Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Osakidetza eta euskara: zer gertatzen ari den ulertzeko 'pista' batzuk

Osakidetza eta euskara: zer gertatzen ari den ulertzeko 'pista' batzuk

2011-09-06 / 09:25 / Tolosaldeko Euskararen Semaforoa   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Osakidetzak 2.600 lanpostu atera ditu azken lan eskaintza publikoan, eta eragile politiko batzuek (LAB, Aralar, EA eta EAJ tartean) salatu dute deialdiak euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen dituela. Egia ote?

Semaforoaren Ikerketa Batzordeak gaiari heldu dio, eta mendi buelta egin gabe eta hondartzara joan gabe geratu da, gaiaren gaineko datuak biltzen.

Azterketa eredua, aldatuta

Azken urteetan aldez aurretik zehaztutako galderetan oinarritzen zen azterketa, eta asko ziren azterketan gehieneko puntuazioa lortzen zutenak eta berdinduta geratzen zirenak. Rafael Bengoa Osasun sailburuak adierazi du kasu horietan euskara izaten zela erabakigarria lanpostua eskuratzeko.

Hartara, azterketa eredua aldatu egin du Osasun Sailak, gehieneko puntuazioa lortzea zailagoa izateko. Horren ondorioz, Bengoaren arabera, euskara jakitea ez da erabakigarria izango (Berrian, 2011-07-27 eta 2011-07-28).

Puntuazio sistema ere, aldatuta

Azken deialdian 198 puntu lortu ahal izango dira gehienez: 100 azterketarekin, 80 curriculumarekin eta 18 euskararekin (% 9,09). 2008an, adibidez, 187 puntu izan zen gehienekoa: 100 azterketarekin, 70 curriculumarekin eta 17 euskararekin (% 9,09) (Diario Vascon, 2011-07-27, gaztelaniaz).

Legezkoa da deialdia?

Euskarari dagokionez, deialdiek honako dekretu hau bete behar dute: 67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzekoa. Dekretua eta bestelako, Osakidetzaren webgunera jo dezakezu.

Behatokiak iragarri du Jaurlaritzak argitaratuko dituen deialdi guztiak banaka aztertuko dituela eta aukerarik egonez gero auzitara joko duela:

"Suposatzen dugu legearen bermea izango dutela deialdiek, baina nahiko genuke Jaurlaritzako ordezkariek azaltzea zergatik eman dituzten atzerapausoak, eta zergatik betikotuko dituzten herritarren oinarrizko eskubideak"
(Behatokiaren webgunetik).

Jaurlaritzakoak, berriz, beste azalpen batzuk ematen ari dira...

Euskara ez omen da arazoa, "euskara ezartzearen abiadura baizik"

Rafael Bengoaren hitzak dira, deialdia aurkeztu zuten egun berekoak:

"El euskara no es un problema, lo que convierte en problema para los trabajadores de Osakidetza es la velocidad a la que se quiere impulsar esa discriminación positiva"
(Garan, 2011-07-27, gaztelaniaz).

Euskara ez da arazoa. Eskerrak!

Baina azkarregi al doa, bada, euskara Osakidetzan?

Bengoaren analisia ez dator bat "Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Euskara Plana: 2005-2011ko ebaluazio partzialari buruzko txostenak" dioenarekin (Osakidetzaren webgunean dago eskuragarri. Egin klik hemen).

Hona hemen hitzez hitz txostenak jasotako ondorio batzuk:

[ Zuzendaritzaren inplikazioa, 15. or. ] "Dena dela, oro har, zuzendaritza-talde guztien inplikazioa apala izan da eta transbertsalitate falta izan dute. [ ... ] Erakunde Zentralaren motibazio eta aitzindaritza faltak [ elebitasuna hedatzeko ] gabezia hori neurri batean babestu eta, zalantza barik, indartu egin du. Erakunde Zentralak erreferentzia eta eredu izan behar luke erakundeetako zuzendaritzentzako, baina ez da horrela izan".

[ Langileek euskara planaz duten ezagutzaz, 11. or. ] "Langile zenbaitzuek Planaren ildo nagusien berri badute, baina beste askok ez du planaren funtsezko edukien berri".

[ Erakunde Zentralaren Euskara Planaz, 12. or. ] "Erakunde Zentralak egoera txarragoa du gainerako zerbitzu-erakundeek baino, hasieran euskara-plana erredaktatu arren, ez duelako berau martxan jarri eta, ondorioz, ez daukalako ezta euskararen erabilerako programarik ere".

[ Aplikazio informatikoez, 16. or. ] "Plana kudeatzeko Euskara Zerbitzu korporatiboak eta euskara-arduradunek eskura dauzkaten aplikazio informatikoek (besteak beste, plantilla, unitate programak eta prestakuntza) gabezia garrantzitsuak dituzte, eta horrek haien lanak eraginkortasuna galtzen du".

[ Hizkuntz eskakizunez, 21. or. ] "Osakidetzako langileen % 15,91k (3.579 lanpostu) daukate derrigortasun data ezarrita [ euskara maila jakin bat lortzeko data zehatza ] eta lanpostu horiek betetzen dituzten langileen % 40,92k egiaztatu dute dagokien hizkuntza-eskakizuna".

[ Dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez duten langileez, 29. or. ] 2008. urteko urrian, 1.448 langilek ez zeukaten euren lanpostuari zegokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta. Horietatik 707 (% 45,73) profesional sanitarioak dira eta 741 (% 59,85) administrazio eta zerbitzu orokorretako profesionalak".

[ Osakidetzako langileen eta pazienteen arteko ahozko erabileraz, 34. or. ] "Oro har, aurrerapenak egin dira pazienteak eta erabiltzaileak euskaraz atenditzeko dauden irizpideen alorrean. [ .. ] Aurrerapen horiek, berriz, apalak dira, langile askok oraindik ez baitituzte protokoloak ezagutzen, eta, horrela, ez dituzte betetzen".

[ Osakidetzako arduradunen ekitaldi publikoez, 35. or. ] "Ez dirudi maila sinbolikotik haratago heldu denik, ez delako euskara erabiltzen ekitaldi horietan zehaz, batez ere atentzio espezializatuan".

[ Bozgorailu, erantzungailu eta abarrez, 37. or. ] "Euskararen presentzia are eta baxuagoa da harremana zeharkakoagoa den neurrian. Horrela, mailarik baxuenak megafonian eta erantzungailu automatikoetan daude, batez ere atentzio espezializatuan".

[ Medikuek pazienteei ematen dizkieten agiriez, 38. or. ] "Mediku eta pazientearen arteko eguneroko harremana bideratzen duten dokumentuak -Osabideren bitartez kudeatu eta banatzen dira- gaztelera hutsean daude: dietak, tratamenduak, zainketak, gomendioak, ariketa-taulak, etab".

[ Atentzio espezializatuaz, 39. or. ] "Euskararen idatzizko erabilera ospitaleetako unitate asistentzialetan, lehen mailako atentziokoetan baino askoz baxuagoa da, oro har; esana dago, gainera, alor horretakoa ere eskasa dela".

[ Web orriez, 40. or. ] "[ ... ] testuak euskaraz sortzeko garaian, itzulpenarekiko menpetasuna erabatekoa da eta Web-orria lantzen duten teknikariak ez dira gai hizkuntza ofizial biekin jarduteko".

[ Argitalpenez, 41. or. ] "[ ... ] itzulpenekiko menpetasun handia sumatzen da, oro har, euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren kaltetan".

[ Ekitaldi publikoez, 41. or. ] "Biltzar eta jardunaldietako hedabide eta deialdietan euskara erabiltzen da; ez, ordea, edukiak komunikatzeko orduan (ikus-entzunezko euskarriak, biltzarra garatzeko dokumentazioa, komunikazioak eta hitzaldiak). Argi dago, beraz, euskara alor sinbolikora mugatzen dela".

[ Langileentzako ikastaroez, 46. or. ] "Oraindik oso ikastaro gutxi eskaintzen dira euskaraz ohiko etengabeko prestakuntzari dagokionez, eta eskaini direnetan, emandako gai-motak eta euren garrantzia ez da beti izan egokia".

Ikusten da, bai, euskara "ziztu bizian" ezartzen ari dela Osakidetzan... Gehiegizko abiaduraren arazoa konpontzeko, hona hemen Anjel Lertxundik Berrian emandako irtenbidea:

"Hemendik aurrera, kontsultara goazen aldiro, jardun gaitezen mantso-mantso eta silabak ondo markatuz: «Sen-da-gi-le (pausa) kos-ko-bi-lo-ta-ko (pausa) mi-nez na-go». Gauza bera egin beharko lukete profesional euskaldunek ere ebakuntza geletan: «Aizu (pausa) bis-tu-ri-a (pausa) pa-sa-tu-ko (pausa) me-se-dez?»
(Berrian, 2011-07-31).

Eta ez-euskaldunak euskara derrigorrezkoa den postuetan...

Osakidetzak berak emandako datuen arabera, 92 postutan gutxienez euskara bermatuta ez zuten hautagaiei eman dizkiete postuak, nahiz eta euskara jakitea derrigorrezkoa zen postu horiek hartzeko. Salaketa Berrian eman zuten jakitera, martxoan (Berrian, 2011-03-04).

"Dei" efektua

Deialdiaren baldintzek EAEtik kanpoko hautagaiak erakartzea eragingo du (bai espaniarrak, bai Espainiarekin hitzarmena duten beste herrialde batzuetakoak), eta ematen du helburu hori ere baduela deialdiak.

Una oferta que tambien será irresistible para el resto de candidatos procedentes de otras comunidades autónomas, ya que la convocatoria vasca puede crear un "efecto llamada". (Noticias de Gipuzkoan, 2011-07-27, gaztelaniaz)

Eskualdeko egoera

Eskualdean, 2009an, UEMAk bultzatuta, 14 udalek mozioak onartu zituzten, herri horietako osasun etxeetan langile euskaldunak eskatzeko. Maiatzean, jendaurreko ekitaldi batean, udalek, Behatokiak eta beste eragile batzuek Osakidetzaren jarrera salatu zuten Villabonan. Goiko argazkia ekitaldi hartakoa da. Honela dio mozioen 5. puntuak:

"[ ... ] Bosgarrenik, Udalak euskaraz bizitzeko nahia eta premia aldarrikatzen ditu berriro ere, eta, horren harira, eta, udalerri euskalduna izatearekin zintzo eta koherente jokatze aldera, Osakidetzari irmo eskatzen dio gure herritarrei osasun zerbitzua ematen dieten langile orok euskaldunak izan behar dutela eta hori betetzeko eskura dituen neurri guztiak har ditzala".

UEMAko beste udal askok ere mozio hori onartu eta Jaurlaritzari helarazi zioten. Ez du ematen mozioetan eskatutakoa legeak dioenetik oso urrun dagoenik:

"Zentro sanitarioen eragin- edo jarduera-eremuetako euskaldunen portzentajea % 70etik gorakoa denean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebidunak eskainiko ditu zerbitzu asistentzialak eta bezeroak atenditzeko eremuetakoak".

Zergatik ez mediku ingelesak?

Hizkuntzak baino profesionaltasuna lehenesten denez, laster izango ditugu mediku ingelesak, eta denok poz-pozik egongo gara, Pello Salaburuk ironiaz Diario Vascon adierazi duen bezala:

De modo que los pediatras que se van a incorporar tras el proceso saludarán con un Hellodarling, que siempre es mucho más fino que Egunon, polita. Todo son ventajas. Se prima la profesionalidad, por encima de todo: en Sanidad quieren que opere quien sabe manejar la cuchilla, no quien tenga mejor labia. Yo también.
(Diario Vascon, 2011-07-28, gaztelaniaz)

Eta etorkizunean?

Oso hedatuta dago denborarekin gauzak hobera egingo dutelako ustea: "Gero eta euskaldun gehiago egingo denez, gero eta euskaldun prestatuago gehiago egongo dira eta horiek izango dira gure medikuak, erizainak...".

Medikuntza euskaldundu! taldea ez dator bat iritzi horrekin: salatu dute EHUk erraztasunak ematen dizkietela gaztelaniaz ikasten duten ikasleei, eta, horren ondorioz, gero eta gutxiago direla ikasketak euskaraz egiten dituztenak. 2006-06 ikasturtean, medikuntzan % 46,54 ziren euskarazko ikasleak eta 2009-10ean % 37,58. Hona hemen taldeak esandakoa:

"Beren lurraldeko unibertsitatean lehen mailan sartzeko izaten dute arazoa. Hori hemen eginda, erraztasunak badituzte beren herrialdeko unibertsitatean jarraitzeko. Lehen mailan lekurik gabe geratzen diren ikasle euskaldunak sartu gabe gelditzen dira"
(Berria, 2007-04-02)

Apirilean itxialdia egin zuten ikasleek, legezko aldaketa eskatzeko eta dekanotzari konpromiso zehatzak eskatzeko (Berrian, 2011-04-07).

Zergatik halako albiste bat udan?

Gure susmoa da ez dela kasualitatea halako albiste bat uda partean jakinarazi izana. Ezkutupean pasa nahi dute albistea, oporretan gaudela aprobetxatuta? Enteratu ere ez bagara egiten, hobeto? Bestela ere, axola zaigu kontu hau?



Hona hemen albistearekin lotutako beste eduki batzuk:


(TOLOSALDEKO EUSKARAREN SEMAFOROA)


Inprimatu


Erantzun

 
Beste esteka interesgarri bat
2011-09-07 / 09:21 / Iñaki Villoslada

Bilduma lan ona. Hamaika Telebistako Roberto Manjon eta Iñaki Peñari egindako elkarrizketa ere irisgarri dago Hamaika Telebistako web-orrian: http://www.hamaikadonostia.tv/saio.php?nid=3499&edumota=11430


(IÑAKI VILLOSLADA)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus