Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntza partekatzea

Hizkuntza partekatzea

2009-11-23 / 08:30 / Joxe Manuel Odriozola   HIZKUNTZA

Hizkuntza bat jakitea, ikastea, erabiltzea, hizkuntza hori partekatzea edo konpartitzea da, hizkuntza atzerrikoa ez baldin bada. Ikasitako hizkuntza partekatzea hizkuntza horren komunitatea partekatzea da, komunitate horren munduan eta erreferentzia-sareetan integratzea. Hizkuntza ikasteak horrela bakarrik hartzen du zentzu osoa.

Gainerakoan, atzerriko hizkuntza litzateke, turismorako edo lan jakin batzuetarako baliatua. Ikasketa modu horrek ez baitu ikasitako hizkuntzaren komunitatearekin ezer partekatzea inplikatzen, horrelako zerbait gertatzen da munduan hizkuntza «etniko» gehienekin: hau da, ohitura folkloriko batzuk transmititzen zaizkio ikasleari. Gurean, Olentzero, Santa Ageda... eta gisakoak dira didaktika folkloriko horren lekuko.

Euskal elebidunak zer partekatzen du, batez bestekoan, dakizkien bi hizkuntzen komunitate eta kulturekin? Zer-nolako harremanak eta inplikazioak ditu elebidun izate horrek euskararen mundu eta erreferentzia-sareekin? Euskal Herriko elebidunak zer bizi du erdal mundutik eta zer euskaldunetik? Zertan da elebidunaren euskal erroa?

Hizkuntzaren erabilerak duen erro-dimentsiora garamatzate aurreko galderek. Oker ez banago, Juan Cobarrubiasek etoglosia kontzeptua erabiltzen du guk adierazi nahi duguna esateko. Berak ondo dioen moduan, kontua ez da soil-soilik hizkuntza bat zenbat erabiltzen den jakitea, zenbat erabilera-eremu bereganatu dituen jakitea, horretaz gainera, hizkuntza minorizatu baten normalkuntzan oinarrizko baldintza da hizkuntza horren erabilerak daukan izaera etoglosikoa ere. Alegia, hiztunak modu errotuan al darabil hizkuntza edo bigarren hizkuntzaren axaleko funtziotarako bakarrik?

Erabileraren zenbatekoa bezain garrantzitsua da erabileraren izaera eta errotasuna. Beste modu batean esanda: nolako erroak ditu gaitasun komunikatiboaren izaerak? Hizkuntza sustraitua al dago hizkuntza horri dagokion kulturan eta komunitatean? Partekatzen al ditu hizkuntzaren komunitateko eta kulturako erreferentzia-sareak? Edota funts-funtsean erdal munduan bakarrik bizi den hiztunaren axalekotasuna da nagusi? Hiztunaren gaitasun-maila dela eta, gogoan hartzekoa da Joxerra Garziaren iritzi hau: «Hori da tragedia. Euskal Herrian ez dago elebakarrik, eta hiztun bat haserretzen denean ez badauka tontolapiko-tik gorako irainik, beste hizkuntzara joko du». (Berria, 2009-10-14).

Nire irudipena zera da auzi horretan: elebidunak, euskalgintzako intelligentsia murritz bat salbu -Siadeco-ren azterketa ezagun hura gogoan, dozena bat mila eskas-, ez dituela euskararen eremuko erreferentzia-sareak partekatzen. Aldiz, elebidun horrek berak erdararen munduari dagozkion erreferentzia-sare ia guztiak garatzen ditu bere nortasunean. Esan nahi dut, (euskal) elebidunen artetik guzti-guztiek partekatzen dituztela erdal mundu ekonomiakoa, politikoa, soziala, kulturala, ideologikoa, psikologikoa eta abar, baina mundu horiek hutsaren hurrengoak direla euskaltasunari dagokionez.

Honenbestez: zer-nolako hizkuntza da euskara hiztun elebidunentzat ikasitako hizkuntzaren erreferentzia-mundua partekatzen ez baldin badu? Nolako harremanak dauzka hiztun elebidunak gurean euskaltasunarekin baldin eta euskararen munduarekin partekatzen dituen gauzak eta gertaerak bizitza errealarekin funtsezko harremanik ez baldin badute? Alegia, esparru akademikora (ikastola, eskola, euskaltegia) mugatzen badira? Bistan denez, euskararen izaera etoglosikoak ez du funtzionatzen (euskal) elebidunaren jardunean, elebidunaren euskarak ez daukalako ez errorik ez integrazio-ahalmenik.

Juli Palou-k esan berri digunez, bigarren hizkuntza ikasteak jarrera-inplikazio sakonak ditu ikaslearentzat: «Bere buruaren dezentralizatze-prozesu batean murgilduta aurkitzen da ikaslea». Beste hitz batzuetan esateko: «Nirea errealitatearekin harremanetan jartzeko modu askoren artean bat baino ez da». Zer esan nahi du horrek gure eskola, ikastola eta euskaltegietara etorrita? Espainol eta frantses izatea ez dela identitate-modu bakarra, euskalduntzeak euskararen mundua partekatzea eskatzen duela. Ikasleak bere etnozentrismo espainola edo frantsesa gainditu egin behar duela mundu euskaldunean barneratzeko. Bere identitate espainol eta frantsesetik atera egin behar duela nolabait euskaltasunean ere integratzeko.

Horiek horrela, zer egiten dugu gaurko eskoletan, ikastoletan eta euskaltegietan ikaslearen jarrera hori iraultzeko? Ezer funtsezkorik egiten ote dugu? Ezetz uste dut. Uste dut batez ere euskara irakasten saiatzen garela, hori bezain garrantzitsua, edo are garrantzitsuagoa, ikaslearen jarrera aldatzea dela ahantzita. Alegia, hizkuntza minorizatuen kasuetan -eta hori da noski euskararen kasua- erabakigarriagoa da ikaslearen jarreraren auzia hizkuntza modu akademikoan ikastea baino.

Ikaslea ikasten ari den hizkuntzaren estatusa normalizatua baldin badago, demagun edozein estatu-hizkuntza, hizkuntzak berak bermatzen dio erabilera. Aldiz, xede-hizkuntza minorizatua denean, hiztunak berak eragin behar du erabilera. Euskara ikasten duenak ez dauka aldez aurretik bermaturik erabilera, berak ahalegindu behar du nolabait erabilera-aukerak sortzen. Horrela izan ezean, euskara ikastea alferrikako lana da kasurik gehienetan, «euskaldundu» denaren jarreran ez delako «dezentralizatze-prozesurik» gertatzen.

Daniel Cassany-k ondo asko dioen moduan, «hizkuntz gaitasuna beste gaitasun baten baitan bilduta dago, gaitasun kulturalean, eta gaitasun kultural hori partekatu behar du hiztunak». Hizkuntza gizartearen testuinguruan nagusi diren baldintza soziolinguistikoak kontuan hartu gabe transmititzen denean, hau da, baldintza horien kontzientziarik txertatzen ez bada ikaslearen praxian, alfer lana da. Kontua ez delako euskara transmititzea soilik, euskararen testuinguru problematikoaz jakinaren gainean jartzea baizik. Esan berri dugun bezala, euskararen transmisio akademikoa alfer lana da transmisio hori problema gisa eta modu erreflexiboan bereganatzen ez badu ikasleak. Problema baita euskararen erabilera, problema euskaldun izatea.


(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR euskara irakaslea da Pasaiako Udal Euskaltegian)


Joxe Manuel Odriozolak erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus