Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Gaztelania inposatzen duten 500 xedapen

Gaztelania inposatzen duten 500 xedapen

2010-06-11 / 08:35 / Erramun Osa   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Franko hil osteko demokrazia-aldian, 2009ko abenduaren hogeita hirua arte, askotan isilpean eta etenik gabe, 500 Agindu, Errege Dekretu, eta abar jarri dira indarrean Espainian jardun-eremu desberdinetan, gaztelaniaren presentzia ez ezik, haren erabilera ere ziurtatzeko, behartzeko.

Agindu horietako askok eremu pribatuan baliatu beharreko hizkuntzari, gaztelaniari, egiten die erreferentzia zuzena, besteak beste, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek jasotzen dituzten zerbitzu eta produktuei buruzko informazioa (prospektuak, etiketaia,...) gaztelaniaz -gutxienez- jaso behar dituztela... ditugula, ezarriz. Aipatu aginduak urte hauetan guztietan Estatuko bi alderdi nagusiek ezarri dituzte, bakoitzak Estatuan gobernu-erantzukizunak izan dituzten aldi bakoitzean, inolako erreparorik eta etenik gabe.

Halakoetan, enpresek nahi duten hizkuntza baliatzeko duten askatasuna, gaztelaniaren erabilera ezarriz eremu sozio-ekonomikoan sortu ohi diren koste-gehigarriak eta abar ez dira aipatu ere egiten; gaztelaniaren presentzia eta erabilera ezarri egiten dira, eta kito! Ez dago eztabaidarik, plantarik! Izan ere, Estatuak, bere burua eleanitza dela aitortu arren, gaztelania ez besterik ziurtatzera jo ohi du, gainerako hizkuntzen -euskara, katalana eta galegoa- sustapen lana Erkidegoen esku utziz.

Euskara biziberritzea xede

Gure Autonomia Estatutuaren 6. eta 9. artikuluek euskararen erabilera euskal gizartean bermatu egin behar dela jasotzen dute, herri-aginteei ezarriz horretarako beharrezko neurriak hartzeko obligazioa. 1982ko Euskararen Legeak ere jasotzen du -gogoan izan, bidenabar, Felipe Gonzalezen gobernuak Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurritua eta, 82/1986ko epaiaren bidez, konstituzionaltzat hartutakoa dela- gizarte-bizitzan, oro har, bai eta merkataritza arloan ere euskararen erabilera bultzatzeko neurri egokiak hartu behar dituztela herri-aginteek, besteak beste, era guztietako merkataritza-entitateetako errotulazio eta paisaian euskararen erabilera sustatuz.

2003ko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuak jasotzen du, ostera, Euskadiko herritarrek zerbitzu eta produktuei buruzko informazioa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eta Euskadiko lurraldean ari diren enpresa eta saltokietan nahi duten hizkuntza ofizialean jarduteko eskubidea dutela. Beraz, gure araubideak ez du, Estatukoak bezala, euskararen erabilera inposatzen, herritarren aukera-askatasunaren eremuan uzten baitu gaztelaniaren edo euskararen erabilera, hori bai! herritarrek nahi duten hizkuntza aukeratu ahala izateko baldintzak sortzeko obligazioa ezartzen die herri-aginteei. Hizkuntza aukeratzeko eskubidea ezin baita baliatu erabiltzeko egiazko aukerarik ez baldin badago bazterretan.

Lopez eskubide-murriztaile

Gure araubideak ezarritakoa kontuan hartuz, 2003an Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan jasotako zenbait hizkuntza-eskubide garatu egin ziren 2008 urtean, Dekretu bidez, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna ebaluatzeaz kargutzen den batzordearen eta Europako Kontseiluaren goraipamena Eusko Jaurlaritzak jasoz. Orain, Lopezen Gobernuak, haren makulu parlamentarioa eta zenbait hedabide bidelagun dituela, baliorik gabe utzi nahi ditu 2008 urtean ereindakoaren zenbait pasarte, euskaraz jarduteko eskubidea bai baina zailtasunak ez besterik dituzten herritarrek berdintasunean eremu ekonomikoan aritzeko aukerak murriztuz.

Bi arrazoi aipatzen dituzte hartarako; batetik, euskara sustatzearen alde, inposatzearen alde ez daudela aipatu dute, hori noiz, eta 2010 urtean, eremu sozio-ekonomikoan euskara biziberritzeko planetarako eta Dekretuaren eskakizunetara moldatzeko laguntzak murriztu -% 19 eta % 100, hurrenez hurren- dituztenean; bestetik, zenbait neurri egoera soziolinguistikoak hartarako aukera eman dezakeenerako utziko dituzte, Euskararen Legeak jasotakoa printzipioa, progresibotasuna, poliki baina etenik gabe, euskara biziberritzeko ezarritako ildoari buelta emanez bidenabar. Aldaketa horiek noiz jarri nahi ditu abian? Hamasei hilabetez bildu gabe egon ostean, lau hilabete barru haren kide gehienek agintaldia amaituko duten Euskararen Aholku Batzordea bilduko den egunaren, edukirik gabeko argazki bat gehiago jendartera barreiatuko den bezperan. Aste honetan.


(ERRAMUN OSA IBARLOZA Eusko Jaurlaritzaren HPSko Koordinazio zuzendari ohia da)


Gai honi lotutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus