Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ideologiarik gabeko euskara

Ideologiarik gabeko euskara

2009-09-25 / 08:35 / Jon Sudupe   HIZKUNTZA

Ideologiak arriskutsuak dira. Ideal handiek era askotako mugimenduak eragin dituzte: inperialista ilustratuak, nazionalistak, faxistak, arrazistak, fundamentalistak, terrorista islamikoak... Ideologien ondorioak oso garesti ordaindu ditugu askotan. Euskarari ere kalte handia egin dio ideologiak. Historiari begiratu besterik ez dago.

Ideologia solariegoak bere mesederako erabili zuen euskara Erdi Aroan. Euskaldun handikien elitea izan zen euskara hizkuntza kultu eta moderno bihurtu ez izanaren errudun nagusia. Euskaldun herri xehea liburuetatik urrundu nahi izan zuten, ideia berriei sarrera eragoztearren. Uste ohi denaren kontra, euskara ez zuen «zentralismoak» baztertu, euskal nobleziak berak baizik.

Trentoko Kontzilioaren ondoren, euskaltasunak eta katolikotasunak bat egin zuten. XVI. mendetik aurrera, ideia heretikoen aurkako hesirik sendoena euskara zela pentsatu zuten apaizek. Euskara iraultza liberalaren aurkako tresna moduan erabiltzen hasi ziren. Euskararen apologia egin zuen zenbaitek, baina erdaraz.

XIX. mendean, kleroaren, baserri ideologiaren eta karlismoaren arteko lotura oso estua izan zen. Euskara arma gisa erabili zuten erlijioaren eta foruen aldeko borrokan. Euskara ez zen jauntxo eta apaizentzat «besteak bezalako hizkuntza bat», ideia zaharrei eusteko eta berrien kontra borrokatzeko harresia baizik, Arbelbide apaizak argiro adierazi zuen bezala.

Euskaltasun erromantikoak baserri gizartearekin lotu zuen euskara. Modernitatearen arrasto oro txartzat jo zuten euskaltzale erromantikoek (Mogel, Orixe...). Ideologia erromantikoak, industria eta kalea areriotzat hartuz, nekazari gizartean ezarri zuen euskaltasunaren etorkizuna.

Euskaltasun erromantikoaren ezaugarri berberak aurkitzen ditugu ideologia jeltzalean ere: liberalismoarekiko eta modernitatearekiko arbuio bera. Arrazaren izenean, euskara galbidera eramateko prest dago Arana Goiri («Si nos dieran a alegir entre una Bizkaia de maketos que sólo hablasen el euskera y una Bizkaia poblada de bizcainos que sólo hablasen el castellano, escogeríamos sin dubitar esta segunda...»).

XX. mendean, euskaldunaren eta nazionalistaren identifikazio politikoa egin nahi izan zuten, aurreko mendean euskalduna eta baserritarra berdintzat jo zituzten bezala. Lehen, «euskaldun ona» izateko fededuna izan behar zen modu berean, orain «abertzalea» izan beharra dago. Nazionalismoa euskaraz baliatu da bere ideologia zabaltzeko, eta alderdikeria ideologiko horrek jende asko uxatu du euskaltzaletasunetik.

Esan beharrik ez dago hasierako sozialistak euskal autonomiaren eta euskararen aurka jardun zirela. Ideologia baten izenean haiek ere, langile ideologia aitzakiatzat hartuta, alegia. Izen handiko intelektualen teorizazioak (Unamuno, Meabe, Madinabeitia) ez zuen joera hori ezertan aldatu. Zoritxarrez, intelektual horiek ez zituzten hizkuntza eta kultur aniztasunaren balioak aintzat hartu.

Kasu guztietan euskara galtzaile atera da. Kaltegarria eta are galgarria izan da ideologiaren eragina. Hizkuntza elkar ulertzeko da, eta ez, ideologia jakin bat dela medio, hiztunak banatzeko. Hizkuntzak ez du ideologiarik, hiztunak dira ideologiaren bat dutenak. Euskara transbertsala da, eta pentsaera guztiak zeharkatzen ditu.

Euskaltasuna ez da kontzeptu politikoa, aurre-politikoa baizik. Edozein aukera politiko zein ideologikorekin bat etor daitekeen herri ezaugarria da. Euskara aitzakiatzat jarrita, euskal gobernu sozialistaren aurka joateko tentazioa izan dezake zenbait euskaltzalek orain. Hutsegite larria izango litzateke berriro.

Ikasturte berria hasi berri den honetan, ikasleek jakin behar dute euskaldun guztion ondarea dela euskara, eta ideologia guztien gainetik dagoela. Mendeetan barrena euskarari kanpotik egin zaizkion eraso eta irainak salatu ditu askok. Barruko etsaia ere salatu beharra dago, ordea. Euskara lege dekretuen bidez galarazi nahi izan dute batzuek. Herritarren borondatearen kontra ere ezarri nahi lukete beste batzuek.

Akordio berri bila, berriz pentsatu beharko genituzke orain arteko erabakiak. Indarkeriak eta politikazko alderdikeriak hizkuntzarekiko gorrotoa baino ez dute eragiten. Botere publikoek baliabideak jarri behar dituzte, baina hiritarrak dira hizkuntza bat edo bestea erabiltzea aukeratzen dutenak.

Babes publikoa ezinbestekoa da, baina ez nahikoa. Hiztunen leialtasunari esker iraungo du euskarak. Herriak berak erabili nahi ez badu, alferrik dira hizkuntza politika aktiboak. Hiritarrak baitu azken hitza.


(JON SUDUPE MARTIJA saiakera egilea da)


Jon Sudupek erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus