Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara batua, bizkaiera eta zuberera

Euskara batua, bizkaiera eta zuberera

2009-03-13 / 08:35 / Mikel Hernandez Abaitua   HIZKUNTZA

Erdiko euskalkiak (ez soilki erdialdekoa) hitz egiten ditugunok ez dugu ziur aski inoiz jakingo edo ulertuko bizkaieradunek (mendebaleko euskara berba egiten dutenek alegia, Gipuzkoa eta Araba aldekoak barne) eta zubereradunek (Zuberoatik kanpoko Eskuila aldeko frantsesak barne) egin behar izaten duten esfortzua euskara batua ikasteko. Lan bikoitza izaten dute. Alde batetik ia-ia (edo ia barik agian) beste hizkuntza bat ikastea bezala da, eta beste aldetik, uko egin behar izaten diote afektibotasun linguistiko handi bati.

Noski, badakit euskaldun batzuek uste duten baino urrunago daudela euskara batutik zenbait gipuzkera, nafarrera eta nafar-lapurtera. Estatu Batuetan euskara batua ongi ikasi zuen euskaldun berri haren adibidea ekar genezake gogora, Goierrira etorrita bertako gipuzkera ia tutik ulertzen ez zuena. Baina ez dago erkatzerik, praxiak beti erakutsi digu euskara batuaren ikaskuntzan batzuk nahiko eroso mugitu diren bitartean, beste batzuk kexaka eta arranguraka aritu direla sarri, bizkaieradunak batez ere, eta ulergarria da. Kontraesana dirudien arren, egia da, halaber, azken hauek gipuzkera errazago onartzea maizago gertatu izan dela kontrakoa baino, Kardaberazek ere bere garaian jadanik idatzi zuen bezala, baina horrek ez die meriturik kentzen. Zubereradunen ahalegina ere ez da hala-moduzkoa izaten. Berak euskaldunak izanik eta gu manexak, "gure" euskara idatzia onartu dute anitzek etorkortasun handiz.

Euskara batua sortzea, noski, behar-beharrezkoa izan zen guztion artean elkar ulertu ahal izateko. Gogoratzen dudanez, duela 30 bat urte, oraino gure hizkuntza batuak 11 urte baino ez zituenean, oso ohikoa zen bizkaieradunen eta gipuzkeradunen artean gaztelaniara jotzea, nekez ulertzen baikenuen elkar, nahiz eta zenbait bizkaiera ulergarriagoak iruditzen zitzaizkigun beste batzuk baino. Nik Bergaran lan egin nuenean bergararrei oso ongi ulertzen nien bitartean, nekez konprenitzen nuen osintxutarren eta antzuolatarren euskara eder hura. Esan behar dut, hala ere, bizkaiera beti iruditu zaidala gozoagoa, samurragoa eta musikalagoa gipuzkera baino eta beste horrenbeste erran nezake zubereraz den bezainbatean, euskalki guztien artean musikalena apika, eta ez dut sekula ulertu zergatik esaten zidaten askok txarto berba egiten zutela eta euren euskara zatarragoa zela nirea baino, begien bistakoa zenean beraiena askoz aberatsagoa, ederragoa eta naturalagoa zela. Beren seme-alabei euskara batuaz hitz egiten zieten guraso bizkaieradun bat baino gehiago ezagutu dut tamalez. Aitzitik, eta zorionez, ez da harritzekoa bertako bizkaieraz idatzitako hainbat aldizkari sortu izana herri askotan.

Bizkaieradun askok euskara batuaz hitz egiten ongi ikasi duten arren, gipuzkeradunok eta gainerakook euskara batuaz idatzi bai baina askotan ia pedantea iruditzen zaigu euskara batuaz mintzatzea, eta okerragoa dena, batzuek hiztun txartzat jotzen dituzte zubereradunak eta bizkaieradunak euskara batuarekin oso iaioak ez direnean. Orain dela hainbat urte, oraino gazte eta berde nintzelarik harako hark esan zuen legez, denboratxoa behar izan nuen konturatzeko Euskal Telebistan askotan agertzen ziren hiztun baldar asko ez zirela euskaldun berri-berriak, bizkaieradunak baizik, harik eta hiztun batek (alferrik eta absurdoki saiatzeaz aspertuta ziur aski) euskara batuaz totelka hitz egiteari utzi eta bizkaieraz zoragarri berba egiten hasi zen arte. Aitzitik, bizkaieradun batzuek ederki ikasi dituzte bi erregistroak, zeharo elebidunak diren pertsonen modura. Zubererari dagokionez, ez dakit oker nagoen ala ez, baina ezagutu ditudan adibideen arabera beti iruditu zait zubereradunek erraz-edo ikasten dutela nolabaiteko nafar-lapurtera, kontrakoa gutxitan ikusi dudan bitartean. Baina gainerako guztiok zer egingo genuke halako batean esango baligute Bermeoko edo Altzürüküko euskaraz berba egiten eta izkiriatzen ikasi behar dugula? Zelan moldatuko ginateke? Oso txarto, begien bistakoa denez. Bada, antzeko zerbait da euskaldun askori eskatzen zaiona euskara batua ikasi behar duenean.

Goragoko hori guztia esan badut, euskalki horiek hilzorian egoteraino irits daitezkeelako beldurra eta penagatik da besteak beste, zeren-eta niretzat behintzat, ez dialektoak, baizik eta hizkuntzak hil direla sentituko bainuke bizkaiera eta zuberera desagertuko balira.

Bizkaiera eta zuberera dialektoak dira ala hizkuntzak? Bizkaiera ez al da oso azpieuskalki sendoak dituen hizkuntza bat? Bi euskalki hauen ezberdintasun fonetiko, morfologiko, lexikal eta prosodikoak ez al dira aski hizkuntza-maila onar diezaiegun? Hori da inork entzun nahi ez duen galdera eta beldurra ematen bide diguna. Zeren azkenean ia denok baikara uste dugun baino nazionalistagoak, nazionalista erromantikoak behintzat, besterik ezean, edo nazionalista etnologikoak, nazionalista linguistikoak edo abertzale kulturalak. Jakina, badakigu galdera hori egindakoan Koldo Mitxelena sutan jartzen zela eta berehala argudiatzen zuela linguistikoki oso garbi zegoela euskalki guztiak protoeuskara bakar batetik zetozela (baina, jakina denez, Mitxelena oso nazionalista izan zen gazte-gaztetatik, nahiz eta gutxitan eragiten zion horrek bere ikerketa linguistikoen kalitateari), eta Lenguas y protolenguas liburu baliotsua idatzi zuenez gero, nor ausartuko zen kontrakoa esaten? Ordea, erromantze guztiak ere latinetik datozen arren (protohizkuntza garbi batetik, beraz) hizkuntza estatusa dute, batzuei askoz mende gehiago kostatu bazitzaien ere ezagupen hori jasotzea, katalanaren adibideak ongi erakusten duen bezala (Noam Chomskyk esan ohi zuen legez, errazagoa izaten da hizkuntza baten estatusa lortzea honek atzean armada bat duenean; edo polizia autonomo bat behintzat, esan genezake erdi txantxetan; eta txantxarekin jarraituz esan genezake, halaber, XX. mendean sortutako Ertzaintza mende berean sortutako euskara batuarentzat onuragarria izan daitekeen bitartean, agian miñoien desagerpenak bizkaieraren gainbeheraren hasiera marka dezakeela; baina baieztapen hauek ez dira diruditen bezain txantxetakoak). Gainera, hizkuntza erromanikoak Erdi Aroan sortu ziren, eta Koldo Zuazoren ustez oraingo euskalkiek ere garai hartan dute jatorria. Nik mendebaldeko euskalkia ikasten hasi baino lehen errazago ulertzen nien galego eta katalanei gaztelaniatik abiatuta bizkaieradunei baino gipuzkeratik abiatuta. Distantzia linguistikoak benetan zehaztasunez neurgarriak balira, agian harrituta geldituko ginateke erromantzeen artean eta euskalkien artean kalkuluak ateraz gero (beraien artean esan nahi dut, bakoitza bere eremuan).

Ziur nago bizkaieradun askok euren mintzairak hizkuntzaren kategoria duela sinetsita daudela, asko eta asko esaten ausartzen ez badira ere (apalegiak dira harro fama duten arren, edo oso abertzaleak). Orobat esan genezake zubereradunez, gorago esan bezala bere burua benetako euskalduntzat jotzen baitute, gu manex arruntak omen garen bitartean. Euskalki guztiak defenditu beharko genituzke sutsuki, eta batez ere bizkaiera eta zuberera, hilko balira munduak hizkuntzak galduko lituzkeelako ziur aski, ez dialektoak bakarrik. Euskara salbatzeko euskalkiak hil behar al dira? Ez da jende larregi galtzen ari naturaltasun eta aberastasun itzela? Eta horren ondorioz, ez al da sortzen ari "euskaldun afasiko" gehiegi, Koldo Izagirrek aspaldi Oh! Euzkadi aldizkarian idatzi zuen bezala? Zergatik agertzen dira zubererazko pastoralak Euskal Telebistan euskara batuko azpitituluez hornituta film arrotzak balira bezala? Zergatik sortu da bizkaieraz idatzitako hainbeste aldizkari lokal? Bizkaieradun zenbaitek esan didate ETBko Wazemank bezalako programetan benetan gipuzkeraz hitz egiten dutenean ez dutela ia ezer ulertzen, euskara batua ongi ikasi duten arren. Kontu hauetaz gogoeta gehiago egin behar lirateke.

Euskara batua oso finkaturik dagoen une honetan bizkaieradunek eta zubereradunek ausardia handiagoa izan behar lukete ene aburuz beren mintzairaz gehiago idazteko (zenbait euskaltzain zuberotarrek egiten duten bezala). Nik askoz gusturago irakurtzen dut Txomin Agirre bizkaieraz gipuzkeraz baino, anitzez laketago dut. Liburu "elebidunak" maizago egin behar lirateke. Esaterako, poesia liburuak ez dira oso luzeak eta agian poeta batzuek gustura egingo lituzkete beren liburuen edizio elebidunak batuaz gain bizkaierazko eta zubererazko bertsioak jarrita. Beharbada, salmentak ere igo egingo lirateke bizkaieraren kasuan bederen, oker ez banago berau baita oraino hiztun kopuru handiena duen euskalkia. Eta zergatik ez sartu bizkaieraz eta zubereraz idatzitako ipuinak euskara batuan idatzitako ipuin liburuetan? Askok irakurriko genituzke gustura. Zergatik ez dituzte Bizkaiko agerkari ofizialak bizkaieraz ere agertzen, gaztelaniaz eta euskara batuaz gain? Zergatik ez du onartzen Euskaltzaindiak bizkaierazko edo zubererazko gauza gehiago? Gure egoera soziolinguistikoa den bezalakoa delako ez dirudi oso gomendagarria euskara batu batuegi bat eraikitzeak. Zergatik ez dira euskalkiak gehiago agertzen euskal telebistan? Entzuleria ere igan egingo litzateke agian.

Gipuzkera, nafarrera eta nafar lapurtera euskara batutik batzuek uste duten baino urrunago badagoz ere, distantzia hori hutsala da bizkaierak eta zubererak dutenarekin erkatuz gero. Ez dadila hori ustezko gipuzkoar zentrismo faltsu baten kontrako eraso bihur, tamalez azken urteotan behar baino gehiagotan entzuten den moduan. Baina aldi berean esan dezagun gisala ez diegula bizkaieraz eta zubereraz mintzo direnei behar bezala eskertu euskara batua ikasteko egin ohi duten ahalegin handia. Artikulu honek euskaldun etorkor horientzako omenaldi tipia izan gura luke.


(MIKEL HERNANDEZ ABAITUA idazlea da)


Mikel Hernandez Abaituak erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Batutik hain urruti ez
2009-03-22 / 12:16 / Urtzi Reguero

Gauza batzuetan ados egon naiteke zurekin, baina beste askotan ez!

Astakeria handi xamarra iruditzen zait, gaur egun Bizkaiera eta Zuberera hizkuntzatzat hartzea. Mitxelenak frogatu zuen euskararen dialektoak zirena, ez nazionalista zelako, hizkuntzalaria zelako baizik! Honen inguruan Koldo Zuazok eta Joseba Lakarrak ere idatzi dute.

A ze animoak ematen ari zaren erdaldunei euskara ikasteko! Zure idatziaren ideia orokorra: ez ikasi euskara!! Ez duzue ezer ulertuko eta!! Bizkaiera, Zuberera, Nafar-lapurtarra, azken finean ez dira hain ezberdinak. Hasiera batean kosta egingo zaigu, igual, ulertzea; baina egun pare batean elkar errez ulertuko dugu. Eta gainera, bizkaiera eta zuberera ez daude batutik hain urruti. Esperientzia propioz hitz egiten dizut, gipuzkoarra naiz, beterrikoa, eta ez daukat bizkaeradunik, nafarlapurteradunik... ulertzeko hainbesteko zailtasunik.

Zuberera edo bizkaiera galtzea negargarria izango litzateke beren lekua erderek hartuko balute, baina euskara (ez batua hutsa) hitz egiten jarraitzen bada, zenbat galdu dugu? Euskaldunok elkar errazago ulertzeko pausu bat izan liteke.

Ez da hau euskalkien kontrako gurutzada bat e! Euskalkian defendatu behar dira, ados, baina ez aberastasuna direlako, herritarren hizkuntza delako baizik!

 
Batasunaren beharra
2009-03-30 / 21:20 / Ibai Ortigosa

Mitxelenaren esana onartuta (alegia, konparatista baten perspektibatik euskal dialektoak ez daudela elkarrengandik hain urrun, nahiz eta ohitu gabeko hiztunari hala ez iruditu), kontuan har dezagun hizkuntza-aldaera bati "dialekto" edo "hizkuntza" esan behar zaion erabakitzeko orduan balio gehiago dutela aldagai soziologiko eta ideologikoek bestelakoek baino. Pisu handiena hiztunen autokontzientziak dauka. Gure kasuan, ez da gauza bera batetik euskararen "diversitatea" aipatzea (Leizarragak esan bezala) eta bestetik euskara hizkuntza "dibersoetan" bereizitako familia gisa ikustea. Euskaraz bizi garenok, kultura euskaraz kontsumitzen dugunok, gure herrixkatik noiz behinka ateratzeko ohitura dugunok, gehienetan lehen ikuspegia izaten dugu.

Badakit Mikel Hernandezen tiroak ez doazela norabide honetatik, baina esan dezagun bada enegarren aldiz, nahiz eta horretarako beharrik ez izan (hala espero dut):

a) "El batúa" ez dela hain artifiziala, edo bederen ez gure inguruko erdara estandarrak baino artifizialagoa.

b) Hiztun arruntaren belarria eta mingaina estandarrera ohitzea batez ere aldaera hori darabilten eskola sistemaren eta hedabideen sendotasunari eta agintari politikoen determinazioari zor zaiola, bai hemen eta baita Kontxintxinan ere.

c) Komunitate euskaldunak batasunaren beharra duela, mundu industrializatuan bizirik jarraitzeko posibilitate gutxienekoa duten hizkuntza-komunitate guzti-guztiek bezalaxe.

Hortik aurrera, euskaldun guztiok dakigu nabardura eta kolore-gama zabala eta zoragarria dagoela gure auzuneko hizkera gozotik ETBko estandar aseptikora bitartean. Ez da bat-bateko jauzia, tarteko gama asko egon daitezke. Gama zabal hori kudeatzen ikasi behar dugu. Euskalkiak-batua polemika ez dago erabat itxita, baina gauza bat garbi eduki behar genuke: Batuak ezin die herri-hizkerei dagokien eremua hartu, baina alderantziz ere ez.

ETBn euskalkiek toki gehiago izatea: Gehiago?

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus