Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lopezgoiti jauna

Lopezgoiti jauna

2009-03-23 / 08:35 / Lander Landa   HIZKUNTZA

Patxi ei du izena, nahiz eta daukan nortasun agiri bakarrean, Espainiakoan alegia, Francisco azaltzen den. Ez da, hala ere, ez Paco ez eta Pako ere, Patxi baizik. Euskaldun askori gertatzen zaio gauza bera, izen ofiziala batera eduki eta lagunek bestera deitu. Izatez portugaletetarra omen da, eta ideologiaz sozialista. Seguruenik dagoeneko denok asmatu duzue nortaz ari naizen, ezta?

Bai, lehendakari berriaz ari naiz. Wikipedia entziklopedia libreak dioenaren arabera, Patxi López Álvarez dira beraren izen-deiturak, Bizkaiko Portugalete herrian jaioa 1959ko urriaren 4an. PSE-EEko idazkari nagusia da oraindik, eta IV., V., VI., VII. eta VIII. legegintzaldietan legebiltzarkide izan da Gasteizen. Hastear dagoen IX. Legegintzaldi honetan, ordea, lehendakari izango da.

Eduardo López Albizu zuen aita, Lalo izengoitiz, euskal sozialismoaren agintari historikoa zena. Seme Patxi, aldiz, Euskadiko Gazteri Sozialistako kidea da 1975etik, eta, 1985etik 1988ra bitarte, haien idazkari orokorra izan zen. Orduantxe sartu zen alderdiko Batzar Exekutiboan. Antolakuntzarako Idazkaritza hartu zuen 1991n, eta 1995ean, berriz, Bizkaiko Instituzio Idazkaritza. Horrela, 1997an Bizkaiko Idazkari Orokor izendatu zuten, 2000an berretsia izango zena. PSE-EEko Idazkari Nagusiaren kargurako 2002ko martxoaren 23an hautatu zuten, Nicolás Redondo Terrerosen ordezko.

Ez da makala duen ibilbide politikoa, ez horixe. Alderdiaren barruan horrelako eskarmentu handikoak izan behar inoiz lehendakari izatekotan, noski. Baina zertxobait falta du, zalantzarik gabe. Batzuek esango dute ez duela goi-mailako politikari batek ezinbestean behar lukeen karisma hori; beste batzuek, akaso, oso "tik" itsusia duela bekainak etengabe mugitze horretan; maila politikoa falta duela usteko dute askok, eta babalore hutsa dirudiela esango dute beste hainbatek. Eta, egia esanda, ez zaie arrazoirik faltako horiei guztiei. Baina bada lehendakari batek derrigorrean behar lukeen beste zerbait, eta Francisco-Patxi honek ez duena: euskara.

Denontzako lehendakaria izan nahi duela dio, baina euskaraz tutik ere esateko kapaza ez den bat ezin da, inola ere, nire lehendakaria izan. Orain, astean hirutan hartzen omen ditu euskara-eskolak, oraintsu arte astean behin baino egiten ez zuena. Bide luzea du, ordea, Ibarretxek lortutako maila erakusteko; gogoratu behar baitugu laudiotarrak ere ez zekiela euskaraz lehendakari lehenengoz izendatu zutenean. Lópezek baina, euskalduntzeko asmo handirik ez duelakoan nago ni.

Izan ere, PPkoen laguntzaz gobernatu nahi gaitu, eta, dakigunez, PPSOEri ez dio axola handirik euskarak. Gure hizkuntza oztopoa baino ez bide da berton bizi diren espainolentzat, denok derrigorrezko gaztelania jakinda, bazterkeria linguistikoa ezarri nahi baitiegu, diotenez. Beharbada horregatik, Patxi izan nahiago du "gure" Franciscok, eta, badaezpada ere, abizenari ere kutsu euskalduna eman nahi izan dio; aurrerantzean, Lopezgoiti jauna dei diezaiogun nahiko du, akaso. Patxi Lopezgoiti, beraz. Tira, aurreko lehendakari guztiak baino baskoagoa, izen-abizenetan behintzat.


(LANDER LANDA kazetari-blogaria da)


Inprimatu


Erantzun

 
Deiturak gizakia ala gizakiak deitura?
2009-03-23 / 09:07 / Blanca Urgell Lázaro

Zorionez (espero dut) asko gara izen-deituren arabera nahiko basko garen euskaldunak, Penintsulako eta bestetako lekuetan jaioak edo handik datozen arbasoengandik sortuak, baina baita izen-deitura horiek utzi dizkiguten guraso euskaldunengandik sortuak ere.

Deiturak gizakia euskaldun egingo, ala gizakiak deitura?

 
Euskarak euskalduna.
2009-03-23 / 11:11 / L. Landa

Ez naiz orain existentzialismo kontuetan sartuko, zer ote lehenengo, izana ala izena, esentzia ala esistentzia.

Gauza bat garbi dakit, ordea: euskarak egiten gaitu eskaldun, izen-deiturak edozein izanik ere.

Ondo izan.

 
Noiz arte?
2009-04-09 / 21:19 / Alberto López Basaguren

Noiz arte jarraitu beharko dugu halako lelo melmeloak entzuten?: dakigunez, PPSOEri ez dio axola handirik euskarak Nazka! Web orri honek seriotasuna izaten jarraitu nahi badu hobe egingo luke halako mezuak baztertuko balitu. Asko gara euskararen izenean halako gauzak irensteko prest ez gaudenak. Euskararen munduan nahi gaituzue ala ez? Ba, argitu, ordua dela.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus