Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bengoa sailburuaren sudur luzea

Bengoa sailburuaren sudur luzea

2011-10-19 / 08:35 / Roberto Manjon Lozoya   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Osasun Sailburuak euskaldunak gutxiesten dituen bakoitzean, bide batez erruduntzat jotzen ditu euskaldunen premiak eta eskubideak asetzeko ahaleginak, zuzenki edo zeharka adieraziz esfortzu horrek osasungintzako langile kualifikatuen eskasia eragiten duela, baina ondo dakienez, Madrilen 30 urteotan gobernatu dutenak dira hobendunak, alegia, bera sailburu duen gobernuaren alderdia eta sostengua ematen diona. Ez da hori jukutria edo bakarra.

Osasun sailburuak berriro hitz egin du euskarari buruz Legebiltzarreko itaun biri erantzunez eta irratiko elkarrizketa batean. Betiko modura, Bengoak bizkar eman dio gure herriaren berezko hizkuntzari, nahiz eta jakin bertoko herritar guztien identitate-ikurra dela, hainbat ikerketek erakusten dutenez. Orobat, denok dakigu identitate hori historian barna izan dugun geure burua gobernatzeko euskarri sinbolikoa dela. Sailburua, berriz, leial zaio bere bideari, euskaldunen gainean ohiko negatibotasunez mintzatu baita, destainaz hartuz gure kultura eta herri gutxiagotu baten hizkuntza-eskubideak. Ez bide dio ardura herri honek epe ertainera bere jarraipena kolokan izateak. Baina kontu egizu!, guztiarekin ere, ez du eragozpenik euskal identitatearen bizkarroi izateko, ez diolako muzin egiten kapital sinboliko horrexek ahalbidetutako autogobernua ustiatzeari, makurkeriaz eskuratutako erakunde autonomikoen jaun eginez.

Horraino berririk ez. Alabaina, oraingoan ere agerian utzi du errealitate faltsuak sortzeko estilo modernoaren jabe dela, zein datuak ostenduz edo manipulatuz, zein trikimailu sasi zientifikoaren bidez, hots, besterik gabe kausa-ondoriotzat hartuz denboran elkarren segidan gertatu diren egitateak. Halatan, sailburuak lotsa barik esan du Osakidetzaren azken oposizioetan (LEP) 24 pediatra-lanpostu hizkuntza-eskakizunaren ondorioz hutsik geratu direla. Egia bestelakoa da: hautagai gutxiago egon dira lanpostuak baino. Izan ere, oposizioko azterketa gaindituta, 15 pediatra baizik ez dira egon 34 lanpostuz jabetzeko. Honez gero, Osakidetzako zuzendaritzak, oso buruargia denez, erabaki du oposizioko azterketa gogortzea; biba zü! Nolanahi ere den, ezin ukatu azkenean lau lanpostu titularrik gabe geratu direla hizkuntza-eskakizunagatik, eta noski, hori ez da ona. Alta, ez da pentsatu behar lanpostuok hutsik daudenik, eskuarki hutsuneak interinoek betetzen dituzte eta. Harrigarria ote da egoera tamalgarri hori PSOEk Jaurlaritza eskuratzearekin batera gertatzea? Zein da arrazoia, gobernari berriek aurreikuspenak egiteko duten trebetasun txikia ala euskararekiko interes eskasa?

Hasiera batean, PSOE-PP bikoteak eta hedabide lagunek gogotik ekin zioten mediku-urritasunaren errua euskararena delako gezurra zabaltzeari, nahiz eta ondotxo jakin eskasia hori orokorra dela eta Estatuko hainbat probintziatan are larriagoa. Zerbait lortu dute faltsukeria horrekin, hainbat jendek sinistu baitu. Euskaltzaleen ihardespenaren kariaz, Rafael Bengoak ele zuriak findu behar izan ditu esanez euskararen normalizazioak kanpotik medikuak erakartzea -«talentos»- oztopatzen duela. Ondoren sailburuak bere garaitzaren berri ematen digu: Euskal Herritik kanpoko hainbatek eman dute izena Osakidetzako 2011ko LEPerako. Bapo! Bengoak mundua biribila dela deskubritu du! Osakidetzako LEP guztietan hainbat kanpotarrek hartu izan dute parte, antza denez, euskara ez izanik Bengoak dioen ukendu uxatzaile gaizto hori. Hori bai, Ipar Euskal Herriko langileak ezin izan dira aurkeztu, espainola ez dakite eta.

Sailburuak berak aitortu duenez, argi dago kanpoko langileak zerk erakartzen dituen, hala lan-baldintza egokiek nola soldata onek. Eta oraingoan gehiago etorri badira, zerikusia izan dezake azken aldian Espainian bizi duten errekonkista-giroarekin. Txiripa ote da Espainiako telebistek, eta bereziki estatalak, egunero informatiboetako gizarte- edo eguraldi-arloan hutsik egin gabe Euskal Herria ateratzea?

Anitz laidoren artean, ulertzeko modukoa da Osasungintzako hainbat euskal langile minduta egotea, Jaurlaritzak txitean-pitean beraien gaitasuna ukatzen duenez gero. Osakidetzako langile euskaldunek lanpostua LEP batean eskuratu dutenean, lehiatu behar izan dute merezimendu guztien % 80tik gora antzinatasunak eta prestakuntza osagarriak emanda. Eurek, berriz, beste ekarpen bat egin diote osasun-sistemari: herritar guztiek aukeratutako hizkuntza ofizialean artatzeko gaitasuna, legearekin bat. Patxi Lopezek eta Bengoak, aldiz, hori positiboki balioetsi ordez, gaitzetsi egiten dute, eta diote langile euskaldunen aukeraketak gaitasun handiagoen kontratazioa galarazten duela. Logika bitxia agintariena. Ildo beretik, Osasun sailburuak orain diosku oposizioak gainditzen dituzten kanpotarrak talentos direla. Nola ulertu hori? Erantzun erraza, betiko modura: espainiarrek jatorri kultu eta jantziagoa dute, zibilizatuagoak dira, guztiz erromanizatuta baitaude; euskaldunak astakirten batzuk baizik ez gara, erdi barbaroak. Eta ohore handiz: «Izaitetik hek bezala Ortzi Jaunak zaint' nazala».

Gai honetan larriena osasun-sistema hondatzen ari direnen jukutria eta iseka da. PSOE-PPk, ohiko modura, biktimak borrerotzat hartuz, beren hoben handiak ezkutatzen dituzte, zeren osasungintzan eurak baitira Pandoraren kutxa beldurgarria, halakoak non hogeita hamar urtetik gora baitabiltza Espainiako Hezkuntza eta Osasun ministerioetan medikuntza-fakultatera eta espezialitate medikoetara heltzeko bideak ixten, espezialitateko batzorde nazionalen esanetara. Autokraten politika negargarri eta zigorgabea. Kontrako aldean, gure institutuetako zuzendaritzetako kideak daude. Ondo dakitenez, urte askotan ikaslerik onenetako gutxik izan dute aukera medikuntzara heltzeko. Arean ere, fakultatean onartuak izateko eskatu izan zaizkien batez besteko kalifikazioak hain izan dira altuak eta neurriz gainekoak, non ezin izan baitute tokia lortu. Bitartean, are umiliagarriagoa dena, denek entzun behar izan dute sanitarioen faltaz Poloniatik eta Hegoamerikatik «erakarri» beharko zirela talentos direlakoak.

Eta horiek horrela, sailburuak Osakidetzako euskara-plana gelditu du; ez dio ardura euskaldunen hizkuntza-eskubideak urratzea eta kalitate txarragoko zerbitzua jasotzea. Kopetan azala duenez, lotsa galduta gehitzen du bera neutrala dela mutur biren artean, hots, erdigune egokian dagoela PPko adiskideen eta aurkari politikoen artean; are gehiago, euskararen normalizazioa arinegi omen doa. Jakina, ez euskaldunontzat, legearen kontra behartzen baikaituzte Rafael Bengoaren eta zerbitzu publikoetako langile erdaldunen hizkuntza erabiltzera, teorian gure zerbitzura dauden arren. Gu, berriz, talibanak gara. Beharrik!


(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetzako euskara-teknikaria da)


Roberto Manjonek erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus