Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zer gertatu da Patxi Lopezen hizkuntza politikarekin?

Zer gertatu da Patxi Lopezen hizkuntza politikarekin?

2010-05-07 / 08:30 / Garbiñe Mendizabal   HERRI-ADMINISTRAZIOA

2008ko urriak 2. Miramar jauregia. Donostia. Garai hartan, lehendakari izateko hautagai zen Patxi Lopezek Euskara askatasunean manifestua aurkeztu zuen jendaurrean. Honako hauxe esan zuen Patxi Lopezek manifestu horretan, euskalgintzako hainbait ordezkari adituren aurrean: «Tenemos el pleno convencimiento de que la salud actual del euskera y el futuro de su uso están estrechamente vinculados a una política adecuada de promoción que, entre otras cosas, haga del aprendizaje del euskera una actividad accesible y atractiva».

Urte eta erdi igaro eta gero, zer geratzen da hitz horietatik eta Patxi Lopezen Gobernuaren euskara sustapen-politikatik?

Euskara, gizarte kohesiorako elementu gisa bultzatu beharrean, gizartea aurrez aurre jartzeko eta zatitzeko erabiltzen ari dira. Jardun horretan, PSE eta PP, Eusko Jaurlaritzako bazkide lehenetsia azken hori, euskararen presentziaren inguruan dagoen adostasun soziala minatzeko ekimenak ari dira bultzatzen, hala hezkuntza sisteman nola EITBn, edo euskararen normalizaziorako Nafarroako eta Iparraldeko erakundeekiko lankidetza minatzeko.

Ekimen horiek guztiekin, euskararen ahuldadea ezkutatu nahi dute, gaztelaniarekiko eta nazioarteko beste hizkuntza nagusiekiko duen ahulezia, alegia. Gizarte erabat elebidunean bizi garela saldu nahi digute, eta, beraz, euskara sustatzeko politikek indarra eta bizitasuna galduz joan behar dutela. Iraganeko herentzia deserosoa litzateke hizkuntza politika, pixkanaka desagertuz joan beharko lukeena.

Garai batean Ramon Saizarbitoriak hain dotore esan zuen bezala, «elebitasunaren aldeko tolerante ziniko asko dago ulertu nahi ez duena ezin dela gizarte elebidunik sortu hiritar elebidunik gabe».

Azken hamarkadetan euskararen ezagutzan izugarrizko aurrerapenak egin diren arren, Gipuzkoako ia biztanle erdiak, Bizkaiko hirutik bi eta Arabako lautik hiru ez dira elebidunak. Eta zer esan Nafarroan edo Iparraldean gertatzen denaz; ezagutzen baititugu hizkuntza ofizial izatera iristeko edo lurralde osoan ofizial izateko euskarak dituen arazoak.

Horrez gain, hezkuntza sisteman, toki-administrazioetan eta komunikabideetan euskararen ezagutza eta erabilera zailtzen baditugu, ez dugu gizarte elebiduna lortzeko helburuan aurrera egingo, baina ez hori bakarrik, euskararen ezagutzan, erabileran eta gizarte balioan atzerapauso nabarmena emango dugu.

Gizarte elebiduna lortzeko bidea oztopatzeko estrategia horrek isla argia du gaur egungo Eusko Jaurlaritzak duen hizkuntza politikan eta euskararen zentralitatea galtzean. Eta horren adierazgarri dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren paralisia, arduradun nagusien dimisioak barne. Baina baita Eusko Jaurlaritzako giltzarri diren alorretan euskararekiko inolako sentiberatasunik ez duten goi-kargu politikoak izendatzea ere.

Aurreko egunetan entzun ditugu, Egunkaria-ren itxierari buruzko auzia dela-eta, prozesatutakoei Patxi Lopezek eman dien babes berantiar eta gutxiegia. Euskarazko egunkari bakarrari gertatutako auzia. Prozesatuak beraiek ere babes horren oportunismoa eta atzerapena salatzera behartuta sentitu dira.

Askotan jartzen gara Kataluniara inbidia sanoz begira; izan ere, hizkuntza politikan, PSE eta PPko goi-karguek eta ordezkariek duten jokabide eta jarrera parekatuz gero, han eta hemen zein urruti dauden ikusten dugu. Kataluniako PPkoek ez lukete hemengo PPkoek proposatu berri duten ekimena defendatu ere egingo, ETB1n euskararen edukiak gutxitzeko proposamena alegia, ez behintzat telebista digitalarekin gaztelerazko telebista-edukiak hainbeste ugaldu diren honetan.

Mundua hankaz gora jarrita. Euskarazko eta gaztelerazko eskaintzaren desoreka handia apalduko duen neurriak hartu beharrean, komunikabide eta entretenimenduen alorrean euskarazko eduki gehiago eta kalitate hobeak eskatu beharrean, PP, PSEren abstentzio konplizearekin, desoreka hori areagotu nahian dabil.

Zorigaiztoko ekimen horien aurrean, EAJ-PNVtik gizarte elebidunaren aldeko apustua egiten segituko dugu, non erakunde publikoek euskararen eguneroko erabilera sustatu eta bermatuko dituzten. Benetako gizarte elebiduna, euskara eta gaztelera (eta beste hizkuntza bat edo bi gehiago) menderatzen dituzten herritarrek osatzen dutena. Zoritxarrez, 2008ko urriaren 2an baino urrutiago dugu, gaur egun, helburu hori.


(GARBIÑE MENDIZABAL MENDIZABAL EAJko legebiltzarkidea da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua (2010-5-5)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus