Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Baionan

Baionan

2010-11-04 / 08:40 / Xarles Videgain   HIZKUNTZA

Xarles Videgain euskaltzain osoak 2010-10-30ean Baionan egin zuen sarrera-hitzaldia irakurgai duzue hemen, oso-osorik.

Gertatzen ez denik ez baita, euskaltzainen artean sartzeko baimena iaz eman zidan Euskaltzaindiak: egun hartan non nengoen eta nola jakin nuen bilatzen dudala memorioak kurioski huts egiten dit. Baina lehen mementotik beretik ohore eta kargu izanen zitzaidala banekien eta lehen kargua eta ohorea, hemen Baionan zuen aitzinean errituala den hitzaldi xume hau eman beharra. Hona ekarri nauen ibilbideaz bi hitz eman nahi nuke.

Euskaltzain jaun-andereak, zuen akademia ez da bakarrik hiltzen eta sortzen diren hitzen estadu zibileko bulego xoila zeinetan hil diren hitzak oso berant zerrendatzen diren eta zeinetan sortu diren hitzak onartzen diren aspaldi handian koxkorturik izan ondoan. Lan hori ez da arbuiagarri baina gure Akademiaren lana askoz zabalago da, interesgarriago, beharrezkoago. Gizarteak instituzioak behar ditu, euskal munduak instituzioak behar ditu, euskarak bere instituzioak behar ditu, errespetagarri diren ber. Eta instituzioa errespetagarri izaten da temati eta egonkor baldin bada, bere helburuen alde beti tinko eta azkar jokatzen baldin badu. Bide hortan badabil Euskaltzaindia, errespetagarri.

Zuen artean ez naiz sartzen joan euskaltzain baten ordez eta beraz ez dut haren laudatzekorik. Hemengo erritua xoila da, dekorum handirik gabekoa: euskaltzainek ez deramate soinean jantzi berezirik, ez ezpatarik aldean.

Eskerrak emaiten dizkiet hona gozaita gisa lagundu nauten Patxi Uribarreni eta Jean Haritschelharri. Euskaltzaindian sartuz, euskaltzainek orok elkarretarik bereiz ditzaketen desberdintasunak ahantzen edo leuntzen dituzte, gure gizartean euskarak hartze duen lekua, behar duen osagarria eta zaindu behar duen geroa baitira instituzio osoa eta euskaltzain bakoitza kezkatzen dituzten oinarrizko arrangurak. Bide hortatik beretik ahalaz ibiliko naiz zuen laguntzarekin.

Intelektual omen gara, gure jakitatearen berri eman behar dugulakotz edota jakitatearen arabera gure aburua: aski berria da Iparralde honetan euskaldun intelektual izatea, hots ez mintzatzea estatu edota eliza baten bozeramaile gisa. Unibertsitateko erakaslearen lana eta hizkuntzalarien lana ez da bakarrik gure herrian eta gure hizkuntzan zer gertatzen den ikertzea. Erkatzekoa dugu ondoan, auzoan, edo berdin urrun gertatzen diren fenomenoekin. Guri da beraz gure nortasunaren ikertzea haren barnean hertsia izan gabe. Mundu desberdinetan ibiltzeko parada badaukagu, mintzaira desberdinak, maskarak, tranpak, erretorikak ulertzeko laguntza ematen diegula gure ikasleei.

Sortzeak hiltzea zor du. Eta ez nagoke ene aitzinekoek eman didaten laguntza aipatu gabe. Gure orainaldia nolazpait iraganaldiak mugatzen du. Hil diren lagunek gu baizik ez gauzkate gure artean itzal poxi bat izateko. Hemen nago haiei esker neurri batean eta neurri batean gure hitzen oraindik bitartez bizirik daude.

Lehenik odoleko kadina eta bilurra badago eta ene aita gogoan daukat: umila zen eta atsegin izanen zuen gutartean egotea. Gogoan ditut ere osabak eta izekoak, beren euskalduntasun umila, alegia deus ere, pizu handikoa izan baita ene ibilbidean.

Kadina intelektuala ere izan dut hildakoek eta beharrik bizi direnek trenaturik. Jacques Allières erakasleari zor diot euskararekin lehen lotura intelektuala eta gero beste euskaltzain askoren laguntza izan dut, bereziki Aingeru Irigarairena, gero Jean Haritschelharrena, ber denboran akuilu ezin zorrotzago izan delarik Georges Rebuschik edo Beñat Oihartzabalek obratzen zituzten lan distirantak ikustea. Gogoan ditut Unibertsitateko lagunak: Jean-Baptiste Orpustan, Txomin Peillen, Aurelia Arkotxa, Jon Casenave eta Ur Apalategi. Aipamen berezi bat egin nahi diot Atlasgintzaren gorabehera guzietan uztarkide izan dudan Gotzon Aurrekoetxea adiskideari.

Anitzetan norberak bere bizitza ikusten du narrazio bat izan balitz bezala, nahiz ez den narrazio hutsa izan, are gutiago ohartuki antolatu eta eraiki narrazioa.

Baionan gaude, sortu nintzen hirian. Nehor ere ez da bere haurtzaroaz hobendun. Eta baionesa izanik ere, uste dut eragin handia izan duela Nafarroa Beherean, Oztibarren, iragan haur denborak. Eskertu nahi dut Izuran sortu zen eta Baionan mundura ekarri ninduen ene ama, hemen dagoena, zuzen eta zabal hazi eta hezi gaituena.

Eskuliburuek orrialde kopuru bera ez diote eskaintzen historiaren aro bakoitzari: berdintsu egiten dut ene haurtzaroko denboraz. Ezen urte oroz hiru hilabete baizik ez nituen igaiten Oztibarreko Arhansusi Zolakian; alta hango oroitzapenak datozkit burura olde handiz nahiz beste bederatzi hilabeteak Baionan igaiten nituen. Han iragan egunez oroitzen direlarik, deabruz egina nintzela baldin badiote ere ene askaziek, nik haurtzaroko Oztibarre hura paradisu gisa ikusten dut. Eta uste dut euskararekiko lotura ez nuela bera izanen Baionako katedralaren itzalean tairik gabe egon izan banintz Oztibarrera joan gabe.

Halere Baionan sortu naizela ezin uka. Baionaz maitasunez mintzo dena Roland Barthes izan da. Baiona ongi ezagutzen zuen, gaztaroa hemen iraganik, eta Okzitaniako notario familia baten ondorengo honen hitzak hona ekarri nahi ditut: Baiona, Baiona hiri perfeita da: ibaietako hiria, auzo-inguruneetako izen ozenek aireztatzen dutena (Moxorola, Marracq, Lachepaillet, Beyris) eta bizkitartean hiri zerratua ...

Baiona hiriaz mintzo da Roland Barthes eta ez baionesen perfeitasunez edo Oihenarten hitza errepikatuz haien betegintzarreaz.

Ezen Baiona perfeita irekia baldin bada, hertsia ere da Roland Barthes-ren arabera. Eta gogoan ez dituzke bakarrik Vaubanek zuzendutako harresiak eta hirierdia inguratzen duten horma gaitzak. Alabaina, Baiona eta baionesak beste manera batez agertzen ditu beste idazle batek. Paul Gadenne du izena, Gaineko kartielak / Les hauts quartiers eleberria idatzi zuena. Baionako burgesiaz egiten duen potretaren irakurtzea gomendatzen diot nornahiri, bereziki kulturari buruz oro har hemengo burgesek zuketen kezkarik eza eta hertsikeria erakusten ditu zorrozki. Paul Gadenne sinesten nahi baldin badugu, ematen du Gaztelu Zaharreko edo Berriko barne ilunek beren mutzidura zerbait utzi duketela gure hiritarren gogoan. Zuberotarrez ongi desberdintzen baita gaztelü eta jauregia, gaztelü bat gerlako eraikin indartsu hertsia delarik, eta jauregia aldiz atseginleku irekia: Gaztelu eta jauregi, Baionak bietarik badauka. Agian gauzak hasi dira kanbiatzen, Unibertsitatea, CNRS eta Euskaltzaindia preseski Baionako Gaztelu berrian jarri diren ordutik.

Onomastika zientzia omen da baina datu objektiboez gain balio sinboliko eta afektibo handia hartzen dute leku eta jende izenek. Roland Barthesek kontatzen du nola bere dirurik gabeko amatxik usu aipatzen zituen Baionako burges zenbaiten izenak, ustez eta haien izenak ahoskatzeak berak hurbilaraziko zituen. Zerrenda ere badakar: Leboeuf, Barbet-Massin, Delay, Voulgres, Poques, Léon, Froisse, de Saint-Pastou, Pichoneau, Poymiro, Novion, Puchulu, Chantal, Lacape, Henriquet, Labrouche, de Lasbordes, Didon, de Ligneroles, Garance. Barthesen arabera, izen berezien linguistika bera ez zaio nahikoa, erotika bat omen zaio, izena, boza bezala, urrina bezala malenkonia baten muga da: gutizia eta heriotza.

Nik Roland Barthesek mende erdi bat berantago oihartzun gisa Remparts inguruan bizi ziren lagunen izenak aipa nitzake: Lans, Laxalde, Laxague, Elgoyhen, Martinon, Lespesailles, Fies, Thorez, Lonné, Coussirat, Lestanguet, Ameztoi, Dameztoi, Sanchez, Artigou, Gondel, Sarrazin, Leoncini, Boudjima. Ez da leku bi zerrenda horien ikerketan sartzeko baina iduritzen zait ene zerrendan gaskoi eta frantses izenen proporzionea murritzago zela, besteak beste gerlatik landa barnekaldeko euskaldun anitz jin zelakotz Baionara eta hain segur ere Roland Barthesen amatxik baino burges gutiago ezagutzen genuelakotz gure auzoan. Jauntzien erosteko hutsik egin gabe jotzen genuela Salzedo dendara oroitzen naiz eta Judu portuges deitzen genuen familia horren dendan bazegoela orman handizki emana Euskal Herriko probintzien armarria. Bitxi baldin bada ere, Euskal Herri bat bazitekeela ez genuen batere garbi ikusten ez sentitzen. Kirolaz axola gehiago bagenuen: Joseba Sarrionandiak bere Akordatzen naiz liburuan kontatzen du nola bere adineko mutikoek buruz bazekiten Bilbo Athletic taldeko futbolarien zerrenda: guk gauza bera egiten genuen Avironeko rugbilarien 15 izenak katixima bezala emanez baina nor zen euskaldun eta nor ez kontuan hartu gabe, hots Iratxabal eta Darmendrail, Duprat eta Altxutegi. Bakar-bakarrik doxa gisa uste genuen aitzineko jokolari indartsuetan euskaldun gehiago bazitekeela, gibelekoetan aldiz bakanago, hegalari fina zen Izurako Adolphe Jauregi jokolariaren barkamenarekin.

Jende izenen fonetikaz bestalde, Baionako soinuak ere datozkit burura: bestetako eta jaietako doinuak bereziki, zeinetan euskal folklorea iturri nagusia zen, gehiena frantserera itzulirik haatik. Badakigu Barthesesk, Lévi-Straussek eta hemen dauden euskaltzain eta euskaltzale anitzek musika maite dutela eta ongi ezagutzen. Ene eskasia aitortu behar dut. Erran dut ene aita zena umila eta ixila zela. Oroitzen naiz musika berezia joten zuela, danborrari gisa igandetan frankotan aritzen baitzen Sent Andreseko Gurutzatuen klikan, prozesio, desfile eta jai anitzetan. Astean lagunekiko entseguak bazituen eta bestalde etxean entrenatzen ari zen baina ixil-ixilik amorekatik auzoak ez ditzan narda eta enea: larruzko danbor ttipi bat eginarazi zion zapatainari, hede batez belaunean lotzen zuena eta han zinez jo ari izanik ere, danbor hura mutu egoten zen. Hura mutu zen eta nago nihaur musikaren aldetik ez ote naizen elkor egon, salbu beharbada erritmoari: ondotikako inkesta linguistikoetan, hitzen urratsari arta berezi bat eman diot hitz-jarioan. Aldiz hitzen soinuen estetikari aski sorraio naizela zor dut.

Urrina. Horra Barthesek dioena: Gehiago itzuliko ez denetik, urrina zait itzultzen. Hala nola ene baiones haurtzaroko urrina: mandalak inguratu munduaren antzera, Baiona oro bildurik dago urrin osatu batean, Baionattipikoarenean (Errobi eta Aturriren arteko auzoan): espartinegileek landu soka, epizeria iluna, zur zaharren ezkoa, airerik gabeko eskaker-etxeak, Euskalduntsa zaharren jauntzien beltza, mottoa atxikitzen zieten burukoraino beltzak baitziren, olio española, ofizialeen saltoki ttipietako hezetasuna...

Urrinez ero bat bezala oroitzen naiz : zahartzen ari naizelako marka.

Eroturik edo zaharturik, nik ere gogoan dauzkat oraino Uztaritzetik jiten zen Gassuan andereak borta aitzinean uzten zuen esnearen urrina, baita ere karriketan orduan ondarkinak eta zakarrak biltzen zituzten itzain euskaldunen orgek libratzen zuten urrin garratza.

Bista, doinua, urrina, Baiona gorputzari mintzo zaio, eta beraz osasunari. Ez dakit alderdi ona ala ahula den Baionak daukan beste ezaugarria: nasaia edo lasaia dela iduritzen zait eta oro har osagarria ematen duela. Alta Roland Barthes kexu zen erraiten zuelarik hunat jinez geroz kasik aldi oroz buruko min gaitza biltzen zuela: uda eta negu lepoko gorria bazeraman marrantzeko beldurrez: badakigu sanatorium batean luzaz egon zela eta miresten zuela Thomas Mannek nola bizi-arazten duen erietxeetako denbora. Oraixtian aipatu dudan Paul Gadenne gaizoa aldiz, bularretako minak harturik, Kanboko sanatorium batean egon zen eta hona etorri zen Baionako aireak on eginen ziolakoan. Baionako osagarriari buruz ere, kezkagarria izan diteke beste ohar bat: ni sortu naizenetik Baionan ezagutu ditudan auzapez guziak mediku izan dira. Horiek hola, oro har Baiona leku sano eta xaloa dela uste dut eta ongi ezak eta larrialdi guziak urtarazten dizkit Baionara itzultzeak berak. Zor hori aitortzen diet Baionari eta baioneseri.

Askotan pentsatzen egon naiz horrelako Baiona batean sortu naizen honek ez zuela batere menturarik euskaldun izateko eta euskarazko proiektu zientifikoetan partaide izateko. Mirakulu hutsa ez baldin bada izan, daukat sirats ona izan dudala Baionako jaugin zenbaitetik ihes egiteko.

Lehenago nion Baiona perfeita, irekia, zabala eta ber denboran hertsia eta zerratua dela. Baina ere ibaietako hiria dela. Zaudeten barne ilun honetan sartu aitzin, ikusi duzue bi urratsetan Aturri eta Errobi elkarri juntatzen direla herriko etxeak berraltxatu duen delako échauguette-aren pean. Iduri luke zabal eta irekia izatekotan Baiona errekari emana dela eta beraz, portu izanez, itsasoari emana. Haur denboran arta handiz irakurtzen nuen egunkarian zein ziren Baionako portuan erlaxa egiten zuten itsasontziak, nondik eta nora, zer ekarri zuten eta zer eraman gai zuten. Itsasoaren deia, kanporako deia, hemendik alde egitea ozen entzuten genuen gazte anitzek. Dei horri elkorrarena egiteko zoria izan dut.

Barthes eta Paul Gadenne bezala, bada beste artista bat Baionaz mintzo dena bere bi erretaula handietan. 18. mende erditsuan Baionako portua pintatu zuen Joseph Vernet artista famatua dut gogoan. Pariseko saloietan 1761ean hasirik erakutsiak izan ziren arrakasta handiz Frantziako portuez egin zituen obrak. Ez dagokit haien balio estetikoa ikertzea, nahiz kritika gehienek estimatu zuten erretaula haietan Vernetek erakusten zuen nagusitasuna. Haren laudatzeko Diderot ez zen azkena izan, baina halere Baionako portuaz egin erretaula hortan enegu bat altxatu zuen filosofoak: Verneti oldartu zitzaion baizik eta erretaula ilunegi zela, Baiona arrats apaleko argi ahul batez erakustea ez zela hautu ona. Argi eskas horrek ondoko hitzen errateko gogoa eman ziola dio Diderotek trufa aire batez, Bihar arte, iguzkia jeikia izanen delarik! Alegia Vernet jaunak Baiona egun argiz pintatu behar zuela.

Koloreetan beharbada ilunegi zen Vernet artista baina xedea argia zeukan: Baiona hiria eta portua erakustea bai baina, erregek alde batetik eta herriko hautetsiek bestaldetik onartzeko gisan. Bi obrek aldaketa handiak jasan zituzten. Badakigu Luis 15. Erregek Verneti manatu ziola kortsarioak eta berek harrapatu itsasontziak Baionan sartzen erakustea erretaula bakar batean. Baionak kortsarioak igortzen zituen orduan itsasoetan gaindi Erregeren zerbitzuko: eskipaiak euskaldunek gehienbat osatzen zituztela. Lamikiz ikerle adiskideari esker, badakigu hain zuzen lau urte lehenago Kanadako Louisbourg aldera joan zela Baionatik “le Dauphin” itsasontzia. Ondikotz, Angelesek ontzia harrapatu zuten zeraman gutuneria pribatuarekin. Zorionez, Lamikiz jaunak gutun horiek atzeman ditu eta euskaraz eginak dira, Saratik, Bidartetik, Ziburutik, Donibanetik igorriak. Adibidez Saratik 1757ko martxoaren bian, horra Martin Durruti aitak zer dioen:



Ene seme maitea eskribatzen darozquiçut bi lero çuri nere berien marcatçeco osasuna dut neure famillia guçiarequin jaincoari esquer eta denbora berean desiratçen nuque çurea hala balitz. Urrunago aipatzen du nola lagun bat corxurat goancen duela hogoi egun Baijonatik. Azkainetik igorri gutunean, Pierre Etchegarayk koinatari idazten dio: guerlaren aparantxia handia da Baionan eta donibanen badire hemesortsi corsacale untçy istileroan eta corsurat goanac guehiago ezta hemen berse negosiori corsua eta corsua baicic.

Beraz kortsario euskaldunak baziren Baionan. Ez dakigu Vernetek zergatik ez zituen pintatu nahi izan. Erregek taula bat bakarrik nahi zuen Baionaz eta Vernetek biga egin zituen, kortsarioak ez batean ez bestean ez direla ageri. Nahiz galdegina izan zitzaion, ez zuen onartu Bokaleko barra sartzea bere tauletan ez eta ere itsasoa furian galdegina izan zitzaion bezala. Lehen taula pintatu zuen ziudadela gainetik Baionari begira eta bigarrena Boufflers ibilbidetik ziudadelara azpikaldetik so eginez, bi tauletan ardatza Aturri delarik.

Indar-joko hartan, Vernetek halere beste molde batez amore eman zion Erregeri, bi tauletan erregeren sinboloa den ziudadelak Baiona atxikitzen ditu eta kontrolatzen baitu. Ageri da Baiona erregeren funts bat dela. Baina Baionako herriko korporazioari ere kausitu beharrez, Vernetek erakusten du Espainiako atean omen dagoen Baiona hiria ezin hobeki kokatua dela eta baionesen mezu hau igortzen du: Baiona paregabeko komertzio leku egokia da.

Baionesek galdegin zioten Verneti lekuko xehetasun tipikoak erretauletan sartzea: oroz gainetik itsasogintzaz eta nolazpait ibaiaz mintzo zaizkigu tillolla, gabarra, "couralin" eta "chalibardon" deitutako ontzietan dabiltzanak edota kulakak arrantzatzen dituzten pertsonaiak. Doi doia agertzen dira bestalde euskaldun bat edo beste, bi artzain, idipare bat, kakoletan ibiltzen diren andereak, eta tupinka deitu jokoan ari direnak. Ororen buru, Baionako hautetsiek esondatu zizkion guziak Vernetek ez zituen onartu.

Bi obra horiek aipatzen ditut erakusten baitigute edozein proiektu, artistikoa izanik ere, bere muga historikoetan ikusi behar dela. Baiona irekia eta erregeri men egiten duen hiria dela erakusten digu Vernetek. Zilegi izan bekit puntu bat azpimarratzea ene irakurketa berezia eginez: Baionako erretauletan ez da agertzen itsasora joateko dei handirik, hemendik urrun joateko aldeko dei handirik. Nahiz ez duen segurki nahitara egin, Verneten Baiona ez da bakarrik partitzeko tokia, eta egoteko toki gisa dela ikusi nahi dut haren obretan.

Zuzen edo oker, urrun edo hurran, ene ibilbidean izan dudan suertearekin badu zerbait egitekorik itsasoari guziz irekia ez den Baiona horrek. Hemengo gazte anitzek bizi izan duten exilioari uko egiteko suertea izan dut. Alabaina, ez dut uste exilioa berez aberastasun iturria dela. Kreatibitate iturria dela entzuten dudalarik, Edward Saïd etortzen zait gogora: salbuespenak salbuespen, erroak moztea eta oinazea ekartzen dituen exilioa karioegi da. Simone Weil-ekin daukat nonbait erroak ukaitea gizakiaren behar handienetarik dela, nahiz behar horren alde agertzeko uzkurregi garen. Exilioaren alde mintzo dena ez dut uste lausengatu eta balakatu behar denik.

Exilioaren gaitzetatik salbatu nauena, parte bat, abertzalegoa izan da. Hemengo gazte franko bezala abertzaletu nintzen euskaldundu baino lehen. Abertzalegoa deitzen dut populu bati, haren herriari eta mugapeari, haren ontasunari bai erratea eta norberak bere burua harekin lotua ikustea.

La langue est une patrie, zioen Victor Hugok Baionan egon ondotik bestaldera joanik. Nik -eta ni bezalako anitzek- euskara ez jakitea bizi izan dut exilio gisa, eskas eta mengoa gisa senditzeko zorion mikatza izan dugu. Ezagutzen dukezue bada Yves Gibeauren eleberri batean protagonista bati gertatzen zaion oinaze famatua: 800 metrotako atleta bat, munduko txapelduna izana, gerlan besomotz gelditu da. Gerlatik landa, berriz entrenatzen hasten delarik, iduritzen zaio hain zuzen besorik ez duen lekuan min duela. Beste neurri batean, anputazio gisa bizi izan dugu euskaraz mintzatzeko gai ez izatea eta bakerik ez dugu izan euskara berriz txertatu arte. Lehenik protesi gisa, zurrun eta hotz baina funtzionala. Erakasle onak ukan nituen, lehenik Allières jauna, gero Bizkaiko lagunak Jose Luis Lizundia, Rikardo Badiola eta Juanjo Zearreta zena barne, eta gero Mirenekin ezkontzearekin Bizkaian ezagutu ditudan eta joan diren Esteban, Raimunda, Joselu eta Natiri bizkaitar lagun biziak.

Eta euskarari buruz norberak duen aburua ere aldatuz doake. Aski prusiar nintzela badakit: gogoan daukat ene lan batez Piarres Xarritonek erran zuena, anitzetan bezala dena ortzantz eta ozpin: Hori xarlexkeria duk, aditzera eman nahi baitzuen Ikas batasuneko antologia batean bestaldeko testu parrasta bat sakatu nuela hemengoak gutietsiz. Piarresi barkatu diot ororen buru egia zioelakotz.

Eskas nuen euskara bizia, ahozko euskara ezagutzea, ikastea, biltzea, ikertzea. Atlasean partaide izatea paregabeko esperientzia izan dut. Atera den Atlas Linguistikoa zer den ez dirot zehatz-mehatz aipa. Kontuan har bakarrik luze izan dela. 145 herritan ibili gara eta 400 bat jenderi 3.000 galdera pausatuz, Euskaltzaindiaren altzoan daude angoldurik 4.000 baino orenak, manetofoian harturik. Lekukoek erran zigutena, berriz entzun eta transkriba, bildu datuak antola oinarri informatiko batean, azkenik mapetan eta datubaseetan datu horiek eman irakurlearen eskutan. Teoriaren aldetik atlasak deus ez du oso konplikatua denik. Bakarrik antolaketa behar du, denbora, langile prestatuak, dirua. Achab kapitainak Moby Dick balea ikustea berantesten baldin bazuen gu ere bageunden ea behingotz Atlasa agertuko zenez. Azkenean aurten atera dira lehenbiziko bi tomoak.

Izura, jendea pizura dio erran zaharrak, Izurak bere merkatua zuelakotz. Atlasa argitaratua da eta liburuki bakoitzak ez du arras lau kilo egiten. Zerbait gutixeago. Hainbat hobe. Diotenaren arabera, Jean-Paul Sartren L’Etre et le néant liburua agertu zelarik gerla denboran, Gallimard harriturik zegoen ikustearekin liburua guti baizik ez zela saltzen hastapenean eta gero ehunka: ohartu zen nola etxekandereek filosofia-liburu mardula eta zaila erosten zuten gizonek baino gehiago, eta bestalde ale bakar bat ez zutela erosten baina biga. Nola plomuzko edo berunezko pizuak urtaraziak izan ziren, alabaina laster hedatu zen berria baizik eta pizu haien ordez Sartren liburua erosi behar zela kilo bat zuzen egiten zuelakotz. Non ikusten baita Iturengo arotzak jarraitzaleak izan zituela Parisen ere eta non ikusten baita zuhur jokatu dugula gure Atlasari pizu makurra eginez. Non ikusten ere gure atlasa ez dela on pizu gisa erabilia izateko. Agian beste bertuterik baduke.

Pisuaz kanpo, Atlasaren obratzea bidaia luze izan zaigu. Soziolinguistikaz axolatzen direnek diote euskarak hiria behar duela eta arrazoin dute. Baiona ez da izan orai arte pisu handiko euskaragunea eta hasi nintzelarik euskara bizia ikertzen beharbada ene haur denborako oroitzapenek liluraturik, itsasoari bizkar egin nion eta iduritzen zait atlasgintzan sartzea errekari goiti joatea izan dela, mendiari buruz. Portua utzirik, bortua hautatu nuen. Bederen borturako bidea.

Erran gabe doa, errekari goiti joateak bere prezioa badu. Baionatik Uztaritzera urez ibiltzeko bada zirgabide bat, idiek eta zaldiek handik ontziak tiratzeko gisan. Eugène Goihenetxek erakutsi du nola marinelak kexatzen ziren zernahi naza emanak baitziren ur bazterretan arrain atzemateko eta ontziak ez baitziren aise igaiten ahal. Guk ere nazak eta mota askotako trabak ez ditugu eskas izan atlasgintzan. Atlas ontziaren pizua ez dugu beti ongi haztatu eta indarrak ere ez. Atlasgintzak, iraultzak bezala bere umeak jan ditu. Langile guziek gauzak hobeki egin beharrez, gutarteko eztabaidak izan direla ez da segeretua. Halere, Rimbaud-ren Bateau ivre ez bezala, gure ontzia ez da sekulan izan guziz abandonatua, Euskaltzaindiak beti furnitu baitu uhaitzean branka atxikiko zuena, J. Haritschelhar hastapenean, Benat Oihartzabal, gero goizegi joan zen Andolin Eguzkitza eta azkenik Adolfo Arejita. Izuran baitago etxe bat Pazientzia izena duena, hara joan gabe gure lau batzordeburuek erakutsi diguten eroapenarengatik eskertzen ditut. Eskifaiako lagunak izendatuko ditut, polizoi edo bidaiari klandestinoez kanpo agian ez dut nehor ere ahantzi: G. Aurrekoetxeaz eta nitaz kanpo, lanean ibili dira Isaak Atutxa, Iñaki Camino, Ana Maria Echaide, Jose Mari Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Jon Irigoras, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde, Koro Segurola, Amaia Jauregizar, Gorka Intxaurbe, Aitor Iglesias eta informatikan, Andoni Unzalu, Iñaki Kareaga eta Erlantz Aristegi. Milesker ere Euskaltzaindiko langileei beti laguntza azkar eta goxoa eskaini didatelakotz.

Atlasaren historia ez dut eginen, haren aurrehistoria ere ez. Guk obratu dugun atlasa egin aitzin, entseguak ez dira guti izan. Badu kasik ehun urte Baiona honetan bildu zirela besteak beste Broussain, Urkijo, Landerretxe, Léon, Gavel eta mozio bat egin zuten erranez behar-beharrezkoa zela atlas linguistikoaren egitea. 1912an gertatu zen bilkura eta ordukotz eskatzen zuten atlas hura egina izan balitz, ez zen Europako atlas berriena izanen, ezen bazuen jadanik hamar bat urte Atlas linguistique de la France atera zutela Gilliéronek eta Edmontek. Ondotik Mitxelenak, Allièresek, Lafittek, Mixel Mourguiartek, Monique Capdeviellek, Anamaria Etxaidek lan egin zuten balizko atlas baten alde. Frantziako CNRS bere atlas-bilduma hertsen ari zela eta itxura guzien arabera amets hura zimelduko zen, noiz eta ere gure atlasa indarrean emateko parada ona izan baikenuen duela mende laurden bat. Bi kausa izan genituen atlasaren alde: alde batetik, CNRSko dialektologoen laguntza izan nuen atlasaren oinarrien zutik ezartzeko, galdakizuna eta inkesta metodologia bereziki Jean Séguy, Xavier Ravier, Jean Le Dû, Gaston Tuaillon, Michel Contini, Marthe Philipps luzaz mintzatu ondoan. Bestaldetik, hegoaldean baldintza politikoak aldatu zirelarik, Atlasaren proiektua onartarazi genuen, Euskaltzaindia buru zela, Eusko Jaurlaritzak lehenik lagundurik, eta bereziki eskertzen dudan Mari Karmen Garmendiaren eskutik. Deban, Donaixtin, Markinan, Uztaritzen, Gasteizen egin genituen bilkurak erabakigarriak izan ziren. Informatizazioaren erabilpena hastapenetik hautatu genuen eta uste dut gure datu konplexuak sistema informatizatuan sartzea arraskatsua izan dela.

Lanean sartu aitzin ttipikeria batzuk jasan genituen. Lehenik Frantziako administrazioak ukatu zidan mugaz gaindiko langile izateko baimena. J. Haritschelharrek korapiloa trenkatu zuen eta baimena erdietsi. Gero bestaldera joatea debekatu zidaten han pertsona non grata izateko ohorea eman baitzidaten eta Jose Luis Lizundiak aski kalipu izan zuen poxelu horren gainetik igan nendin, berak baimena erdietsirik Ramon Jauregirekin mintzatu ondoan, hura baitzen orduan Madrilgo Gobernamenduko delegatua. Ustez banakien isoglozak zer ziren, aldiz mugaren pisua ongi ikasi nuen.

Azaleko kanbiamenduak jasan ditu Atlasak, beste arazo batzuen oihartzun direnak. Hasteko gure atlasa atlas etnolinguistikoa izanen zela uste genuen, eta aldatua izan zen: hizkuntz-atlasa deitua izan zen, hemengo bereko hizkuntzalari franko etnografiaren inguruan uzkur direlako seinale. Zer nahi gisaz, bigarren tituluak ere ez zuen iraun. Hain zuzen Euskal Herriko hizkuntz atlasa titulua izan behar zena ez zuten onartu proiektua laguntzen zuten hautetsi batzuek eta Euskal Herri izena beste batez ordezkatua izan zen argitaratua den liburuak erakusten duen bezala.

Askotan dialektologoa oso enpirikoa da eta marko teorikoetan ez da aski ibiltzen. Baina nago ez ote den ere inoxent bere ingurumenari ez baitio aski so egiten. Atlasak izan dituen beste aldaketen artean beste bat aipatu gogo dut. Hain zuzen Atlasa agertu delarik kanpoko aditu batek galdegin zidan gure mapak nola eginak izan ziren eta zergatik ote genuen marra lodi bat eman probintzia bakar baten zedarriztatzeko. Alabaina irakurleak ikusiko du gure mapak oro mapazola horren araberakoak direla. Hotz-hotzean, fenomeno horrek erakusten du gure atlasa, atlas izenak berak adierazten duen bezala, geografiarekin lotua dela, eta beraz poterearekin. Vernetek ezin hobeki zekiena jakin behar genukeen.

Guk hautatu genuen mapa eredua izan zen euskaraz mintzatzen diren 145 herrien errepresentazioa ematea paperaren gainean, orografiaren eta hidrografiaren berri eman gabe, probintzia historikoen muga doi-doia markatuz. Adibidez administrazioaren aldetik Zuberoatik kanpo dagoen Eskiula bere lekuan kokatu genuen, besterik gabe.

Guk hori mapa mutu deitzen genuen. Ustez mutua, baina gehiegi mintzo omen zen hautetsi zenbaiten arabera. Zedarri berri batzuk mapan ezartzea erdietsi zuten atlasa ekonomikoki laguntzen zutenetarik batzuek. Denborak ematen duen hoztasunarekin, ohartu naiz eskaera hori ez dela guziz usaiaz kanpokoa eta puntu minbera. Alta beste abisu batzuk harturik nengoen aurretik. Alabaina, ALE Atlas linguarum Europae / Europako atlas linguistikoa proiektuan, ikusi nuen nolako lanak zituzten estadurik gabeko hizkuntzak ikertzen zituzten inkestaegileek. Lanak bazituzten: eufemismoa baliatzen dut. Urrun joan gabe, Europako atlasarentzat euskarazko inkestak Bizkaian eta Nafarroan nihaurk egitea Allières jaunak galdegin zidalarik, berehala oldartu zen bizi-bizi Manuel Alvar jakintsua, Allières edo ni Bizkaian ibiltzea ingerentzia izanen zelakoan. Atlaseko arduradunek aholkatu ziguten gibel egitea. Baietz erran genuen eta halere inkestak egin genituen Bizkaian eta Nafarroan ondoko hilabeteetan.

Ezen oro har, atlasa mapa da, portulano bat. Eta mapak adierazten duenari potereak kasu egiten dio. Oraixtian aipatzen nuen Verneten erretaula dela eta, erran dut erregek manatu ziola aski zorrozki zer erretaula egin behar zuen. Baina hain zuzen errege hitza bera geografiarekin lotua dela ez genezake ahantz. Benvenistek erakusten du rex hitzak baduela zerbait egitekorik grekerazko orego aditzarekin: orego da erranikako puntu batetik aitzina zuzen joatea, lerro bat eginez. Erregione hitza ere hortik dator: erregek mugatzen duena erregione da. Erregek eskubidea badauka bere lurraldea zuzen eta zuzenki mugatzeko, eta bere ontasunetan sartzeko. Geroztik, mapa motak aldatu dira, lehenagokoak toponimo zerrenda bat baizik ez ziren gehienez, zeinetan toponimoa bere lorietan baitzen, eremuak mapetan izendatzen eta entzuten baitziren kasik erakutsiak izan gabe. Guk onartu behar dugu gure mapa zola mutua mintzo dela, ezen mapa hori egina den ezaugarri baten arabera, hots euskara mintzatua den eremuaren arabera, beste muga guzien gainetik. Ohartu gara, berant, gure mapetan erregeren edo poterearen pisua ez dela errexki desagertzen, are gutiago erreinu zaharretan.

Ordu da labur bada labur aipa dezadan atlasa zer den. Dialektologiak hizkuntza batean zer aldatzen den ikertzen du, eta beraz ez den aldatzen ere bai. Erraten da badirela kanbiamendu diakronikoak, diatopikoak, diafasikoak, diastratikoak, diamesikoak.

Diakronikoa da denboraren arabera gertatzen den aldaketa hala nola Etxeparek duela lau mende norkbait erratea eta guk norbaitek. Atlasak aldiz garaiko datuak biltzen.

Diafasikoa da enunziazio-baldintzen araberako aldaketa: hala nola lagunen artean solasean aritzea edo konferentzia baten ematea.

Diastratikoa da norberak gizartean duen kokapen sozialaren araberako aldaketa. Alderdi hori gure atlasak bazter batean utzi du, herri bakoitzeko emazteki, gizonki, ofizioko jende anitzekin inkesta egitea luzeegi izanen zelakoan.

Diamesikoa da gaingiroki mintzaira ahozkoa ala idatzizkoa izanez gertatzen den aldaketa. Atlasak ahozko euskara baizik ez du bildu. Ez euskara idatzia.

Atlasak alderdi diatopikoa du ikergai gehienik. Aski luzaz erran dut geografiatik zer daukan: beraz hizkuntza leku batetik bestera nola kanbiatzen den erakutsi nahi du. Baina historiaren arrastoak erakusten ditu nonahi hizkuntza batek eta erran diteke eremu linguistikoa denboraren kontzentrazio bat dela.

Hizkuntza zer den azaltzeko definizioak ez dira guti. Hizkuntzalari izan gabe horra zer dioen Merleau-Ponty filosofoak hizkuntzaren malgutasuna aski ongi adieraziz: Hizkuntza zer izan behar da, ez baldin bada, hiztun bakoitzaren inguruan den tresna bat, bere inertzia duena, bere eskaerak, bere bortxadurak, bere barneko logika eta bizkitartean hiztunen iniziatiba guziei irekirik dagoena nola gertakari historikoen, moden eta inbasioen ekarpen gordinei, beti gai dena errranahi-aldaketak egiteko, inganio eta liluren egiteko, ordezkaritza funtzionalak biltzeko? Horren ondorioz bere logika osoak amuka dabilanaren itxura hartzen du.

Eta egia da: legebizitza da hizkuntza aldatzea. Sapirren hitza harturik, dotore erakutsi zigun Lurdes Oñederrak drift hitzak adierazten duena ez dela teratologiaren munduan sartu behar, hots aldatzea, kanbiatzea ez dela baitezpada andeatzea, bertutea galtzea, hutsal gelditzea. Kanbiamenduak kreatibitatea adieraz lezake, asmakuntza ere. Baina horri euskaldunak uzkur gara, segur aski diglosia garratza hautematen dugulakotz eta insekuritate linguistikoa barna sendi dugulakotz.

Hari beretik kanbiamendu mota bat besterik ez den mailegua Atlasak biltzen du batere arbuiatu gabe. Euskarak omen duen eskasiaren adibide famatua aipatu nahi dut. Gure atlasean galdera badago arbol/arbre deitzen dena. Erantzun nagusia arbola izan da: Zuberoako zühaitza ageri da eta han hemenka zuhamu bezalako erantzunak. Baina beste fenomeno bat agertu da, Koro Segurolak eta Izaskun Etxebestek artikulu batean erakutsi bezala. Atlasak hiru mila galdera badauzka bakarrik. Ez gehiago. Euskaraz bizirik dauden adierazle guziak biltzea ez du xede. Zer gertatu da arbola galderarekin? Lekuko anitzek diote zuhaitza izena erabiltzen dutela baina moztu eta murriztu gabe handitzeko menturan uzten den arbola mota dela, hots frantsesez baliveau deitzen dena. Beraz zuhaitza erantzuna arbre hiperonimoari ez dagokio. Atlasak horren berri ematen du.

Fede txarrekoa naizela erran lezake norbaitek gogoan harturik Vinson et Unamuno bezalakoek euskararen kontra erabiltzen zuten argumentua ez dela urrun, hots errealite abstraktuagoen izendatzeko euskara motz gelditzen dela. "Le mot arbre et les idées générales" deitu artikuluan Vinsonek dio: Lehenbiziko aldiz, behin idatzi nuelarik idei abstraktuen eta idei orokorren adierazteko euskarak hitzik ez zeukala, euskaltzaleen artean sumindura osoa agertu zen ene ausardiaren aurka (RIEV, 1919). B. Oihartzabalek ezin hobeki erakutsi du linguistika naturalistaren eskolakoa dela Julien Vinson eruditoa.

Bi ohar hartze ditu J. Vinsonek. Alde batetik, esanguratsua da ikustea nola Lévi-Straussek hasten duen bere La pensée sauvage liburua. Euskara hizkuntza gogoan ez dauka baina liburuko lehen hitzak dira: "On s’est longtemps plu à citer ces langues où les termes manquent, pour exprimer des concepts tels que ceux d’arbre ou d’animal, bien qu'on y trouve tous les mots nécessaires à un inventaire détaillé des espèces ou des variétés" (La pensée sauvage, 1962). Hizkuntza horien hizlarien alde jartzen da eta erakusten du Lévi-Straussek haritz, lizar, edo urki hitzak zuhaitz edo arbola bezain abstraktuak direla. Baina haren arrazoinamendu osoak hemen ez du sartzerik.

Bestaldetik, arbolaren izendapenez Benvenistek egin duen lana ezaguna da. Osthoff jakintsuak erakutsi zuen alemanierazko arbolaren izena etortzen dela indoeuroperazko hitz batetik eta hitz horrek haritza (ez arbola) bereziki adierazten zuela. Hitz horrek lotura bazuen beste nozio batekin, hots "fidel izatea" ideiarekin. Bestela erranez, uste zuen kate metaforiko baten bitartez fidel izatea nolazpait fermu izatea dela haritza bezala. Benvenistek Osthoffen hipotesia aldatzen du: alde batetik erakusten du haritz arbola ez dela ezaguna Europa guzian arrazoin pedologien gatik. Arbola izendatzeko hitzek bilakaera semantikoa izan dute, hemen zura, han arbola, urrunago landare, adieraziz. Grekoaz bereziki bi hitz erakusten ditu, doru, arbola, arbolipurdi, eta zura adierazten zuena eta drus hitza haritza hertsikiago adierazten duena. Xehetasun gehiagotan sartu gabe, guk atera behar dugun ondorioa da beharren arabera hizkuntzak aldatzen direla eta nozio berriak, hiperonimoak nola hiponimoak, sortzen direla edo hitz zahar bati erranahi berri bat eman dakiokeela edota mailegua har ditekeela. Uste dut arbola / zuhaitza parea bilakaera horren arabera kontsideratu behar dela eta ez Vinsonen ikusmolde gutiesgarriaren arabera.

Lagunak badaude Atlasgintzak euskara batua laguntzen ez duela pentsatzen dutenak. Egia da Atlasgintzaren lana ez dela euskara batua ikertzea ez eta haren oinarriak ematea: baina bariazioa ikertzen baldin badugu, aldaketa ikertzen badugu, erran nahi du nahitaez bi gauza ikertzen dugula, zer den aldatzen dena eta beraz zer den aldatzen ez dena. Egitura ahuletan (lexikoan edo fonetikan adibidez) ala egitura indartsuetan (gramatikan eta fonologian), aldaketa zertan gertatzen den erakustea, dialektologiaren zeregina da.

Bizkitartean, euskararen barnetik -erran nahi dut maileguen kasuaz kanpo- azken urte horietan agertzen diren kanbiamendu gehienek bateratze aldera joiten dute, hots elgarri hurbilago dira duela 40 urte baino euskararen emateko molde guziak.

Bateratze horren adibide gisa pinpirina izena aipatuko dut. Gure auzo-herri maitagarrian, erran nahi dut Biarritzen, Vladimir Nabokov idazleak itsasoan mainuak nola hartzen zituen kontatzen du. Jakina da entomologista gaitza zela: nahi zuen bere izena emana izan zekion tximeleta bati eta hori erdietsi zuen. Betiere, ba omen ziren orduan Biarritzen mainuen hartzeko laguntzen zituzten mutil eta langile batzuk, euskaldunak, eta haietarik bati Nabokovek galdegin omen zion "papillon" nola deitzen zen. Mutilak misericoletea erran zion. Nabokov, euskarazko hiztegiak kontsultaturik, ez zen guti alegeratu hitz hori ez zela sekula bildua izan ikusi zuelakotz.

Berantago jin den gure Atlasak hitz hori ez du bildu baina halere mugimendu lexikalaren berri ematen du. Duela 130 urte, Louis-Lucien Bonapartek 80 hitz desberdin bildu zituen pinpirina eta tximeleta izendatzeko. Jinko-oilo hitza 40 herritan bildu zuen. Guk atlasean jinko-oilo bizpahiru tokitan baizik ez dugu bildu, hala nola Oztibarre inguruan. Hitz honen eremua murriztu da. Gotzon Aurrekoetxeak atlaseko mapa egin zuelarik, aitortu behar da fenomeno bat nagusia ez zuela kukutu, Mikel Zarateren Haurgintza minetan eleberriko protagonista bizardun batek deitoratzen zuena, erran nahi baita gure lekukoek bi erantzun nagusi eman zituztela: papillun alderdi honetan, eta mariposa bestaldean. Doi-doia erdialdean bildu ditugu mitxeleta bezalako forma autoktonoak edota mitxirrika forma, hain zuzen Soinujolearen semea-n Atxagak hautatu duen hitza. Metodologiaren aldetik gehitu behar dut lekukoek beren baitarik erantzuna eman ondoan, erabil zitezkeen hitzak proposatzen dizkiegula eta orduan lekukoek ematen ahal dutela lehenago erabiltzen edo entzuten zituzten hitzak: inguma, atsoaren hatsa, ezkabia, txintxitoil etabar. Seinale da hitz horiek lokartzera doazela ez baldin badira erabiltzen alor konkretu batean. Baina etorkizunaren berri ere emana izan zaigu ezen lekukoen haurrek eta bereziki arrahaurrek tximeleta eta pinpirina erraten dutela aipatu baitigute. Ororen buru lexikoaren mugimenduari behako bat egiten diogu atlasari leihotik. Kasu honetan, barreiaketa lexikala murriztuz joan da, diglozia dela eta, bi mailegu gordinen onetan, eta berrikitan bi forma autoktono ari dira berriz nagusitzen, politika linguistiko baten ondorioz.

Zerbait erran behar dut inkestagintzaz atlaseko datuak ematen lagundu gaituzten lekukoez. Zuzenbidearen arabera, enregistramendu edo grabazio baten jabea da inkesta egiten duena. Baina zinez gure artxiboen kreatzaileak bi dira, bata inkesta egin duena, bestea lekukoa edo jakilea. Lekukoa deitzen dugu gurekin luzaz mintzatzea onartu duena, baina lekuko hitzaren ordez, ekialdean erabiltzen den jakile hitza erabiltzea ez liteke gaizki. Beren jakitatearen berri eman digute leku berezi bateko mintzairan. Nehon ere ez da aski agertzen nolako harreman azkarra sortzen den inkestaegilearen eta jakilearen artean, eta nola subjektibitatea, historio pertsonala, kokapen soziala ez diren pisu gabekoak.

Alderdi pratikoa baizik ez dugu aipatzen gehienik ere, zer manetofoi, zer galdera, zer galdakizun, zer estimuli, nolako lekukoa behar den hautatu: lekukoaren aitamak herrikoak direnez amoregatik bertako mintzaira eman dezan, hortzak onak dituenez amoregatik ahoskera ona izan dezan eta beste ezaugarri hertsi eta gogor batzuk. Gehiegi isiltzen da datuak nola bilduak eta idokiak izan diren edo dialektologo zenbaiten hitza harturik, nola "extorsionatuak" izan diren. Gure inkestak egite badu ahatik polizia inkestarekin: dena galdera, susmagarri zaiguna (soinu bat, lexema bat, egitura bat guk ezagutzen duguna) beste lekuko batenganik bilatzen dugu berretsia izan dadin. Baina inkesta egitea askotan aprendizgoa da, zeinetan ezagutzen ez dugun sistema baten ezaugarrien kodea ulertu nahiz baigabiltza.

Zerbaiten eskasa sendi baldin badut atlasgintzari buruz, egunkari bat ez dudala egin aipa nezake. Lévi-Straussen Tropiko tristeak edo Michel Leirisen oharrak edota Malinowskiren egunkaria ez nuen eginen baina damu da beti egunerozko hanat-hunaten eta lanaren aitzinamenduaren berri kronologiko zehatza ez eginik. Clifford etnologoak ez du debaldetan erkatzen bere egunkaria Conraden Ilunpetako bihotzean liburuarekin. Hortan huts egin dut baina zinez jakile lagun guziak hemendik eskertzen ditut.

Inkestagintza euskaraz egin da, morfologia salbu, zenbaitek balinbazioten ere inkestaegilea ez dela indigenoa izan behar. Badakigu euskaldun batentzat euskarako hitzek errealite osoa, kontzeptuala nola afektiboa, ematen diotela esperientzia-zati bati. Hori galduko genuen inkesta erdara eginez.

Bilatzen genituen eta nahikatzen genituen erantzunak atlasean daude, sailkaturik, fonetikoki emanik eta mapetan antolaturik. Aski da datu horiei behako bat ematea. Baina ahalaz ez dugu bakarrik hitz hutsa bildu; haren errealizazioaz gain, testuinguru bat bildu dugu, hitz horri buruz jakileak egiten dituen ohar metalinguistikoak edo etnolinguistikoak metatuz. Metalinguistiko deitzen dut adierazleari buruz lekukoak dioena. Entziklopedikoa deitzen dut adieraziari buruz lekukoak dioena, hala nola erlea hitza aipatzen duelarik, nola jokatu behar duen erlekariak erlumearen biltzeko, edo nola lehen erleak sohatsi behar ziren Zuberoan dioten bezala. Non ikusten baita Azkuek bere Euskal-erri yakintza liburuan bildu duena guk ere ez dugula baztertu. Erran gabe doa ohar bat metalinguistikoa eta entziklopedikoa izan ditekeela, hala nola erraten dutelarik zuzen ala oker sagarroi deitu ugaztunak (bestaldean triku edo kikiriño) sagarroiak, beraz, sagarrak ziztatzen dituela bere umeei eramateko!

Motibazioaz mintzatzeko astirik ez dut baina adibidea emanen dut. Bada ihize ttipi bat bestaldean ziraun deitua eta iparraldean suge-itsua, sügütsü eta sugemutu. Iparraldeko izendapen horiek motibatuak direla ezen suge-itsu hitza entzuten duelarik suge eta itsu nornanik berehala bereizten eta ulertzen baitu: ez du inportik animale ttipi hori suge ez izatea ez eta ere itsu. Hizkuntza, funtsean, konbentzionala da. Ezaugarri horiek emanak izan zaizkio noizbait sugeitsuari eta izendapena hortik gelditu zaio. Interesgarri dena da motibazio berdintsua ageri dela ondoko hizkuntza gehienetan eta fenomenoa ikertu behar liteke Europako kulturaren historian: beste hizkuntzetan ezagutzen diren motibazio berak zergatik erabiltzen ote ditu euskarak, nahiz euskaraz egituraz oso desberdina den?

Gerta diteke narrazio etiologikoa eta motibazioa loturik egotea. Delako suge-itsua zergatik itsua den ondoko narrazioak azaltzen du, Urdiñarben bildua. Diote, mundua kreatu zuelarik, sügütsü honi Jinko hunak galthatu zoola hola eta: - Hik usukiko dük? - Bai, atzamanak oro! - Ah bai? Ordian bista elkhitzen deat ja atzaman ehezan ihû e! Non ikusten baita itsu gelditzea Jainkoaren gaztigutik etorri zaiola. Bainan sugeitsu forma motibatua erabiltzen ez den eremuan, hala nola Bizkaian, non siraun erabiltzen baita, egite handiko narrazioa ere bildu da. Bakioko lekukoak dio: Honek bisdie baleko, kalte andixe eingo leuke. Eta Sondikako lekukoaren arabera, horrela mintzo zen sirauna: Itzue nasen moduen banintike argie, nik akabauko neuke munduen erdie. Beraz Zuberoako sügütsüa bezalatsu, siraun izendaturik ere eta bizkaieraz.

Ber ildotik, okiloak, beleak edo aphalatzak idortea edo euria zergatik iragartzen duen azaltzen dituzten narrazioak eman dituzte lekukoek. Bildutako narrazioek parada ematen digute Alineiren eta Proppen lanak berriz bisitatzeko. Entseatu naiz testu horien bertsioak biltzera eta haien erranahi aniztuna bilatzera. Melduak eta oro har ezkontzari buruzko narrazioek eraman naute Pierre Bourdieuk Biarnon ikertu zuen mutilen estrategia matrimonialaren mundura edota Vernantek eta Detiennek aitzinateko mitologiaz egin lanetarat. Idortea ala euritea markatzen duten hegaztien narrazioek etnolinguistikaren alorretan sarrarazi naute. Agian barkakizun izanen zait, jakinik bide horietan Euskaltzainburu izandako Azkue baten lanetatik ez naizela urrun ibiltzen.

Galderak gaika etortzen baitira, meronimoak biltzen dira eta gure galderez gain beste hitzik ageri da, bereziki taxonomian: haritzen izenak zein diren jakin eta, arrai izena ageri da Oztibarren, edota hegazti harrapakari den xahal-kakoia Altzürükün (zein den ez dut identifikatu), edota behien bideko ande(re) xuia Santa Garazin. Horiek guziak tratatzeko izanen dira hemendik goiti.

Azkenik, mitxeleta-ren kasuan aipatu dudan bezala, gure inkestagintzak baliatu du etnografian eta lexikografian ezaguna den proposamenen metodologia. Lekukoak ematen dituen erantzunez gain, kanore duketen beste erantzun batzuk aipatzen dizkiogu eta lekukoak ezagutzen ote duen erraten digu guk kodifikatu dugun sailkapen informatizatu baten arabera. Sailkapen hori hain usu eta sarri da non lan monografikoa eskatuko duen proposatutako hitz horiek barnetik ikertzeak.

Ez da joko mapa batez hemen mintzatzea mapak ikusi gabe. Jadanik Verneten erretaula aipatzeko ausartzia izan dut erretaula bera erakutsi gabe. Erran dezadan mapagintza aski berria zela asmatua genuelarik, duela 20 urte. Gaur dialektologo anitzek onartzen dute haren ekarpena. Erantzunak ez ditugu batbedera idazten herri bakoitzak mapan duen eremuan: aitzitik, elkarri hurbil diren erantzunak multzokaturik ematen ditugu eta koloreak ere erabiltzen ditugu; itxuraz urrun diren erantzunak kolore hotzek bereizten dituzte eta aldiz elgarri hurranekoak kolore beroetan emanak dira. Mapa guziak onomasiologikoak dira. Adibidez belar epaiteko ohiko tresna nola deitzen den (dailu, sega, kodana) erakusten du mapa batek. Aitzitik eta liburuki guziak argitaratuak ez direno, mapa semasiologikoak ez ditugu emanen, adibidez soho zer den erakustea, hemen belarra ematen duen lur-peza (Nafarroa Behereko pentzea), han bigarren belarra (Zuberoako ardailla eta Bizkaiko bibedarra). Azkenik gure mapak ez dira kumulatiboak eta dialektometria (Séguy, Fossat, Goebl eta G. Aurrekoetxea) ez dugu oraindik erabili.

Erregeak, geometroak, dialektologoak, hesia handitzera uzten duen laborariak, denek badakite lerro mehe baizik ez dena eremu nasai bihur ditekeela. Adibidez pulga/puce galderan, ikusten dugu hiru forma nagusi bilduak izan direla. Alde batetik kukusoa, eta Bizkai aldean ardia. Bi hitz horiek elkar jo egin dutelarik hirugarren hitz bat sortu da, hots, ardikukusoa edo konposizio-legeak eskaturik, arkukuso, erdialdean hedatu den hitza. "Hedatu" diot zeren gure mapak, argazkiak izanik ere, mugimendu lexikala erakusten baitute.

Beste galdera batean, dimanche/ domingo galderan, ezaguna da igande eta domeka erabiltzen direla: gure mapak erakusten du bi hitz horiek ez dutela elkar ukitzen, bi eremuen artean agertzen baita jai hitza. Xerrenda bat baizik ez du marrazten jai erantzunaren eremuak eta badakigu eremu hori handitzera ez doakela.

Alde hortatik atlaseko mapek balio heuristikoa badute. Egia da, jadanik genekiena baizik ez dute erakusten mapa zenbaitek. Maileguen kasuan ageri da adibidez. Iparraldean bécasse adierazteko bekada baizik ez da erabiltzen (haatik Zuberoan ez, azaia erraten baita) eta oilagor hegoaldean (oilagor 'gallina sorda'-rekin erkatzeko den kalkoa). Ber ildotik, caille / codorniz deitzeko iparraldean kalla baizik ez da erabiltzen. Aldiz bi hitz badaude Hegoaldean: lehenik galeper hitza, motibatua ezen garian, ogietan bizi den eper bezalako txoria baita eta azkenik Bizkaian izendapen mimologikoa. Mimologikoa zeren eta han txoria deitzen baita egiten omen duen mintzoaren arabera. Bizkaian txori hori <i>pox pox poxpolin pox pox polin</i> kantuz ari omen da eta poxpolin deitua izan da.

Atlaseko mapek erakuts lezakete euskara hunkitu duten hiru mintzairen eragina ez dela beti uste bezain sinplea. Ezaguna da Iparraldean zura eta egurra ezin hobeki bereizten direla, non ez duten mairana hitza gehitzen lekuko anitzek. Aldiz frantsesez bois hitza baizik ez da erabiltzen, bois de chauffage eta 'bois d’oeuvre'. Baina gaskoierak légne eta hust berezten du nola gaztelerak leña eta madera berez atxikitzen dituen. Baina gure erantzunen arabera, hitz autonomo gisa, zur hitza ez da gehiago erabiltzen Hegoaldeko herri askotan. Gainera beste fenomeno sorrera baten berri ematen dute gure mapek: lekuko batzuek berriztatu dute bi adierazien arteko oposaketa beste hitz bat asmatuz: 'madera'-ri doakiona betiko egurra da eta 'leña'ri doakiona su-egur hitz erdi motibatua. Alde hortatik erdaren eragina ez dela beti hain mekanikoa erakutsiko du Atlasak.

Lekukoen diskurtsoak, diskurtso guziak bezala aitzineko diskurtsorik gabe ezin dira ulertu. Ogia etxen egiten zelarik, ez zen aste oroz dena ore berritik egiten: orean undar asteko altxagarria baliatzen zen. Diskurtso bat osatzen duelarik, lekukoak ez ditu diskurtso guziz garbiak eta berriak egiten: nahasiak (hitza ez da gutiesgarri), urdinak, ñabarrak dira. Gehiago dena, lekukoak antolatzen dituen diskurtsoetan, bere burua hurbil edo urrunago ezartzen badaki. Montoriko adibidea emanen dut puntu honen gainean.

Montorin lekukoek hiru seismo edo lurrikara mota aipatu zituzten gure inkestagintzan: mitoekin eta historiarekin loturik dira. Horra zer diren hiru lurrikara horiek.

Lehena kontatu zidan lekuko batek. Gure lurra, gure planeta ezarria omen da idi handi baten gainean. Artetarik euliek eta ezpareek nardaturik, idiak burua inarrosten du bortizki eta hortik jiten dira lurrikarak. Lekukoak hori erran eta, erran gabe doa oroitzarazi zidala Barandiaranek eta etnografoek jadanik bildu mitoa. Mitologian ezaguna da Atlasa zer den: Jinko bat omen da zeruko bi zutabeak atxikitzen duena. Ez nakien orduan gure atlas linguistikoak ere inarrosaldiak izanen zituela bere historian.

Bigarren lurrikara ere kondatu zidaten eta hurbilagotik sentitu nuen, nihaurk ene adineko anitzek bezala gogoan baitugu 1968an izan zen lurrikara. Ez naiz ari maiatzeko mugimenduaz baina agorrilako 15ean izan zen mugimendu telurikoaz, Ereta eta Montori inguruan izan baitzen haren epizentro. Ohar enziklopediko asko eman zuten, hala nola iturri franko nola agortu ziren, edota zakurrek nola iragarri zuten lurrikara.

Iragartzen ez nuen hirugarren seismoa ere kontatu zuten beste egun batez. Montoriko artzainak bestaldeko artzainekin bortuan erdi gazteleraz, erdi aragoieraz mintzo zirela erran ondoan, aipatu zidaten nola bestaldeko artzainek zorion bereziak eman zizkieten: Vascos, amigos, hermanos. Zein ote zen, bada, amultsutasun horren arrazoina? 1970eko Eguberri inguruan, Montorin egon omen zen gizon bat bahitua, eskapatzer zena, gero Alemanian libratua izan zena. Gertakari horrek Euskal Herrian izan zituen ondorioengatik seismo gisa sendi dute Montoriko jendeek.

Badakit hiru gertakari ez ditezkeela nahas: diot hirurek erakusten dutela lekukoen diskurtsoak guziz sartuak eta errotuak komunitate batean, bere sineste, oroitzapen eta egitate guziekin.

Atlaseko inkestetan gauza desberdin anitz bildu dugulako seinale, hitzaldi hau idazten ari nintzelarik, dudan egon naiz ondoko historioak hemen sartzerik ba ote zuen. Roland Barthes-k ganberaren historio kulturala egin behar litekeela aipatzen du, ganbera leku intimoa edo altxorlekua izan delakotz Europako historioan. Kontatzen du Ahurtin, Euskal Herrian, aitamen ganberako armarioan balio handiko gauzak nola zerratzen ziren, dela familiako paper zaharrak, dela zilarrezko koilarak, dela argazkiak edo dela... konfiturak. Kontatzen du ere nola bere balio handiko gauzen artean beste zerbait atxiki zuen Barthes-k berak. Eria zen eta pneumotorax bat izan zuelarik medikuak sahets-hezurretik puska bat kendu zion ikerketen egiteko eta gero hezurki hori eman zion Barthes-ri, erranez: Atxik-azu, zurea da. Honek medikua sinetsi eta berea omen zuen puska bere beste puskekin luzaz begiratu zuen; azkenean, okaztaturik, hezurki hura leihotik aurtiki zuen, karrikan zebilen zakur baten zorionerako. Eta gertakari honen inguruan ohar filosofikoak gustuan garatzen ditu gure baionesak.

Testu hori ez nuen ezagutzen Montorin ondoko historioa bildu nuelarik. Gure atlaseko galdakizunak badu galde bat jendeak ehortzen diren tokiaren izena biltzeko. Hilherriak da erantzuna, pluralean emana, Iparraldeko herri gehienetan. Lafitte irakurri eta, ehortzi hitza jendeaz ala abereez bakarrik erabiltzen ote den galdegiten nuen. Baina hizkuntzaz kanpo, lekukoek komentatzen zuten edo bere burua egiten zuen jendearen gorputza elizatik ez zela pasatzen edota bataiatu gabeko haurrak ezin zitezkeela eman lur sainduan. Montorin, beharbada Eskiulako Hagola kantari famatuak besoa nola galdu zuen aipatu ondoan, kontatu zidaten lagun batek zertan dudatu zuen: laborari batek galdu zuen besoa ea hilerrietan edo beste nonbait sartu behar zuenez ez omen zekien. Eta ondoko pasadizoa eman zuen gure lekukoak: auzo bat belarra epaiten ari zelarik, mekanikako burdinak erhi punta kasik osorik moztu zion. Erhia odoletan zuela, zer egin zuen? Ganibeta hartu, dilindan zuen erhi punta brau guziz motz eta zakurra deitu: Sumis! to hire! eta zakurrari eman. Istoria gordina dela badakit: Barthes filosofoak ez zakien ezurkia jan zion zakurraren izena, Montories laborariak bai baina, oker ala zuzen, bi gertakarien arteko paralelismoa ikusten dut.

Gordintasunaz kanpo, aipatu nahi dut bidenabar gure lekukoek ideiak, gogoetak, informazioa nola harilkatzen dituzten: ideien multzoketa hori, erdaraz 'association d’idées' delakoa, frankotan agertu zaigu. Bastidan konparazione, Henriette Etcheverry lekukoak erran zidan artoa ona zela aingiren atzemateko! Ni harriturik nengoen eta azaldu zidan nola aingiren harrapatzeko ur bazterrean kordelak ezartzen diren, ahalaz ez bistan, eta artoburu bat lurrean uzten den seinale isil gisa, biharamun goizean kordela non hedatua den berehala ikusteko. Hortik artoaren eta aingiraren artean lekukoak ikusten duen soka. Nahiz ez ditudan berehala konprenitu, gogoaren bide gorde horiek, beren barneko logika dutenak, Lévi-Strauss batek "pentsamendu salbaia" edo "basa" deit lezake dudarik gabe. Eta "salbaia" erratea ez zaio hitz iraingarri.

Luzaz obratu nahi izan dugun Atlasa argitaratzen ari den neurrian, Unamunok zioena datorkit burura: Hitzezko gizakiek lehenik eta behin gauza bat erraten dute, gero hura pentsatzen dute, eta azkenik hura egiten dute, emaitza on ala tzar izan dadin. Guk ere horrelatsu jokatu dugu. Aspaldian Oztibarren tesia egin nuelarik, azpititulua eman nion: Ahozkotasunaren artxiboei ekarpena. Tituluak zer eskatzen zuen sobera izartu gabe. Nonbait urte parrasta bat igatekoak ziren behin ene buruari erranikakoa egia bilakatu arte.

Baionako Delay mediku idazleak Frantses akademian sartzeko egunean Ionesco idazlearen alde mintzatu beharra zen eta haren zitazioa ekarri zuen: La philologie mène au crime. Euskarari batzuetan ostikoak ematen baldin badizkiot ere, euskara ez bide dut eho: zilegi bekit azken hitza ematea filologoen alde.

Diot ahozko euskararen artxiboetan sartzekoak direla atlaseko inkestetan bildutako elkarrizketak. Artxibo diren aldetik ez dira gutiz mozturik eta eiharturik dauden enuntziatuak. Noizbait eta nonbait bilduak izan dira: bilduak izan direneko aroko istoriak, istoria globalak nola lekuko bakoitzaren istoriak diskurtsoak emokatzen dituzte. Eta filologia -dialektologia barne- artxiboen ulertzeko eta interpretatzeko diziplina da. Erranikako garai edo denborako dokumentuen ikertzeko tresnak furnitzen dizkigu. Filologoaren lana da erakustea hizkuntza eta historia nola lotuak diren elkarri. Hizkuntza ez dugu uste tonarik gabeko izaite bat dela. Eta filologoari historia ez zaio ondarkin edo zikinkeria. Hizkuntza bere komunitateak bizi duen arotik ez diteke berez atxik. Alde hortarik, filologoek badukete zer erran atlaseko datuez.

Ez da abagune Atlasaren programazioa osoki emateko ondoko urteetako. Hemendik aitzina badate lan. Lehenik eta behin beste 8 liburuki atera beharko du gure lan taldeak.

Gure atlasa kontsultagarriago bilakatzea pentsatu beharko dugu. Kanpotik laberinto baten itxura badu eta haren barnean dauden objektu linguistikoak molde eskuragarri batez eman beharko ditugu. Xehetasun bat: kanpotik entzun dugu gure atlasak erdarazko siñaletika ere merezi lukeela: gaur euskara baizik ez derabil atlasak eta erdaldun interesatuen deia kontuan hartu behar genuke. Beraz, datuen antolaketa malgutu beharko dugu.

Bildutako materiala zehazkiago ikertzeko dago. Atlasak mapen bitartez hautatu duen datuen aurkezteko moldea, molde bat baizik ez da eta beste molderik balia ditekeela onesten dugu. Tokia eman behar zaie beste hurbilketa horiei. Eta gaurko dialektologian eta gaurko hizkuntzalaritzan garatzen diren norabide berriak ez ditugu arrotz utzi behar.

Erantzunetan eta mapetan beretan agertzen ez den materiala aski handia da lan monografikoak bultzatzeko, bai herrika, bai gaika, hizkuntzaren nola entziklopediaren aldetik. Tratamendu automatikoa bultzatu beharko dugu ere dialektometriaren ekarpenak erabiliz. Baina uste dut ere datuen kopuru pean lekuko bakoitza ez dela aski agertzen eta lekukoaren idiolektoa hobeki ikertzeko dela, bere nortasuna, bere ezaugarriak itzalean ilaundu gabe.

Arrazoin osoz, erraten da ahozko mintzaira kontuan hartu behar dela eta gizartea haren balioa handia dela, pedagogian ez dela aski aipatzen, hizkuntzalaritzan pizu handia hartze lukeela. Erraten da baina guti ikertua jarraitzen du. Bizkitartean ez ahantz, gure atlasa liburu bat dela, beraz idatzia dela baina Euskaltzaindiak bere sabaian altxorra badaukala, hots ahozko dokumentazio gaitza, 4.000 oren baino gehiagokoa. Bere funtsari esker jakitatea eta ezagutzea haziko direla uste dut.

Lévi-Straussen Tropiko goibelak aipatzen nituen oraixtian: nik ere "goibel" hitza erabil niro, lagundu gaituzten jakile franko joan direlakotz betikotz eta haiekin batean euskara mota bat, gaur arras bera izan ez ditekeena. Garaiko monumentu baten arrastoak bildu ditugula iduritzen zait, horrek ekartzen duen joandako denboraren nostalgiarekin.

Sor ditekeen goibeltasun horren kontrako joerarik hoberena ez ote da bildutako altxorra eta artxiboa ez uztea lo eta haren baliatzea gaurko euskaldunen onetan. Zirgan ibili ginela erran dut eta hemendik aitzina ere indarra beharko dugu. Gu honaino etorri gara, beste urratsak egiteko prest. Euskaltzaindiaren ahalak berme izan ditugu orai arte, eta Euskaltzaindia eskertzen dut. Uste dut laguntza erdietsiko duela gure Akademiak euskaldun jendeak bihotz onez eta jakitate handiz eman digun altxorra bihar etzi baliagarri izan dakion euskaldun orori.

Erran dut.


(XARLES VIDEGAIN euskaltzain osoa da)

  • Estrainekoz www.euskaltzaindia.net-en argitaratua, 2010-10-30ean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus