerbaijanera, georgiera, armeniera eta abkhaziera. Bestalde, Errusiar Federazioan, errusieraz gain, hainbat hizkuntza dira ofizialak errepublika autonomoetan, eta Dagestan da Europa osoko hizkuntza-dentsitate handiena duen errepublika.


(EDUARDO J. RUIZ VIEYTEZ Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria da Deustuko Unibertsitatean)

  • Estreinakoz www.gipuzkoaeuskara.net webgunean argitaratua (2012-03-02)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus