Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  CAFeko Hizkuntza Politika Orokorra

CAFeko Hizkuntza Politika Orokorra

2010-11-19 / 07:00 / CAF - Euskara Zerbitzua   ENPRESA

CAFek enpresaren Hizkuntza Politika Orokorra jasotzen duen liburuxka argitaratu du 2010 honetan. Euskarazko azalpen zabalenekin batera, gaztelaniaz eta ingelesez emandako laburpenak ere badatoz aipatu liburuxkan. Hemen irakur dezakezue CAFek euskararen normalizazioaren arloan egindakoa eta egin asmo duena.

1. Euskararen testuinguru juridikoa

1. Euskararen testuinguru juridikoa

  1. 1978ko Konstituzioak estatuko hizkuntzen oinarrizko arauketa ezartzen du 3. artikuluan:
    • Gaztelania da Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea.
    • Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz.
    • Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du.
  2. Euskadiko Autonomia Estatutuaren 6. artikulua:
    • Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
    • Komunitate Autonomoko Erakunde komunek Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ˝abardurak kontutan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, berorien ofizialtasuna erregulatuz, eta berorien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte.
    • Hizkuntza dela-eta, ez da inor gutxietsiko.
  3. Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko LEGEA, euskararen erabilpena arautzekoa. 5. artikulua:
    • Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz.
    • Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:
      • Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz.
      • Lanbide-jarduerak, langintza, politikagintza eta sindikatu-jarduera euskaraz egiteko eskubidea.
      • Edozein bileratan euskaraz mintzatzeko eskubidea.
      • ...
  4. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Zerbitzuak erredaktatutako Erabiltzaileen eta Kontsumitzaileen Estatutuaren Legea:
    • Euskal Herriko erabiltzaile eta kontsumitzaile guztiek kontsumoari zein ondasun, produktu edo zerbitzuen erabilerari buruzko informazioa berezko hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute.
    • Autonomia Erkidegoaren lurraldeetan ari diren enpresa eta establezimenduak bi hizkuntza ofizialetan atenditzeko prestatuak egon behar dute.
  5. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta

    Hauek dira helburu eta oinarri azpimarragarrienak:

    • Eremu urriko hizkuntzak babesteko ekimenak beharrezkoak direla aldarrikatzen du.
    • Bizitza Publikoan eta pribatuan gutxiengoen hizkuntzak ahoz eta idatziz erabiltzea sustatzea eta erraztea.
    • Eremu urriko hizkuntzen alde hartutako neurri bereziak ez dira hizkuntza hedatuenen hiztunenganako diskriminazio-ekintzak.

2. Sarrera

Urte asko daramatza CAFek Beasain eta Irungo lantegietan hizkuntzen normalizazioaren alde lanean eta asko izan dira orduz geroztik euskarak bere egin dituen esparruak. Hala eta guztiz ere, 2005. urteko abenduan, urrats instituzional garrantzitsua eman zuen CAFek; izan ere, ordura arte pilatutako esperientzian oinarrituta, hizkuntza politika propioa onartu zuen CAFeko zuzendaritzak.

Esku artean duzun argitalpen hau CAFeko Hizkuntza Politika Orokorra (HPO) duzu. Eta zer da bada HPO? Hizkuntzen erabilera zehazteko eta arautzeko neurri- edo irizpide-multzoa.

CAFeko HPO euskararen normalizazioa lortzeko planteamendu orokor baten barruan txertatzen da, jasotzen dituen helburu eta irizpideak betetzeko prozesu baten barruan.

HPO garatzearen ardura, bereziki, Euskara Arduradunarena eta Euskara Batzordeena da, baina, baita CAF osatzen dugun guztiona ere. Aldi berean, HPOa betetzeko erantzukizuna dibisio edo departamenduetako buruek eta enpresako zuzendaritzak daukate.

Horrela bada, CAFeko hizkuntza-normalizaziorako prozesua, parte-hartzean oinarritutako prozesua da. Azken finean, horrek ahalbideratuko baitigu prozesua geure egitea eta CAF osatzen dugun guztiona izatea.

Eta zer da parte-hartzea?

Parte-hartzea ez da bakarrik informazioa eman eta iritzia eskatzea, baizik eta gauzak ezagutu, elkarrekin landu, aztertu eta denon artean zerbait sortzea da. Beraz, uneko errealitatea aldatzeko baldintza subjektiboak eta objektiboak sortzea ezinbestekoa da eta hori lortzeko bidea lan-prozesua bera da.

Bukatzeko, argitalpen honen bidez, CAFen erabakiz, hizkuntzen tratamendua nolakoa izan behar den jakin dezazun nahi dugu, betiere, guztion artean Beasaingo eta Irungo lantegietan hizkuntzen erabilera egokia gauzatzen lagun dezagun.

3. Helburu nagusia

CAFeko Beasain eta Irungo lantegietako hizkuntzen erabilera zehaztea eta arautzea.

Zertarako?

  • Euskarak dagokion bultzada eta babesa izateko. CAFek hizkuntzen erabilera egokia gauzatzeko erronka hartu du.
  • Langileak motibatzeko, sentsibilizatzeko eta erabilera handitzeko.
  • Euskaraz aritzeko ahalmena dugun pertsonen kopurua handitzeko. Giro eta baldintza egokiak sortu nahi ditugu, langile bakoitzak dituen hizkuntza-aukerak zabaltzeko.
  • Azken batean, CAFen euskaraz lan egin nahi dugun langileok euskara naturaltasunez eta erraz erabiltzeko aukera errealak izateko.

4. Hizkuntza-Irizpideak ardazka

CAFeko hizkuntza-irizpideak bost ardatz nagusiren inguruan antolatu ditugu, hauexek:

  • Irudi korporatiboa
  • Barne-harremanak
  • Kanpo-harremanak
  • Informatika
  • Giza Baliabideak



4.1. Irudi korporatiboa

Irudi korporatiboa beste bi azpitaldetan bereizi dugu: enpresaren irudia eta hizkuntza-paisaia.

  • 4.1.1. enpresaren irudia

    Zein dira enpresaren irudiaren elementu nagusiak?

    • Papeleriako osagaiak:
      • Idazpuruak, zigiluak, txartel pertsonalak eta abar. Ele bietan argitaratuko ditugu, euskarari lehentasuna emanez.
    • Iragarkiak eta publizitatea:
      • Euskarazko komunikabideetan euskaraz jarriko ditugu, Euskal Herriko gainontzeko komunikabideetan euskararen erabilera bultzatuko dugu.
    • Katalogoak:
      • Erabiliko dugun hizkuntza hartzailearen araberakoa izango da. Beraz, hartzailea Euskal Herrikoa denean euskaraz ere jarriko ditugu.
    • Harrera:
      • Telefonoz, telefono-erantzungailuan edo aurrez aurre lehenengo hitza lehentasunez euskaraz egingo dugu. Irizpide hau derrigorrezkoa izango da harrera nagusia edo orokorra egiten duten pertsonentzat.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

  • 4.1.2. Hizkuntza-paisaia
    • Errotulazioa:
      • Leku-izenak: (Tailer elektrikoa...) euskara hutsez jarriko ditugu.
      • Bestelakoak: (Bulegoetara sarbidea / acceso a oficinas...) ele bietan jarriko ditugu, euskarari lehentasuna emanez.
      • Prebentzio eta Ingurumenekoak: irudia erantsita nahikoa ez bada, ele bietan euskarari lehentasuna emanez.
    • Ohar-taulak:
      • Ohar-tauletan argitaratzen dugun informazioa ele bietan jarriko dugu, euskarari lehentasuna emanez.
    • Apal eta karpetetako etiketak:
      • Bistakoak eta ulerterrazak direnean euskara hutsez jarriko ditugu; gainerakoetan, ele bietan idatziko ditugu, euskarari lehentasuna emanez.
    • Makinetako pantailak:
      • Bi motatako pantailadun makina bereizi ditugu: enpresakoak (fitxatzeko erlojuak, tailerreko makinak eta abar) eta bestelakoak (kafe makinak eta antzekoak).

        Enpresako makinetan euskara ere txertatzeko aukerak aztertu eta pantaila horietan euskaraz lan egin ahal izateko urratsak emango ditugu. Bestelako makinei dagokienez, ahal denetan, euskara hutsez jarriko ditugu, eta bestela, ele bietan.



4.2. Barne-harremanak

Enpresa barruko komunikazio-mota guztiak sartzen dira barne-harremanen alorrean; hala nola, ahozko harremanak, idatzizkoak, telefono bidezkoak, bilerak eta abar.

  • 4.2.1 Ahozko harremanak
    • Langileen artekoa: euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatuko ditugu, Talde Naturalak adibidez.
    • Arduradun eta langileen artekoa: arduradunen indar biderkatzailea kontuan harturik eta euskararen erabilera bultzatzeko, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatuko ditugu.
    • Telefonoa hartzea: lehenengo hitza euskaraz egingo dugu. Irizpide hau derrigorrezkoa izango da harrera nagusia edo orokorra egiten duten pertsonentzat.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

  • 4.2.2 Idatzizko harremanak
    • Agiri edo informazio finkoa:
      • Inprimaki edo ereduak (dieta-orria, lan-bonoa...): euskarak beti izango du lehentasuna.
      • Laneko jarraibideak: ahal denean, euskarari emango diogu lehentasuna.
    • Idatzi aldakorrak:
      • Informazio ofiziala. Langile guztiei edo askori zabaltzen diogun informazio ofiziala (paperean, ohar-tauletan, e-mailez): euskarari emango diogu lehentasuna.
      • Arduradun eta langileen arteko komunikazioa: euskarak beti izango du presentzia, bereziki arduradunek bidalitako mezuetan, eta ahal den guztietan euskaraz soilik izango dira. Horrez gain, euskararen erabilera bultzatzeko sentsibilizazio-kanpainak eta trebakuntza bultzatuko ditugu.
      • Langileen arteko komunikazioa: euskararen erabilera bultzatzeko euskarazko Galardi barne-aldizkaria, sentsibilizazio-kanpainak eta trebakuntza bultzatuko ditugu.

  • 4.2.3 Bilerak:
    • Bilera guztietan bilera-deiak, aktak eta dokumentazioa gutxienez, ele bietan egingo ditugu euskarari lehentasuna emanez.
    • Batzar Orokor eta bilera informatibo orokorretan ahozko jardunean euskara lehenetsiko dugu.
    • Galde-erantzunetan galdera egiten den hizkuntzan erantzungo dugu. Informazio berririk balego, gaztelaniaz ere laburtuko dugu.
    • Bilera bakoitzeko partaideek euren egoera aztertuko dute euskararen erabilera handitzeko asmoz, bai ahozko jardunean, bai idatzizkoan. Ahal denean eta taldeak hala erabakiz gero, bilerak euskara hutsez egingo ditugu, ahoz nahiz idatziz.



4.3. Kanpo-harremanak

Kanpo-harremanez hitz egitean, gure hornitzaile eta bezeroez, azpikontratatzen ditugun enpresez eta gainerako harreman instituzionalez ari gara hitz egiten.

  • Hornitzaileak:

    Euskal Herrikoak direnean, haiekin harremanetan jarri eta harremanak euskaraz landu nahi ditugula adieraziko diegu. Ahal denean, harremanak euskara hutsez edo gutxienez ele bietan izango ditugu.

  • Azpikontratazioa:

    Euskara kontuan hartuko dugu eta garrantzi handia izango du honako faktore hauek daudenean: langileak harremana jende askorekin izan behar badu; bertako, CAFeko idatzizko dokumentazioa erabili behar badu; idatzizko dokumentazioa sortu behar badu; jende askok erabiltzeko produktua ekarri behar badu; harrera-lanetan aritu behar bada...

    • Bestalde, azpikontratatutako enpresa Euskal Herrikoa denean, ahal bada, harremanak euskara hutsez bideratuko ditugu, bestela, gutxienez ele bietan.
  • Bezeroak:
    • Bezeroak eskatzen duen hizkuntzan izango dira harremanak eta ahal denean euskararen erabilera bultzatuko dugu.
  • Erakunde Publikoak:
    • Ahal dugun guztietan, idatzizko harremanak ele bietan izango ditu CAFek Erakunde Publikoekin eta ahozkoak euskara hutsez. Horrez gain, Erakunde Publikoei CAFekin harremanak euskaraz ere izan daitezen bermatzeko eskatuko die.
  • Euskararen aldeko konpromisoa zabaldu:

    CAFek, ahal duen neurrian, lan-munduan euskara bultzatzeko eta bere esperientziaren berri emateko konpromisoa hartu du.



4.4. Informatika

BAANen euskara txertatzeko aukerak identifikatu eta gauzatuko ditugu. Sistema berri bat ezartzen dugun egunean euskarak erabateko presentzia izango duela bermatuko dugu.

Bestalde, euskaraz idatzi ahal izateko tresna lagungarriak langile guztien eskura jarriko ditugu. Gutxienez euskaraz honako hauek egongo dira:

  • CAFeko web-orria
  • BAANen barruan euskaraz jartzeko aukera eskaintzen dutenak
  • Giza Baliabideetako ataria, Intraneta (ataria bera eta bertan azaltzen den edukia)
  • Office, Windows, Posta elektronikoa, Xuxen zuzentzaile ortografikoa (hala nahi duten langileek)
  • Merkatuan euskaraz eskaintzen diren aplikazio informatikoak

Horiez gain, langileek ordenagailu bidez egiten dugun lana euskaraz ere egin ahal izateko neurriak bultzatuko ditugu.



4.5. Giza Baliabideak

  • Kontratazioa:

    CAFen lanpostuen hizkuntz perfilak izendatuta daude:

    • Lanpostu guztiak identifikatu, sailkatu eta haien hizkuntza-ezaugarriak definitu ditugu.
    • Hizkuntza-perfilak kontuan harturik zehaztu dugu, zein lanpostutan izango den ezinbestekoa euskara ezagutzea eta zein lanpostutan baloratuko den euskara ezagutzea.
  • Langile berrien harrera-protokoloa:
    • Langile berriei euskaraz egingo diegu harrera eta lankideekin lehen harremanak euskaraz bideratuko ditugu, lehen harreman horretako hizkuntzak baldintzatzen baitu neurri handi batean etorkizunean erabiliko den hizkuntza.
    • Langile berriari dokumentazioa ele bietan emango diogu.
  • Formazioa:
    • Euskara-klaseak: CAFek euskara-klaseak sustatzeko konpromisoa hartzen du. Horretarako ikastaroak enpresan bertan antolatu daitezke edota euskara ikasi nahi dutenak edozein euskaltegitara bideratu. Bi kasuetan, langileei matrikula-kostua ordainduko die. Trebakuntza-plana diseinatzerakoan hizkuntza-perfilak kontuan hartuko dira.
    • Zuzenean lanbidearekin lotutako formazioa: langileari beti galdetuko diogu ikastaroa euskaraz jaso nahi duen. CAFek ahaleginak egingo ditu langileen hizkuntza-aukerei erantzun ahal izateko.
  • Langileenganako komunikazioa:
    • Langileei bidalitako edo langileek eskatutako informazio edo agiri pertsonalizatuak (ziurtagiriak, mediku azterketarako deia...) eta Giza Baliabideetatik langile bakoitzari banatzen dizkiogun agiri orokorrak. Hala nahi duen langileari euskara hutsez emango diogu eta gainerakoei ele bietan.

5. Egitura eta segimendua

Euskara Arduraduna (jarduera osoko dedikazioaz) eta Euskara Batzordea dira Beasaingo lantegian euskararen normalizazioa lortzeko sortu dugun oinarrizko egitura; Irungo lantegian, aldiz, Euskara Koordinatzailea eta Euskara Batzordea.

Euskara Arduraduna Beasaingo lantegian arituko da, baina bi lantegiak hartuko ditu aintzat.

Beasaingo eta Irungo lantegietan HPO aplikatzearen ardura nagusia dute horiek, bai eta hartu beharreko neurrien zuzendaritza eta segimendua egiteko erantzukizuna ere.

Hurrengo orrian ikus dezakegu eskematikoki Euskara Batzordeen osaera zein den eta baita euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren beste talde-eragile garrantzitsuak zeintzuk diren ere.

Liburuxka, PDF-n

CAFeko Hizkuntza Politika Orokorra jasotzen duen liburuxka osorik ikus dezakezue PDF honetan (8,57 Mb).


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus