Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Idazkerarik ez duen hizkuntza batentzako alfabeto bat sortzea

Alexandr Arkhipov / Hizkuntza / 2011-09-26 / 09:45


Idatzizko lehen agiriak orain dela 5.000 urte ingurukoak dira, eta hala eta guztiz ere, egungo 5.000 hizkuntzen artean, guztiek ez dituzte hizkera kodetzeko sinbolo idatzi berdinak erabiltzen.



Antzekotasuna eta imitazioa ez ezik, berrikuntza ere beharrezkoa zen idazkera hedatzeko. Ondorioz, Feniziako merkatarien idazkera da idazkera-sistema alfabetiko gehienen jatorria, esaterako, idazkera arabiarrak eta indiarrak, alfabeto grekoa, latindarra eta zirilikoa, eta bost kontinenteetan barrena hedatzen diren dozenaka alfabeto eratorriena.

Hizkuntza asko iragan mendera arte ez ziren idazten. Sobietar Batasun zaharrean hizkuntza gutxituak alfabetatzeko hainbat saiakera egin ziren. Alfabetatzea 1920ko hamarkadan hasi zen, azerbaijanera eta tatarera hizkuntza turkiarrak latinizatzeko mugimenduaren bidez; aurretik, hizkuntza horiek idazkera arabiarra erabiltzen zuten. Geroago, mugimendu hau SESBko beste hizkuntza idatzi eta ez idatzi batzuetara hedatu zen. Baina soilik hamar urte geroago, 1938an, gobernu-dekretu batek alfabeto latindarren ordez zirilikoak ezarri zituen.

Hala ere, hizkuntza gutxitu batzuk ez zuten inolako alfabetorik hartu. Archi hizkuntza Dagestaneko Charoda eskualdeko mendialdeko herri batean hitz egiten da eta 2006-2008ra arte ez zuen inolako idazkerarik izan. Orduan, Moskuko akademiko talde batek hainbat bisita egin ostean, ortografia berri bat taxutu zuen. Helburuetako bat artxibategi linguistikoetako hainbat testu archi hizkuntzan idaztea zen, hiztunek irakur zitzaten.

Idazteko sistema berri bat hiztunek ezagutzen duten zerbaiten antzekoa izan behar da, erraztasun handiagoz irakur dezaten. Archi pertsona heldu guztiek avar hizkuntza irakurtzen eta idazten dakite. Avar hizkuntza Dagestaneko hizkuntza literario nagusietako bat da, eta halabeharrez, avar zirilikoa hautatu zen archi hizkuntzaren alfabeto berria sortzeko oinarri gisa. Avar hizkuntzak ez du archi hizkuntzarekin antzekotasun handirik (agian gaztelaniak eta suedierak izan dezaketena), baina burokraziaren apetak direla-eta «bertako hizkuntza» gisa irakasten da eskolan (hala ere, errusiera ikastea askoz errazagoa dela aldarrikatzen dute archi batzuek).

Archi hizkuntzak erregistro aberats eta finkatu samarra du: 70 kontsonante eta 11 bokal, eta "faringalizazio" nabarmena. Ez da erraza horiek alfabeto ziriliko errusiarreko 33 letren bidez adieraztea. Zorionez, avar zirilikoak laburbide batzuk proposatzen zituen, avar eta archi hizkuntzetako hots asko berdinak baitira. Letra batzuk modifikatzaile gisa erabiltzen dira: esaterako, "ъ" eta "ь" tradizionalak eta "I" "barra" tradizionala, "I" maiuskula latindarraren antzekoa. Horrenbestez, "к" letra "k" "normal" baten baliokidea da, "кI" letra "k'" eiektibo baten baliokidea da (laringeko eztanda gogor baten bidez ahoskatzen da) eta "къ" letra "q'" ubular (eztarrian "k" baino sakonagoa) eta eiektibo baten baliokidea da. Gainera, "в" letra hots desberdin bat adierazteko ("w" edo "v") zein beste kontsonante batean ezpainen biribiltzea markatzeko ("ʷ") erabiltzen da. Modifikatzaile bat baino gehiago aldi berean gehitu daitezke, esaterako, "бикъв" (biq'ʷ), "lekua" kasuan.

Archi hizkuntzan bokalen kopurua dezente murrizten da eta adostasuna lortzeko zailtasunak izan ziren, izan ere, hiztun desberdinek baieztatu zuten hitz berak bokal oso bat ("бошор", "gizona"), avar hizkuntzan ageri ez den neutro bat ("бышор") edo inolako bokalik ez duela ("бшор").

Erronka handia izan zen "faringalizazioa" adierazteko zeinu bat bilatzea, avar hizkuntzan ez baita horrelakorik. Mugimendu konplexu honen bidez beheko faringea estutzen da eta tinbre berezia sortzen da. Bokal eta kontsonante ubularretan nabariago antzeman daiteke. «I» barra erabiltzea erabaki zen; eiektiboen kasuan ere erabiltzen da, baina avar alfabetoaren irregulartasunaren ondorioz, eiektibo ubularraren kasuan ez da erabiltzen. Horrela, "къIветIу" [q'ʕʷet'u] "bi" hitzaren ubular eiektibo biribildu eta faringalizatuak lau letra konbinatzen ditu.

Horrela, galdera bat sortzen da: idazkera archi batek asmatu izan balu, zer ekarriko luke archi alfabetoa errusierara edo ingelesera egokitzeak?



Oharra

Eskerrak Anna Khoroshkina eta Michael Danieli.


(ALEXANDRE ARKHIPOV hizkuntzalaria da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1317023117