Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Nerabeak, Interneteko sare sozialak eta euskara

Nerabeak, Interneteko sare sozialak eta euskara

2011-12-07 / 08:25 / Eusko Jaurlaritza - HPS   INTERNET

Soziolinguistika Klusterra eta Kultur Kabia-Topaguneak nerabeek sare sozialetan dituzten praktika linguistikoak ezagutu eta horietan eragiten ahalegintzeko esperientzia jaso dute Nerabeak, Interneteko sare sozialak eta euskara txostenean. Osorik irakur dezakezue hemen.

1. Sarrera

1. Sarrera

Txosten hau nerabeek sare sozialetan dituzten praktika linguistikoak ezagutu eta bertan esku hartzeko burututako esperientzia baten azalpena da. Bizkaiko hainbat eskualdetan, eta batez ere Bilbon, Kultur Kabia/Topagunea-k gidatzen dituen aisialdi programen inguruan elkartutako nerabeak Tuenti sare sozial birtualean nola erlazionatzen diren aztertu da; zehatzago esateko, harreman horietan hizkuntzen erabilera nolakoa den. Kultur Kabiak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean garatutako proiektua izan da eta hiru erakunde publikoren babesa jaso du: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiarena eta Bilboko Udaleko Euskara Sailarena.

Hizkuntza erabileran eragiteko saiakera bat martxan jarri da, ondoren saiakera honen balorazioa egin ahal izateko eta aurrera begirako ikasgaiak atera ahal izateko. Ikasgai hauen arabera, erabileran esku hartzeko etorkizuneko ahaleginak hobeto bideratzeko aukera sor liteke.

Hizkuntza normalkuntzan dihardutenen artean nerabeen erabileraren inguruan dagoen interesa kontuan hartuta eta sare sozial birtualek gaur egungo nerabeen aisialdian hartu duten garrantzia kontuan hartuta, esperientzia hau, bere muga guztiekin, behar bat asetzera datorrela esan daiteke.

2. Kokapena


2.1 Nerabeak eta euskara

Nerabeen hizkuntza erabilera, euskararen normalizazioan dabiltzanen interesgune nabarmena da, gaur egun. Hezkuntza-sistemak euskararen ezagutza bermatzean bertatik igarotako belaunaldien bizimodua euskaraz garatuko zela aurreikusi zutenen ustea ez da bete, erabat behintzat. Herrian eta etxean euskararen presentzia esanguratsurik aurkitzen ez duten nerabeek euren arteko harremanetan eta, orokorrean, eskolaz kanpoko bizitzan, gaztelaniarako joera erakusten dute sarri.

Horrez gain, garrantzitsua da aipatzea euskaraz dakien nerabearen profil soziolinguistikoa aldatu egin dela duela urte batzuetatik hona. Euskara bigarren hizkuntzatzat duten euskaldunen proportzioa gero eta altuagoa izateaz gain, gehiengoa da Bilbo inguruan edo Euskal Herria bere osotasunean hartzen badugu. Fenomeno honek ez du parekorik euskararen historia osoan, ezta Europako beste hizkuntza gutxiagotuen artean ere(1). Era berean, hiri-inguruneetan bizi diren euskaldunak gero eta gehiago dira. Ezaugarri horiek aldatu diren moduan, euskara erabiltzeko motibazioetan ere bilakaera bat ematen ari dela antzeman daiteke.


2.2 Nerabeak eta sare sozialak

Interneteko sare sozialak, azken urteetan sarean agertutako fenomeno berrietako bat dira. Pertsonen arteko komunikaziorako erabilgarriak dira, harreman asko eskura edukitzea eta informazioa modu errazean trukatzea ahalbidetuz. Gaur egun 12 eta 18 urte artean dituzten nerabeen belaunaldia bete-betean harrapatu du interneteko sare sozialen orokortzeak. Euren arteko komunikaziorako tresna garrantzitsuenetakoa bihurtu da, argazkiak, mezuak, hitzorduak eta loturak bat-batean eta dohainik jende askori zabaltzeko aukera ematen dutelako.

Sare sozial hauek nerabe eta haurren artean izan duten arrakastaz oharturik, hainbat saiakera egin dira tresna hauek helburu batzuen mesedetan erabiltzeko. Esate baterako, facebook, tuenti edo twitter bidez produktu eta zerbitzuen publizitatea egiten da, hezkuntzarako baliabide bezala erabiltzen saiatzen dira edo herritarrak kazetari bilakatzera bideratzen dira.


2.3 Testuingurua

Proiektua zein testuingurutan kokatzen den azaltzeko, komeni da testuinguru hau osatzen duten elementu nagusiak zeintzuk diren argitzea, ezer baino lehen:

  • Tuenti:

    Gazteei zuzendutako eta web 2.0an oinarritutako gizarte-sare zerbitzu bat da. Bertan, tuenti-orri pribatua eskura daiteke izena eman ondoren. Behin tuenti-orria lortuta, mugarik gabe argazkiak igo, norberaren blogean testua idatzi eta besteen tuenti-orrietan edota argazkietan iruzkinak jar daitezke, besteak beste.

    Pertsonak oso erraz aurki daitezke: izen-abizenen bidez, duten lana edota doazen eskolaren izena bilatuz, bizilekua bilatuz, martxara irteten diren zonaldeen bidez, lagunen lagunen bidez, e.a.

    Iturria: Wikipedia

  • Kultur Kabia

    Kultur Kabia Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak sortutako enpresa da. Euskararekiko atxikimendu berezia da bere ekimenaren iparrorratza.

    Adin tarte eta izaera anitzeko publikoari zuzendutako euskarazko aisialdi eta kultur zerbitzuak hedatu eta sortzen ditu. Gazte zein nerabeentzako produktuak dira Kultur Kabiaren bereizgarri nagusiak. Izan ere, euskararekiko motibazioan eragitea helburu duten programa parte-hartzaileak sortu eta kudeatzen ditu; Harrapazank eta Izarren Distira lehiaketak esaterako.

  • Izarren Distira:

    Talentu lehiaketa bat da. 12 eta 18 urte bitarteko nerabeek alor artistiko ezberdinetan egiten dakitena erakusten dute, hainbat kastinetan eta jendaurreko gala batean. Bizkaiko bost eskualdetan egiten da: Getxo, Txorierri, Uribe Kosta, Durangaldea eta Leioa/Erandio. Urritik abendura bitartean garatzen dira Izarren Distira programak.

  • Harrapazank:

    Nerabeen artean euskararekiko motibazioa eta erabilera bultzatzeko aisialdi programa da. Formatu handiko ikuskizunez eta lehiaketez osatuta dago. Bilbon kokatzen da eta 2011ko udaberrikoa 6. edizioa izan da. Urtarriletik maiatzera bitartean garatzen da Harrapazank.

    Guztira, Izarren Distira eta Harrapazank programak kontuan hartuta, 2.000 lagun baino gehiagorekin mantentzen da harremana, Tuenti sare sozialaren bidez.

3 Ikerketa-interbentzioa


3.1 Helburuak

Kultur Kabia/Topaguneak urteak daramatza nerabeentzat aisialdi programak kudeatzen. Hasiera batean Bilboko Udalaren Harrapazank programarekin egin bezala, gaur egun Bizkaiko bost eskualdetan nerabeei zuzendutako euskarazko ekimenen ardura du. Guztira, 12 eta 18 urte bitarteko hamarnaka nerabe biltzen dira ekimen hauen inguruan.

Programa hauetako bakoitzak bere ezaugarri bereizgarriak baditu ere, denetan erabiltzen dira interneteko sare sozialak nerabeen arteko harremanak eta nerabeek programaren arduradunekin dituztenak ahalbidetzeko. Interneteko sare sozialena fenomeno berria izanik eta adin-tarte jakin batzuetan duten arrakasta kontuan harturik, interesgarri ikusten da tresna hauei ematen zaien erabilera hobeto ezagutzea. Izan ere, aurrera begira euskara sustatzeko baliabide eraginkorrak izan litezke, egoki erabiliz gero. Gainera, Harrapazank programan parte hartzen dutenekin, gero eta hedapen handiagoa duen profil soziolinguistikoko nerabeei buruz gehiago jakiteko aukera egon daitekeelakoan gaude.

Proiektu honek bi helburu nagusi ditu:

  • Kultur Kabia/Topagunearen ardurapean dauden aisialdi programetan, sare sozialen bidez, nerabeen euskararen erabileran eragitea.
  • Hizkuntza-portaeratan sare sozialen bidez eragiteko esku hartzeen baliagarritasuna aztertzea.


3.2 Urratsak

  • 3.2.1 Proiektuaren diseinua

    Kultur Kabia/Topaguneak Bizkaiko bost zonaldetan gidatzen ditu aisialdiko programak: Bilbon, Getxon, Txorierrin, Uribe-Kostan eta Durangaldean. Bilboko Harrapazank programa da horien guztien artean zaharrena. Gainera, urtez urte Harrapazanken parte-hartzaile kopurua eta programaren barruan antolatzen diren ekimenak ugarituz joan dira.

    Zaharrena eta egonkortuena izateaz gain, Harrapazank programan parte hartzen duten Bilboko nerabeen profil soziolinguistikoa bereziki interesgarritzat jo da. Testuinguru hiritar edo urbano batean kokatzen diren nerabeak direlako eta kasu askotan euskararekin duten harreman nagusia ikastetxearen bidez ematen dena delako.

    Hori dena kontuan hartuta, proiektuaren abiatze puntutik hartutako erabakia izan da Bilboko Harrapazank programaren inguruan elkartzen diren nerabeetan zentratzea. Baina hala eta guztiz ere, Bilboko esku-hartzearen oinarri gisa joka zezaten, ikasgai erabilgarriak emango zituztelakoan, aurrez beste eskualdeetako aisialdi-programetan proba pilotuak egitea adostu zen.

    Soziolinguistika Klusterra eta Kultur Kabia/Topagunearen artean egin beharreko azterketaren eta esku-hartzearen ezaugarriak adostu eta egitasmoaren urrats bakoitza egutegian zehar kokatu zen diseinu fasean.

    Nerabeen praktika linguistikoan Kultur Kabia/Topaguneako arduradunek esku-hartzea ezaugarri desberdineko bi profilen bidez garatzean oinarritu da. Beste urteetako esperientziatik ateratako ikasgaia da Harrapazank eta Izarren Distirako ekitaldiak antolatzeko elkarrekintza guztiak nerabe guztiekin euskaraz aurrera eramateko ez dagoela arazorik. Jakina da nerabeek antolatzaileekin euskaraz egiteko joera dutela, antolatzaile hauen izaera eta praktika ezagutzen dituztenetik. Hala ere, horrek ez du eraginik izaten programako antolatzaileekin ez diren harremanetan. Egitasmo honetan planteatu dena da, alde batetik, programak Tuenti sare sozialean duen profil ofizialak antolakuntzarako beharrezkoak diren gaiei buruz soilik hitz egitea eta euskara batua eta guztiz zuzena erabiltzea, aurreko urteetako edizioetan egin izan den bezala. Beste alde batetik, Tuentin bigarren profil bat sortzea. Bigarren profil hau, bere ezaugarriengatik, profil ofizialarengandik garbi bereizi beharko litzateke eta "zirikatzailea" bezala izendatuko dugu hemendik aurrera. Zirikatzailearen ideia denez esku-hartze ekimenaren berrikuntza nagusia, bere ezaugarriak eta bere jarduera aurrera eramateko irizpideak ahalik eta modurik zehatzenean definitu ziren.

    Profilaren bidez transmititu beharreko irudiaren atributu nagusiak ondorengoak lirateke:

    • Pertsona gaztea, Harrapazankeko nerabeentzat erreferentziazkoa izan daitekeen adinekoa (20-25 urte bitartekoa). Gazte arrunt baten irudia eman beharko luke. Aisialdi-programako materialaz aparte, bere zaletasun pertsonal batzuk ere agertu beharko lirateke profilean.
    • Jarrera informala transmititu beharko luke; bai hizkeran eta baita formetan, orokorrean, ere.
    • Programarekiko lotura ezkutatu gabe, antolatzaileekiko autonomia bat erakutsi beharko luke. Laguntzaile soil bat bezala ikusia izatea da helburua, ez arduradun bezala.
    • Nerabeekiko harreman zuzena, ez formala, izaten saiatu beharko litzateke. Maila batean euren konfiantza lortzea litzateke helburua.
    • Dagokion ingurunera egokitutako hizkera erabili beharko luke.

    Esku-hartze estrategiari dagokionez, egitasmoaren helburuei begira, zirikatzailearen jarduna gidatzeko irizpideak adostu ziren:

    • Parte-hartze handia edukitzea. Zirikatzaileak nerabeekin ahalik eta elkarrekintza gehien edukitzeak eurekiko harremanak sortzeko eta bere praktika linguistikoak orokortzeko balio duen probatu behar da.
    • Gazte hizkera lantzea. Nerabeentzat hizkera fresko eta gertukoaren eredu izan behar da zirikatzailea. Tokiko euskarazko espresioak, idazkera laburtua (sms) eta euskarazko nerabe-hizkera neurrian erabiliko lirateke, hizkera erakargarria eta ez artifizialegia erabiltzeak nerabeen jardunean eraginik baduen probatzeko.
    • Parte-hartzea bultzatzea. Zirikatzaileak, bere jardunaren bidez nerabeen konfiantza eta konplizitatea bilatu behar luke. Nerabeen ekarpenei erantzun eta bere ekarpenak erantzuteko eskatu behar luke. Elkarrekintza linguistiko ahalik eta jarraikorrenak sortzea da horretarako bidea: argazkien iruzkinetan, galdera-erantzunetan...
  • 3.2.2 Proba pilotuak. Beste programak

    2010eko udazkenean zehar Getxo, Txorierri, Uribe-Kosta eta Durangaldeko Izarren Distira egitasmoak, aurrerago Bilboko Harrapazanken egin denaren probaleku bezala erabili ziren. Nerabeek sare sozialak nola erabiltzen dituzten ulertzeko esperientzia baliagarria izan zen. Era berean, euren artean eta euskarazko aisialdi-programen arduradunekiko harremanean dituzten hizkuntza-ohituren behaketako aukera eman zuten. Gainera, nerabeen hizkera informalaren zenbait ezaugarriren berri ere jaso zen, proba horien bidez.

    Esate baterako, interneteko sare sozialetan (Tuentin gutxienez) nerabeek dituzten komunikazioek zein funtzio nagusi betetzen dituzten ikusteko aukera eman zuten proba pilotuek. Idazten denaren gehiengo handia antolatzeko sailkapen bat osatu zen:

    • ERABILTZAILEAREN PROFILA
    • EGOERAK (Momentuko egoeraren deskribapena)
    • ARGAZKIETAKO IRUZKINAK
    • AGURRAK
    • ZORIONAK
    • IRAINAK
    • TXANTXAK
    • INFORMAZIOA/EKITALDIETARA GONBIDAPENAK
    • MAITASUN MEZUAK
    • BESTELAKOAK

    Harrapazank programako parte-hartzaileen programaren hasierako eta amaierako aktibitatea aztertzeko datu-bilketak egiteko sailkapen hori erabili da oinarritzat.

    Sailkapen horretaz gain, erabilitako hizkeraren eta ohiko erlazionatzeko moduaren inguruko ikasgaiak atera ziren:

    • Esate baterako, nerabeak programaren profilarekin eta zirikatzailearekin euskaraz mintzatzen ziren ia beti, arazorik gabe. Hala ere, euren artean euskararen erabilera askoz ere baxuagoa zen.
    • Argazkietako iruzkinen kasuan, are nabarmenagoa zen programa edo zirikatzailearen presentziak erabileran eragiten zuen aldaketa.
    • Informazioa zabaldu eta elkartrukatzeko garaian gaztelania jaun eta jabe zela ikusi zen; hala ere, Durangaldean nagusitasun hau ez zela hain nabarmena ere esan beharra dago.
    • SMS idazkeraren adibideak topatu ziren eta ia kasu guztietan gaztelaniazkoak. Euskalkiaren presentzia, Durangaldea eskualdean soilik izan zen esanguratsua.
    • Bestalde, hitanoaren arrastorik ez zen topatu.

    Proba pilotuetatik ateratako ikasgaiok, Harrapazank programaren hasieran egindako datu-bilketatik ateratako informazioari gehituta, esku-hartze estrategia zehazteko baliatu ziren.

  • 3.2.3 Hasierako egoeraren diagnosia

    Proba pilotuetatik zenbait ikasgai atera ziren eta intereseko puntuak eta lehentasunak non zeuden ikusten lagundu zuen esperientzia horrek. Hurrengo urratsa, Harrapazank programa abiatzearekin batera heldu zen. Izen-emate epea itxita, parte-hartzaileek Tuentin duten jardunari buruzko lehen datu-bilketa burutu zen. Datu-bilketa honen helburua ere esku-hartze estrategia definitzerakoan joera eta ohitura nagusiak identifikatzea zen. Ez zion erantzuten, beraz, egoeraren azterketa kuantitatibo zehatza egiteko nahiari.

    Harrapazanken Tuentiko profilak 915 lagun zituen guztira. Kopuru horretan, 2011ko edizioan parte hartzeko izena emandakoez gain, parte-hartzaileen lagunak eta beste urteetan parte hartutako jendea ere biltzen zen. Lan honetan, Harrapazankeko 2011ko parte-hartzaileak soilik kontuan hartzea erabaki zen; programan espreski izena eman zuten neska-mutilak. Lehenik eta behin, programan parte hartzearen bidez bermatzen zelako nerabeek euskaraz bazekitela eta programaren inguruko zirikatzaile batekin harremana izan zezaketela. Eta bigarrenik, baldintza hauek betetzen ez dituen jendea kontuan hartzeak jasotako irudia distortsionatu zezakeelako.

    Jaso beharreko datuak eta hauek biltzeko irizpideak zehazterakoan Kike Amonarrizen laguntza izan genuen.

    Beraz, 2011ko Harrapazankeko parte-hartzaile zuzenen 60 profil aztertu ziren hurbilpen honetarako. Azterketa osoan zehar, parte-hartzaile hauen anonimotasuna bermatu da eta norbanako bakoitzaren datu pribatuak inongo errejistrotan jaso gabe lan egin da. Otsaileko lehen egunetan burutu zen datu-bilketa, programa abiatzear zen unean. Ondorengo koadroan ikus liteke jasotako datuen laburpena:

Proba pilotuetan izandako esperientziatik, aurrera begira Harrapazank programako parte-hartzaileen jardunean esku hartzeko ideia batzuk atera ziren. Ideia hauek, lehen datu-bilketatik ateratako ondorioekin batera, esku-hartzearen lehentasunak finkatzeko oinarri izan ziren.

Nerabe-taldearen eta sare sozialen ezaugarriak kontuan hartuz, lehentasunak jarri ziren hizkuntzaren bidez transmititzen diren EDUKIAK, hauek transmititzeko MOLDEAK eta hizkuntza-erabilera ematen den ESPARRUAren arabera.

Esparruei buruz, ikusitako errealitatea lotuago dago Tuenti sare-sozialaren ohiko funtzionamendua ulertzearekin praktika linguistiko zehatz batzuekin baino. Ikusi ahal izan denez, lau erabilera-esparru nagusi bereizi daitezke: erabiltzailearen profileko informazioa (1), uneko egoeraren deskribapena (2), norberaren edo besteen argazkiei buruzko iruzkinak (3) eta hormako mezuak (4).

Esparruei dagokienez, ikusi zen profila ez dela funtsezko komunikazio esparrua; aztertutako nerabeen % 50 inguruk ez zuen inongo informaziorik bere profilean.

Egoera deitutako esparrua, oso esparru erabilia da. Erabiltzaile bakoitzak uneko bere egoera azaltzen du bertan, beraz, esparru dinamikoa da, egunero edo egunean behin baino gehiagotan aldatzen dena zenbait pertsonaren kasuan.

Argazkien iruzkinetan ematen den komunikazioa, esanguratsua dela izan zen datu-bilketatik ateratako ondorioetan beste bat. Argazkiek lagun batek besteari txantxak egiteko edo edozein mezu idazteko aitzakia jartzen dute.

Azkenik, erabiltzailearen horma dago. Eremu honetan, informazio eta komunikazio jarioa ematen da. Bertan biltzen diren mezuak izaera anitzekoak dira, edukiei eta formei dagokienez. Nerabe bakoitzak besteei zuzendutako mezuak idazten ditu horman: norberarenean edo beste batenean.

Tuenti sare sozialean hizkuntza-erabileraren esparru nagusiak zeintzuk diren ikusita, esku hartzeari begira lehentasunak ezarri ziren. Profilaren garrantzia erlatibizatu zen, nerabe askok erabilera handirik ematen ez diotela ikusita. Egoera idazteko esparrua ez zen lehentasunezkoen artean sartu, oso erabilia izan arren elkarrekintzarako aukera gutxi ematen duelako. Esku-hartzearen bidez hizkuntza-erabileran eraginik lortuz gero, positiboki baloratzekoa litzateke egoera idazteko hizkuntzan aldaketak ikustea, baina ez zen ikusi zuzenean xede hori lortzeko moduko ekintza egokirik. Esku-hartzea nagusiki beste bi eremuetan garatzea ikusi zen egokitzat: argazkietan eta horman. Argazkietan zirikatzaileak nerabeekin elkarrekintza bilatzeko aitzakia eskura dagoela ikusi zen. Hormari dagokionez, ikusi zen ezinbesteko jardun-gunea zela funtzio ezberdinak betetzera bideratutako hizkuntza-erabilera ahalik eta modu naturalenean gerta zedin.

Nerabeek erabiltzen duten hizkuntza-moldeari dagokionez, hasierako egoera aztertzean Harrapazank programako parte-hartzaileen hizkerari buruzko zenbait seinale interesgarri aurkitu ziren; agian interneteko sare sozialetan euskara naturaltasunez eta erosotasunez erabiltzeko oztopoen seinaleak izan daitezkeenak. Nerabeek, eremu informala izanda ere, euskara batua eta guztiz zuzena erabiltzen dutela ikusi ahal izan zen. Gaztelaniaz, ordea, hizkera informala, lagunartekoa eta arauetatik kanpokoa darabilte.

Bizkaiko beste eskualdeetako proba pilotuetan, euskalkiaren zantzuak ikusi ziren nerabe batzuen hizkeran. Durangaldeko kasuan sumatu zen zehazki batzuk euskararen eskualdeko aldaera zerabiltela. Hala eta guztiz ere, hurrengo esku-hartzea Bilbo eta inguruko nerabeei zuzendua zenez, ez zen komenigarri ikusi euskalkiaren erabilera bultzatzen saiatzea.

Pertsonen arteko komunikaziorako teknologia batzuk orokortzean (internet, telefono mugikorrak...) asko aipatu izan da jendearen idazkeran gertatutako aldaketa. Idazkera "ekonomizatzeko" joera eta nortasun propioa emateko desioa egon daitezke SMS idazkera deitutako fenomenoaren atzean. Abiadura irabazteko eta telefonoko mezuek ematen duten tartea ahalik eta hobekien aprobetxatzeko erabiltzen da, alde batetik. Baina bestetik, ukaezina da idazkera honek, darabilen pertsonaren irudi zehatz bat transmititzen duela: gaztea, informala, modernoa... Harrapazank programaren hasieran egindako datu-bilketa honetan nerabe-talde honek SMS idazkera gutxi erabiltzen zuela ikusi zen. Hala eta guztiz ere, nerabeen arteko harreman informaletan erabilia izateko egokia izan zitekeelakoan, esku-hartzean SMS idazkera erabili eta sustatzea egokitzat jo zen.

Programaren hasierako une honetan, datu-jasoketa aprobetxatu zen nerabeen gaztelaniazko hizkera informalari edo gazte hizkerari erreparatzeko. Gehien erabiltzen ziren espresioak identifikatu ziren. Hauekin, espresio bakoitza zertarako erabiltzen zen ikusita, funtzio berdina bete zezakeen euskarazko espresioak bilatzeko saiakera egitea erabaki zen, beti ere erabiltzeko artifizialegiak liratekeen itzulpenetan erori gabe.

Bukatzeko, hasierako egoera hau erabilerarako esparruen eta moldeen ikuspegitik aztertu ostean, arreta edukietan jartzea tokatzen da. Alde batetik, eduki-mota bakoitzaren presentzia aztertu zen, nerabe talde honen kasuan hizkuntzak interneteko sare sozialean betetzen dituen funtzio garrantzitsuenak argitze aldera. Beste alde batetik, edukien edo funtzioen arabera euskararen erabilera-mailari buruzko ondorio batzuk eskuratzeko balio izan zuen.

Esparruez hitz egitean esan bezala, egoera esparruan eta argazkien iruzkinetan ematen diren komunikazioek pisu kuantitatibo handia dute. Norberaren une horretako egoera ingurukoei transmititzeko erabiltzen da askotan Tuenti. Beste askotan, lagunen argazkien inguruan txantxak egiteko edo hauen aitzakian, iruzkinen eremuan, elkarrizketa kateetan parte hartzeko ere erabiltzen da. Aurrez aipatutako bi horiez gain, hormaren esparruan ematen diren komunikazioek zein eduki transmititzeko balio duten ere aztertu da.

Horman idazten denak, kasurik gehienetan, zorionak emateko eta umore kutsuko mezuak (txantxak) transmititzeko balio dutela ikusi da. Informazioa zabaltzeko, ekitaldien berri emateko eta maitasun mezuak helarazteko ere erabiltzen da horma. Iraintzeko edo elkar agurtzeko funtzioko mezuak oso gutxi direla ere ikusi da.

Hizkuntza bakoitzaren erabileraren inguruko ondorioak ere eskuratu ziren hasierako uneko egoeraren azterketa honetan. Orokorrean, gaztelaniaren erabilera zen nagusi esparru guztietan eta funtzio guztiei dagokionez. Euskararen erabilera mailarik altuena horman idatzitako zorion mezuetan ematen zen (% 71); maila apalago batean, elkar agurtzean ere euskararen presentzia esanguratsua zela esan daiteke (% 36). Euskara eta gaztelaniazko hizkera nahasia, zorion mezuen kasuan soilik iristen zen esanguratsua izatera (% 12); eduki-mota horretan soilik hurbiltzen zitzaion gaztelaniaren erabilera-mailari. Ingelesaren erabilerari dagokionez, egoera deskribatzeko esparruan ematen zen proportzio altuenean (% 9); bestela, oso baxua zen ingelesaren presentzia.

Euskararen erabilera maila altueneko edukiak zorionak eta agurrak izateak interpretazio bat egitera garamatza. Hizkuntzaren erabilera hau funtzio sinbolikoko erabileratzat jo daiteke, neurri handi batean. Esate baterako ekitaldietara gonbidatzea, txantxak egitea edo iraintzeak funtzio instrumentala izango lukete, aldiz. Hau ikusita, euskararen erabilera sinboliko izatetik instrumental izaterako aldaketa bultzatu beharrekotzat jotzen da. Erabilera instrumentala handitzeak hizkuntzaren balorazioan eta bere erabilgarritasunaz jabetzean aldaketak eragin ditzakeelakoan gaude.

Proba pilotuen bidez Tuenti sare sozialaren funtzionamendua ulertu ostean eta hasierako egoera aztertzeko datu-bilketa egin eta gero, hurrengo koadroan biltzen dira hizkuntzak erabiltzerakoan ikusitako joera nagusiak eta horien arabera esku-hartzeari begira ezarritako lehentasunak, laburtuta:

  • 3.2.4 Esku-hartze fasea

    Diseinu fasean adostutakoa proba pilotuetako ikasgaiekin osatu zen, eta Harrapazank programaren hasierako unean taldearen ohiturak zeintzuk ziren ikusita, lehentasunak markatu ziren. Hori dena kontuan hartuta egin zen esku-hartzearen plangintza.

    Esku hartzeko ekintza zehatzak, zenbait aditurekin kontrastatu ziren. Ekarpenak egiteko bidea ireki zitzaien eta planteatutakoaren gaineko iritzia eskatu. Nerabeekin web 2.0 tresnak eta sare sozialak erabiltzen duen esperientziagatik eta euskara interneteko testuinguruan zabaltzea helburu duten hainbat egitasmotan parte hartu izanagatik, Maite Goņi irakaslea izan zen kontraste honetara gonbidatutako adituetako bat. Beste alde batetik, Joxe Rojasen iritziarekin ere kontatu zen. Topagunea euskara elkarteen federazioko hedabide sailaren arduradun izateaz gain, sare sozialak eta euskararen erabileraren inguruan sortutako hainbat ekimenetan parte hartu duelako.

    Harrapazank programak, izen-emate unetik azken galaraino, hiru hilabete inguruko iraupena du. Harrapazank izenak Komunikazank, Distirazank, Jozank eta Dantzazank atalak biltzen ditu, komunikatzaile, artista, musikari eta dantzari lehiaketak direnak. Hauetako atal bakoitzak bere hitzorduak ditu plangintzan. Honela, esku hartzeko ekintzak, programako urrats nagusiak egutegian kokatu ostean planifikatu ziren.

Orokorrean zirikatzailearen bidez esku hartzeko erabilitako estrategiak proiektuaren diseinua (5.1) atalean azaldutakoak dira. Azpiko eskeman adierazten da, martxan jarri nahi zen katea:

Esku-hartze fasean, erabaki bezala, hormako mezuen bidez eta argazkien iruzkin bidez eragiten saiatu da. Hormako mezuetan, programako egun garrantzitsuak gogora ekarri dira, sentsazioei buruz galdetu zaie eta programaren bideoak interneten zabaltzeko erronka bota zaie, besteak beste.

Argazkien bidetik hormatik baino iruzkin gehiago egin ditu zirikatzaileak, argazkiak berak horretarako aukera errazago jartzen duelako. Gehienak animoak emateko, zoriontzeko (Harrapazank-en egindakoagatik), galderak egiteko eta txantxak egiteko iruzkinak izan dira.

Hizkera lagunkoia, gertukoa eta freskoa erabiltzeko saiakera egin da, aldez aurretik erabaki bezala.

  • 3.2.5 Bukaerako egoera

    Azken urratsa, Harrapazank programa eta hau burutu bitartean egindako zirikatze-lana amaitutzat ematean, nerabeon hizkuntza erabileraren ezaugarriak berriz biltzea zen. Bigarren datu-bilketa hau apirilaren azken egunetan burutu zen, programari amaiera ematearekin batera. Hasierako egoeraren argazkia egiteko jasotako datuez gain, bukaerako egoeraren argazki honetan nerabeek Harrapazank programaren Tuentiko profil ofizialarekin eta zirikatzaile lanak egin dituenaren profilarekin izandako harreman zuzenetan erabilitako hizkuntza ere kontuan hartu da.

Hasierako egoera eta bukaerakoaren artean emandako bilakaera ikusi ahal izateko, lagungarria da beste lau grafikori erreparatzea: komunikazio mota bakoitzean jasotako hizkuntzen erabilera (hasieran eta bukaeran) eta komunikazio mota bakoitzaren pisua (hasieran eta bukaeran) adierazten dutenei.

Ikus daiteke komunikazio motaren arabera, kasu gehienetan antzeko proportzioetan erabiltzen dela hizkuntza bakoitza hasierako eta bukaerako egoeratan. Deigarria egiten da agurretan euskararen erabilera desagertu dela eta ingelesezkoak agertu, baina oso agur gutxi jaso direla kontuan izan behar da. Beste horrenbeste irainen kasuan.

Informaziozko eta maitasunezko mezuak kopuru esanguratsuagoan jaso dira. Horien artean, euskara eta gaztelania nahastuta erabili diren mezuak agertu dira bukaerako egoeran, hasierakoan ez bezala.

Laburdurak edo SMS idazkera darabilten mezuak gehiago izan dira bukaerako egoeran, baina ez da euskarazko bat bera ere erregistratu.

Mezu motei dagokienez, ikusi da egoera atalekoek proportzio txikiagoa osatu dutela bukaeran. Informazioa trukatzekoak eta maitasunezkoak, berriz, gehiago izan dira erlatiboki bukaeran.

Programaren eta zirikatzailearen profilekin izandako harreman zuzenen datua, nerabeek profil hauei idatzitako mezuak edo hauen iruzkinen bati emandako erantzunak jasota lortu da. Honela, ikusitako mezuen % 100 euskaraz izan da.

4 Ondorioak

Egitasmoan emandako urratsak errepasatu ostean, horien bidez eskuratutako emaitzei heltzeko unea heldu da. Hasteko, komeni da proiektuaren bi helburu nagusiak gogora ekartzea:

  • a) Kultur Kabia/Topagunearen ardurapean dauden aisialdi programetan sare sozialen bidez nerabeen euskararen erabileran eragitea.
  • b) Hizkuntza-portaeratan sare sozialen bidez eragiteko esku-hartzeen baliagarritasuna aztertzea.

Proiektuaren ondorioak xede hauek kontuan edukita sailkatuta ematea da egokiena. Horregatik, hasteko, hizkuntzen erabilerari dagozkionak ikusiko ditugu; jarraian esku-hartze estrategiaren baliagarritasunaz ateratako ikasgaiak zerrendatuko ditugu; eta bukatzeko, proiektua garatu ahala ikusitako bestelako hainbat kontu ekarriko ditugu hona, helburu nagusiei erantzuten ez dieten arren.



4.1 Hizkuntza-erabilerari buruzkoak

  • Aztertutako nerabeek interneteko sare sozialen bitartez dituzten euren arteko harreman informaletan, orokorrean, oso euskara gutxi erabiltzen dute. Harremanen gehiengo handia gaztelaniaz izaten da.
  • Gaztelania darabiltenean, hizkera informala eta arauetatik kanpokoa da nagusi. Euskara erabiltzen den kasuetan, berriz, euskara batua eta ahalik eta zuzenena erabiltzen dute.
  • Harrapazank programaren profilarekin eta zirikatzailearen profilarekin izandako harremanak euskaraz izan dira. Inoiz esplizituki aipatu gabe, zirikatzaileak lortu du berekiko harremanetako hizkuntzatzat euskara finkatzea eta nerabeek berarekin duten praktika baldintzatzea. Kasu hauetan, nerabeek ez dute inolako komunikazio arazorik izan, hizkuntza-gaitasunari dagokionez. Akats ortografiko ugari sumatu dira euskaraz idaztean.
  • Euskararen erabilera zoriontzeko, eskerrak emateko, agurtzeko eta maitasunezko mezuak adierazteko xedea duten mezuetan eman da gehien bat. Sarritan euskarazko formula estandarrak erabili dira horretarako (eskerrik asko, maite zaitut, zorionak...). Honek euskararen erabilerak kasu hauetan funtzio sinbolikoa betetzen duela pentsatzera garamatza.
  • Esamolde zehatz baten kasua bereziki interesgarria iruditu zaigu eta ondorioetara ekarri beharrekotzat jo dugu. Esan bezala, euskararen erabileraren mailarik altuena kortesiazko formula ohikoenetan sumatu da. Hauetako bat, eskerrak emateko erabiltzen dena, "eskerrik asko" esamoldea da. Deigarria eta esanguratsua iruditu zaigu, "eskerrik asko" esan beharrean "eskerrik" soilik erabiltzen dutela gazte hauek zenbaitetan. Kasu batzuetan, gainera "skerrik" idazten dute. Azterketa osoan zehar ikusitako euskarazko espresio baten aldaera informal bakarra izan dela esan daiteke. Hizkera informalaren adibide bakarra, euskaraz gehien erabiltzen den esamoldeetako batean agertzeari esanguratsua deritzogu. Erabilera eta hizkera informalaren sorkuntzaren arteko harremanaren gainean argi pixka bat eman dezakeen seinalea delakoan gaude.

    Adb:

    A hiztuna: Zorionak!!!!!!!!!
    B hiztuna: skerrik makina!!!!!!!

  • Euskaraz ez da ia inolako laburdurarik erabili. Freskurarik edo informaltasunik gabeko hizkera erabili denaren beste seinale bat da.
  • Ingelesezko zenbait esamolde tartekatu dira, bai euskarazko eta baita gaztelaniazko jardunean ere. Esamolde hauek komunikazioari kutsu informala eta modernoa emateko asmoz txertatu direla dirudi. Adibidez: Eres the best; etoy todo happy edo okei!



4.2 Esku-hartzeari buruzkoak

  • Zirikatzailea bereizten saiatu den arren, Harrapazank programarekin zuzenean lotutako pertsona dela ulertu dute nerabeek. Hori ondoriozta daiteke berekiko izan duten hizkuntza-praktikatik. Programaren kasuan gertatzen den bezala, zirikatzailearekin harremanean beti euskara erabili dute, euren artean normalean erabiltzen ez dutena.
  • Zirikatzaileak harreman informalagoa lortu du nerabeekin, formetan. Baina orokorrean ez da sortu jarraipen esanguratsurik izan duen elkarrizketa edo mezu-katerik. Zenbaitetan egindako galderei edo iruzkinei nerabeek emandako erantzunak ez dira izan naturalak, egoerak behartutakoak izan direla dirudi, zirikatzailearen hizkuntza-ohiturek baldintzatutakoak.
  • Argazkien iruzkinen kasuan, zirikatzaileak esandakoek erantzun gutxi jaso dituzte. Zirikatzailearen presentzia dagoen kasuetan soilk erabili da euskara. Hala ere, ez da euskara erabili zirikatzaileak parte hartu duen mezu-kate guztietan ere.

    Adb:

    Zirikatzailea: aupa Leire [ Argazkikoa ]!!! zu ba artista!!! zu bakar bakarrik eszenatoki gainean, dantzatzen eta abesten!!! aupa zu!!!
    A hiztuna: aupa Leire!!!!!!!! primeran!!!! (soy amiga de Uxue, Nahia, Maria y esas) Ane naiz. :P

  • Neraberen batek haserrea adierazi du gehiegizko interakzioagatik. Hurrengo esku-hartzeetan kontuan hartu beharreko beste muga bat da: gehiegizko esku-hartzearen arriskua.



4.3 Besteak (sare sozialen erabilera)

  • Programaren hasierako egoeratik bukaerakora, parte-hartzaileen batez besteko lagun kopurua modu esanguratsuan igo da. Tuentin, orokorrean, denborak aurrera egin ahala lagunak gehitzen joatea joera orokor bat izan daiteke; edo Harrapazanken parte hartzeak nerabeen harreman sarea sortu eta handitzea eragiten duela izan liteke.
  • Maite zaitut esan eta muxuak bidaltzen dizkiote elkarri, etengabe. Mota honetako mezuen kopuruak mezu guztien proportzio esanguratsua osatzen du.
  • Jendea iraindu edo jendeaz barre egiteko ere erabiltzen da sare sozial hau.
  • Ohikoak dira idazten duen pertsona ezagutu gabe eta bere egoerari buruzko informazio gehiago gabe ulertu ezin diren esaldiak. Askotan esaldi sakonak edo aipuak dira horrelakoak.

5. Aurrera begira

Esku-hartzearen dimentsioa (mezu-truke kopurua eta esku-hartze epea) txikia izan da, eragin esanguratsua lortzeko. Lortutako emaitzak ikusita, badirudi esku-hartze luzeagoa, elkarrekintza gehiagokoa, beharrezkoa dela, nerabeekiko gertutasuna transmititu eta hauekiko komunikazioari jarraikortasuna emateko. Harrapazank programaren profilarekin eta zirikatzailearekin harreman zuzenean euskararen erabilera ematen da. Hauen parte-hartzeak elkarrizketa-hizkuntzaren hautua baldintzatzea lortzen du.

Zirikatzailea nerabe hauentzat gertuko erreferente izateko sortu zen. Euskara informala eta freskoa erabiltzen duen gazte arrunta irudikatu nahi zuen. Eta Harrapazankeko parte-hartzaileak baino zertxobait zaharragoa izanagatik, eurei gerturatzean eredu eta erreferente bihurtu. Baina ikusitakoaren arabera, Harrapazank programari lotuegia agertu izanak, erreferente horren izaeran eragin du. Herriko gazte arruntaren gisako erreferente izan ordez, irakasleak edo Harrapazanken arduradunak izan daitezkeen erreferente motara gerturatu da, gehiago. Nolabaiteko autoritate kutsua eman zaiola dirudi. Zentzukoa dirudi, kutsu hau saihesteko, zirikatzailea eta programa guztiz banatuta azaltzea komeni dela pentsatzea.

Mota honetako esku-hartzea bideratzeko, hainbat aukera egon daitezke. Banan-banan aztertu beharko lirateke hauetako bakoitzaren onurak eta arriskuak, aurrera egin aurretik. Aukera bat parte hartzen duten nerabeen artean euskara erabiltzeko joera duen eta erantzukizunez jokatuko duen norbait bilatzea litzateke, eta zirikatzaile lanak egitea proposatzea. Kultur Kabiako arduradunek emandako irizpideak erabiliz bere kideen artean euskara erabiltzea bultzatzeaz arduratuko litzateke, beti ere bere jardueraren berri inori eman gabe. Beste aukera bat izan daiteke Kultur Kabiak antolatzen dituen programetako bi aldi berean garatzea eta bateko eta besteko nerabeak interneteko sare sozialen bidez harremanetan jar daitezen bultzatzea, horretarako aitzakiaren bat emanez. Esan bezala, aipatutako aukerak eta gehiago aztertu behar dira, esku-hartze eraginkorrago bati begira egin beharrekoa erabakitzeko.

Esan daiteke esku-hartzeak ez duela lortu nerabe hauen euskararen erabilera areagotzea. Baina hala ere egindakotik ateratako ikasgaiak dira lortutako emaitza nagusia; ikusitakoak ikusita, sare sozialak zenbait ingurunetan gazteen arteko erabilera sustatzeko tresna egokia direla pentsatzeko arrazoiak daude. Alde batetik hizkuntzen idatzizko erabileraz ari garelako. Gaitasun aldetik segurtasun falta sumatzen dutenentzat ahoz baino erosoagoa da idatzizko edozein formatu; pentsatzeko denbora ematen du eta guztien idazkerak agerian geratzen dira, elkarren eredu izateko aukera emanez. Gainera, kontuan izan behar da nerabe hauen testuingurua zein den. Ikasketak euskaraz burutu arren, Bilbon eskolaz kanpo topatzen duten giroan euskararen erabilera txikia da(2). Esan daiteke nerabe hauen inguruneko sare sozialean euskararen erabilera urria dela. Interneteko sare sozialak, beraz, ingurunean ez duten testuingurua sortzeko aukera ematen du: euskaraz dakiten pertsonak elkarrengandik gertu egon eta euskara erabiltzeko aukera.

Proiektu honek, nerabeak, interneteko sare sozialak eta euskararen erabilerari hurbilpen bat izan nahi du. Txostenaren hasieran azaldutako arrazoiengatik, gaia interesgarria eta euskararen normalkuntzarako estrategikoa dela ikusi da. Behin esperientzia hau amaitutzat ematean, Bilboko nerabeen sare sozialetako erabilerari buruz eta esku-hartze estrategiei buruzko ikasgai xume batzuk lortu dira. Hala eta guztiz ere, hasieran aipatutako interesa eta estrategikotasuna bere horretan mantentzen delakoan gaude, eta beraz, ildo honetan sakontzen jarraitu behar delakoan.


(SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA)

Oin-oharrak

  • (1) Zalbide, Mikel (2011) Euskararen legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen‐saioa. Bilbo: Euskaltzaindia. Jagon Saila.
  • (2) 2006ko Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketaren arabera, haurren erabilera (2-14 urte) % 7,6koa da eta gazteena (15-24 urte) % 3,5ean izaten da euskaraz.

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus