Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bengoak euskaldunei kalte, askatasunez

Bengoak euskaldunei kalte, askatasunez

2011-02-21 / 09:00 / Roberto Manjon Lozoya   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Osasun Sailak euskaldunak bigarren mailako herritartzat hartzen ditu, modu teorikoan ere, kalitatezko zerbitzuak, berdintasunean, jasotzeko eskubidea ukatzen dielako. Interesatzen ez zaizkion arauak ez betetzea, askatasunez.

Rafael Bengoa Osasun Sailburua denetik, Osakidetza ez da gelditu euskararen estatus ahulari kalte egiten, horretarako arauak urratu behar baditu ere. Erabileraren normalizazioan benetako urratsik ez du egiten, baina bai ematen ditu pausoak euskarak osasun-zerbitzuetan lortu duen onarpen eskasa desagerrarazteko.

Gobernuaren xede nagusietatik bat euskararen erabilera osasun-zerbitzuen kalitatetik urruntzea da, nahiz eta 67/2003 Dekretuak azpimarratu Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzea oso lotuta dagoela zerbitzuen kalitatearekin. Baina Bengoak, arauaren filosofia ez ezik, testua bera urratzeko eragozpenik ez du. Bide makur horretan mugarri jakina izan zen Osakidetzaren jarduera antolatzeko funtsezko egitarautik euskara kentzea, alegia, programa-kontratutik. Programa-kontratuak urtero arautzen du Osakidetzan zer zerbitzu eman behar diren, nola eman behar diren eta kalitate-baldintzak zein diren. Dekretuak argiro ezartzen du euskararen erabilerak tokia izan behar duela zerbitzuen kalitatea neurtzeko programa-kontratuak urtero aurreikusten duen parametroetan. Hala ere, hori ez zen eragozpena izan Osasun Sailak 2010ean euskararen erabilera programa-kontratuetatik ateratzeko.

Osakidetzak, bai herritarrek ospitalea utzitakoan bai osasun-zentroetako zerbitzuak hartutakoan gogobetetze-inkesta korporatibo bat zuzentzen die herritarrei, izan duten arreta balioetsi dezaten. Orain beste urrats bat egin du kalitatearen eta euskararen haustura sakontzeko: jada herritarrei ez zaie galdetzen inkesta horretan ea egokia iruditzen zaien hizkuntzaren aldetik ere eman zaien arretari buruz. Beraz, batetik, Osakidetzak herritarrei aukera kendu die hizkuntza-trataerari buruz duten iritzia modu erregular batean adierazteko, eta bestetik, Dekretuak dioenaren kontra uko egin dio euskarak osasun-zerbitzuen kalitatean duen eragina neurtzeari. Euskaldunak protagonista direnean, Rafael Bengoari ahaztu egiten zaio ikuspegi moderno batetik komunikazioaren kalitateak nolako garrantzia duen zerbitzuen kalitatea bermatzeko, are gehiago osasun-zerbitzuetan, non herritarrak inon baino hurbiltasun handiagoa behar duen. Bengoari ahaztu egiten zaio Dekretuak eskatzen diona: Pazientearekiko komunikazioaren kalitatea eta enpatia giltzarri dira jarduera sanitarioaren arrakastarako, bai eta funtsezko parametroetariko bat ere asistentziaren kalitatea balioesteko.

Jaurlaritzak erdaldunen askatasuna, alegia, botere linguistikoa blindatzeko eginahalak egiten dituen bitartean, Osasun Sailak hizkuntza-politika horrekiko koherentziaz, euskaldunak bigarren mailako herritartzat hartzen ditu, modu teorikoan ere, kalitatezko zerbitzuak, berdintasunean, jasotzeko eskubidea ukatzen dielako. Zuzenbide-estatua ulertzeko modu bat da: interesatzen ez zaizkion arauak ez betetzea, askatasunez.


(ROBERTO MANJON LOZOYA Osakidetzako euskara-teknikaria da)

  • Estreinakoz Gara-n argitaratua (2011-2-17)


Roberto Manjónek erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus