Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Oposizioak Osakidetzan: euskaldunen eta kalitatearen kaltetan berriro ere

Oposizioak Osakidetzan: euskaldunen eta kalitatearen kaltetan berriro ere

2011-09-08 / 08:30 / Roberto Manjon Lozoya   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Osakidetzak berriro deitu du enplegu publikoaren eskaintza batera, eta ohikoa denez, euskararen balorazioa eztabaidagai bihurtu da berriro ere, ez ordea, Euskara Plana bultzatzeko eduki lezakeen garrantziagatik, ezta, noski, euskaldunen hizkuntza-eskubide sistematikoki urratuak errespetatzeko hartu beharreko neurrien kariaz, ez horixe.

Eta, jakina, López eta Bengoaren Jaurlaritzak eztabaida hori plazara atera duenean, ez du egin euskaldunen eskubide orokorrak bermatzeagatik, euskaldunek kalitate gutxiagoko osasun-zerbitzuak jasotzen dituztenez, erdaldunek, ordea, bere hizkuntzan jasotzen dituztelarik. Antza denez, horrek guztiak bost axola Lópezi, Bengoari eta Basagoitiri.

Oposizioak eta diskriminazioa

Esan bezala, PP eta PSOE, bidaideak izanik, bat etorri dira berriro ere: oposizioetako euskararen balorazioak diskriminatzen du. Zergatik? Erantzun erraza: herritarrek euskara-maila desberdinak dituztelako. Ados; bidaideok mediterranear itsasoa aurkitu dute. Zorionak. Noski, euskarak baino askoz gehiago diskriminatzen dute antzinatasunak eta prestakuntzak -% 80 balio dute euskararen % 18aren aldean-. Hala, askotxo dira antzinatasunagatik kaltetuta sentitzen diren herritarrak, oroz gain gazteak. Azterketa ere, nola ez!, zeharo diskriminatzailea da. Eta Peruren beste egia bat: Oposizioak, berez, diskriminatzaileak dira, horretarako daude eta. Izatez, oposizioek herritarren desberdintasunak bilatzen dituzte, hortik egokienak aukeratu beharrez.

Euskara eta berdintasuna

Beraz, PP-PSOEri atsegin handiz arrazoia emanda, igaro gaitezen gaiaren epidermisetik dermisera. Egia ote da, aliatu espainolistek diotenez, euskararen balorazioak herritarrentzat baldintza desberdinak ezartzen dituela oposizioei aurre egiteko? Beharrezkoa ote da aukera-berdintasuna babestea euskara-eskakizunaren aurrean? Orain, tamalez, ezin dut ados egon espainiar nazionalista kutunekin, zeren, Done Jakueren zaldi zuria zuria den bezala, hala baita begi-bistakoa oposizioetako hautagai guztiek eskakizun berak dituztela. Izan ere, legeak ezarritako berdintasun hori zorrozki bete izan ez balitz, epaileek euskararen balorazioa aspalditik erauziko zuten langileen aukeraketa publikoetatik.

Gehiegikeriak aukeraketa publikoan

Guztiarekin ere, balorazio hori, legezkoa izanik ere, gehiegizkoa ote da? Subjektibotasunaren eremuan sartu gara. Galdera horri aurpegia ematerakoan pisu nagusia hartzen dute hala norberaren sentikortasun kulturalak eta identitate nazionalak nola herritarren interesek, arestian esan dudanez, argi baitago gazte-andana handi batek antzinatasunaren balorazioa errekara botako lukeela. Beraz, eztabaida antzuak saihestearren, zenbait arrazoi baizik ez dut hona ekarriko: logika eztabaidaezina du erkidego elebidun batean hizkuntza ofizial baten ezagutza modu esanguratsu batez balioesteak, batik bat, gertatzen den bezala, administrazio publikoa oraindik gai ez denean euskaldunak berdintasunez tratatzeko, ez zerbitzu publikoen erabiltzaile gisa ez eta langile direnez ere. Halaber, kudeatzaile on batek ezin dio gizarte osoari ordainarazi euskararen kostu osoa, euskararen ezagutza eskatzeko modukoa baita langile publikoak aukeratzeko prozesuetan, gure Erkidegoak hezkuntza-sistema elebiduna eta bestelako baliabideak dituenez gero, lan-merkatuak administrazioaren hizkuntza-premiak asetzeko gaitasuna du eta. Alabaina, herritar batzuek askatasunez erabaki dute bere kurrikulua gizartearen kulturari eta erakundeen eskakizunei bizkar emanda eraikitzea: horien pribilegioak dira Lópezek, Basagoitik eta Rafael Bengoak babestu nahi dituztenak.

Amarru espainiarrak

Zorionez, gezur ospetsu bi berez hondoratu dira, bata, euskararen balorazioak profesional sanitarioen urritasuna eragiten duela, bestea, beraien gaitasun profesionala mugatzen duela. Egia oso bestelakoa da: profesionalak eskas dira estatu osoan eta OMEren (OMS) azken ikerketa zientifikoek ez dute frogatu euskarak medikuen garunean paralisiak eragiten dituenik. Hala ere, popularrak eta sozialistak tematuta daude modu lauso batez ideia lanbrotsu bati eusten, alegia, euskararen aldeko gehiegizko -haien ustez- esfortzuen azpian nolabaiteko eraso abertzalea dagoela. Ildo horretatik, argudiatzen dute politika linguistiko sendo batek erdal elebakarren askatasuna murrizten duela. Baieztapen zinez harrigarria, gaztelania izanik hizkuntza normal bakarra zeinahi arlotan. Euskal Herrian, gai honetan ere askatasuna hizpide izatea ez da txiripazkoa, zeharka iradokitzen duelako euskararen defentsa indarkeriarekin berez lotuta dagoela, Lehendakariak bere ohiko laprast batez berriki adierazi duenez. PP-PSOEren azken baliabidea, beraz, Euskal Herriaren irudi faltsuari eustea da, onura politikoa dakarkielakoan. Izatez, EAEko herritar orok aukera du euskara ikasteko, eta orobat, kultur jatorri orotariko milaka herritarrek egiaztatu dituzte administrazioetako hizkuntza-eskakizunak.

Zergatik trikimailuok? Popularrek eta sozialistek, espainiar tradizio liberal purukoak izanik, beti pentsatu dute espainiartasun etnikoa odolean ez daroan guztia berdintasunaren aurkako pribilegioa dela, hots, ez dela euren berdina, zeren aberri etnikoki espainiar bat baita eraikuntza nazional liberalaren bihotz kulturala. Berdintasun zibil eta linguistiko-kulturalaren arteko batasun horrek adierazpide desberdinak izan ditu historian, bigunagoak edo gogorragoak, itun zaleak edo autoritario hutsak. Etnozentrismo modernoa modu desberdinez jantzita, sentimendu eta identitate nazional baten hedapena bilatu dute komunismo estalinistak, sozialdemokrazia estatalistak, liberalismo jakobinoak eta modako abertzaletasun konstituzionalistak.

Komenientziazko bandera sozialista

Ideia hori gogoan errazago ulertuko dugu Bengoa sailburuak Legebiltzarreko azken kontrol-saioan Arartekoak euskararen alde emandako zenbait argudio bereganatzeko zailtasuna. Lamarkak dioenez, boterearen paradigma delakoak asko zailtzen die zanpatuei bere atsekabeak erakustea. Hori dela kausa Arartekoak ondo ulertzen du euskaldunek kexa gutxi aurkeztea Osakidetzan euskarak duen erabileragatik, are gehiago -azpimarratzen du- kontuan hartzen badugu boterearen paradigma osasun-zerbitzuetan biziki indartzen dela, epaitegietan bezala, alegia, herritarra argiro ahulagoa den eremuetan. Bengoak badaki boterearen paradigma dagoelako gobernuek hainbat politika aurre-aktibo bultzatzen dituztela, besteak beste, tratu txarrak jasandako emakumeen aldekoak edo drogazaleen nahiz ezinduen ingurukoak eta, oro har, zapalkuntza soziala jasandako beste talde askori begirakoak ere. Gobernuek, eskuarki, ez diote begiratzen kaltetuak asko kexatzen diren ala ez, argi baitago uzkur egotea dela zapalkuntzaren ondorioetatik bat. Alta, Bengoak, Arartekoak ez bezala, ez du euskaldunen kasuan irizpidea aplikatzen, kexen urritasuna bere hizkuntza-politikaren zurigarritzat dakusa eta. Zuria da Done Jakueren zaldi zuria, baita euskaraz ere.

Eta Done Jakue hizpide, ezin aipatu gabe utzi euskaldun gehienok gure gobernutik espero dugula Santiago espainiar hori zalditik jaitsarazten laguntzea, behingoz buka dadin Espainia salbatzeko politika setatsua. Bengoari bere lana egitea zegokion Osakidetzaren euskara-plana bultzatuz, baina, Legebiltzarrean sarritan gogorarazi diotenez, plan horrek ez du aurrera egin Gobernura sartu zenetik. Noiz arte?

Iparra galduta: azterketen hilotza berpizten, asmo txarrez

Bengoak, karramarroaren antzera, atzera dihardu euskararen gaia erabaki behar duenean, eta ez du aukerarik galtzen. Berriki Osakidetzaren 2011ko lanpostu-eskaintza publikoa (LEP) iragarri du, eta euskarari garrantzia kentzeko asmoa berritu. Nola? Oraingoan asmatu duen bidea azterketei pisu handiagoa ematea da, merezimenduen kaltetan. Izan ere, azken EPEetan hainbat kategoriatako galderen zerrendak aurretik eman direnez, ia mundu guztiak kalifikazio onak lortu ditu, eta beraz, azterketek, praktikan, ez dute deusik balio izan. Hori horrela, Bengoaren irudiko, merezimenduek pisu guztia izan dutenez, euskararen balorazioa zeharo erabakigarria gertatu da. Hortaz, horra Bengoaren erremedioa: azterketen gogortasuna berreskuratzea, merezimenduak ahulduz euskararen eragina biguntzearren.

Tematuta jarraitzen du euskara eta zerbitzuen kalitatea kontrajarrita daudela: euskara gutxiago, beraz, kalitate handiagoa. Baina oraingoan Bengoak oso desbideraturik tiratzen du euskararen aurkako neurriak hartzerakoan. Ezin du ikusi gaur egungo lan-merkatuak administrazioa langile elebidunez estualdi handirik gabe hornitu ahal duela, eta inolako diskriminazio etnikorik gabe egin ere, batetik, mila asko direlako dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileak, eta bestetik, enplegu publikoa eskatzen duten gehien-gehienek hizkuntza-eskakizuna besapean egiaztatuta ekartzen dutelako. Denok dakigunez, euskararen ezagutzak ez du lanpostua ematen, baina orobat administraziora ezin da esku hutsik etorri. Bengoak, edozein azterketa-mota jarrita, EPEko izangaien euskara-maila ez da jaitsiko.

Kanoiak eltxoa hiltzeko: denok galtzaile

Eraso berri honetan euskaldunak kaltetuago egon ez arren, tamalez, asko izango dira alboko biktimak: Osakidetzako langileak eta euskal gizarte osoa. Merezimenduei azpia janda, aukeratutako langileen maila egokia benetan ziurtatzeko funtsezko faktore bi degradatzen dira, hala nola prestakuntza osagarria eta, batez ere, esperientzia profesionala. Aspalditik utzi genuen pentsatzeari azterketa bat langilerik onenak aukeratzeko tresna egokia denik: azaldu ezinezko faktore gehiegi sartzen ditu jokoan, aurreikusi ezinak, interferentzia gehiegi (izangaiaren egoera pertsonala, nortasuna, estresaren aurreko erantzuna, epaimahaiaren trebetasuna, azterketaren egokitasuna, zoria...). Munduko hainbat estatu eredugarritan, Bretainia Handian eta Alemanian kasu, ez dago oposiziorik enplegu publikoa esleitzeko, lehiaketa mota desberdinak baizik. Nola pentsa daiteke osasun-langileen lanpostuak esleitzeko modu egokia izan daitekeenik ordu pare bateko azterketa baten bidez erabakitzen duena? Azterketak 100 puntu balio du, alegia, esperientzia profesionalak halako bi baino gehiago. Osakidetzako langileek larrutik ordainduko dute sailburuaren arinkeria hori, osasuna eta denbora galduz, arrisku gehiegi lepoan hartuz.

Bengoak beti argi izan duenez, merezimenduak -esperientzia eta prestakuntza, euskara barruan- bermerik onenak dira kalitatezko zerbitzuak eman ditzaketen langile egokiak aukeratzeko. Azterketari lehentasuna emanda, esperientzia eta prestakuntza gehien duten langileak aterako dira galtzaile. Baliteke lan-merkatura berriki sartutako langile gazteago batzuek lanpostu finkoa eskuratzea, baina oro har, langilerik gazteenek ere irabaziko dute lanbidean hasten diren unetik ibilbide profesional argi bat aurreikusten badute, alegia, norainoko esperientzia eta zer prestakuntza osagarri mota eskuratu behar duen noizbait lanpostu finko batez jabetzeko.

Horiek horrela, Osasun-sailburua, noraezean doala, kontraesanetan erortzen da aukeraketa publikoaren ardatza merezimenduetatik azterketara daroanean, eta gainera, bere interes koiunturalengatik. Aurreko legegintzaldietan hasitako bide hobea mozten du, hots, azterketei gero eta balio gutxiago ematea, oposizioen sistema zaharkitua, bidegabeagoa eta garestia delako. Gobernu batek langileen berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna garantizatu behar ditu aukeraketetan, baina hori langile ordezkoak, aldi baterakoak edo interinoak lanean hasten diren lehenengo egunetik bertatik, eta ondoren, baita lanpostu finkoa ematekorakoan ere, orduan sistemarik egokienaz baliaturik: merezimenduen lehiaketaz.

Karramarroa aurrera ezin ibili

Ordua da sistema trakets, okertzaile, ezin luzeago (urte bi gutxienez) eta garesti bati (bi milioi eurotik gora) buru emateko, baina Bengoak, PPri zorrak ordaindu behar dizkionez, ezin du gaia perspektiba nahikoaz aztertu. Horretan ere, lan-harremanetan, politika fiskalean, babes sozialean... bezala, atzera garamatzate. Betiko Espainia, etnozentrikoa, ultramontanoa, suspertzen ari dira. Sozialdemokraziak bere historia osoan eta PSOEk bere eremuan beti erakutsi dute unean uneko interesen arabera jokatzeko jaidura, oportunismo handia eta printzipio gutxi. Hortaz, alde horretatik itxaropenik ez. Euskararen arazoaz den bezainbatean, Jaurlaritzak, karramarroaren antzera ibili ordez, hobe luke euskara-planen sistemak erakusten dituen huts nabariak aztertu eta modu positiboan irteera egokiak, alegia, euskararen aldekoak, bilatzeari ekingo balio. Bengoak, berriz, euskaldunen alde zerbait egin lezake, Osakidetzaren euskara-plana sailburu denetik erori den loaldi sakonetik atera eta, eskarmentuan oinarrituta, benetan funtzionatu ahal duten politikak aztertu eta proposatuko balitu. Agian ez ginateke proposamenekin guztiz ados egongo, baina horratik, iritziak iritzi, jarreraren balioa aitortuko genioke. Orain arte, euskararen inguruan berak eta Lehendakariak erakusten duten negatibotasuna azpimarratu behar dugu euskara hizpide hartzen duten gehienetan.


(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetzako euskara-teknikaria da)


Ildo bereko artikulua (ikusteko gainean sakatu)


Roberto Manjonek erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus