Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bokal koloratuei jarraikiz

Bokal koloratuei jarraikiz

2010-11-05 / 08:50 / Beñat Oihartzabal   BESTELAKOAK

Beñat Oihartzabal euskaltzainak Xarles Videgainen sarrera hitzaldiari emandako erantzuna irakur dezakezue hemen.

A beltza, E zuria, I gorria, U berdea, O urdina: bokalak
Noizbait kontatuko ditut zuen ezkutuko sortzeak


Ez zakizut, adiskidea, letretako irakasle zinen denboran ikasleei Rimbaud olerkariaren poemak erakusten ote zenizkien, eta Bokalak deitzen den sonetoa aztertzen ote zenuen haiekin, dakizun bezala, hartarik atera baitira bokal koloratuak bihikatzen dituzten sartzeko hitz horiek. Halaber, ez zakizut Rimbaud-ek, egiazko sinestetek bezala, bokalak koloretan ikusten zituen, ala bere poeta irudimenaren bidez hala hobetsirik sortzen zituen letren eta koloreen arteko loturak(1). Nik ihardespen honen hastapenean aipatu baditut, ene erantzunaren gida gisa baliatu gogo ditudalako egin dizut. Alabaina, zure erranak piska bat osatuz, euskalgintzan izan duzun ibilbidea hemengo jendartean aurkezterakoan, beldur ninduzun kronologiak terrenta aire bat emanen ote zion ene solasari. Halatan, haren olerki hartaz gogoratuz, pentsatu dizut menturaz laguntza eman ziezakidakeela olerkariak, ene hitzak hark emanikako hariaren arabera josiz, terrent irrisku horren doi bat urruntzeko edo bederen ttipitzeko.

Zure hitzaldian, leku bat, Baiona, eta lan bat, euskal herri hizkeren atlasa, aipatu dituzu ororen gainetik, biek toki berezia baitute zure gogoan eta bihotzean. Ez nauzu, bada, ni, zure ondotik, haietaz ariko. Haatik, baitakit besterik ere badela aipa zenezakeelarik egin gabe utzi duzunik, bokalen olerkiko bost koloreak bokal abezedario gisa baliaturik, honako bidean garrantzizkoak izan dituzkezun beste izen batzuk ekarriko ditizut plaza honetara. Esperantza dizut horrela hobeki jakinen dutela egun gurekin batean bildu diren beste euskaltzain eta adiskideek, zein bideri jarraikirik heldu izan zaren hemengo jendartekora, eta hola azken bokalera heltzean, puska bat handik, beste bat hemendik, bat-bederak euskaltzain berriaz kolorezko irudi bat osatzen ahalko duela.

Goazen bada.

Beltza: A

Olerkian aipatzen den lehen kolorea beltza duzu, eta dakizun bezala euskaldunek kolore hitz hau ardura ez dizugu gauza onik seinalatzen duten ingurumenetan erabiltzen. Adibidez, mesfida ohi gaituzu xede beltzak dituenaz. Bokalen olerkian, ikusi dugun bezala, Rimbaud-ek a letra kolore horri lotzen ziozun, ustel gose diren euli hastial batzuen irudian(2). Alta, gure artean, bokal horrek ez ohi dizu holako konotazio beltzik. Hasteko, letren berezko adieraz gutik bezala gogoeta egin zuen Astarloak besterik ziozun, aspaldiko tradizio zahar bati jarraikiz, uste baitzuen a bokala dela beren lehenbiziko ahopietan mutiko sortu berriek ahoskatzen dutena(3). Eta F. de Saussurrek ere arras bestelako koloreak eta sentipenak lotzen zizkiotezun a bokalari. Entzun nolako sentipenak sorrarazten zion bokal horrek hizkuntza zeinuaren arbitrariotasuna teorizatu zuenari(4):

Frantsesean a, a bokala, zuhaila da, horiaren aldera ere hurbiltzen delarik: gai trinko batez egina da, nahiz ez den lodia; joa denean aise kraskatzen da, hala nola kuadro batean tiratua den paper (denborarekin horitu) batek egiten baitu, edo, berdin, den mendreneko kaska emanez gero zarta litekeela iduri duen eta bernizadurarik gabe zuri gelditu den zurezko ate mehe batek egin bailezake, edo jadanik hautsia izan den arroltze kuskuak egiten duen bezala, hau ere erien artean tinkatuz kurruskatzen baita.(5)

Goiz honetako abezedarioan bi izen zakarzkiguzu a bokalak, ez batak ez besteak ez baitigu Rimbaud-ek aipatu belztura hura gogoratzen: ez agot izenak eta Allières jende deiturak, horiek baitira orain elepide emanen didaten bi hitzak. Has nadin lehenbizikotik.

Berriki jakin dizut, zuhaurk ohargabean bezala erranik, aitaren aldetik segurik, agot etorkia duzula. Alabaina, zure aitatxi, Eugenio Videgain, Erratzun sortua zuzun, Bozateko auzoan, erran nahi baitu agoten herrian. Ez zakizut haren emaztea, Guadalupe Zaldua, hura ere sortzez baztandarra eta auzo hurbila -Elbeten sortua baitzen- etorki berekoa zenetz(6).

Gisa guziez, beharbada agoten marka horri ihes egiteko beharrez, biek gazterik muga iragan zitezun eta Alduden zenbait urtez gelditu. Han sortu zuzun Paul, zure aita, buraso gazteak orduan etxetiar gisa bizi ziren eiheran. Aitasoa mugaz beste partetik hona jinik, ongi konprenitzen duzu zergatik familiaren deitura v letrarekin idazten den, eta ez maizenik mugaz alde honetan idazten den bezala, b batekin.

Hona heldu eta, franko laster hil zuzun zure aitatxi, Aldude utzirik Azkaraten zelarik, 1919an eritasun batek eramanik. Paul, haren semeak doi-doia lau urte zitizun orduan. Baztandar etorkiz, aldudar sortzez, azkaratear haurrean, azkenean gaztarora heltzean baionestu zuzun zure aita. Ezkondu ondoan ere, hiri honetan biziko zuzun gero, ofizioz tindari izanik, Mailuxa zure amarekin batean, zu eta beste hiru seme-alaba, zu baino gazteagokoak, altxaturik. Zuk ere, zure aldian eta zure maneran, denbora laburrez izan bazen ere, muga iragan zenuen, kontrako bidetik haatik, eta Bizkaira joanik. Han, Berrizen, zenuen Miren zure emaztea izanen zena ezagutu, laster biak Baionara jin baitzineten gero, Joana eta Artitz bi seme-alabak, sortzen zitzaizkizuela handik laster.

Harekilako solasaldietan sekula agoten gaia aipatu ote zenuen J. Allières-ekin? Jendalde hori Bretainian, eta Akitania eta Pirinio inguru guzietan barreiatua baitzen, jakin-mina sortu zitzaiokezun hari ere nondik ote jalgia zen, eta zerika izan zen molde hits hartan baztertua eta gaitzetsia. Euskaldunez egin zuen liburuxka arrakasta handiko hartan(7), ziozun hain segur agotak noizbaiteko lepradunen ondokoak zirela. Ez, beraz, atzerritik jinikako zenbait jendalderen ondokoak, anitzek, hala nola Larramendik, uste bezala. Frantses hizkuntzaren historia harekin ikasi baitzenuen, sekula kontatu ote zizuen Allières-ek frantsesezko ladre hitza, Larramendiren iduriz, euskarazko lander hitzetik zetorrela, hain zuzen, euskaldunek, agotez mintzatuz, haren arabera kanpotar erran nahi zuen hitz hori zerabiltelakoan?(8)

Ez dizut uste nehor beltzurika plantatuko den hemen, Jacques Allières-en izena entzutean, eta bidezkoa zuzun, nik uste, ihardespen honetan gogora nezan, hura izan baitzen euskalaritzako bideetan lehen urratsen egitera lagundu zintuena. Tolosan frantses letretako ikasle gaztea zinelarik irakaslea izan zenuen, eta handik dozena bat urteren buruan berriz atzeman zenuen hizkuntzalaritzako ikasketak berriz abiatu zenituenean. Gisa horretan egin zenuen, 1982an, euskalaritzako zure lehen ikerlana, Alfonsa Rodriguez jesuitaren 18. mendeko euskarazko itzulpen-egokitzapena aditzaren aldetik azterturik. Liburua behin bakarrik argitaratua izan baitzen, ez zuzun aise haren atzematea. P. Lafitterengana joanik, galdatu zenion ea berak atxikitzen zuen alea mailega ote zeniezaiokeen. Erran gabe zoazu onartu zizula galdea, bai eta, lana egin ondoan, plazer handiz goretsi zure ikerketa(9).

Pentsa zaitekezu delako egokitzapen lana Bonapartek ekialdeko baxenabarrera deituko zuen euskalkian idatzia zelakoan hautatu zenuela ikergai gisa, hots, zure gazte denboran bereziki entzun zenuen mintzamoldean. Allières-ek euskal aditzaren polimorfismoaz zuen interesa kontuan izanik, ez duzu harritzeko gogo onez ikusi baitzintuen lan hari lotzen, bereziki gogoan edukiz Iparraldeko testu zaharretan franko guti agertzen direla toki hartako euskalkian idatziak direnak.

Iraultza arte, Amikuze eta Oztibarre, elizaz, ez ziren ez Oloroeko, ez Baionako apezpiku eskualdeei lotuak, eta hango euskaldun xumeentzat egina baitzuen egileak egokitzapen hori, hango euskaran idatzia zizun, dialogoz osatua ez izanagatik, hastetik buru zuka ematen zuelarik, hango ohitzaren arabera. Hain zuzen, zu hainbeste atxikia zaren eskualde horretako euskalkian, solasketa mota hori baita jendartekotasunari dagokiona, gure arteko usaiako manera doi bat arruntak bazterturik, hartaz baliatzen nauzu egun zuri ihardespen honen egiteko. Eta barka, zure gazte denborako prusiar manerak harturik, euskara batuaren pleguak ematen baitizkiet izkirio hartan hurbiletik ikertu zenituen zukako adizkera ederrei! Euskaltzaindiko holako ekitaldi batean, nekez bestela egin zitekezun.

Zuria: e

Gure olerkiko bigarren kolorea zuria duzu. Zuriaren metafora euskaran, batzuetan parte txarrean erabilia duzu, itxurakeria edo faltsukeria adierazten duelarik, besteetan, parte onean, garbitasuna, eta hobengabetasunaren ikurra delarik. Elezuriak darabiltzanari mihizuria dela ez ohi ziozugu goresteko erraten, nahiz ohore lohitua duenari zuri dela erranik, plazer egiten ohi diogun. Rimbaud-ek, ordea, e bokalarekin lotzen zizun zuria, erran nahi baitu Astarloarentzat urguritasuna eta lañotasuna adierazten zituen letrarekin(10).

Laño, urguri, ezti, ... izenondo horiek ezin hobeki egokitzen zitzaizkiozun, nik uste, goiz honetako abezedarioan e bokalak dakarkigun oztibartar poetari. Asmatua dukezu nortaz ari natzaizun: Manex Erdozaintzi-Etxartez, bistan duzu. Letretako estudioen egiteko Tolosara joan arte ez zenuen ezagutu. Bizkitartean, zuk ongi ezagutzen zenuen Oztibarreko eskualdean zizun sorlekua, Ibarlan hemen gaindi erraten den bezala. Tolosan zegozun zu hara joatean, Akitaniako frantziskotar gazteen arduraduna baitzen memento hartan. Nahiz ez zuen oraino lanik argitaraturik, bazizun hamar bat urte hasia zela olerki idazten, gero Hinki-hanka izenburuko liburuan argitaratu baitziren haietarik batzuk. Zu gazte-gaztea izanik oraino, harekin euskal mundu zabalago baten ezagutza egin zenuen, ber denboran Euskal Herriak bizi zituen minei ere ohartuz, eta horregatik, zuhaurk adierazi diguzun bezala, orduko gazte eskolatu anitzek ez bezala, herritik partitzearen aterabideari uko eginez.

68ko gertakarien garaia zuzun, edo bezpera, laster Europa guzia asaldarazi zituzten Burgosko auzia eta honen ondokoak gertatzekoak zituzun. Nahasmendu garaiak batzuentzat. Jazarpen eta esperantza garaiak beste batzuentzat, Europa guzian, eta Euskal Herrian ere bai, zuhaur ere, Manex bere moldean bezala, jazarle eta iratzartzaile haietarik zinelarik. Manexen olerkiak berriz leitzean, bafaka bezala gogora jin zaizkidazu niri ere orduko sukar eta beroaldiak. Egia erran, neke duzu batzuetan olerki haietan Manexen izaera laño eta eztia berriz aurkitzea, hain zuzun garaiak sortu giro hartan presakako egitekoen hersturan hartua. Baduzu, Populu bat xutik izeneko olerki bat, elkarrekin zenbiltzaten urteetan, idatzi zuena, ondoko urteko gertakariak ekarriko zituen giro utopiazalea gogo kartsu eta zabaleko euskaldun baten ikuspegitik itxuratzen duena. Hartarik hartu zenbait bertso lerro irakurtzen ditizut; 1967ko uztailekoak dituzu, hogei urte zenituen(11):

Ez dut maite barne hertsi eta hetsi batean
Gakoturik edo, zakurra bezala, estekan egotea.
Maite dut odola bero zainetan
Eta bihotza pil-pil, jauzika, senditzea!
Munduko gorabeheretan eta gertakarietan
alhatzen dut izpiritua.
Eta nahi dut barnago sartu
Sortzen ari den mundu honetan
Atzokotik sortzen ari den mundu honetan.
Halako herabe batekin haatik
Ezin dezakegulakotz aitzinetik erran
Nolakoak izanen dituen bere aztura eta molde berriak.
Holako herabe batekin haatik
Baina ere bozkarioetan
'esperantxetan'
badakidalakotz mundu berri bat sortzera doala!
Eta nere baitan sumatzen dut
Kitzi-kitzi
Euskaldun berri bat sortzen
Euskal populu berri bat itxura hartzen:
Europan!
Munduan!

Gorri: i

Hiru kolore baizik bereizten ez diren mintzairetan beltzaren eta zuriaren ondoan, hirugarrena, gorria izaten omen duzu. Hala erraten diguzu Sarrionaindiak, Afrikako populu zenbaiten lekukotasuna aipatuz(12). Larzabalek ere baziozun hiru kolore horiek, denetan berdin erraten ditugunak eta gure toki eta etxe izenetan maiz aurkitzen ditugunak, direla euskal etorkiari sakonkienik lotuak zirenak(13).

Bada, beltzaren eta zuriaren ondotik, gorria duzu Rimbaud-en olerkian ere izendatzen den hirugarren kolorea ere, hark i letrarekin lotzen zuena. Gorria anitz moldetan erabiltzen dizugu euskaran, intentsitatea ere adieraz dezakeelarik behar gorria edo gabezia gorria bezalako erran-moldeetan. Horregatik hain segur, bihotzari datxizkion amodioa eta gorrotoa bezalako sentimentuen kolorea dela erraten ohi duzu.

Zure abezedarioan, haatik, i letraten bidez ateratzen zaidan hitzak buruarekin dizu lotura, ez bihotzarekin: IKAS duzu. Aditz erro bat, elkarte izen gisa ere baliatu dena, gure artean maiz gertatzen den bezala. Iparraldean euskararen irakaskintzaz arduratzen den erakundearen izena duzu IKAS, eta 80ko hamarkada arte, zure ibilbidearen lehen partean, elkarte hartan bereziki lan egin zenuen.

Erran gabe zoazu zuk idazkari gisa lan egin duzun IKASek eta oraingoak, helburuez eta kudeatzaileen suhartasunaz kanpo, deus guti partekatzen dutela. Duela hogeita hamabost urte Iparraldeko eskoletan euskarazko irakasbidea guziz baztertua zuzun, eta toki gehienetan gaitetsia, eta hoberenean ere, toleratua. Zuk ere, beraz, alde batetik Baionako ikastetxe bateko irakasle izanik, eta beste aldetik IKASeko idazkaria, hurbiletik ezagutu zenituen orduan mundu hartako nekeziak eta trabak. Lankide zenituen, besteak beste, Jean Haritschelhar, geroxeago Euskaltzaindiko lanetan berriz atzemanen zenuena, eta Manex Goyhenetche, idazkari ardura zure segida hartuko zuena, eta egun, den lekuan delarik, biek bihotz zimiko batekin agurtzen duguna. Garai hartako adiskide franko hemen dituzu hain segur, eta IKASeko egungo arduradunak ere bai, zure garaian hasi saila jarraituki eta kar handiz beti aitzina daramatenak. Izan ere, aitzinamendu ederrik egin izanagatik, bide luzea dizugu kurritzeko oraino, euskarak mugaz alde honetako eskoletan zor zaion tokia ukan dezan.

IKAS elkartean lan eginez, zuzenean parte hartu zenuen urte haietan euskararen inguruan sortua zen gizarte mugimenduan, baita Iparralde honetan Pizkundea izeneko batasunaren bitartez, euskal kulturaren munduaren egituratzeko egin ziren lehen entseguetan ere. Baina, 80ko hamarkadaren hastapena zuzun, eta jadanik hasia zinen ikerketa lanetara itzultzen, Tolosako unibertsitateko bidea berriz hartuz. Unibertsitatea ordea, ondoko kolorearen aipagaia duzu, eta berehala hartara jauzi eginen dizugu.

Berdea: u

Ondoko kolore hori, laugarrena, berdea duzu, beti Rimbaud-i jarraikiz, u bokalera garamatzana, Astarloaren arabera barnatasuna adierazten duen bokalera, hots. Berde, hemen aipatzen ditugun kolore izenen artean, bakarra duzu, nik uste, latin jatorria agerian uzten duena. Horregatik, haren ahalgez edo, Aranak orlegi hitza, ahal bezalako analogia batean oinarriturik, asmatu zizun haren ordezkatzeko, eta hemen gaindi beste batzuek, itxura guzien arabera Etchepare medikua bide erakusle zutelarik, musker hitzaren erabilera helburu horretan hedatu. Kolore horrek, hitz batean, jakintsu aire bat badizu, eta horregatik ongi heldu zaiozu u letrak ekartzen digun unibertsitate hitza, egungo abezedarioan, nola ez, agertu behar zuena.

Alabaina, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasle, Frantziako Unibertsitateetako kontseiluko kide, eta honen barnean, herrialdeetako mintzairak eta kulturak biltzen dituen batzordeko lehenburua izanik, ez zitekezun bestela gerta.

Ez dizu aspaldi euskal ikasketetan unibertsitateko ikaskintza-titulu guziak ematen direla Frantzian. Hogei bat urte doi-doia, eta zuhaur ere orduantsu sartu zinen maila horretako irakaskintzan. Denbora hartan Jean-Baptiste Orpustan eta Txomin Peillen ziren unibertsitatean euskal ikasketen arduradunak. Zenbait urteren buruan, zuk eta Aurelia Arkotxak hartu zenuten ardura hori, zeinek bere unibertsitatean, erreformaz erreforma dabiltzan egitura horietan ahal bezainbat euskararen tokia defendatuz, euskarak ofizialtasunik ez izanik eta hemengo euskaldunen kopuru mugatua kontuan izanez, ez baita behaztopabide eta buruhausterik gabeko egitekoa.

Baina, unibertsitateak irakasteaz gainera ikerketa lana ere eskatzen baitu, erran gabe zoazu sail horretan ere ari izan zarela. Solasak gai horretara ekarririk, ezin nagokezu lehen-lehenik zure doktore tesiko ikerketa egun aipatu gabe. Oztibarreko kabal hazkuntzako hiztegia zuzun haren gaia, eta 1989an aurkeztu zenuen, Jean Haritschelhar eta Jean-Louis Fossat zenituelarik zuzendariak(14). Bi mila orrialde baino gehiago dituen lan alimalea, Oztibarreko kabalen inguruko hiztegia eta erran-moldeak biltzen, sailkatzen eta ikertzen dituena.

Geroztik, ikerlanak segitu dituzu, bai Euskaltzaindian, EHHAko proiektuan, eta bai unibertsitateko ikerketa egituretan ere, hots, azken hamar urteetan, IKERen, besteak beste Lapurdum aldizkariaren argitalpen lana zure gain harturik. Aipatu gabe Euskal Herritik kanpoan ere, Frantziako beste eskualde batzuetako unibertsitateetan bereziki, egin dituzunak, hala nola Bretainian edo Korsikan, edo Atlas Linguarum Europae deitu ikertaldean, non euskararen ordezkaria baitzara.

Azken urteetan egin dituzun ikerketa lanen artean, uste dizut aipamen berezia merezi duela, XIX. mendearen hondar partean Bourciez eta Sacaze jaunek egin zituzten euskarazko testu bildumekin egin duzunak. Garai hartan irakaskuntzako bi arduradun horiek Frantziako hego-mendebaldeko errientei eskatu zietezun herri bakoitzean tokiko mintzairara itzul edo itzularaz zezaten testu bat: denek testu bera: Haur prodigoaren parabola, Bourciez-ek; Pirinioetan bildu bi ipuin, Sacazek. Azken urteetan, Gotzon Aurrekoetxearekin batean, Bourciez-en bildumako euskarazko testuak argitaratu eta ikertu dituzu, eta bazakizut laster Sacazerenak ere egitea esperantza duzula(15).

Urdina: o

Azken kolorea, urdina dizugu, Rimbaud-ek o-rekin lotzen zuena. Patziku Perurenak, koloreek euskaran dituzten erabilera desberdinak aztertuz egin duen liburuan(16), urdin koloreaz ziozu euskaran maiz beste kolore batekin batean agertzen dela eta, Sarrionaindiak zioen bezala, arteko kolorea dela, hots, ez dagokiola kolore zehatz ongi mugatu bati, azul edo blu ondoko erdarei hartu hitzak bezala.

Arteko egoera hori, nik uste, berdin agertzen diguzu Garazi eta Amikuzeren artean kokatua den Oztibarrek ere, zure gazte bizian eta bihotzean duen lekuagatik, merezi baitu bokal abezedario honetako hondar buruan agertzea. Alabaina, han, Izuran, sortua zuzun, Mailuxa Castet zure ama, zortzi haurrideko laborari familia batean. Bere aita-amak ere oztibartarrak zitizun, aita, Martin, Arrozen sortua, eta ama, Mariana Hitta, Jutsin.

Haurrean eta gaztean, maiz martine egin behar izaten zizun Mailuxak, orduko etxetiar familia anitzek bezala. Oztibarretik atera gabe, haatik. Izuratik Jutsira, hemendik Larzabalera, hortik berriz parti Arhantsusira, eta horrela etxaldez etxalde. Arhantsusiko etxaldea, Zolakia, ezagutu zenuen zuk haurrean, udan bereziki, Baiona utzirik, han egoten zinelako oporraldien iragateko.

Arhantsusi herrixka ttipia duzu, doi-doia hiruetan hogeita hamar bat biztanle dituena egun, ehun bat pasa gaztean han zenbiltzalarik. Larzabaletik Donapaleura doan bideari hurbil, Amikuzeko atean, Zuberoako mugaren ondoan, hango ur handiaren bazterrean, hantxe zuzun, beraz, zure aitatxi eta gero izeba etxetiar izan ziren laborari etxea, Arhantsusiko zubia iragan eta berehala eskuinean pausatua. Azken gerlaren denboran zubi hartan zuzun demarkazio lerroa, erran nahi baitu, Frantziako lurralde osora hedatu aitzin, alemanek hemen gaindi okupatzen zuten eremuaren muga. Han elkar ezagutu zitezun zure aita-amek garai hartan, zure aita gerla denboran Baiona utzirik auzo herrian, Uhartehirin, gorderik zegoelarik. Zuk ere han zenuen bereziki euskaldungoaren lekukotasuna zure baitaratu, bidenabar uhaitzetako ur hotxetan amorrainen eskuz harrapatzen ere ikasten zenuelarik. Han, berdin, doi bat baserritartu zenituen baiones gisa zegozkizun hiritar manerak.

Beraz, zuhaurk aitortu diguzun bezala, Baiona izan bada zure sor eta hazlekua, barnagoko erroak urrunago dituzu, Oztibarren lehenik, eta baita, hastean erran bezala, Baztanen ere, Bozateko inguruetan, gero.

Azken hitza

Azken hilabete hauetan, biziki aipatu dituzu Rom populuko jendeen aurka Frantzian egin diren bortxazko kanporaketak, mundu bat asaldarazi dutenak. Dakigunaz, Euskal Herrian ere, Europako beste leku fronkotan bezala, izan dituzu bereizkeria bortitzak iragan mendeetan, bai hemen buhameak deitzen ziren romen aurka, eta baita lehenagotik, menturaz are molde itsusiago batean, agoten kontra ere.

Bada, jakizu, plazer dudala, eta berdin ene euskaltzain lagunek -pelutek erran behar ote nuke?-(17) etorki hartako norbait sartzen baita egun Euskaltzaindian. Eta ez bazterreko ate ttipitik denboran elizetan gertatzen zen bezala, baina, kolorezko bokalek bidea irekirik, zure Baiona maiteko Herriko Etxeko ate nagusitik.

Ongi jin!

(BEÑAT OIHARTZABAL BIDEGORRI euskaltzain osoa da)

  • Estrainekoz www.euskaltzaindia.net-en argitaratua, 2010-10-30ean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Oin-oharrak

  • (1) Sinestesiaz, ikus Richard Cytowic, Synesthesia: a Union of the Senses, MIT Press, Cambridge, 2002.
  • (2) A, noir corset velu des mouches éclatantes / Qui bombinent autour des puanteurs cruelles (Rimbaud, Voyelles).
  • (3) Pablo Pedro de Astarloa, Discursos filosóficos sobre la lengua primitiva, Pedro Velasco, Bilbao, 1883, 44. orr.
  • (4) Ohart Saussure frantsesezkoa bokalaz ari dela. Sinesteten pertzepzioak aldatzen dira grafemak edo fonemak zein hizkuntzatan ikusten dituzten. Nabokov-ek bere oroitzapenak biltzen dituen liburuan honen lekukotasuna ekartzen du: The long a of the English alphabet (...) has for me the tint of weathered wood, but a French a evokes polished ebony. Vladimir Nabokov, Speak, Memory, Vintage books, 1989, 13. orr.).
  • (5) Saussure-ren lekukotasuna zer gisaz gureganaino heldu izan den jakiteko, ikus Marco Mazzeo, «Les voyelles colorées: Saussure et la synesthésie», Cahiers Ferdinand de Saussure, 4, 129-143, 2004.
  • (6) Azkuek ekartzen duen Larrabetzuko lekukotasun baten arabera, aita agota izanik eta ama ez, semea agota zen (Euskalerriaren Yakintza, 1, 353. orr). Beste lekukotasun baten arabera, Baxenabarren halako bikoteen haurrei xarlingo erraten zitzaien (Eskualduna 1898/05/27, armiarmaren wegbunean eskuragarri: http://www.hemeroketa.com/argi.htm).
  • (7) J. Allières, Les Basques, Que sais-je? 1979, PUF, Paris.
  • (8) Manuel de Larramendi, Diccionario trilingue del castellano, bascuenze y latin, San Sebastian, 1745, facsimileko argitalpena, Txertoa 1984, Prologo, xxj.
  • (9) X. Videgain. La morphologie verbale dans "Alphonsa Rodriguez, Jesusen Compagnhaco Aitaren Guiristhino perfeccioniaren praticaren pparte bat Heuzcarala itçulia, Heuzcara bezic eztakitenen daco", Mémoire de Maîtrise de Lettres modernes, Université de Toulouse Le Mirail, 1982, 2 liburuki, lan argitaragabea.
  • (10) ... la diferencia que la distingue de la a es su delicadeza, suavidad y decaimiento. P. P. de Astarloa, ibid., 174. orr.
  • (11) Manex Erdozainzi-Etxart, Hinki-hanka, 2. argitalpena 1998, elkar, Baiona-Donostia, 63-66.
  • (12) Joseba Sarrionaindia, Ez naiz hemengoa, Pamiela, Lizarra, 1985.
  • (13) Piarres Larzabal, «Euskaldunak eta koloreak», Euskera 1975, XX, 401-406.
  • (14) X. Videgain, Le vocabulaire de l’élevage en Oztibarre, contribution aux archives de l’oralité basque, 1989, doktore tesia, 4 liburuki, Université de Bordeaux 3, lan argitaragabea.
  • (15) Bourciez bildumaz egin lanak ASJUn agertu dira hiru liburukitan: 1. liburukia, Haur prodigoaren parabola Ipar Euskal Herriko 150 bertsiotan, 2004, ASJU gehigarriak, XLIX, EHU, Bilbo ; 2. liburukia: Bourciez bildumako euskal atlasa, 1. Lexikoa, 2004, ASJU XXXVIII-2, Gipuzkoako Foru Aldundia & EHU, BilboDonostia; 3. liburukia: Bourciez bildumako euskal atlasa, 2. Gramatika, 2005, ASJU XXXIX-1, Gipuzkoako Foru Aldundia & EHU, Bilbo-Donostia.
  • (16) Patziku Perurena, Koloreak euskal usarioan, Saiopaperak, Erein, Donostia, 1992,169. orr.
  • (17) Pelut izena (perlut Nafarroa Garaian) erabiltzen omen zuten agotek hala ez ziren beste euskaldunez aritzean, baita kantabre ere (Eskualduna 1898/05/27, 19. mendearen erditsuko eskuizkribu baten arabera); ikus, halaber, R. M. Azkue Euskalerriaren Yakintza, 1, 351-54. orr.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus