Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hari arika, ezpainetan hika

Hari arika, ezpainetan hika

2011-04-15 / 11:20 / Josune Zabala eta Maitane Ayerza   HIZKUNTZA

Mintzola Fundazioak material didaktikoa sortu berri du hitanoa hezkuntzaren eremuan ere landua izan dadin. Zumaia izan da egitasmo honen aitzindaria, eta elkarlan horren fruitu dira oraingoz www.mintzola/hitanoa gunean ikusgai diren 8 sekuentzia didaktikoak.

Lehen Hezkuntza 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2. maila arteko materiala sortu da oraingoz. Aurrera begira, gorako mailetarako materiala sortzen jarraitzea eta orain artean gauzatutako lanaren baliagarritasuna aztertzea da Mintzola Fundazioaren erronka nagusia.

Material sorkuntzan, elkarlana izan da bidelagun: Zumaiako irakasleen esperientzia eta euskara teknikarien laguntzari esker gauzatu da herriko errealitatera egokitu nahi izan den material didaktikoa. Jarduerak esperimentatze bidean, Mintzola Fundazioak formazioa eman die irakasleei, eta dagoeneko, esperimentu bat gertatu da. Lehen materiala landu da Zumaiako ikastetxeetan.

Zumaian abiatu den proiektua eremu zabalagoetara hedatzea ere bada Mintzola Fundazioaren desioa, eta hari horren jarraipena izango da Azpeitian abiatu berri den lana ere. Irakasleekin material didaktikoa eraiki, hitanoa ikastetxean lantzeko formazioa landu eta familiaren transmisioa jorratzea izango da Azpeitian aurten bideratuko den lan nagusia.

Hari arika, ezpainetan hika lelo horixe da Zumaiako DBHko ikasleek egitasmorako proposatu eta material didaktikoetan darabilguna. Egitasmoaren abiapuntua, ibilbidearen nondik norakoak eta material didaktikoaren ezaugarriak zein diren, horixe azaldu nahi izan dugu artikulu honetan.

1. Herriko beharretatik egitasmo zabal batera jauzia

Zumaiako herrian eta inguruneetan hitanoaren erabilera zein ezagutza arloan gertatu den galera edo "herdoiltze" prozesuaren jabe eginik, bere egoerari itzulia emateko asmoarekin jarri zen harremanetan Zumaiako Udala Mintzola Fundazioarekin. Arrazoi honek jarri zuen martxan egitasmoa. Irudikatuz, erregistro honi erreparatzeak lagun lezakeela gazteen arteko harremana euskaraz izatea (lagun arteko erregistroa bera), eta bide batez, ikasleen hizkuntza konpetentzien kalitatea hobetzea.

Urte beteko lan-prozesuan, Lehen Hezkuntza 5. eta 6. mailarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1. eta 2. mailarako bina sekuentzia gauzatu dira. Orobat, 8 sekuentzia didaktiko egin dira Zumaiako ikasleek eduki honen gainean duten ezagutza zein konpetentziak aintzat hartuz, eta maila bakoitzeko curriculumak proposatzen dituen helburu zein edukietara egokiturik.



Hitanoa Zumaian eta Zumaiako hitanoa

Webgunearen forma hartu duen materialak helburu du euskararen erregistro den hitanoa lantzea. Euskararen ahozkotasunean gainerako hizkuntzetan bezala, erregistro ezberdinak erabiltzen dira. Eta hain justu, gertuko hizkuntzetan osasuntsu eta bizirik dirauten 2. pertsonaren erabilerak euskaraz galera handia izan du: lagun arteko edo egoera informaletako hitanoak izan du galerarik handiena. Gure ahozko ondareetako bat izanik, erabilera mailan beharko lukeen prestigioa galdu izan du azken hamarkadetan. Zenbaitek okertzat edo desegokitzat hartu izan du hika komunikatzea; euskara bizi-bizirik den lurraldeetan gizonezkoen artean mantentzen da erregistro hau, baina emakumeen artekoa (edo emakumeari egiten zaiona) ikaragarri murriztu da azken urteetan.

Horrez gain, haren erabilera gramatikala ere okertzen ari dela badakigu: gazteok gero eta akats gehiago egiten ditugu hitanoa darabilgunean; ez gazteok bakarrik, herrien arabera ere nabarmentzen da gramatikalki aditza oker komunztatzeko ugaritzen ari den ohitura. Erregistroari dagokionez ere, komunikazio egoera bakoitzak bere erabilera arauak izan ohi ditu, eta hain justu, hitanoarekin erabilera arauen kontzientzia eta erabilera egokia ere galtzen ari dela ohartuta gaude. Gero eta gazte gehiagok kontzientzia galdu du adinaren edo egoeraren arabera erregistroa aldatzekoa, eta behin baino gehiagotan entzun izan diegu adinduei errespetua ere galtzen ari direla gazteak.

Ildo horretatik, esan genezake euskarak bere-berea duen erregistroa galtzen ari garela, bere prestigioa galtzen ari dela, baita erabileraren egokitasuna ere. Are gehiago herri hizkerei begiratzen badiegu. Euskara estandarrak jarriak ditu hitanoaren arauak, baina herriko hizkeran ba al dakigu bertako hitanoaren ezaugarriak zein diren? Herriko hizkerari dagokion hitanoa erabiltzen moldatzen ote gara? Hainbat azterketak dioenez, hitanoaren erabilera arauak eta egokitasuna eraldatzen ari dira, eta beharrezko ikusten da gune bakoitzeko hizkerari dagozkion erregistroak ere sustatzea. Helburu horri ere helduko gatzaizkio egitasmo honetan. Zumaian hitanoa sustatu ez ezik, Zumaiako hitanoa ezagutu edo lantzeko proposamenak ere baditu material didaktikoak.

2. Lan taldea

Elkarlanean bideratua da proiektu hau: Zumaiako euskara zerbitzua, Zumaiako ikastetxe guztietako hizkuntza irakasleen ordezkariak eta Mintzola Fundazioak elkarrekin eginiko bidean jasotako azken emaitza da material didaktiko hau. Jardunbide pedagogikoa azken hauek gauzatua eta alderdi teknikoa Bit&mina ekoizpen etxeak burutua.

Honako lan taldea osatu dugu bidean:

  • BATZORDE PEDAGOGIKOA
    • Zumaiako euskara teknikariak: Josune Herrarte eta Xabier Azkue.
    • Zumaiako ikastetxeetako hizkuntza ordezkariak: Marijo Goenaga, Usua Sorazu, Alfredo Garcia, Itziar Garciarena, Iñaki Andueza eta Mirari Alberdi.
    • Mintzola Fundazioaren teknikariak: Maitane Ayerza eta Josune Zabala
  • BATZORDE TEKNIKOA
    • Unai Marzo eta Arkaitz Barriola

3. Material didaktikoaren ezaugarriak

Egitasmoa garatze bidean hitanoa ikastetxeetan lantzeko oinarriak zehaztu dira, eta honako ezaugarriak ditu egindako lanak:



Ikasle zein irakasleen parte hartzea

Irakasle eta ikasleek izan duten parte hartzea esanguratsua eta baliagarria izan da proiektu honetan, bai sekuentzia didaktikoak sortzerako orduan zein proiektu hau pertsonalizatzerako orduan. Izan ere, kostaldeko herria den neurrian Zumaian diseinuaren irudi korporatiboa herriari egokitutakoa izatea proposatu zuten, bestalde, sekuentzietan agertzen den pertsonaia kostarekin lotua dagoen animalia bat izatea gomendatu zuten (karramarroa).

Bestalde, karramarroa aukeratzeaz gain, ikasleek izenaren eta leloaren inguruan proposamenak egin dituzte. Honakoak izan dira, guztien artean, aukeratuak:

  • Lehen Hezkuntza
    • Leloa: Hi eta ni a ze bi
    • Karramarroaren izena: Klax (karramarro arra)
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
    • Leloa: Hari arika, ezpainetan hika!
    • Karramarroaren izena: Karrami (karramarro emea).



Egungo hezkuntza sistemari egokitua

Sekuentzia didaktiko hauen antolamenduak egungo hezkuntza sistemari eta curriculum diseinuari erantzuten dio, eta oraingoz 2 ziklotarako pentsatua da materiala:

  • Lehen Hezkuntza 3. zikloa (10-12 urte).
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 1. zikloa (12-14 urte).

Sekuentzia didaktiko hauen curriculum helburu nagusia da euskarak dituen erregistroak ezagutu eta erabileran oinarritzea (batez ere, hitanoari dagokionean). Horrekin bat, hizkuntzekiko eta hiztunekiko jarrera ona lantzen lagundu nahi da, oinarrian alderdi komunikatiboa jorratzea duelarik. Bestalde, ahozkotasunak ere toki esanguratsua dauka ahozko jarduera ezberdin eta askotarikoak egin zein bultzatzen baitira bai ingurune hurbilean baita webgunearen bitartez ere.



Lehen Hezkuntza

Lehen Hezkuntzako zikloetan (10-12 urte) hitanoaren inguruko hurbilketa egiten da, nori zuzendu behar zaion (testuingurua), zein diren hitanoaren arau sozialak, hitanoaren inguruan dauden eta ditugun uste okerren inguruan gogoetatzea, aditzean lehen hurbilpena egitea izango da eginkizun nagusia. Guztia ala guztia ikasleen ingurune hurbiletik abiatuz, esperimentazio zein gogoetara bideratuz eta jolas zein eginkizun komunikatiboak proposatuz.



Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12-14 urte), hitanoaren inguruko ezagutzan sakonduz joango da ikaslea, apur bat lanketa zein helburuak zailduz. Morfosintaxia sakondu eta sintagmak barneratuko dira, alokutiboaren eta erabilera neutroaren arteko ezberdintasunak zein arauak barneratzea eta erabileraren inguruko hausnarketa egitea izango da eginkizun nagusiena. Horrez gain, berriz ere Lehen Hezkuntzan landu diren arau sozialak berreskuratuko dira, eta hitanoa neskei eta nesken artean lantzeari erreparatuko zaio modu berezian. Erabilera honen inguruko gogoeta zein praktika errealak egingo dira.



Sekuentzia Didaktikoak: helburuz helburu. Baliabide aniztasuna

Aurkezten diren sekuentzia didaktikoak testuz, irudiz eta bideoz osatuta daude, helburuka antolatuta. Helburu bakoitzari lotutako jarduerak, entzungaiak eta jolasak topatuko ditu erabiltzaileak. Egitasmoa Zumaiari lotuta egin denez, Zumaiako errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu da, eta ikasleentzat sortu den materialean herriko bertako erreferentziak eta ereduak txertatu dira motibazio iturria ugaldu eta eremu hurbileko ereduekin lan egin dezaten.



Ingurune hurbileko inputa. Esperimentazio aukerak

Webgunean aurkezten den materialean ikasleek aukera izango dute Zumaiako herritarren pasarteak entzuteko, herrikideek hitanoa nola erabiltzen duten entzuteko eta ereduak aztertu nahiz beraiekin jolas egiteko tresnak ematen zaizkie. Ingurune hurbileko inputa jasotzeaz gain, ingurune urrunagoetara jauzi egiteko aukera ere ematen zaie ikasleei. Pixkana-pixkana, hitanoaren ezagutza zein gaitasunak barneratu eta aurreratzen doazen heinean, alegia, mailaz aurrera doazen heinean.



Webgunea: euskarri berria eta baliagarria irakaskuntza-ikaskuntzan

Testu liburua, lanketa fitxak, DVDa edo beste hamaika euskarriren aurrean, webgune bat eraikitzea erabaki da, hain zuzen, informazio eta komunikazio teknologiek ematen dizkiguten onurak aintzat hartuta:

  • Hitanoarekin zerikusi zuzena duten jolasak edonorentzat: material didaktikorik egin gabe hitanoarekin harremanetan jarri nahi duen edonork aukera dauka orriaren hasieran proposatzen diren jolasen bitartez erregistro honetara hurbiltzeko.
  • Harremanak hika txat-aren bidez: ikasle eta gazteen arteko harremana sustatu nahi da horretarako orri nagusian prestatu den txat-a erabilita.
  • Ikus-entzunezko ereduak: unean bertan erantsita eta etorkizunean aldagarri diren ikus-entzunezko ereduak jarri eta berriak erabiltzeko aukera ematen du tresna honek. Ikasle eta irakasleen arteko harremana sustatzen jarraitzen du.
  • Ebaluazio sistema eta tresna bat eskaintzen digu materialaren erabileraren inguruan informazioa ematen duena: zenbat ikaslek parte hartzen duten; zein motatako ikasleak diren; zein ariketa egiten den gehien, zein gutxien; nola bideratzen diren jarduerak; etab.

4. Ikuspegi didaktikoa

Egitasmoak honako helburu orokorrak izan ditu abiapuntuan, guztiak ala guztiak Hezkuntza Arautuko ikasleekin landuko direnak:

HELBURU OROKORRAK
LH 5./6. mailak eta DBH 1./2. mailak

Ezagutza eta egokitasunaz:

  • Hitanoaren erabilera-arau sozialak ezagutzea.
  • Hitanoaren erabilera egokia bultzatzea.
  • Hitanoaren zuzentasun arauak ezagutzea.
  • Hitanoaren kalitatea bermatzea.

Erabileraz:

  • Gazteen arteko harremanetan, hitanoa sustatzea.
  • Hitanoaren izateari eustea.
  • Hitanoaren baitan, transmisioaren garrantziaz jabetzea.

Jarreraz:

  • Hitanoaren erabilerarekiko aurreiritzi okerrak saihestea.
  • Genero ezberdinen arteko erabilerak errespetatu eta sustatzea.
  • Hitanoaren erabilera eta funtzio egokiez jabetzea eta haiekiko begirunea lantzea.

Oinarrizko helburu orokor hauek guztiak ondorengo helburu zehatzetan banatu dira irakasle eta arduradun pedagogikoen artean. Mailaz maila eta sekuentziaz sekuentzia:

HELBURU ZEHATZAK MAILAZ MAILA ETA SEKUENTZIAZ SEKUENTZIA
MAILAHELBURUAAZKEN XEDE KOMUNIKATIBOADENBORA
LH5Hitanoa erabiltzearen garrantziaKomunikazio plana egitea
(kartelak eta iragarkiak diseinatu)
5 ordu
LH5Zumaiako hitanoaren diagnostikoaZumaiako errealitatearen inguruko murala egitea eta ikaskideei informazioaren berri ematea5 ordu
LH6Hitanoaren uste okerrakLaburpen kartel bat egin
(diseinatzeko, jolasa asmatzeko)
5 ordu
LH6Hikaren inguruan irudimenarekin jolaseanEsketxak diseinatu eta gauzatu5 ordu
DBH1Hitanoaren aldaerakEredu bat identifikatu-grabatu-aztertu-identifikatu
eta ikaskideei erakutsi
5 ordu
DBH1Zein dira hitanoaren ezaugarri morfosintaktikoak?Egoera ezberdinen antzezlana5 ordu
DBH2Hitanoaren ezaugarrietan sakonduzKantua sortzea eta kantatzea5 ordu
DBH2Hitanoa eta neskakPiropo lehiaketa5 ordu



Noiz eta nola erabili ikasmateriala

Oinarrizko curriculumetik bideratuak diren oinarrizko gaitasunak, helburuak eta edukiak webgunearen bitartez landu daitezen, hainbat ohar eta azalpen prestatu dira irakaslearentzat eta honako eduki esanguratsuak ditu:

  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesua nola ulertzen dugun

    Irakaskuntza-ikaskuntza fenomenoa hiru elementu hauen elkarrekintzari esker gertatzen da: irakaslea, ikaslea eta irakas-ikasgai den objektua -hitanoa, gure kasuan.

    Ikuspuntu eraikitzailea da gure irakaskuntza-ikaskuntzaren oinarri. Hemendik begiratuta, ikaskuntza ezin da ulertu ezagutzen transmisio modura, baizik eta eraikitzen duten ezagutzaren prozesu modura. Prozesu hori bermatzeko ezinbestekoa da ezaguna den hiruki didaktikoaren kontzeptua (irakasle-ikasle-objektua). Hirukiaren erpin ezberdinetan aurkitzen diren elementuak dinamikoak dira, elkarreraginean daudenak eta unean-unean egokitzen dakitenak; hirurek dute zeresana, hirurek dute eragina ikaste-irakaste esanguratsuaren bidean (Sainz, M. 2001).

    Didaktikaren esku-hartze guztietan irakaslea da elementurik garrantzitsuena, azken batean, berak hartuko dituen erabakiek baldintzatuko baitute ikasleen ikaskuntza zein motibazioa. Ikasleen barne motibazioa lortzea garrantzitsua da, baina era berean irakaslearen motibazioa ere ezinbestekoa izango da, bera izango baita materiala esperimentatuko duena, beraz eta ondorioz, hitanoaren bizipenean sinestea dakar horrek.

    Beste erpinean ikaslea aurkitzen da. Ikasgelan aniztasunarekin egiten da topo, beraz, ezinbestekoa da diseinatuta dagoen materiala ikasleen GARAPEN ZONALDE HURBILEAN kokatzea (Vygotsky, 1988). Hori arrakastatsu egin ahal izateko ikasleen aurrezagutzak neurtu behar dira; sekuentzia hauen hasieran bide hori erakutsiko duten hainbat galdera aurkezten dira.

    Azken erpinean objektua daukagu, kasu honetan, hizkuntza, zehazki lagun arteko hizkerarako baliagarria den erregistroa: hitanoa.

    Argi ikus daitekeen moduan, elkarren arteko eraginkortasuna zein dinamikotasuna hartu behar dira kontuan. Horrek bideratuko baitu erpin guztiak osasuntsu egotea.

    Hiruki didaktikoa eta hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboa aintzat hartuz, honakoei bereziki erreparatzea proposatzen diegu irakasleei:

    • ELKARRERAGINA IKASLEAREN, IRAKASLEAREN ETA OBJEKTUAREN ARTEAN

      Material honetako ibilbide guztian elkarreraginean izango dira ikaslea, irakaslea eta hitanoa. Hiruki didaktikoaren elementuak beti izango ditugu buruan (ikaslea-irakaslea-objektua). Materiala webgunea izanagatik ere, hiru elementuen elkarreragina da landuko dena. Ez da bakarkako ikaskuntza bultzatuko.

    • EZAGUTZA HURBILETIK URRUNERAKO PAUSOA

      Materiala egokitu egingo da ikasleen beharren eta dituzten gaitasunetara, beraien GARAPEN ZONALDE HURBILEAN koka dadin ikaskuntza. Webgunean proposatzen diren jarduerak bideratu edo egokitzeko garaian irakaslearen rolak garrantzia handia izango du, berak baitaki taldeko errealitatearen berri.

      Ikasleen ezagutza eta gaitasunak aintzat hartuz, irakasleari egokituko zaio zenbaitetan materialaren azalpenen bat zabaltzea, murriztea, ideia osagarriren bat ematea... ikasle guztiek abiapuntu maila bertsuan aurrera egin dezaten.

      Irakaslearen esku-hartzeak garrantzia handia du motibazioa, elkarlana, inplikazioa, ezagutzaren garapena eta konpetentziak bideratzerakoan. Dena dela, materialean zehazten diren jarduerak eta kontsignak lagungarri izango dira bide horretan.

    • IKASLEAREN AUTONOMIA

      Ildo beretik, aukera izango da zenbait kasutan ikasleek euren kaxara lan egiteko. Ikasleen autonomia garatzeko jarduerak ere txertatu baitira materialean.

    • MOTIBAZIOAREN LANKETA eta PRAKTIKA ERREALAK

      Irakasle zein ikasleen motibazio intrinsikoa (pertsonaren barrendik ateratzen den motibazioa) bideratzeko nahia sustatzea dagokigu, eta horri begira antolatu dira sekuentziaturik jarduera edo eginkizunak.

      Oinarria praktikotasunak izango du. Praktikatik abiatuko gara eta praktikan amaituko dugu.

    • EBALUAZIO ESANGURATSUA

      Ikasi eta praktikatutakoaren gaineko ebaluazioa eta gogoeta sustatu nahi izan da material honetan. Sekuentzia bakoitzaren hasieran, bitartean eta amaieran gogoeta eta ebaluazioa bideratzen duten jarduerak nabarmentzekoak dira, ikaskuntza prozesuan baliagarri izango baitira bai irakaslearentzat, bai ikasle bakoitzarentzat.

      Ildo beretik, ikasleak egingo dituen jarduera, jolas edo lanketa guztietan aurrera begirako jarrera aurkezten zaio. Egiten ikasi dena nabarmentzen da eta lehia edo jokoa saihestu.

    • ADI AURREIRITZIEI

      Hitanoaren ikaskuntza-irakaskuntza berria eta berritzailea da. Oraintsu artean oso eremu gutxi zein bakanetan landu izan da hitanoa ikastetxean. Hitanoa ikasi eta irakasteko izan genitzakeen aurreiritziak lagungarri edo kaltegarri izan daitezke. Ildo horretatik, gomendatzen dugu, hasiera-hasiera batean gai honen gaineko gogoetak piztu daitezen ikasgelan, taldeko beldur eta aurreiritziak bertan landu daitezen. Eta horiek landurik abia daitezen ikasleak "abentura" honetan.

5. Zergatik webgunea?

Material didaktikoa webgune bidez bideratzeko arrazoi nagusietako bat izan da teknologia berriek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan lekarketen balio-erantsia. Izan ere, sekuentzia didaktiko hauetan bereziki nabarmentzekoak dira honako ezaugarri berritzaileak webgunea bitarteko izaki aberasten dutenak:

  • Ludikotasuna

    Jarduerak eta azalpenak ludikotasunez aurkeztu dira: marrazki bidez, jolasak aurkeztuz, kantuak eskainiz, ikasleen arteko elkarrizketa txat-aren bidez landuz…

  • Entzun eta irakurri

    Pertsonaia nagusiek (Klax eta Karrami karramarro ikertzaileak) ikasleekin hitz egiten dute. Lokuzioa dute euren jardunek. Ikasleek euren hitzak entzun eta irakurtzeko aukera dute.

  • Testu mota anitzak

    Testu idatziek, ahozko testuek eta ikus-entzunezkoek elkarrekin osotasun bat egiten dute. Euskarri ezberdinak erabiliko dituzte ikasleen jarduerak gauzatzeko garaian.

  • Ikasleen autonomia eta irakaslearekiko harremana

    Ikasleen autonomia eta irakaslearekiko harremana lantzen dira webgunean aurkezten diren jardueratan elkarrekintza sustatuz.

  • Eraikitzailea

    Ikasleak egingo dituen jarduera, jolas edo lanketa guztietan aurrera begirako jarrera aurkezten zaio. Lehia edo jokoa saihestuz, ikuspegi eraikitzailetik landu dira sekuentziak zeinetan ikasleak beti izango duen aukera erantzun egokiena topatzeko, atzera egin nahiko balu berriz itzultzeko, emaitzen berri izateko, bere lorpenen berri izateko...

  • Ebaluazioa

    Webgunearen bitartez, ikasle bakoitzaren jarraipena, bere ebaluazioa, jarduerak gauzatzeko behar izan den denbora eta gisakoak ebaluatu zein aztertzeko datuak jasoko ditu bai irakasleak, bai material sorkuntzan eta behaketan diharduen teknikariak ere. Ebaluazio datu objektiboak jasotzeko aukera izango da webgunearen bitartez.

  • Irisgarria eta erraza

    Irisgarritasuna eta erabilerraztasuna lehenetsi dira alderdi teknikoari dagokionean. Ikasle zein irakasleentzat erraz suertatzen da webgunearen erabilera eta adin tartearen arabera egokitzen da zailtasun/erraztasun maila.

6. Ondorioak eta aurrera begirakoak

2010/2011 ikasturtean hasiak gara material didaktiko hau ikastetxeetan lantzen. Hasiera batean, webgunean aurkezten den lehen materiala erabili dute 10 urtetik 14 urtera arteko gazteek. Lehen emaitza jasota dago, eta ondorioak ateratzea izango da hurrengo lana.

Orain arteko lana ebaluatzea, azterketak egitea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hurrengo mailetarako materiala eraikitzen jarraitzea izango da hurrengo lana. Irakasleekin lanean jarraitzea, hain zuzen, eta webgunearen edukiak egokitzea.

Zumaian ez ezik, Azpeitian ere ildo beretik heldu zaio egitasmoari. Material sorkuntzan eta irakasleentzako formazioa diseinatzen ari gara.

7. Bibliografia

  • Baliatutako liburu eta artikulu esanguratsuak:
    • Azkue, X. (1998) "Hitanoa Zumaian". Itxaropena, Zarautz.
    • Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila (2007): 175/2007 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoa. EHAA, 218.
    • Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila (2010): 97/2010 DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko den Dekretua aldatzen duena. EHAA, 72.
    • Lizartza, R. (2009) Hitanoa. Mintza hadi, lagun! Hika egiten ikasteko eskuliburua. Mara-mara, Donostia.
    • Sainz, M. (2001) "Hizkuntza didaktikaren erronka berriak". UEUko Helduen Euskalduntzearen IV. jardunaldiak.


(JOSUNE ZABALA ALBERDI Mintzola Fundazioaren zuzendaria da; MAITANE AYERZA MUJIKA Mintzola Fundazioaren teknikaria da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus