Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaraz hitz egitea ekologikoagoa da

Euskaraz hitz egitea ekologikoagoa da

2011-10-13 / 09:40 / Iñaki Arruti   HIZKUNTZA

Egia izateaz gain, esatea, zabaltzea, gizarteratzea, komeni zaigun ideia dela aholkatu dit nire lagun biologo batek.

Biologoa izateaz gain, euskaltzalea ere bada lagun hori eta bere pentsamendutan sarri bururatzen omen zaio espezien biziraupena azaltzeko erabili ohi diren kontzeptu askok (biodibertsitatea, habitata, ekosistemak, ekologia, jasangarritasuna, ingurumena...) hizkuntzen biziraupena esplikatzeko ere balio dutela. Alegia, "espezie" hitza jartzen den tokian "hizkuntza" jarri eta oso azalpen zentzudunak osatzen dituela iruditzen omen zaiola: hizkuntza-ekologia, hizkuntzen biodibertsitatea, hizkuntzaren ekosistema, hizkuntzaren ingurumena...

Are gehiago, esan dit bera saiatzen dela euskararen gramatikan, lexikoan, arauetan eta antzekoetan sakontzen, baina laborategian bizidun bat disekzionatzen aritzearen tankera hartzen diola jardun horri eta, ongi dagoela horretan sakontzea, baina...

Nik erantzun diot ez dabilela oso oker, baina bere buruan baino lehenago beste batzuenean ere ibiliak, josiak, ehunduak izan direla ideia horiek.

Parekotasunak lehenagotik eginak daudela frogatzeko Toni Mollak eta Carles Palancak 1987an idatzitako Curs de sociolinguistica 1 liburua erakutsi diot eta han irakurri du besteak beste «la lingüística és a la biologia, allò que la sociolingüística és a l'ecologia... / ...la lingüística se centra en les paraules; la sociolingüística en les persones que les fan servir...» («parekoak dira hizkuntzalaritza biologiarentzat eta soziolinguistika ekologiarentzat... / ...hizkuntzalaritzak hitzak ditu oinarri; soziolinguistikak horiek erabiliko dituzten pertsonak...»).

Hala ere, orduko kontuak bakarrik ez direla eta berriki Albert Bastardas soziolinguista kataluniarra gai horixe tarteko gure artean ibili dela adierazi diot. Gainera, berak dioena lehendik ere esana dagoela ikus dezan Bastardasek idatzitako liburuetako izenburuei (Ecologia de les llengües. Medi, contactes i dinàmica sociolingüística, Diversitats: llengües, espècies i ecologies, Cap a una sostenibilitat lingüística...) erreparatzea besterik ez dagoela esan diot.

Gure artean ezagunena izan daitekeen José María Sánchez Carrión, Txepetx soziolinguistaren lanak hizkuntzen ekologiaren eskuliburutzat ere badituela hainbatek gaineratu diot.

Edozein kasutan, esaten nion nik, gaur egun euskalgintzak duen gabezia nagusietako bat, diskurtso egokia osatzea bera adina, hori gizarteratzen asmatzea dela, iritzi publikoa alde jartzeko.

Berak harrituta begiratu eta horrela esan zidan: «eta zergatik ez duzue esan oraindik Euskal Herrian euskaraz hitz egitea beste hizkuntza bat hitz egitea baino ekologikoagoa dela?».


(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria da)

  • Estrainekoz www.gipuzkoaeuskara.net webgunean argitaratua (2011-9-29)


Iñaki Arrutik erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus