Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Eusko Jaurlaritza eta hizkuntza nazionalaren berrezarpena

Eusko Jaurlaritza eta hizkuntza nazionalaren berrezarpena

2010-03-22 / 09:10 / Roberto Manjón Lozoya   HIZKUNTZA

Martxoaren hamabian Osakidetzaren Zuzendaritzak web-orriaren bidez jarri zuen jende aurrean Euskara Planaren lehenengo ebaluazio orokorra. Luze jo du Osasun Sailak txosten hori argitaratu arte, bertan jasotzen diren gaien beldurrez nonbait. Euskararen normalizazioaren aurrean uzkur dabil. Jarrera horren nondik norakoa erakusteko asmoz artikulu bat idatzi nuen, eta laburpena Berriak argitaratu zuen ostiralean (2010-3-19). Hemen testu osoa daukazue eskueran.

Berriki, PPk eta PSOEk EAEko Legebiltzarrean erabaki dute, besteak beste, euskarari oposizioetan ematen zaion puntuazioa jaisteko tramiteak hastea. Ematen duten argudioak berdintasuna du oinarri: enplegu publikoaren eskaintzetan herritarrek baldintza berdinetan lehiatzea. Ustez berdintasunaren aldekoa den postura horrek, ordea, ez du euskarririk, eta alderdiok zenbait amarru egin behar dute errealitatearen kontrakoa dena sinesgarri bihurtzeko.

Lehenengo amarrua oposizioen berezko izaera ezkutatzean datza: berdintasunetik desberdintasunak agerraraztea. Oposizioek, berez, baldintza berdinak ezartzen dituzte (antzinatasuna, prestakuntza, euskara eta beste hizkuntza batzuen ezagutza...) interesatuen artean dauden desberdintasunak agerian uzteko, desberdintasunen arabera egiten baitira langileen zerrendak, alegia, lanpostuak lortzeko ordena. Zergatik? Botere publikoek herritarrei zerbitzu egokiagoa ematen dieten langileak aukeratu behar dituztelako. Eta horra hor Jaurlaritzaren eta aliatuen bigarren amarrua, amnesia kasurako, ahazten baitute, gizartean hizkuntzazko desberdintasunak daudela, Administrazioaren betebehar nagusietatik bat dela zerbitzuen eskaintzan herritarrak ez diskriminatzea. Eta lehentasunetan hain oker dabiltzalarik, PPk eta PSOEk langile batzuen interesak gizartearen interesen aurretik jarri nahi dituzte. Legediarekin bat etorri eta berdintasunez jokatu nahi balute, euskaldunei berdintasuna bermatzea eduki behar lukete lehentasuntzat, guztien eskubide linguistikoak errespetatzea, zerbitzuak erdaldunei ematen zaizkien kalitate-maila beraz eskaintzea, hots, euren hizkuntzan. Are gehiago, langile euskaldunek lantokian euskaraz jarduteko eskubidea ere, Euskararen Legeak onartua, gogoan eduki behar lukete, euskara-planetan erabakitako lehentasunak lehentasun. Denok dakigu -PPk eta PSOEk barne- berdintasun horren bermea lekutan dagoela oraindik, baina guztiarekin ere, Jaurlaritzak eta bere sostenguak nahiago dute desberdintasun irrealak irudikatu eta desberdintasun errealak ustiatu, beren interes elektoralen mesedetan eta ideologia Espainia zaleari fidel. EAEko eta Nafarroako herritar guztion Gobernua?

Alderdi horien eta haien gobernuen diskurtsoan, amarruz gainera, gezur jakin batzuk ere badaude, agerikoak edo barnean bildutakoak, eten gabe errepikatuak botere medikotik. Faltsukeria horietatik baten arabera, euskaran balorazioa oztopo gaindiezina edo oso larria omen da herritar gehienentzat, ez baitute euskara ama-hizkuntza. Nolabait, Euskal Herrian erkidego bitan banatuta gaudela aldezten duen ideia zaharrari eutsi nahi diote. Zertan oinarritzen dira ordea? Non daude datuak? Politikari eta kazetari horiek nahita ez dute ikusten begi-bistan dagoena: gaztelania da, noski, euskararen ezagutza-maila egokia egiaztatutako milaka pertsonen ama-hizkuntza, are gehiago, baita Administrazioko euskara-teknikari askorena ere. Ez da oso zuzena oposizioetan txarto ateratzen direnen sentimenduetatik etekina atera nahi izatea.

EAEn behintzat, gizarteak baliabide asko jartzen ditu herritar guztien eskuetan hizkuntza ofizial bien ezagutza bermatzeko, hezkuntzako behe-mailetatik hasi eta Unibertsitateraino, bai eta euskaltegi publiko nahiz diruz lagundutakoen bidez ere. Ehunka mila herritarrek erabili dituzte baliabide horiek, baina jakina, batzuek ez. Izan ere, pertsona bakoitzak -edo haien gurasoek- bere erabakiak hartuz jorratzen du bizitzaren bidea, bere historia eraikitzen du, eta horrela, batzuk eskas heltzen dira Administrazioaren ateetarako, ez bakarrik euskaragatik. Zergatik pribilegiatu nahi dituzte urritasun linguistikodunak?

Espainiera delako espainiar guztien hizkuntza eta, ikuspegi horretatik, Euskal Herriak eta euskarak desitxuratzen duelako espainiar nazioaren eraikuntza (Espainia ere egiten ari denez), Globalizazioak aurrera egin ahala, gero eta mehatxatuagoa dagoen proiektua. Bestalde, argi dago espainiera agintarion hizkuntza nazionala dela eta, hein berean, haien boterearen, pribilegioen, menperatzeko askatasunaren sinbolo eta tresna aparta, haien identitate sozio-politiko eta kulturalarena. Euskara, aitzitik, gai pribatu bat da, euskaldunena, etxekoa. Baina, zoritxarrez, duela hogeita hamar urte inguru, Franco hil ondoko krisialdi instituzional handian, euskaldunok gehiegi ausartu eta eremu erreserbatu batean sartu nahi izan genuenn, alegia, berriro gizartean. Zeren atzetik dabil botere politiko espainiarra? Cánovasen antzera, Espainiaren Berrezarpena, La Restauración, eragin nahi dute, hots, euskara eremu pribatura zokoratzea, Euskal Herria folklore hutsean geratzea, Espainia bata eta barne-mehatxuetatik libre izatea. Horixe da haien askatasuna.

Beste gezur handi bat, berriz, osasun publikoaren mundutik dator. Hala da; Osasun Saila, Rafael Bengoa buru, eta Osakidetza Berrezarpenaren lehenengo eraso-lerroan daude. Gudaroste horiek 2008tik bereziki erasokorrak izan dira, eta batez ere laguntza mediatikoa izan dute Vocento egunkari-taldetik (El Correo, El Diario Vasco, ABC...), baina bipilago ari dira Ajuria Enean bandera jarri dutenetik. Egunkariok, orain erakunde publikoen indar mediatikoez gizenduta, etengabe aldarrikatzen dute Osakidetzan euskararen ezagutza baloratzeak edo eskatzeak kalte egiten diola asistentziaren kalitateari, batez ere medikuenari dagokionez, zeren, alde batetik oztopatzen baitu profesional onen kontratazioa, eta beste aldetik, medikuen ihesa errazten baitu, edo, gutxienez, medikuak kanpotik ekartzea zailagotu. Jakina, batzuek argudioak bete-betean sinesten dituzte, sarritan, euren interes pertsonalekin bat datoz eta. Harrigarriena, ordea, nazionalisten erantzun eza da, tamalez, zalantza piztu duelako Madrilgo doinua hain gustukoa ez duten herritar askoren artean. Egiazko zerbait dago arrazoi horietan? Ia ezer ez. Propaganda hutsa.

Osasun Sailak eta Vocentok ez dioskute Osakidetzaren azken eskaintza publikoan zerbitzu asistentzialetako mediku nahiz erizainen zenbat lanpostu geratu diren bete gabe. Zergatik? Datuek argudioak kentzen dizkietelako. Horri gehitu behar zaio ez dutela inolako arrazoirik esateko medikuen eskasia euskaragatik denik, Espainia osoko arazoa denez gero. Badaukate ikerketa seriorik baieztatzeko euskararen balorazioak arazoa sakontzen duenik? Ez horixe. Ospitaleetako zenbat medikuri eskatzen zaio euskara ezagutzea? Kopuru barregarria ziur aski. Osasun sailburuak ondo daki datuetan ez duela bermerik, eta besterik ezean, pasadizoak kontatzen dizkigu: berak ezagutzen omen ditu euskaragatik EAEtik alde egindako mediku bi. Aznarrek ere senide bat omen dauka aldaketa klimatikorik ez dela ondo dakiena. Maila jaso horretan hitz egin dezakete agintariek? Intuizioz bada ere, agian onar genezake Espainiako zenbait mediku anti Kataluniara eta EAEra etortzeko uzkur ibiltzea, erkidego erdi matxinoak izanik, baina Osasun sailburuak ederto daki normalean erakargarritasuna non egoten den: txeketegiak.

Zehatzago hitz eginda, oposizioetan kalte egin ote dio euskararen balorazioak aukeratutako langileen prestakuntza profesionalari? Ikus dezagun familia-medikuen eta erizainen kasuan euskara nola baloratzen ari den azken enplegu publikoaren azken eskaintzan. Puntuazioa guztira 187 puntukoa da, 100 oposizio-aldikoa eta 87 merezimenduen lehiaketakoa. Euskaragatik puntuazio osoaren % 9 ematen dute, alegia, merezimendu guztien % 19,5. Esperientziagatik, berriz, merezimenduen % 52. Esperientziari prestakuntza osagarria gehituz gero (% 25), biek batera merezimendu guztien % 80,5 balio dute. Ondorioa: oposizioaldia eta esperientzia dira, alde handiz, gairik erabakigarrienak, eta prestakuntza ere pisutsua da. Sailburuak Vocentoren bidez esanak esan, oposizioaldian kalifikazio ona eskuratu ondoren, eta esperientzian eta prestakuntza puntu asko lortuta, orduan bakarrik izaten da euskararen ezagutza erabakigarria lanpostuak zein langileri eman argitzeko.

Horiek horrela, Osasun sailburuak dioenaren kontrakoa geratzen da agerian. Euskararen ezagutzak laguntzen du profesionalik onenak aukeratzen, hots, esperientzia eta prestakuntza egokia izanik, herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko moduan daudenak. Horiek dira Administrazioaren herritarrenganako betebeharrei ondoen erantzuteko moduan daudenak, herritarren eskubideak errespetatuz eta zerbitzu elebidunak, hau da, kalitatezkoak, eskainiz. Aitzitik, zein da Jaurlaritza berriaren kalitate asistentzialaren eta gizartearen eredua, uste badu prestakuntza osagarriaren atal batek, doktorutzak kasurako, eragin handiagoa daukala kalitatean komunikazioak baino? Argudiorik ezean, Bengoak trikimailuetara jotzen du: euskararen balorazioa eta doktorutzarena konparatzen ditu. Horrela, doktoretza, oso mediku gutxik duten merezimendu bat, edonork eduki dezakeen zerbaiten parean jartzen du. Noren mesedetan? Euskara ez dakitenen medikuen mesedetan, doktore izan gabe noski. Bestalde, edozein zertzelada zientifiko izan daiteke tesi doktoral baten xedea, pazienteenganako arretarekin lotura zuzenik gabea izaten dena. Eguneroko lanean, ez ote da garrantzitsuagoa familia-medikuaren eta gaixoaren arteko hurbiltasuna, komunikazio ona zaintzea? Lehen mailako atentzioa dugu hizpide, anbulatorioetakoa, eta ez Unibertsitateko ikerkuntza. Lan zientifikoak bere tenpluak ditu, baina gaixoek, profesional ondo prestatuak ez ezik, hurkotasuna, enpatia, adeitasuna, abegi ona behar dituzte.

Nolanahi ere, ez gaitezen itsu-itsuan ibili. Hizkuntza-eskakizunen balorea hertsiki lotuta dago euskararen erabilera sustatzeko planei. Planik ez bada, ez dute zentzurik. Beraz, ez dut ukatu nahi hizkuntza-eskakizunen gainean eztabaidatzea bidezkoa eta egokia izan daitekeenik, baina beti ere erabilera bultzatzeko plan bati begiraturik. Hori da Patxi López, Rafael Bengoa eta Basagoitiren jarrera? Ezta hurrik eman ere! Euren plan bakarra euskararen pisua jaistea da. Behartuta daudenean, orduan agertzen dute hizkuntza-eskubideak errespetatzeko asmoa. Legedia jasaten dute, aldatzeko aukeraren zain, eta bitartean murrizketa nabariak iragarri edo burutzen dituzte, Hezkuntzan bezala.

Zer dago, beraz, PSOEren Euskera en libertad leloaren azpian? Askatasunaren izenean ematen dituzten legeek bedeinkatzen dute euskaldunen askatasun eza, baina beren askatasuna zurkaizten dute, alegia, beren hizkuntza-nagusitasuna. Konstituzioak ez digu askatasunik ematen: guztiok gaztelania jakin behar dugu, eta inork ez du euskara edo katalana jakiteko betebeharrik. Egoera ideala da PP eta PSOErentzat: euskaldunak bere etxean bakarrik erabil dezake euskara eta, herri batzuetan, inguru hurkoan ere bai, baina gehienetan ez du izango euskaraz jarduteko aukera Administrazioan, enpresan edo elkarteetan. Ertzain bati euskaraz egiten tematzen bada, baliteke mehatxuak pairatzea. Gertatzen ari da. Aldiz, erdaldun batek nonahi egin dezake erdaraz, baita herririk euskaldunenean ere, eta euskaldun oro behartu dezake gaztelaniaz egitera. Horrela, inoiz ez du euskara ikasteko premiarik sentituko. Horretan datza erdaldunaren ahalmena, Patxi Lópezek eta haren neurriko legediak babestuta.

Osakidetzan bada derrigorrezko hizkuntza-eskakizun bat: gaztelania. Euskararen Legeak langile guztiei aitortzen die euskaraz edo gaztelaniaz jarduteko eskubidea. Rafael Bengoak, ordea, ez dauka aurreikuspen bat ere euskaldunen lan-hizkuntzari buruz, ezta unitate batean langile gehienak euskadunak badira ere. Osasun Sailari batez ere erdaldunen bizimodu ona interesatzen zaio. Euskera en libertad leloak zer esan nahi duen argiro erakusten du Nafarroan PPk eta PSOEk azken hogeita hamar urteetan daramaten politikak: herrialdearen zatirik handienean, Iruñeatik behera, gurasoek ezin dute eskola publikoa aukeratu umeek euskaraz ikasteko. EAEn, ostera, gurasoen eskubidea aldarrikatzen dute, harrigarria, berton eskubide hori aitortuta daukate eta.

PPk eta PSOEk ondo dakite instituzioak gizabanakoei ezartzen zaizkiela, ezin diegula itzuri egin. Hizkuntza instituzio bat da, eta Patxi Lópezek neurriak hartu nahi ditu bere hizkuntzaren hegemoniari eusteko, askatasuna izan nahi baitu inor menderatzen jarraitzeko. Oraindik ez gara ohitu ikusten nola botere nagusien tresna mediatikoak eta politikoak askatasunaren ideala perbertitzen duten. Ideal hori beti izan da finkatutako botereei aurre egiten dietenen ikurrina eta erreferentzia. Baina botereok gero eta gehiago dihardute semantika manipulatzen, esangurak azpikoz gora jartzen; eta horrela, askatasuna mailu bihurtzen ari dira bankarien, agintarien eta barne-sailetako ministro nahiz sailburuen ezpainetan. Askatasun hitzak menperatzaileen eskubidea izendatzen du, aurkariak diskurtsorik gabe utzi nahian, statu quo zurkaizteko, eta azken finean, aurkariak antidemokratikotzat joz deslegitimatzeko trikimailua da. George Orwellek aurreratu zigun mintzairaren endekatze hori (1984 eleberrian): propagandaren ministerioari de la Verdad deritza, eta del Amor aurkariak torturatzen dituen ministerioari.

Zein da haien estrategia? Euskararen desagertze-prozesua atzeraezin bihurtzea, euskara, gizarte-eremuak galdu ahala, gero eta hizkuntza pribatuagoa denez gero, harik eta hizkuntzatasuna galdu arte. Xede horretarako, semantikaz gainera, botereek beste amarru bi egiten dute. Bata, hizkuntza desagertzeko prozesuaren izaera historikoa, gatazkatsua, hots, politiko-soziala, ekonomikoa, kulturala ezkutatzea da. Honela, ematen du Espainia eraikitzen ari diren botereek ez dutela inoiz borrokatu beren hegemonia eta proiektua gauzatzeko. Ikuspegi horretatik hizkuntzak desagertzea berezko zerbait da, naturala, munduan gerta zitekeen garapen bakarra (darwinismo soziala). Beste amarrua, hain zuzen, nagusitu diren botere hegemonikoen izaera nazionala, etnikoa ezkutatzea da. Izan ere, gaurko gizartea kultura eta erreferentzien aldetik konplexua bada ere, botereok izaera nazionala gordetzen dute hizkuntzan, kultura nagusian, sistema sinbolikoan. Baina nazionalistak eta xenofoboak minoriak dira, eurak konstituzionalistak.

Azken finean, horretan datza euskarari oposizioetan pisua kentzeko proiektua. Ez dago euskara hobeto babesteko planak eta, haiekin batera, hizkuntza-eskakizunen sistema berraztertzeko asmorik. Horretaz oso bestera, euskara baztertzen jarraitzeko nahia dago, Errestaurazioan, espainiar aberria gehiago kohesionatzeko xedea, duela urte batzuk krisi instituzional batean irekitako zauri batzuk sendatzearren. Portu horretara garamatzate PP eta PSOEren hitz pozoinduek: Euskera en libertad, elección de lengua por los padres, contra la discriminación, los excesos con el euskera...


(ROBERTO MANJÓN LOZOYA Osakidetzako euskara-teknikaria da)


Roberto Manjónek erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Gaztelaniazko hizkuntz eskakizuna, kendu beharrekoa
2010-03-24 / 09:10 / Iñaki Villoslada

Datu gehiago ematearren oso argigarria da jakitea, Galesen 400 ospitaleko medikuren faltan daudela. Eta ez dietenez bertoko hizkuntza jakitea eskatzen (inork ez dio bertoko hizkuntzari errua botatzen behintzat), badirudi mediku-faltaren arrazoiak beste batzuk direla. Gaztelaniazko hizkuntz eskakizunak hemen eta ingelesekoak Galesen, aldiz, mediku-eskaintzan eragiteko tamaina izan dezakete eta, hala balitz, gaztelaniaren eskakizuna hemen eta ingelesarena han dira mediku-eskaria ezin betetzearen erruaren zati. Eta soluziobidean gaztelaniazko hizkuntz eskakizuna da kendu beharrekoa eta ez euskararena.

 
Dira retxazableak per se
2010-03-25 / 17:49 / Erramun Gerrikagoitia

Gobernu hontatik datorren edozer da tramposoa zeren gobernatzera "heldu" dira bide tramposotik, sartu gabe orain analysis historiko zabalagoan zein baina litzateke beharrezko kokatzeko hemengo panorama politikoa (1200 urtea, 1512 eta 1620). Beren ethikaz eta fede onaz ezin da ezar sinestu zeren harturik bait dituzte possitione politiko jakinak ez dutena valio argudiatzeko modu "neutralean" omititurik konsekuentzia historikoak.

Intuitivoki esanik baina esanik egia garden diaphanoa' nork ukatu ahal du ez daudela alde euskararen, eta oraino gehiago daudela kontra?

Injustuki autopusatuko gobernua da retxazablea eta retxazatzekoa. Ez dute zertan deus argudiatzekorik zeren ustela bait da edozer euren ganik. Dimiti dezatela behingoz edo geuk dezagun ustelkeria hori sala.

Gure herrian, Nafarroan, ez dago demokraziarik.

 
Euskaldunon mundua ezabatu nahi
2010-05-24 / 13:02 / Karlos del Olmo

Heideggeren arabera, hizkuntza dagoen lekuan besterik ez da mundua mundu izaten. Zilegi zaigu pentsatzea, beraz, euskaldunon mundua ezabatu nahi dutela osasungintza publikotik eta beste hizkuntzetako hiztunen munduek eratutako unibertsotik. Azken batean, horrelako jarrerek ez diote hizkuntzari berari kalterik egiten, euskaldunoi baino, hiztunoi; euskara euskaldunen haragizko eta pentsamenduzko euskarri barik ezer ez denez gero, ezpabere bitxikeria hutsa, ikergai interesgarri bat, zer edo zer pintoreskoa, entziklopedia eta eskuliburuetako sarrera edo aipua, behinola existitu ei zen mintzaira basa...

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus