Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Erdarakadak edo 'gaztelaniakadak' ote?

Erdarakadak edo 'gaztelaniakadak' ote?

2010-02-17 / 08:35 / Roberto Alkarterri   HIZKUNTZA

Aspaldi honetan hainbat batzar, hitzaldi eta jardunalditan egotea egokitu zait eta, nire entzule-lanean adi-adi, kezka piztu didaten hiruzpalau esapide ekarri nahi ditut gaur foro honetara, hizpidea eman dezaketelakoan.

Ez nator, inondik ere, entzundako hizlarien lana edo berbakera kritikatzera eta desprestigiatzera, bikainak izan baitira denak, egia esanda, eta denengandik ikasi baitut gutxi edo asko, gainera. Baina, daukadan lanak bultzatuta, alegia, nolabaiteko deformazio profesionalak xaxatuta-edo, maiz, arreta hartu izan didate nire ustez erdarakada diren esamoldeek, adierazpideek edo direnak direlakoek.

Izenik ez dut hemen aipatuko, baina bai esango dut oso hizlari prestigiotsuei entzun dizkiedala beheraxeago komentatuko ditudanak, eta nik neuk, behintzat, eredu eta erreferentetzat izan ditudala, eta oraindik ere baditudala, hizlari horietako batzuk. Beharbada, horrexek kezkatu nau gehien, hau da, hiztun onek halakorik barra-barra erabiltzeak, eta, horregatik hain zuzen, zalantzatan jarri didate nik molde horietaz hain irmo eta segurutzat nuen (aurre)iritzia, guztiz ziur egon bainaiz, orain arte, beroriek erdarakadak direla; orain, ordea, zalantzak bizi nau.

Tira, natorren, bada, banan-banan komentatzera esamoldeok:

1. HASTERA GOAZ

Aditz aspektuari dagokionez, gauza jakina da euskarak geroaldi bakarra duela, aditz partizipioari -KO (-GO, -EN) erantsiz egiten dena. Gaztelaniak, berriz, ohiko geroaldiaz gain, baditu aditz perifrasi batzuk, geroaldiari ñabardura ematen diotenak. Esaterako, gaztelaniaz "perífrasis incoativa de introducción en la acción" delakoa dugu, IR aditzaz, A preposizioaz eta unean uneko infinitiboaz osatua (IR A + INFIINITIVO). Horrela, geroaldiko ekintzan sartu aurreko momentua zehazten da, perifrasiaren izenak berak dioenez.

Euskarak, nik dakidala, ez du horrelako baliabiderik, eta era berean esaten dira gaztelaniazko VAMOS A EMPEZAR eta EMPEZAREMOS (hasiKO gara). Beste kontu bat da aditza markatu beharra dugun ala ez. Hots, HASIKO GARA eta HASI EGINGO GARA ez dira gauza bera, baina horrek ez du axolarik balizko erdarakada honen harira. Gaztelaniazko IR A + INFINITIVO esamolde horren parekoena euskaraz, nire ustez, denbora adierazten duen nominalizazioa genuke (T(Z)ERAKOAN), baina horrek ez du zerikusirik aditz aspektuarekin.

Bada, kontua da, gaztelaniazko perifrasi hori imitatu nahian-edo, aspaldion, oso maiz entzuten dudala euskaraz HASTERA GOAZ moldea. Irratiko esatariei, telebistako hainbat saiotako aurkezleei (kirol mundukoei, batik bat), euskara-irakasleren batzuei, edo, lehentxeago aipatu bezala, zenbait hizlari eredugarriri. Eta ez molde hori berori bakarrik, molde bera baina beste aditz batzuekin egokituta ere bai; esaterako, PASARTE BAT IRAKURTZERA NOA (inora joan gabe, noski), edo ETA HONEKIN BUKATZERA NOA, eta horrelakoak. Bada, horrelakoak barik, euskarak geroaldi arrunta erabili beharko luke, nik uste.

Hortaz:

  • (*) Eta, besterik gabe, gaurko saioa hastera goaz.
    • Eta, besterik gabe, gaurko saioari ekingo diogu.
    • Eta, besterik gabe, gaurko saioa hasiko dugu.
    • Eta, besterik gabe, gaurko saioari hasiera emango diogu.
  • (*) Adi entzuleok, partida hastera doa eta.
    • Adi entzuleok, partida hasi egingo da eta.
    • Adi entzuleok, partidari hasiera emango zaio eta.
  • (*) Eta, amaitzeko, Kirmen Uriberen poematxo bat irakurtzera noa.
    • Eta, amaitzeko, Kirmen Uriberen poematxo bat irakurriko dut (dizuet).

Euskaltegietan, hizkuntza-eskakizunen bat edo beste lortzeko prestatzen ari garen ikasleei, sarritan zuzendu behar izaten dizkiegu HASTEN NAIZ? edo BIHAR EKARTZEN DIZUT bezalako esapideak; begi-bistako erdarakadak omen dira eta, horrelakoak esanda, ahozko azterketa nekez gaindituko dutela esaten diegu, badakigulako, jakin, aztertzaileek dezente zigortzen dituztela molde oker horiek. Baina geroaldia adierazteko -T(Z)ERA + JOAN egitura erabiltzea, ostera, susmoa dut ez dela txartzat jotzen, nik neuk, oraino bederen, ez baitut inon entzun edo irakurri hori txarto erabilita dagoenik.

Ni, dena den, txarto dagoela esatera ausartuko naiz; areago, HASTEN NAIZ? zein HASTERA GOAZ maila bereko erdarakadak direlakoan nago. Baina ez dagokit niri, noski, ni bezalako euskaldun berri sasi-jakintsu bati, hori erdarakada ote den esatea.

2. EZ BAKARRIK + BAIZIK ETA

Bada beste esamolde bat aspaldi honetan txitean-pitean entzuten dudana eta, aurrekoak bezala, min ematen didana belarrian. Erdarazko NO SÓLO SINO delakoaren kalkoaz ari naiz.

Horrelako adierazpide bat euskaraz formulatzerakoan, gaztelaniatik itzulpena eginda edo egin gabe, neuri behintzat, EZ EZIK ERE egitura datorkit ahora, edo, bestela, EZ BAKARRIK + ERE, baina kalko hutsa edo erdarakada nabarmena deritzot EZ BAKARRIK + BAIZIK ETA horri.

Izan ere, BAIZIK ETA edo BAIZIK besterik gabe erabiltzean, baiezkotasuna azpimarratzen dugu aurreko ezezko premisa baten aurrean, oposizio argia eginez bion artean.

  • Hori ez da erraza, zaila baizik . - Ez du hori esan, baizik eta berandu etorriko dela batzarrera.

Bestalde, BAIZIK hori BESTERIK edo BAINOren parekoa ere izan daiteke ezezko esaldi batean:

  • Lau ikasle besterik ez.
  • Lau ikasle baino ez.
  • Lau ikasle baizik ez.

Gaztelaniazko NO SÓLO SINO egituran, berriz, baiezko informazio bati beste bat gehitzen diogu, baiezkoa ere badena ("No sólo lee libros, sino que también los escribe"), edo, bestela, ezezko informazio bat gainditu egiten dugu baiezko beste informazio baten bidez ("No sólo no lo sabe, sino que tampoco lo entendería"). Beraz, egitura horrek ez du zerikusirik gure BAIZIK ETA horrekin, ez baitu adierazten, berez, inolako oposiziorik informazioen artean, informazio-gehitze hutsa baizik.

Beraz:

  • (*) Ez futbola bakarrik, baizik eta gainerako kirol guztiak gustatzen zaizkio Kepari.
    • Futbola ez ezik, gainerako kirol guztiak ere gustatzen zaizkio Kepari.
    • Ez futbola bakarrik, gainerako kirol guztiak ere gustatzen zaizkio Kepari.
    • Futbolaz gain, gainerako kirol guztiak ere gustatzen zaizkio Kepari.

Edo:

  • (*) Ez bakarrik ez duela suspenditu, baizik eta bikain atera duela azterketan.
    • Ez du suspenditu; aitzitik, bikain atera du azterketan.

Hots, gaztelaniazko egitura baten kalko hutsa egiten dugu, askotan, euskaraz gauza bera esateko baliabide propio eta jatorragoak ditugularik ere. Nire iritziz, erdarakada galanta egitea da hori, ezbairik gabe.

3. NOLA BERANDU ETORRI NAIZEN...

Eta, amaitzeko, oso zabaldua dagoen hirugarren eta azken esamolde bat ekarri nahi dut ahotara gaurkoan. Hainbeste erabiltzen da egitura hau, ezen dagoeneko ez baitakit zenbateraino den salagarri erdarakadaren etiketa jarrita. Baina, tira, ausartu egingo naiz esatera, bai, berau ere erdarakada dela.

Gaztelaniazko COMO kausazkoa, batetik, eta CÓMO galdetzailea, bestetik, badakigu guztiz ezberdinak direla, nahiz eta, formari dagokionez, tilde ziztrin batek baino ez dituen bereizten. Gogoan dut, haurtzaroko eskola artean frankista haietan eginarazten zizkiguten diktaketetan, zeinen garrantzitsuak ziren tildeak. Tildegabea eta tildeduna bereizten ez jakitea, akats larritzat jotzen zuten orduko maisu-maistrek, eta, diktaketa-proba bera suspenditzeko arrazoi nahikoa izateaz gain, kokotekoren bat baino gehiago ere jo izan ziguten halako akatsak egiteagatik.

Euskaraz ere, noski, ezberdinak dira bi horiek, kausazkoa ala galdetzailea diren. Baina, agidanez, euskal hiztun askorentzat ez da akatsa biok nahastea eta, sarritan, honelakoak entzun behar izaten ditugu gure artean:

  • (*) Nola berandu etorri naizen, ez dut hitzaldiaren hasiera entzun.
    • Berandu etorri naizenez (gero), ez dut hitzaldiaren hasiera entzun.

Edo, beste zenbaitetan, esaldi bukaerako azalpenezko sinple bat ordezkatzen dute NOLA galdetzailea erabilita, euskarak horretarako baliabide egoki eta jatorrak baditu ere:

  • (*) Gaur ez naiz zelaira partida ikustera joango, nola telebistan emango duten.
    • Gaur ez naiz zelaira partida ikustera joango, telebistan emango dute eta.
    • Gaur ez naiz zelaira partida ikustera joango, telebistan emango baitute.
    • Telebistan emango dutenez (gero), gaur ez naiz zelaira partida ikustera joango.

Beste batzuetan, aldiz, beste erabilera oker bat ere ematen zaio NOLA horri, gaztelaniak eragindako kalko okerra berau ere, nire ustez. Honatx:

  • (*) Oso garbi nabaritu nion nola ez zuen gurekin afaltzera etorri nahi.
    • Oso garbi nabaritu nion ez zuela gurekin afaltzera etorri nahi.

Egia esanda, esaldi oker horiek gaztelaniaz formulatzen baldin baditugu, garbi asko ikusiko dugu eragin nabarmena dutela euskarazko bertsio desegoki horietan, eta nik horrelakoei "gaztelaniakada" besterik ezin diet deitu (zilegi bekit hitzen bat ere asmatzea, zehaztasunaren izenean).

  • Como he venido tarde, no he oído el comienzo de la charla.
    • (*) Nola berandu etorri naizen, ez dut hitzaldiaren hasiera entzun.
  • Hoy no iré al campo a ver el partido, como lo dan en la televisión.
    • (*) Gaur ez naiz zelaira partida ikustera joango, nola telebistan emango duten.
  • Le noté claramente que no quería (cómo no quería) venir a cenar con nosotros.
    • (*) Oso garbi nabaritu nion nola ez zuen gurekin afaltzera etorri nahi.

Jo dezagun, une batez, gauza bera egiten dugula gaztelaniaz; hau da, CÓMO tildeduna COMO tildebakoaren ordez erabiliko dugu esaldiotan:

  • Como he venido tarde, no he oído el comienzo de la charla.
    • (*) Cómo he venido tarde, no he oído el comienzo de la charla.
  • Hoy no iré al campo a ver el partido, como lo dan en la televisión.
    • (*) Hoy no iré al campo a ver el partido, cómo lo dan en la televisión.
  • Le noté claramente que no quería venir a cenar con nosotros.
    • (*) Le noté claramente cómo no quería venir a cenar con nosotros.

Bistan da beroriek ere ez direla zuzenak, eta, ziur aski, belarrondokoren bat emango zidaten umetako eskola haietan horrelakorik idatziz gero. Eta ez dut esan nahi, ez horixe, inor jo behar denik erdarakadak esan edo kalko oker eta eskasak egiteagatik, baina, beharbada, zer diogun gehixeago zaindu beharko genuke, batez ere, bestelako molde batzuk berehala erdarakadatzat eman eta zentsuratzeko prest hain erraz azaltzen garenean.

Esan nahi dut, nolabait, euskal hiztun guztiok garela bekatari erdarakaden kontu honetan, baina, askotan, susmoa dut molde batzuk bestetzuk baino dezente gehiago zigortzen direla, nork esaten dituen, akaso.

Gorago esan dudanez, ez dagokit niri erdarakada zer den esatea. Egia esanda, ez dakit termino zuzena darabildan ere erdarakada esatean, eta seguru nago, gainera, nik neuk ere ederrak botatzen ditudala ahoa ireki orduko.

Gogoeta honetan guztian, nolabait, neure zalantza agertu nahi izan dut erdarakaden inguruan. Batzuetan, gaztelaniatik hurbil-hurbilak diren moldeak erabiltzen ditugu eta ez omen dira erdarakada; esaterako, "gogoak eman didalako egin dut", "eskumuinak eman nire partez", edo "beste oilar batek egingo luke kukurruku". Beste batzuetan, berriz, errazegi hartzen ditugu erdarakadatzat. Gaztelaniaz berdin-berdin esaten direlako al dira erdarakada? Zein hizkuntzatan dira lehenagokoak, gaztelaniaz ala euskaraz? Nork eta nola erabaki behar du erdarakada zer den?

Tira, horra hor nire galderak, hausnarketarako gonbite xumea baino ez direnak.


(ROBERTO ALKARTERRI helduentzako euskara irakaslea da)


Roberto Alkarterrik erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):


Inprimatu


Erantzun

 
Re: Erdarakadak edo 'gaztelaniakadak' ote?
2010-02-17 / 12:32 / Hasier Agirre

Erabata ados esan duzun guztiarekin. Ni neroni kutsatua nengoela konturatu naiz, erabiltzen baitut "ez soili/baizik eta" hori.

Dena den, "ez ezik/ere" forma euskaraz askoz ere jatorragoa dela zalantzan jartzen ez dudan arren, atzera pasatzen dugu esaldiaren karga guztia. Adibidez:

  • "Ez soilik Realak bigarren mailako talderik onenetakoa duelako eta ligari hasiera ona eman diolako, baizik eta aurkariak ere pattal dabiltzalako eta aurrekontu txikiagoa daukatelako".

"Ez ezik/ere" erabilita, nola itzuliko genuke?:

  • "Realak bigarren mailako talderik onenetakoa daukalako eta ligari hasiera ona eman diolako ez ezik, aurkariak ere pattal dabiltzalako eta aurrekontu txikiagoa daukatelako".

Betiko borroka: euskal sena vs idazkera argia.

Ni, ahal den guztietan, euskal senaren alde, baina batzuetan ez da erraza izaten.

Zure artikulua aprobetxatuz: ez al zaizue iruditzen "jaso" aspaldian gaizki erabiltzen dugula euskaldunok? Ez al da gehiegi zabaldu bere erabilera? Nik "hartu" erabiliko nuke gehiago, edo, beste batzuetan, ez nuke esaldi pasiborik erabiliko.

  • Jaso dut zure mezua/hartu dut zure mezua
  • Babes asko jaso genuen/babes handia eman ziguten

Uste dut "recibir"-en ordaina euskaraz "hartu" dela gehienetan.

  • "Zapatero recibió a Sarkozy en la Moncloa"
    • Zapaterok harrera egin zion Sarkozy-ri Moncloan
  • "Como no te calles, va a recibir"
    • Isiltzen ez bazara (bizkarreko) ederrak hartuko dituzu/ emango dizkizut...

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus