Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Maiatzaren 22ko hauteskundeei begira

Maiatzaren 22ko hauteskundeei begira

2011-05-10 / 09:30 / EHE   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) datozen udal eta foru hauteskundeen atarian agerraldia egin zuen atzo (2011-5-9) Donostian. "Euskaraz bizitzearen aldeko hautua bere egin eta hedatu egingo duten hautagaiak eta ordezkariak behar ditu herri euskaldunak", dio EHEk. Jarraian duzue plazaratu duten mezua.

Zalantza eta urduritasun askoren artean abiatu zen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroari eragingo dien hauteskunde kanpaina iragan ostegun gauerdia pasata. Hauteskunde hauek ere Euskal Herriaren eta euskal herritarron aurkako erasoek markatuta datoz, eta ezin daiteke salatu gabe utzi eskubide zibil eta politikoak jomugan izan dituen eraso hori.

Maiatzaren 22ko zita elektorala ez da nolanahikoa; izan ere, udaletako, Batzar Nagusietako eta Foru Parlamentuko ordezkariak aukeratzeko unea izango da. Etorkizun hurbilari begira hartu beharreko erabaki andana dago jokoan hauteskundeotan, eta horien artean kokatzen dira euskarari eta euskaldunoi eragiten dieten erabakiak ere. Zentzu horretan, herri euskaldunak asko dauka esateko maiatzaren 22an; euskaldunok asko dugu esateko eta egiteko, baina batez ere gauza asko ditugu bere lekuan jartzeko. Ez guztiak hala ere.

Herri euskaldunak herri zapaldua izaten jarraitzen du; herri honen aurkako asimilazio prozesuak aurrera egiten jarraitzen du, eta espainola eta frantsesa dira hizkuntza nagusi Euskal Herrian. Lurralde zatiketaren eta bertatik eratorri hizkuntza-politiken ondorioz, ez dira bermatzen euskaldunon eskubideak euskararen herrian bertan. Egungo zapalkuntza babesten eta euskaldunon menpekotasuna bermatzen dituen zatiketa eta ukazioa gainditu behar ditugu; eta bertako hizkuntza lehentasunezkoa ez den egoera batean itotzen duen lotura multzoa da gainditu beharreko oztopoetan nagusietarikoa. Urte asko pasa dira, hamarkadak, eta hauteskunde asko bizi izan ditugu. Denbora guzti honetan, urratsak eman badira ere, indarrean dauden markoetatik ezin dela inondik inora euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea bermatu argi eta garbi geratu da; erabat frogatuta. Kontseiluaren udal neurketek udaletako argi-ilunak begi bistan utzi dituzte. Gutxi dira euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin duten udalak. Nafarroako Gobernuari so egin ezkero ere, oso bistakoa da bere politika etnozida, ofizialtasunaren aurkako jarrera bortitza edo TIL ereduaren aldeko apustu garbia. Tamalez nahi baino gehiago dira han eta hemengo adibideak.

Hitzordu elektorala hurreratu ahala, hautagai direnen diskurtsoak edertzen doaz; belarrian kilimak egitera datoz horien hitzak, eta horregatik beti bezain zorrotz edo inoiz baino zuhurrago neurtu behar ditugu politikarien hitzak, orain arte egin dutena ondo baloratzearekin batera. Ez dezagun ahaztu, garaiotan, beren herria UEMAtik ateratzea erabaki duten alderdiek, ordezkariek edo udal-taldeek euskara babesteko eta sustatzeko neurriak salduko dizkigutela; ez dezagun ahaztu ikasleen euskalduntzea ekiditen dutenek, elebakarrak kasu gehienetan, eleaniztasunaren inguruko mezuez bustiko gaituztela; ez dezagun ahaztu euskararen ofizialtasunaren kontra daudenek euskaldunon eskubideak errespetatzeko borondatea erakutsiko digutela; ez dezagun ahaztu, euskaraz bizitzea ukatzen digutenek elkarbizitzarako konpromisoa irentsi arazi nahiko digutela. Beno, batzuek hori ere ez.

Hitzak hitz, maiatzaren 22an ehunka mila herritarrek jarriko dute bere botoa hautestontzietan, eta foru zein udal administrazioetan hartzen diren erabakiek herri euskaldunarengan duten eragina kontuan izanda, badira bozka zeini eman erabaki aurretik baloratu beharreko kontuak.

Batetik, herritarren babesa eta oniritzia eskatzen ari diren hautagaiak euskaldunak izatea oinarrizkoa da. Nekez uler daiteke herri ordezkari gisa agertu nahi duen hautagai batek euskarari lehentasuna ematea, norberak bere egunerokoan lehentasun hori eman ez eta bertako hizkuntzan bizi gabe. Bestalde, Euskal Herri osoan euskara lehentasunezko izatera eraman eta herritarrok euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko duen ofizialtasunaren alde egin behar dute ordezkari izan nahi duten horiek. Azkenik, zonalde euskaldunetako udaletarako hautagaiek UEMAren aldeko apustua egin behar dute, UEMAren bidez posiblea baita udaleko bizitzaren alor guztietan euskaraz funtzionatzea, eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izanik herri euskaldunaren birusa inguruan hedatzea.

Euskaraz bizitzearen aldeko hautua bere egin eta hedatu egingo duten hautagaiak eta ordezkariak behar ditu herri euskaldunak. Hori esanda, herritarrei ere dei egiten diegu arestian aipatu irizpideak kontuan hartu eta bozka eman edo ez emateko orduan esandakoak oso presente izateko; eta areago, hautagai erdaldunen, ofizialtasunaren edo UEMAren aurka dauden hautagai eta hautagaitzak salatzera deitzen ditugu herritarrak, sasi guztien gainetik konpromisoz eta irudimenez Euskal Herri euskaldunaren aldeko eragile aktibo bihur daitezen.

Bukatzeko, kanpainan zehar EHEk aldarrikapen hauek herriz herri barreiatuko dituela iragarri nahi dizuegu.


(EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus