Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara batua eta liturgia Euskal Herrian

Euskara batua eta liturgia Euskal Herrian

2009-10-22 / 08:55 / Dionisio Amundarain   HIZKUNTZA

Euskara batua onarturik dugu teorian bederen. Euskara batua onartzeak, alabaina, batez ere, meza-liburuaren kasuan bezala, maiz erabiliko diren liburuetan Euskal Herri osoan bertsio bakarra lortzera jotzea esan nahi du. Bertsio bakar hori ez dela bihar goizean lortzekoa? Prozesua bihotz handiz bideratzen ez bada, ez bihar goizean, ez sekula santan lortuko da. Eta inork ezin kendu niri burutik amets egitea. Esna amets egitea, gero.

Arazoa

Arazoa

Gaur, igandea (2009-10-4), Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle bat kexu agertu zaigu Euskara Zientifikoa delako ikaskuntzan «euskara batuan», estandarrean, jardutea eskatu omen dietelako. «Zergatik utzi behar du bere euskara jatorra Gipuzkoako Goierriko edo Azpeitiko batek?», diosku aipatu ikasleak, beste hainbat ikaskideren izenean.

Agian, euskara estandarra noiz eta euskalkiak noiz erabili beharko liratekeenaz eman izan diren argibideak ez dira gehiegi sozializatu gure artean. Eta egungo gure gazteek ez dute ez irakurri, ez entzun, nonbait, horrelako konturik.

Baina esango nuke ezen euskara batua edo estandarra erabiltzea zertan datzan edo zein helburu duen, askoz jende gutxiagok dakiela. Elizen Arteko Biblia euskaratu zutenek garbi adierazia dute nola hartzen zuten euskara batuan jardute hori: «... euskara batuan emana da... Ez da, ordea, taldea Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak era mekanikoan jasotzeaz bakarrik konformatu... arau puntualak eta gomendioak baino harantzago doanaren jakitun izan da taldea: ortografia eta morfologia bezain garrantzizkotzat (gutxienez) jo ditu joskera, testua trabarik gabe eta aise irakurtzeko modukoa izatea, han eta hemengo (ahal zuen neurrian) hizkuntza-forma jatorrez hornitua ematea...» (Elizen Arteko Biblia, Aurkezpena).

Alde bi horietatik (estandarra noiz eta estandarraren funtsa), badugu zeresanik Euskal Herrian liturgiarako eta bestelako erlijio-gaietarako garatu den eta garatzen ari den testugintzaz.

Liturgian askotariko euskara

Liturgiako testugintzara mugatzen naizelarik, esan dezadan, euskarari dagokionez, hiru testu-molde, gutxienez, garatzen dela Euskal Herrian: Gipuzkoa ingurukoa, Bizkaia aldekoa eta Iparraldekoa.

Ez naiz hasiko esaten, dibertsifikazio handiegia edo txikiegia den. Eman dezadan, gure euskal gizartea euskarari dagokionez dagoen dagonean harturik, beharrezkoa dela testu-bereizketa hori.

Halere, teorian bederen, hiru taldeek onartzen dute euskara batuaren beharra. Ez dut uste, ordea, geroxeago argituko dudanez, hiru talde horiek hain konbentzituak ageri direnik testuak prozesu gisa batzearen beharraz. Dena den, ez da gutxi euskara batua onartu izana. Jauzi handia egin da horretan azken urte hauetan.

Baina arazoa, nik uste, ez da hori. Elizen Arteko Bibliakoek adierazten dutenaren bidetik, testuak batzea da kontua, edo batzera jotzea. Batzeko prozesua bideratzea. Batez ere, liturgiakoen kasuan gertatzen denez, egunero edo maiztasun handiz erabili beharrekoak diren testuen kasuan. Jakin badakit Liturgiaren zuzeneko helburua ez dela linguistikoa, ezta herriaren batasun politikoa ere. Baina jakitun naiz, era berean, liturgiak ezin diela muzin egin alderdi horiei.

Alde horretatik, batzearen alde horretatik, Congregatio de Cultu Divino delakoak, Instructio Quinta-n (36. zk.), hori bera diosku: hizkuntza bat berean, ez dira onartu behar testu desberdinak. Jakina, Congregatio-aren arau hori ezin hartu da zorrotzegi; testuak berak ere erlatiboki hartzeko bidea ematen du. Eta, izatez, euskara baino estandarizatuagoa den espainolak bi (gutxienez) testu desberdin baditu, nik dakidala: Espainian argitara emana eta Mexikon emana. Baina, hizkuntzalaritzaz Congregatio horrek agertu dituen gogoeta batzuk alde batera utzirik -hizkuntzalaritzakoak ez, baizik erromatar zentralismotikoak baitira asko-, bada arrazoi bat aski zentzuzkoa: «Fededunek, Bibliako testurik esanguratsuenak bederen, buruz jakin ahal ditzaten, eta haien otoitz pertsonalean eragina izan, inportantea da Bibliaren itzulpenak, liturgiarako denak, nolabaiteko batasuna eta egonkortasuna izan ditzan...» (Instructio Quinta, 36. zk.).

Nik neuk begi-bistakotzat jotzen dut helburutzat Euskal Herri osorako testu bakarra lortzera jotzea.

Testuak batzeko tresnak

Horiek horrela, inoiz ez bezalako tresnak ditugu liturgiako bibli testuak batzen joateko.

Batetik, aspaldidanik moldatuz joan diren testu liturgikoak berak ditugu, hiru moldetan, gutxienez, (ez naiz ausartzen euskalki deitzera) eratuak. Ikuspegi zabalez eta aipatu helburua -testu bakarra egiten joateko ardura- kontuan dela jokatuz gero, tresna balios izan daitezke: gerta daiteke, molde baten erabili izan den hizkuntz forma beste bi moldetan erabiltzeko egokia edo ulergarria ez izatea; aldiz, bi molde horietako hizkuntz forma izan daiteke egokia eta ulergarria hirugarren moldean; zehazkiago esateko, aise gerta daiteke Iparraldean erabiltzen duten hizkuntz formak oztoporik ez izatea Hegoaldeko bi bertsioetan. Hartara, zergatik ez erabili hiru testuetan hizkuntz forma bera? Beraz, orain arteko liturgi testuak aztertuz, aurrerapen handia egin liteke testu bakarra moldatzen joateko bidean. Kontrakoa gertatuko litzateke, ordea, hiru liturgi talde horietako bakoitza bereari atxikirik jardungo balitz: nirea, nirea eta nirea esanez eta eginez.

Beste tresna handia Elizen Arteko Biblia (EAB) izango litzateke. Esan liteke, horretan lan egin zuen taldea ez zela hasi zerotik, baina bai beste bertsio batekiko lotura hertsirik gabe. Alde horretatik, hizkuntz forma aski libreak eratu zituela asko eta askotan.

Hirugarren, Belok-eko Marcel Etchehandyk egindako EABren egokitzapena dugu. Benetan lan paregabea, oraingoz, Bibliaren euskarazko munduan. Hizkuntz forma berezi batzuk salbu, zer eragozpen izango luke bizkaitar batek, gipuzkoar batek, Nafarroa Garaiko batek, Arabako batek bertsio horretako fraseologia ulertzeko?

Testu bakarraren bidean nagitasuna

Uste dut, ordea, testu bakarra lortzeko bidean, prozesuan, nagi gabiltzala. Eta txokokeriari emanik.

Batetik, liturgiako testugintzan dabilen jendetik zenbatek hartu du esku artean Marcelen Biblia? Agian, badagoke norbait begi-ertz txikiz eta meharrez, benetan irakurri gabe beraz, noizbehinka begiratu bat bota dionik edo botako dionik; alabaina, ez dut uste oker nenbilkeenik esango banu ezen aipatu jende-taldean -liturgian nahiz beste eliz lanetan- ez duela serioski irakurri esku bateko hatzak baino lagun gehiagok. Penagarria!

Bestetik, txokokeria. Nork berea, eta kito. «Guk honela, horrela, hala esaten dugu». Kontuan hartu gabe, beste harentzat hizkuntz forma hori ez dela egokia. Aldiz, beste hark darabilen hizkuntz forma «zure» hori bezain egokia eta ulergarria dela zuretzat ere.

Zergatik ez jo hizkuntz forma orokorrak erabiltzera. Guztientzat, Iparraldekoentzat eta Hegoaldekoentzat, egokiak eta ulergarriak direnak erabiltzera?

Adibidetxo bakan batzuk

«Zertan ari haiz» diozu, agian. Ba, egia biribila adierazi nahiz. Hona segidan, adibide batzuk.

Hona zer datorren «hura/bera» bikotearen erabileraz EUSKALTZAINDIA, Gramatika Batzordea, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I, Iruñea 1985, 153. or.: «a) Ekialdeko euskalkietan hura erabiltzeko joera nabari da... b) Mendebaleko euskalkietan, bera erabiltzeko joera handiagoa dago...».

Zergatik ez genuke forma bera erabiliko liturgiako testu guztietan. Eta, markatu gabea denez, zergatik ez erabili hura? Inolako oztoporik ez luke sortuko euskaldun gehienen artean.

Berriro esan, nagikeria eta txokokeria gainditu beharra genuke. Hona segidako laukian, Gipuzkoa aldeko testuan datorrena eta Marcel-en Biblian datorrena parez pare emanik.

Meza-liburua (Urteko 23. ostirala)
[ Sal16 (15),7-8 ]
Marcel Etchehandy, Elizen Arteko Biblia
[ Sal 16 (15), 7-8 ]
Bedeinkatzen dut Jauna, aholku baitit ematen,
gauez ere berak du nire barrua hezten.
Begi aurrean dut Jauna etengabe;
bera eskuinean dudala, ez naiteke dardara.
Benedikatu nahi dut Jauna, harek baitaut aholku emaiten,
gauaz ere, nere baitan harek dei egiten.
Begien aitzinean dut beti Jauna,
hura ondoan dutala, ez naiteke kordoka.
Meza-liburua (Urteko 24. larunbata)
1 Timoteo 6,15-16 (azken orduko aldaketatxo bat gorabehera)
Marcel Etchehandy, EAB, 1
Timoteori 6,15-16
Berau da Nagusi bakarra eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna;
bera bakarrik da hilezkorra,
eta iritsi ezineko argitan bizi da:
ez du inoiz gizakik ikusi
eta ezin du ikusi ere.
Berari aintza eta agintea betiko. Amen.
Hau da nagusi bakar eta zoriontsua,
erregeen Erregea eta jaunen Jauna;
hau bakarrik da ezilkorra,
eta ezin hurbilduzko
argitan bizi dena:
nehork ez du ikusi,
ez eta ikusten ahal.
Huni aintza
eta nagusitasuna betiko. Amen
Meza-Liburua (Urteko 25, asteazkena)
Tobit 13,2.4
Marcel Etchehandy, EAB,
Tobit 13,2.4.
Bedeinkatua, beti bizi den Jainkoa
eta bedeinkatua haren erregetza!
Berak du zigortzen eta bera da errukitzen,
berak jaitsarazten du Herio-leize sakonera,
eta berak igoarazten Hondamendi handitik;
ezerk ez du haren eskutik ihes egiten.

Han erakutsi dizue bere handitasuna.
Goraipa ezazue bizidun guztien aurrean,
hura baita gure Jaun eta Jainko,
hura gure Aita menderen mendetan.
13,2 Goretsia izan bedi
betiko bizi den Jainkoa!
Goretsia haren erregetza!
Harek du zigortzen
eta hura da urrikaltzen;
harek jautsarazten du
Hilen Egoitzarat,
lurpeko osinetarat,
eta harek ateratzen
hondamendi handitik.
Deusek ez du
hareneskutik ihes egiten

13,4 hor erakutsi baitauzue
bere handitasuna.
Goraipa zazue
izaki guzien aitzinean.
hura baitugu Jauna, gure Jainkoa,
gure Aita.
Hurada Jainko
menderen mendetan.

Zer zailtasun sortuko litzateke meza-liburuko bera formako horiek hura forman emanik?

Beste adibide bat. Zergatik eman Penteskoste, Euskaltzaindiak onartua duen eta Iparraldean erabiltzen duten Mendeskoste ordez? Euskaldunik lauena ere ez ote dago ohitua horrelakoetara edo antzekoetara; nire adin inguruko zeinek ez du entzun bere bizitzan, adibidez, Panplona ordez Planpona. Eta zeinek ez luke ulertuko barri ordez berri emanik? Etab. Hain gexala ote da euskal irakurlea/entzulea Mendekoste ez ulertzeko, gainera bere testuinguruan emanik?

Beste bat gehiago. Liturgialdiei izena emateko, Hegoaldean (Abendualdia, Eguberrialdia...) Per annum esateko Urtean zehar(reko) izena asmatu dute; Iparraldean, berriz, Urteko. Ez ote jatorra azken hau? Are, ez ote jatorragoa? Batetik, nonbait irakurria dut denborazkoa adierazteko ez dela izan oso erabilia ...-zehar. Bestetik, Marcel-en Biblian ez dut ikusi forma hori. Beraz, baterantz egiteko ibilbidean Urteko izango litzateke egokiena eta ulergarriena.

Nire desio handi gisa

Pozik ikusiko nuke, oro har, Euskal Herri osoa bat eginik, bai herriz, bai hizkuntzaz.

Baina gutxixeagoarekin konformatu beharko, halere, amets handi egiteari utzi gabe. Alabaina, esna egindako amets handia bizi. Eta zer esan? Nahiago nuke nire amets handi bizi hori hedatuagoa balitz.

Horrek guztiak nagikeria eta txokokeria alde batera uztea eskatzen. Hegoaldean meza-liburua berritzearen ibilaldia 1999an hasi eta 2009 honetan aurreratu samarturik dutenei asko eskatzea izango ote litzateke honako urrats hau egin dezaten: liburuaren bertsio berria Iparraldeko aditu batzuei eskura eman diezaieten, haiek, beren aldetik, ikuspegi orokorrez jokaturik, beren proposamenak egin ditzaten?

Marcel-ek etsenplu bikaina eskaini digu EABri egindako egokitzapenarekin.

Aldian, atzerapena lekarkeela horrek? Aipatu meza-liburuaren ibilaldian pausaldi luzeagoak egin izan dira; horietan bat ia urtebetekoa. Hilabete pare bateko atzerapena ezer ez litzateke izango, ekar lezakeen onuraren aldean.

Batez ere, kontuan hartzen bada, orain argitara emaniko meza-liburua urte askotarako izango litzatekeela. Eta, gainera, aipatu proposamenen onarpenak, neurri txikienean onarturik ere, erreferente izateko ahalbide handia emango liokeela aipatu meza-liburu berriari. Eta erreferente izateak, noizbait testu bakarra izateko prozesuan, urrats handia egin izana esan nahiko lukeela.

Hasierakora itzuliz, euskara batua onarturik dugu teorian bederen. Euskara batua onartzeak, alabaina, batez ere, meza-liburuaren kasuan bezala, maiz erabiliko diren liburuetan Euskal Herri osoan bertsio bakarra lortzera jotzea esan nahi du. Bertsio bakar hori ez dela bihar goizean lortzekoa? Prozesua bihotz handiz bideratzen ez bada, ez bihar goizean, ez sekula santan lortuko da.

Eta inork ezin kendu niri burutik amets egitea. Esna amets egitea, gero.


(DIONISIO AMUNDARAIN SARASOLA itzultzailea da)


Dionisio Amundarainek erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus