Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Jose Ignazio Telletxea Idigoras (1928-2008)

Jose Ignazio Telletxea Idigoras (1928-2008)

2009-03-05 / 08:25 / Joseba Intxausti   BESTELAKOAK

Joseba Intxaustik Jose Ignazio Telletxea Idigoras euskaltzainari eskainitako hilberri txostena irakurri zuen 2009-2-27an Euskaltzaindiak Donostian eginiko ageriko bilkuran. Jarraian txosten hori bere osotasunean irakur dezakezue.

Jose Ignazio Telletxea Idigoras-ek azken hilabeteetan gorespen anitz izan du, adiskideenak, elkarte ezberdinetan izan dituen lagunenak, historialarienak, kazetarienak. Baliteke, bada, nire hamaikagarren hau berritasun handirik gabekoa izatea; hala ere, deus gutxi ikusi dut idatzitako horietan Euskaltzaindiaren alorrekorik, hau da, historialaria euskararen iraganarekin eta Euskaltzaindiarekin lotzen duenik. Beraz, hilberriaren alde honi helduko diot berariaz hemen, haren gainerako lan erraldoiari dagokion lekua eman ondoren; horretarako, jada eskueran dauden albiste-argitalpenez baliatuko naiz(1).

Bizitzako zertzeladak

Jose Ignazio Telletxea Idigoras donostiarra zen, Gipuzkoa Plazan jaioa, 1928ko apirilaren 13an, eta iaz hil zen bere sorterri horretan, 2008ko martxoaren 8an. Guraso euskaldunak izan zituen, euskal hiztunak, esan nahi dut. Nafarra izan zuen aita, Iturengo Joxe Telletxea, elektrikaria, eta ama Zumarragako alaba, Balentina Idigoras, jostuna. Bien lanarekin atera zuten familia aurrera. Bi seme-alaba izan zituzten, Jose Ignazio eta Maria Anjeles.

Egoera ekonomikoak behartuta, familia 1934 inguruan Iturena joan zen, Donostia utzita(2), baina 1937an berriro hiriburu horretara itzultzeko. Konstituzio Plazan jarri ziren bizitzen, eta azkenik Usandizaga kalean hartu zuten etxebizitza.

Donostian bertan eta Iturenen egindako eskola-urteez esango dut aurrerago zerbait, baina gogora dezadan orain gerrate-hilabete batzuetan Hiriko eskola pribatu batean ibili zela, eta berehala Peñaflorida Institutuan eman zituela gero bi urte(3), harik eta Aldundiaren beka batez baliaturik Seminariora joan zen arte, ez ordea Donostiakora, Bergara eta Gasteizkoetara baizik; haietan beteko zuen apaizetara arteko ikasbidea (1940-1951). Data hauek azpimarratzekoak dira, laster ikusiko ditugun arrazoiengatik.

1950eko hamarkada izan zuen goi-ikasketen garaia, Erroman lehenengo (jesulagunen Universitas Gregoriana-n, 1951-1956), Teologian doktoregoa egiteko eta Historian lizentziatura. Orduan jarri zituen ondoko bere lanerako oinarri teknikoak, Scuola Vaticana di Paleografia-n ere ikasiz. Doktore-tesirako gaia Teologiaren historiatik hartu zuen, orduan eta geroago ere begiratuko zuena(4): La Concepción Inmaculada en la controversia del P. Maldonado, S. J., con la Sorbona (Gasteiz, Victoriensia, 1958).

Hogeita hamar urte betetzear zela osatu zuen, beraz, goi-ikasketen lana. Hala ere, berriro Unibertsitatera itzuli eta Madrilgo Complutense-an Historian bigarren lizentziatura atera zuen. Aukera ona egokitu zitzaion orduan mundu akademiko madrildarrean ezagun eta adiskideak egiteko: esate baterako, G. Marañón medikua, X. Zubiri filosofoa(5), R. Menéndez Pidal hizkuntzalaria, P. Laín Entralgo mediku historialaria edo J. Pabón historialaria.

Ikasturte haiek amaitzean, mende-erdiko irakasle-ibilerari ekin zion Telletxea gazteak: Donostiako Seminarioan (1956-1966) eta Salamanca-ko Unibertsitate Pontifizioan (1966-1999), Gasteizko Teologia Fakultatean ere ari zen bitartean.

Baina, irakaskuntzako lan horrekin batera, inguruan bizirik topatutako hainbat elkartetan parte hartuko du: Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, adibidez; baina zinez berea, sortu eta hasieratik bertatik Arautegi eta guzti gidatutakoa, "Grupo Dr. Camino" deitu zuena izan da, eta gaur egun "Dr. Camino Institutu" bezala ezagutzen duguna (1966...). Camino historialaria ikurtzat harturik, Donostiako eta Gipuzkoako historiaren ikerkuntza sustatu zuen, horretarako aldizkaria abiaraziz, Udal Kutxaren babespean (1967): Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián (BEHSS). Horrela, bada, jaioterritik kanpo zituen zereginen ondoan, sorterrikoak bertakoak lagundu ez ezik sortu eta sustatu ere egin zituen.

Bizitza pertsonala eta akademiko-soziala, biak, erabat gurutzaturik ageri dira Telletxearen bizi-ibilaldian, ikerkuntza eta argitalpenerako bizi zela, baina ez laborategi ezkutu batean, gizarteko eta jakitunen arteko harremanak ongi zainduz baizik.

35 liburu bere-bereak zenbatu zaizkio Telletxeari, baina inorenak prestatzen ez du lan laburra egin, gehienak zuzenean artxiboetatik kaleratu zituenak dira, edo gutxi batzuk edizio berriak, testuak osatu nahiz zuzenduta, eta hitzaurre, ikaslan eta oharrez hornituta. Haien eta hauen artean 118 liburu dirateke, noski tamaina eta konpromiso ezberdinekoak, baina hainbat eta hainbat bide-urratzaile izan direnak. Bestalde, berak utzitako zerrendan 639 artikulu ageri dira urtez urte emanda, nahiz eta egunkarietako lanak zerrenda horretara bildu gabe geratu zaizkion(6).

Hirurogei urteko idazketa-lana izan da Telletxearena (1949-2008); emankorrenak azkeneko hiru hamarkadak izan ditu (orotara, 87): liburutan 33, 32 eta 22 1980-2008. urteetan.

Mundura begira

Unibertsitate ezberdinetako ohizko jarduerarekin batera, han eta hemen beraietako argitalpenen ardurak ere izan zituen, horrek berez dakartzan harremanak lotu eta hedatuz. Donostiako Boletín-ean bezalatsu, Salamanca-ko Salmanticensis aldizkarian zuzendari izan da, eta zuzendari-lagun gisara aurkituko dugu Donostiako BRSBAP-ean nahiz Erromako Archivio Italiano per la Storia de la Pietà-n. Era berean, Espirituales Españoles bildumako zuzendaritzan ageri zaigu (hain zuzen, Aita Villasante-k Axularren Gero gaztelaniazko itzulpenarekin eman zigun liburu-sorta hartan). Kasu honetan eta Fundación Universitaria Española-n, Pedro Sáinz Rodríguez aspaldi Ministro izanaren (1938) eta gerora, laster, 1942tik 1960. hamarkada arte erbesteratuaren ondoan jardungo du Telletxeak.

Hizlari aparta zen Telletxea, distira ederreko mintzoa zuen, eta irakasmen pedagogiko bizia gaiak artetsu jorratu eta entzulea irabazteko. Unibertsitate, Erakunde, Elkarte eta Kultur Etxeek deitu eta gogoz ireki zizkioten ateak, Oxford, Erroma, Geneva, Madril, Paris, Trento, Augsburg, Santander eta hainbat tokitan. Bere kabuz edo/eta deiei erantzunez, hamaikatxo Kongresutan parte hartu zuen Espainia, Frantzia, Italia nahiz Mexikon. Eta hau ere esan behar da: Historiako Akademia ezberdinetan ageri da Telletxea (Espainia, Venezuela, Mexiko).

Nazioartean, Espainian eta Euskal Herrian aldizkari berezituetan eskaini dituen goi-ikerlanen ondoan, Telletxea beti saiatu da ezagutza historikoak gizarte zabalera banatzen, kazetari-jarduera sistematiko baten bidez: Diario Vasco-ko lankidetza iraunkorra da horren lekukorik ezagunena (1958...)(7), baina ez bakarra. Hor edo bestetan, milaka idazlan eman zituen Telletxeak bere ezagutza zehatz eta zabalak egunkaritik irakurle arruntaren eskuetan jartzen. Eta, albisteak beraren lumatik zetozela, askotan gertatu ohi ziren berezilarientzat ikergai berrietarako iradokizun baliotsu, kazeta-arintasunak ez baitzion lausotzen ofizioko historialari onaren ikusmen zolia.

Oro har, ukitu eta aztertu zituen gaiek balio eta interes unibertsala dute sarritan: Karrantzari buruzko ikerlan ugarietan justizia zibil eta eliztarraren arazoa dago azpian, eta, orobat, XVI. mende zaileko tolerantzia/intolerantzien historia (1963...): lehenago M. Bataillon (1937) edo J. Leclerc-ek (1955) erakutsi zuten ildoari jarraituz egin du lan. Irakurtzekoak dira Karrantza nafarraren alde idatzi izan dituen pasarte batzuk, besterik ez bada mirandarrari beranduko justizia zein garbiki egin dion ikusteko. Azken urteetan, tolerantziaren gai honi espresuki heldu dio berriro, Espainian XVI.eko humanismo politiko-erlijioso malguaren hondamena ekarri zutenen zurruntasun eta bortizkeria salatzean (1996, 2001).

Mentalitate instituzional eta sozialen arteko jokoa da Telletxeak aztertu duen beste gai bat. Honetan, Espainia eta Erromako Inkisizio(ar)en historiarako hainbat ekarpen egin du (1976, 1978, 2002), garaiko joan-etorri politiko eta eliztarren ur nahasiak nola zebiltzan arakatu eta azaltzean (1977, 1984, 1989). Horren karietara, Karlos V.arekiko miresmena edo Felipe II.arekiko ikuspegi eta ondorio kritikoak daude (azken urteetan maizago berrikusi dituen bi pertsonaia aipatzeko: 1999...).

Erreforma katoliko/protestanteen eta Kontrarreforma katolikoaren bihotzean ibili da Telletxearen ikerkuntza, alde batekoen (San Ignazio), bestekoen (Luter) eta erdikoen (Erasmus) erreforma-zaletasunak azpimarratuz (1993), eta horien artean piztutako aurkakotasunak ez ezik azpi-azpiko hurbiltasun posibleak ere erakusten ahaleginduz. Trentoko Kontzilioaz nahiz Vives-en edo geroagoko Zalduntxoen historiez ari zela ere, ortodoxia/heterodoxien mugalde maiz lausoan gauzak bere onera ekartzen ahalegindu da (1969, 1992, 1996, 1997).

Europako Mendebaldean aukera sozio-erlijioso kontrajarriak eskaini zituen XVI. mendeko bidegurutzea zehaztasunez erakusten saiatu da bizialdi osoan historialaria, Espainiari ez ezik Flandes, Italia, Alemania edo Ingalaterrari ere erreparatuz (adibidez, 1964, 1989,1990). Garrantzizko zerbait otu zitzaion hori, orduan nagusitutako erabakiek sufrikario anitz ekarri baitzuten ondorengo hainbat izpiritu kezkaturentzat.

Elizen arteko ekumenismoa izan da, XVI.ekoa eta oraingoa, aztergai maiteetako bat. Kontzilio-ondoan, indarberriturik ageri zaigu kezka hau ikertzailearen baitan (1971, 1973, 1974, 1982, 1985, 1987, 2001): gogora, bereziki Melanchton y Carranza. Préstamos y afinidades (1977; Salamanca, 1979).

Munduko euskal gaietara etorriz (nolabait esateko), jakineko bi lan aipatuko ditut: San Ignazio-ren "bizitza" hura (Ignacio de Loyola: solo y a pie, 1986), biografia ernai eta iradokitzailea da, historialariaren heldutasuneko ezagutza historikoz betea(8). Beharbada, euskal herritar batek beste euskaldun bati buruz sortu duen testu biografiko helduena, eta urte askotako iker-lanen azken emaitza dena. Hainbat hizkuntzatan izan ditu edizioak liburu honek, gaztelaniaz hamar gutxienez. Biografia horren bidez, Ignazioren irudia eguneratu berritua eskaini du Telletxeak, geroxeago sintesian ere eman ziguna (1989, 1991, 1992, 2007).

Bestalde, Telletxearen arduren artean egon da mota guztietako euskal diaspora: misiolari eta marinelena (Xabier, Erkizia, Aozaraza; Okendotarrak, D. Altzega), merkatari eta konkistariena (Legazpi), aurkitzaile eta indiano aberastuena (A. Leiza), edo irakasle-ikasleena (2000); kortsari eta piratak ere ez zaizkio falta izan (1999, 2003). Testuinguru horretan, Amerikak leku zabala izan du Telletxearen idazlanetan, Mexiko edo Venezuela aldeak bereziki, eta inoiz edo bestetan India eta Japoniara iritsiko da, hango Misio-historiak biltzera: Nagasaki. Gesta martirial en Japón (1597). Documentos (1998).

Telletxearen obra osoan badaude eremu gutxi batzuk garapen handia eta ahalegin handiagoa eskatu dituztenak. Ez naiz horietan sartuko, ezagunak baitira, baina aipatu egingo ditut behintzat.

Zalantzarik gabe, gai nagusia Karrantza eta Erreforma katolikoarena da Telletxearen bibliografian; denetik eman du idazleak: edizioak paratu ditu, agiri-bilduma gaitza egin du, ikaslan luze eta laburrak eman dizkigu. Moldiztegian geratu zaio, argitaratzear, Artzapezpikuaz bildutako Documentos históricos-en VIII. alea. Guztiaren ondorioz, Karrantza eta beraren auzi historikoki esanguratsuaz Telletxea dugu gaur egun berezilaririk estimatuena. Hilondoan utzi duen artxiboak emango du oraindik horren neurri hobea.

Ondoren, Felipe II.aren errege-aldiaz diharduena da historialariaren bigarren iker-eremu nagusia. Berak hasitako El Papado y Felipe II obrak oinarri berriak emango dizkio XVI. mendeko Espainiako historia politiko-erlijiosoari. Jada hiru liburuki kalean ditu apaiz donostiarrak (1999...).

Berehala ikusiko den bezala, Jesus-en Lagundia izango litzateke Telletxearen hirugarren alor maitea. Eskal Herritik kanpokoaz dihardudala, Maldonado jesulagunaren teologiaz egin zuen doktore-tesia eta ingurukoak aipatuko ditut (1954, 1958, 1961, 1967), eta gero errenkan etorri ziren Lagundiko eta jesulagunen berri-emateak: Inkisizioarekiko 1559ko pasadizoa (1964), Karrantzaren Dotrinaren zentsura (1969), Villagarcía de Campos-eko jesuitagai euskaldunak (1973), T. Zapelena jesulagun pilotazalea (1984), Salamanca-ko Kolegioko teologia (1987), Donostiako fundazioa (1988, 1997), Kolegio Erromatarra (1991), Gogo-Jardunak (1992), Paraguai-ko jesulagun euskal herritarrak (1993), Aita Calatayud predikariaren Bilbokoa (1994), Gaztelako jesuiten herri-misioak (1996), Maldonado edo Larramendiren biografiak (2001), Frantzisko Xabierrekoaren biografia (1955, 2006), baina guztien gainetik irakurle arruntarentzat idatzitako finezia bat: esan dudan San Ignazioren bizitza (1986).

Gainerakoan, beherago aipatuko ditut Euskalerriaren Adiskideen historiari eskaini dizkion lanak edo jesulagun euskaltzaleekiko Telletxearen ardura.

Oinak Euskal Herrian

Mundura begira eta munduan ibiliz bizi izan den Telletxeak bere erroak Euskal Herrian, Gipuzkoa/Nafarroan eta Donostian gorde ditu beti. Familiaren egoitza izan du bere etxe, eta kanpoko lanak amaitzean horra itzuli izan da, nonahiko lagunak ahaztu gabe, baina hemengo familiarteari atxikita; Iturengo oikonimoen bila ikusten dugu (1958) edo hango ermiten albisteak jasotzen (1962, 1968). Gipuzkoako hiriburura, erabat bereak zituen kultur zereginak zaindu eta garatzeko bildu ohi zen, Dr. Camino-ra bezala Euskalerriaren Adiskideen artera. Donostian zuen, esan bezala, astero gipuzkoarrentzat idazteko kazeta-zutabea.

Iradokitakoetatik pentsa daiteke Telletxearen idazlanetan euskal gaiak ugariak izan direla. Bistan da Donostiako bere Boletín-a hemengo iragana aztertu eta argitara emateko sortu zuela, Udal Kutxaren laguntzari esker. Eta horrek ez du etenik izan, eta heldutasunera iritsi da bere berrogei urteak betetzean. Horren ondoan, Boletín-aren bi liburu-sorta osagarri sustatu zituen: "Donostiako Gaiak" eta "Monografiak".

Bi sorta hauetako katalogoak ehunen bat titulutara iristen ari dira. Batean nahiz bestean hainbat gai interesgarri bildu da, lankidetza zabal bati esker; besteak beste eta lehenengo, Hiriaren historia: udalerriko lurraldea, udalaren kudeakuntza, udal-bizitza ekonomikoa, gaztelu-harresiak, 1813ko sutea, hirigintza, XIX. mendea, historia ekonomikoa, herri-arkitektura, Alde Zaharra, Aiete, Sta. Klara. Baina ugariak izan dira bestelakoak ere: pertsonaiak (K. Erauso, A. Okendo, santiagistak, S. Mujika, Bilintx, Aita Donostia, Olaizola, Artetxe, Martín Santos), parrokia eta komentuen historiak (Sta. Maria, Altza, Loiola, Artzain Ona; domingotarrak, frantziskotarrak, jesulagunak, karmeldarrak, kaputxinoak), Probintziako herrien albisteak: Hiribilduen sortzea, Kostaldeko Hiribilduak, 1597ko izurritea, Donostialdeko geografia sozial hiritarra, Pasaiako auzia (1623-27), etab. Ikertzaile askori eman diote aterbe ona bi bilduma horiek.

Boletín-a eta liburu-sorta biak lankidetza zabalean egindakoak dira, noski, eta bereak eta hainbat lumaren idazlanak bildu dituzte; guztiz berea da, ordea, egunkarietan idatzitakoa: ehunka dezenteko idatz-sorta da hau. Batzuetan, kazeta-jardun hori liburu ere bilakatu zen gero. Hala nola, Papeles viejos (1968) edo Santiaguistas guipuzcoanos (2004) liburuak argitaratzean.

Herrietako pertsonaia historiko galduak, edo nortasun handikoen zertzelada biografikoak, nahiz gertakari gogoangarriak bilduko dira orrialde horietan. Haiek batzuetan donostiarrak izango dira, baina herri txikietakoak ere eman zituen ezagutzera: Albizturko Kareaga kapitaina, Arriola debatarra, Fr. San Julianena tolosarra, etab. Ez da faltako indiano, marinel, fraide eta gotzainik. Lan horietarako eta, oro har, tokiko historiarako bere gogoeta eta oharrak eginda zituen Telletxeak (1973).

Euskal gai hauetan idazlan landuagoetara gatozela, badago zer aipaturik: Donostiako Elizaren agiri historikoak eman zituen behin eta berriz (1963, 1970-1971, 1973, 1993), Gipuzkoako eta Euskal Herriko Elizaren sintesi historikoak (1969, 1981, 1984, 1985, 1987); parrokien historiak (1978) eta fraide-mojen eta kristau-elkarteen iragana argitzen ari zen bitartean (1963, 1964, 1968, 1970, 1979, 1988, 1997), euskaldunek erbestean zuten Ordena erlijiosoetako presentzia agiriztatu, dokumentatu zigun (1973, 1993, 1999); bestalde, Euskal Herriko Gotzainen ad limina Bisiten albisteak ekarri zizkigun Erromatik, Iruñeko Diozesiari buruz ere ari zela (1966, 1970, 1972), eta Kalahorra (1985, 1991, 1992) eta Gasteizkoak ahaztu gabe (1956, 1995).

Demografiak eta ekonomia giputzak badute lekurik gure historialariaren orrialdeetan (1971): garai ezberdinetako Donostia, Errenteria, Zarimuz, Zumaia, Zarautz, Errezil edo Gatzagako gizarteak (1972, 1974, 1976, 1986, 1987, 1999, 2003, 2004), Hernaniko ola zaharrak eta aingura-ola (1975, 1978, 1984), etab. dira adibide batzuk. Eta gertakari politikoen historiarik ere badago, Azkoitia, Lekeitio edo Getaria aipatuz (2003), edo Komunitateen gerra (1979), Donostiako 1719ko setioa (2002), Konbentzioko gerratea (2001, 2006), 1813ko erreketa ondokoak (1988) nahiz 1827ko Donostiako liskarrak ikertzean (1984).

Euskal Herri-Erakundeak, zuzeneko interesagatik edo bestelako gertakari eta pertsonaien haritik helduta, Telletxearen idazketan presente egon dira, eta Gipuzkoako Foru-bizitzaren albistegi berritua eman digu, Larramendi eta Zandategiren edizioak dira horren lekuko nabariena (1982, 1983, 1984, 1992). Bizitza politikoaren oihartzuna dira, gainera, Euskal Herriak Errege eta Gortearekin izandako harremanak, modu batera edo bestera zerbitzuak ematean, itsasoan batez ere: gogora, e. b., Otra cara de la Invencible. La aportación vasca liburu mardula eta antzekoak (1987, 1988, 1989, 1990, 1996, 1997, 2005, 2000), betiere euskaldunek itsasoarekin jatorriz izan duten harremana azpimarratuz (1984, 1988).

Pertsonaia ekileak maite izan dituen bezala (Elkano, Legazpi eta lur berrien aurkitzaileak), kultur munduko pertsonaiak ere beren nortasunean begiratzen eta erakusten saiatu da. Interes berezia azaldu du, gutuneria bilatu eta kaleratuz XIX eta XX. mende arteko idazle, margolari, pentsatzaile, musikari eta abarren arima agerian jartzen. Anitz pertsonaia dago tartean: Unamuno, Zuloaga, S. Mujika, Grandmontagne, Regoyos, Maeztu, Basterra, Salaberria, J. de Encina, K. Etxegarai, Artetxe... Norbanakoen ondoan, begiratu du, gainera, kultur egituren historia ere: Unibertsitate asmoek (1975) eta eskolagintzak beren lekua dute Telletxearen luman (1978, 1982, 1986).

Kulturaren ardura hori ageri da Telletxeak luzaro aztertu eta zabaldu duen Euskalerriaren Adiskideekiko lanetan; ugariak izan dira eta batzuetan mardulak ere bai Adiskideei eskaini dizkien azterlanak: idazki-edizioak prestatu ditu eta ikerlanak egin. Bergarako Seminarioaz (1975, 1979), X. M. Muniberi eta beronen kezka eta harremanei buruz, haren gutunak jasoz (1980, 1985, 1986, 1987); Mexikoko Adiskideen berri ematean (1992, 1995) edo Elkarte-barneko harremanak erakustean (2004) Adiskideekiko gure ezagutza ez du gutxi aberastu. Baina Elkarte harekiko hurbiltasun berria batez ere Ensayo. Reglamentos. Extractos. Resúmenes de Actas-en edizio faksimilearen bidez eman digu, 12 liburukitan (1985; 1988), edo J. Iriarte-ren El Conde Peñaflorida (1991) nahiz J. Urkixo-ren Un juicio sujeto a revisión berrargitaratzean (1996). Azkenik, historialariontzat mesede ona izan zen Adiskideekiko iker-bibliografia eguneratuta eskaintzea (1983).

Iraganeko euskal kultur munduari egindako mesedeen ondoan jarriko dut gaurko euskalari eta euskaltzaleen onetan utzi digun zenbait lan.

Euskara eta euskal munduaz

1979ko abenduaren 20an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen Jose Ignazio Telletxea Idigoras. Zergatik, ordea, izendapen hori euskaraz ari ez zen idazleari? Zer eman du Telletxeak euskararen eta euskal hiztungoaren ezagutzarako?

Dakidanez, ohar laburren bat salbu, Telletxeak ez du idatzi euskaraz, gaztelaniaz eman ditu lanak, eta premiazkoa zenean italiera, frantses, ingeles, alemaniera eta behar izan denera itzuli dizkiote idazkiak. Inoiz, euskarara itzulpenen bat egin zaio, baina Euskaltzaindirako egindako lanetan ere gaztelaniaz jardun izan du.

Galde daiteke, beraz, nolako euskal hiztuna zen Telletxea. Zenbaterainoko gaitasuna zuen bizitza arrunta ez ezik jasota zuen kultura euskaraz ere eman ahal izateko. Galderak badu interesik Telletxearenaz jakiteaz gain, Euskal Herriko Elizan bururik jantzienek kultur elebitasun pertsonal eskolatua lortzeko izan dituzten zailtasunak ezagutzeko.

Gerra aurreko lehen ikasketak Donostiako ikastola batean hasi zituen(9), eta sendia Iturenen bizitzen jartzean, herriko eskolan jarraitu. Herrian eta hemengo eskola-lagunekin euskarak bere lekua izan zuen, protagonistak gogorarazi digunaren arabera(10):

En Ituren existían dos escuelas separadas, una de niñas y otra de niños; a ésta acudí yo durante dos o tres años. Para cuando fui ya sabía leer, pues me lo enseñó mi madre, aun antes de ir a la ikastola en la que leíamos el inolvidable Xabiertxo cuyos dibujos a color tengo muy presentes. La asistencia prolongada y continua a aquella escuela dejó en mí huellas imborrables. Entre otras la práctica del euskera, más habitual entre chicos que entre chicas, pero fuera de la escuela. Tenía principios del guipuzcoano, pero arraigaría en mí con más fuerza el euskera navarro o baztanés, que es el que más espontáneamente me brota. Con él me despacho a gusto con los viejos del pueblo, que, gracias a Dios, no son académicos y acaso maltratan en alguna ocasión la gramática.

Iturengo hau baino lehenago, badago beste zertzelada interesgarri bat: ekonomia apaleko sendi bateko aita nafarraren eta ama giputzaren semea eskolaratzeko lekua ikastola batean aurkitu zutela gurasoek. Errepublika-urteetan eta Donostiako hirian gertatu zen hori; gerra lehertzean, egoera arras aldatu zitzaien, ordea: desagertu ziren ikastolak, eta desagertu bertako andereño eta ikasleak (1936-1940).

Badakigu Donostiako familia euskaldun askotan euskara isilduz joan zela: sarritan, gurasoek elkarren artean euskaraz egiten zutela, baina haurrekin gaztelaniaz osorik edo gehienbat (hauentzat, gurasoen euskara kripto-hizkuntza bilakatzeko arriskuan zelarik), edota guraso eta seme-alaba zaharrenak euskaraz ari ziren bitartean, txikiekin eta hauek beren artean gaztelaniaz zihardutela.

Hamarkada berriari ekitean, esan dugu Jose Ignazio mutikoa hamabi urte eta erdirekin Seminariora joan zela: 1940an, ikastetxe euskaldunetik ezer gutxi zeukan Apaizgaitegira. Horregatik, Gasteizko Seminarioan bizi izandako euskaltasun eskasa atsekabez deskribatu zuen bere oroit-idazkian. Euskal literaturarik gabeko Seminarioko erdal curriculum-a gomutatzean zera dio Telletxeak(11):

El paisaje de Castilla, descrito por Azorín, sólo imaginado por nosotros, nos desconcertaba, aunque por puro mimetismo intercalábamos -vinieran o no a cuento- en nuestras composiciones, brezos, jarales, tomillo y espliego, inmensas llanuras, sin tener noticia verdadera de lo que tales términos significaban o, mejor, tales cosas eran. D. Juan José, experto en literatura, excitaba nuestra fantasía, aunque a veces luego recogía resultados sorprendentes de mentes no despegadas de su euskera nativo, del que, por cierto nunca se hizo mención, uso ni estudio por mor de los tiempos, dejando a muchos de aquella generación un vacío difícilmente recuperable.

Bizitzako azken asteetan, beste behin hitzez hitz honela deskribatu zion Telletxeak Lara Madinabeitia kazetariari hezkuntza-sistema haren akats hori(12):

No tuvimos nunca, ni una hora, de cultivo del euskera. Lo único, que en Vitoria nació otra cosa más: el grupo creado por Don Manuel Lekuona, que era de cultivo del euskera, el Grupo Kardaberaz [ gerra-aurrean ]. Y, entonces [ 1940.eko hamarkadan ], eso de alguna manera resucitó, sin levantar la voz; pero entre algunos se juntaban, escribían, se cultivaban, pero era iniciativa particular. Al terminar el curso, el último día en la Misa... nadie de dirigir, nadie de tal, pero hubo un impulso: Agur, Jesusen Ama... Y los que sabíamos cantábamos, los que no sabían no podían cantar... Pero cantábamos eso, lo único. Ah, bueno: luego naturalmente había muchas cosas en música que eran en euskera, pero otra cosa no había.

Are tristeagoa zen euskal murrizkeria hori, gerra-aurrean halako euskaltasun berritzailea ezagutu zuen Seminario hartan, hots, gaur jada deskribatuta dagoen euskal heziketa hura gerra-aurretik bizi izan ondoren(13).

A. Ibáñez historialariak kasik hitzez hitz berretsiko ditu Telletxearen oroitzapenak: 1940ko ekainaren 27-29etan Pilareko Amarengana egindako erromesaldi handian (3.000 herritar eta Gasteizko 400 apaizgai), Zaragozan, entzun zen apaizgaiek abestutako Agur Jesusen Ama hura. Gerra-ondoan lehen aldiz abestu zuten euskarazko Gasteizko apaizgaiek; baina urrun eta inolako ondoriorik gabe(14).

Ia hiru urte pasatu ziren Seminarioan bertan lehenengo aldiz abesten euskaraz entzuteko (1943-04-28), euskaraz abestea debekatu ez zitzaion abesbatza nafar baten ahotsetan (Cuarteto Doble Vocal de Pamplona: Guridiren Ator mutil eta Zubizarretaren Erriko pesta abestu zituen)(15). Hurrengo hilean, maiatzaren 30ean, abestu zuen euskaraz lehenengo aldiz Seminarioko Schola abesbatzak, Zubizarretaren Aldapeko(16), baina hori Arrasateko Santa Agedako erietxean gertatu zen.

Noski, ez zen larriena abestien hau, euskara apaizgaien bizitza publiko ofizialetik eta ikas-sistema osotik aldentzea baizik. Lauzurika Administrari Apostolikoaren (1936-1943) lana goraipatzen duen Ibáñez historialaria zorrotz mintzatu da hizkuntza-politika honetaz(17):

No hizo bien en proscribir totalmente el euskera de las actividades del Seminario. Alguien que no tuviera una mente tan lúcida como la suya podía confundir euskera con nacionalismo y rechazar la lengua con la misma energía que la idea política. Él no. Si no se atrevía a reanudar unas modestas clases de euskera los jueves, que parecía obligado, aunque fuera sólo porque muchos de los alumnos del Seminario tendrían que ejercer toda su labor pastoral en esa lengua, ¿había algún inconveniente en que, siquiera de vez en cuando, se cantara algo en euskera, si no en la capilla, al menos en el salón de actos, donde lo único que se busca es el lucimiento de los cantores y el recreo de los oídos de los oyentes?

Esan bezala, aipatu diren euskal abestiena deus gutxi zen Seminario barruko giro euskaldun edo elebidun posiblea garatzeko, eta are gutxiago apaizgai euskaldunen hizkuntza zaindu, indarrean eutsi, alfabetatu eta lantzeko(18). Argi esan du berrikitan Jose Ignaziok: "ez genuen ezer ezer egin" euskara eskolatzeko Gasteizen. Ondorioz, bestelako kultur mundu zabalagoek erakarri behar zituzten, nahitaez, ikaslerik jantzienak. Halaxe gertatu zen, uste dudanez, eta izenak ere eman daitezke, Diozesietako Seminarioetan ez ezik Erlijiosoen barne-ikastetxeetan ere.

Badut susmoa Larramendik bizi izandako egoera linguistiko-kulturala gogoratzean, ez ote zen ari Telletxea bere bizitzako esperientziaz(19):

El escenario de la vida de Larramendi puede abonar la tesis de que Larramendi recuperó un euskera en buena parte olvidado y no practicado [ Patxi Altunak Larramendi "euskaldun-berritua" ote zen galdetu zuen ], llegando con su esfuerzo a componer páginas de verdadera antología. La ausencia de su tierra nativa desde los once hasta los cuarenta y cuatro años hubo de ejercer un efecto negativo en la posesión de su lengua nativa.

Gerra-osteko olatu zakar hark harrapatu zituen Telletxea eta 1940. hamarkadako eliz belaunaldia. Gerra-ondo gordineko Seminarioan hezi zen (1940-1951); beraz, harreman pertsonalak lotu eta kultur mundua gaztelaniaz (bakarrik) garatzen zituela.

Hori dena gorabehera, euskararekin, euskal munduarekin eta Euskaltzaindiarekin zer ikusirik izan duen lanik utzi digu Telletxeak, eta hori da hemen batez ere aipatu behar dena. Euskaltzaindiarekin argitara emandako artikulu eta txostenak dira lehendabizi hona ekartzekoak. Euskaltzaindiaren historiaurrea K. Etxegarairen gutunerian bilatu zuen, eta langaiak eskueran jarri zizkigun Euskera-n (1988)(20). Ondoren(21), lan bana daude gure aldizkarian, historialariak izan dituen bi euskal pertsonaia landuenak aurkezteko, lanok Euskaltzainditik eskatutakoak dira: bata Larramendiri Andoain-en egin zitzaion omenaldikoa (1990): "Larramendi, un guipuzcoano transplantado y vuelto a implantar" deritzana, eta bestea Karrantzari Miranda-Argan eskaini zitzaionekoa (2003): "Mirandensis, Fray Bartolomé de Carranza de Miranda" izenburukoa(22).

Apenas dagoen esan beharrik, Telletxeak ere parte hartu zuela Andoainen Euskaltzaindiak beste Herri-Erakundeekin prestaturiko hitzaldi eta argitalpenean (1992), hiru lanekin kasu honetan: "La personalidad humana de Larramendi", "La Guipúzkoa descrita por Larramendi" eta "Epílogo" batekin(23).

Guztiok dakigun bezala, Telletxeak euskararen historiari egin dion ekarpen aberasgarrienetako bat Larramendiren lekutze historikoa eta pentsamendu politikoa ere argi berriz aurkeztea izan da. Garaiz hasi zen zeregin horretan, Aldunditik bideratutako agiri historikoen bilduma batean (1966).

Andoaindarrari egin dizkion edizio eta iruzkinek osotasun berria eman diote jesulagunari, eta Telletxea oso ohartuta zegoen bere lan horren balio eta berritasunaz, Larramendiren inguruan bizi izandako iker-ibileren berri ematean aditzera eman zuenaren arabera(24). Corografia-ren edizio berria "aportando datos biográficos y cronológicos desconocidos" egin zuela dio, eta idazlan guztien argitalpeneko II. liburukiaz zera idatzi zuen (1973)(25):

La perla de este tomo es la que llamé Autobiografía o Autoapología de Larramendi, escrito íntimo, totalmente reservado a su Superior y absolutamente desconocido. [ ... ]. En efecto, la figura de Larramendi permanecía hasta entonces completamente olvidada.

Larramendiren biografiarako albiste berriak ekarri zizkigun Telletxeak, bere idazlanetan protagonistaren nortasuna, datu pertsonalak, lagunarteko harremanak, egin zituen zerbitzu eta hil-ondokoen albisteak metatzean (1966, 1971, 1977, 1985, 1992, 2004). Bestalde, idazki larramenditarren edizioetan sarrerak eta oharrak ugari eta luze ageri dira (1969, 1973, 1983, 1990). Eta Larramendirenekin batera, hor daude beste hiru idazle jesulagunei buruzkoak ere: Kardaberaz (1971, 2003), Mendiburu (1967, 1971) eta Meagher (1972; kasu honetan Murugarren-en eskutik ere bai).

Euskal Letrekin eta euskararen erabilpen sozialen historiarekin zerikusia izan duten beste batzuen iragana ere presente dago Telletxearen ikerlanetan, ia beti notizia berriak bilduz. Hona historialariaren arreta irabazi duten batzuk: Luku gotzaina (1956), Axular eta bere Gero (Pap. Viejos, 123), Adiskideak (1969, 1983, 1987, 1996), Lizarraga Elkanokoa (1978), Astarloa (2003), Iztueta (1999), Pascual Iturriagatarrak (1978), Campión (1984), A. Artzak (1998), H. Schuchardt (1960), J. Urkixo (2006), R. Azkue (1976, 1987), I. López-Mendizabal (1983), Orixe (2004), eta behin eta berriz argitara emandako gutunerian ditugunak. Norbanakoen lanak ez ezik hizkuntzaren erakundeztapenak irabazi du Telletxearen arreta: Euskaltzaindiaren sortzeaz idatzitakoa esan dut, eta horren parean euskara-katedren aldeko proposamenak ere gogorarazi zituen (1982).

Aipatu dudan eta argitara emanda dagoen zerrenda bibliografikoan aurkituko ditu irakurleak lan horien xehetasunak, argitalpen-urteekin batera lekuak ere, argitaletxe eta argitara emandako aldizkarien albisteak. Guztiak du bere esanahia.

***

Mundu zabala du Telletxeak bere idazkietan erabili duena: garai ezberdinak, XVI. mendetik gure azken mendera datozenak, gizartekoak bezala elizakoak, erakunde eta ideiena, pertsonaia eta taldeena, Unibertsitateetakoak nahiz bestelako kultur erakunderenak.

Ez dago zalantzarik: XVI.a izan da Telletxeak maiteena izan duen mendea, eta berorren ezagutzan ildo berri(tu)a ireki du, eta gaurko historiografiak ezin du saihestu apaiz jakitun honek ekoitzitakoa. XVIII.era jauzi egin zuelarik, Euskal Herriari begira eman zituen onenak, Larramendiren inguruan ez ezik Euskal Herriaren Adiskideena ikertu eta argitara ematen.

Donostiako historiak asko zor dio, berak ondu dituen lanengatik, noski, eta, era berean, sustatzaile bezala egin duen lan bipilagatik, BEHSS sortu eta gidatzeagatik. Hor eta liburu-sortetan emandakoan Gipuzkoa ere ez da atzera geratu. Oro har, ekoizpen intelektual horrek hutsune nabaria bete zuen historia-argitalpenetan, batez ere gure iragana Euskal Herriko beranduko Unibertsitateetan ikergai arrotza edo izan zen bitartean, eta gero ere hainbat ikerlani kalerako bide erosoa eskaintzean.

Nabaria da Telletxearen oroitzapenetan gerra-osteko euskararen kultur zokorapenaz egin zuen juzku kritikoa, ondorioak ere bere haragian jasan behar izan baitzituen: horrekin orduko eliz belaunari egin zitzaion kaltea aipatu digu, idatziz eta mintzatuz.

Agerian dago Telletxearen obra honek guztiak bere ikertzailea beharko duela luzaro gabe, laster batean, erabilitako lan-metodoak aztertzeko, lan osoaren garapen, lorpen eta mugak ezagutzera emateko, haren liburutegia arakatzeko, betiere historialaria bera ahaztu gabe, eta beraren tamainako biografia egoki batekin.

Hil-ondoko berri-emate honek Telletxea gogoratzea ez ezik haren obra historiografikoa gomutarazteko asmoa izan du, aldi berean nolabaiteko irakur-gida xumea eskainiz.

Apaiz eta fededun zenari espero zuen zeru garbia opa diot. Har bitza Euskaltzaindiaren eta berarekin zorretan nagoen honen omen eta diosala.


(JOSEBA INTXAUSTI REKONDO Euskaltzaindiaren Euskararen Historia Soziala batzordeko zuzendaria da)

Oin-oharrak

  • (1) Biografia eta bibliografia: BRSBAP 2008-1 eta 2008-2 (2008-1 horretan aurkituko du irakurleak nire idazlan honetan emango ditudan aipu kronologiko-bibliografikoen gida den Telletxearen liburu-zerrenda: 42-93); omenaldi-liburuak: BEHSS 1982 (Donostia); Salmanticensis aldizkaria, 1998; "M. Lekuona" Sariaren karietara Goñi Galarragak prestatutakoa (Eusko-Ikaskuntza, 2001). Internet-en: http://wikipedia.org (biografia), http://dialnet.unirioja.es (bibliografia).
  • (2) Ik. TELLECHEA IDÍGORAS, J. I. (1991): Tapices de la memoria. Historia clínica 279.952. Donostia: Kutxa. 27.
  • (3) Id. 62, 63: "Algún tiempo fuimos mi hermana y yo a la clase de Maritxu Barrena, en su casa de San Marcial". "En los años 1938 y 1939-40 hice los dos primeros cursos de bachillerato en el "Insti", como lo llamábamos entonces, esto es, en el Instituto Peñaflorida".
  • (4) Katolikoen sinesgaia izateaz gain eta ahaztuxea dugun arren, Sortzez Garbiaren honek Euskal Herrian ere bere historia erlijioso eta politikoa izan zuen aurreko mendeetan, Ordena erlijioso, Udal eta Batzarrak tarteko zirela.
  • (5) Hainbat urte geroago (1984) X. Zubiri-ri buruzko omenaldi-liburua paratu eta hartaz bere omen-aurkezpena egiteko ardura izan zuen: Zubiri (1898-1973). Donostia.
  • (6) Zerrenda bibliografikoa, aipatutako aldizkarian: BRSBAP. LXIV, 2008-1, 43-92.
  • (7) Testuinguruak bestelakorik adierazten ez duen bitartean, parentesi arteko zenbakiek argitalpen-urtea ematen dute aditzera, eta ez gertakariarena, eta BRSBAP 2008-1eko bibliografiaren arabera daude emanda urteak.
  • (8) Pedro Berrondo-k eman zuen euskaraz: Loiolako Iñazio. Bakarrik eta oñez. Donostia, 1987.
  • (9) Id. 27: "Recuerdo vagamente mi asistencia a una ikastola que estaba en el mismo portal donostiarra donde hoy vivo y en ella a la andereño Carmen, que hoy [ 1991 ] es monja brígida".
  • (10) Id. 32.
  • (11) Tapices de la memoria, (78-79). Gaztelaniazko literatura klasiko eta modernoarena gozamena izan zen berarentzat, baina hezur-mami errealik gabekoa, nonbait.
  • (12) Ikus http://www.berria.info/berriatb/179/lege_info.htm Lara Madinabeitiak jasoa, eta esku-zabalki osorik ere emana. (Transkripzioa neurea da. Elkarrizketa honen erreferentzia Antxon Ugarte-ri zor diot).
  • (13) Ik. IBÁÑEZ, A. (2005a): "Gasteizko Apaizgaitegia eta euskara gerra aurretik / El Seminario de Vitoria y el euskera antes de la guerra civil", in: Euskera. 48, 2005, 875-883. Idazle beraren ondoko beste argitalpen honetan Seminarioko albisteen artean ikus daiteke euskararena: (2005b): Historia del Seminario de Vitoria. Vitoria-Gasteiz: ESET. Lehenengo liburukian gerra-aurrekoa (I, 69-70, n. 49, 193, 385, 435-436, 498-500, 524-528, 536), eta bigarrenean gerratetik Seminarioa Teologia Fakultate bihurtu zen urtea artekoa (1967) (II, 41, 78, 80, 90). J. M. Barandiaran-ek ere gomutarazi ditu gerra-aurrekoak bere oroitidazkietan.
  • (14) Ibáñez 2005b: II, 41. "Es muy de notar que el Agur, Jesusen Ama (como ningún otro canto en euskera) no se había escuchado en el Seminario desde el 1ª de junio de 1936, y que tardaría todavía mucho en escucharse en el mismo Seminario".
  • (15) Ibáñez 2005b: II, 78. "A este coro no se le vetó el cantar en euskera".
  • (16) Ibáñez 2005b: II, 80. "Por fin una canción en euskera, aunque no en el Seminario".
  • (17) Ibáñez 2005b: II, 90.
  • (18) Euskararen lagunarteko erabilera pribatuaz Telletxeak egin dizkio zenbait ohar kazetariari, apaizgaien jatorrizko herriak eta herriak bereiziz, eta euskara lagunartean gehiago erabiltzen zuten herri horietako apaizgaiak gogoratuz.
  • (19) Telletxea 1992: 378.
  • (20) TELLETXEA IDIGORAS, J. I. (1988): "Los orígenes de la Academia Vasca en el epistolario de D, Carmelo de Echegaray", in: Euskera. XXXIII, 1988, 537-549. Hitzaldi honen sarrera euskaraz eman zuen Telletxeak, laburki. Hor ikus daiteke gerora ere euskara idatzian lortu zuen gaitasun mugatua.
  • (21) Goñi Galarragak argitara eman duen katalogo bibliografikoan bada lan bat "Coplas inéditas sobre la tercera guerra carlista. Carta de versos con destino a Puerto Rico (1876)" deritzana eta Euskera-n omen dagoena (Euskera. 1985, 547-562), baina ez dut lekutu ahal izan.
  • (22) "Larramendi, un guipuzcoano transplantado y vuelto a implantar". Euskera. 36, 1991, 45-49. "Mirandensis, Fray Bartolomé de Carranza de Miranda". Euskera. 48, 2003, 187-192.
  • (23) LAKARRA, J. A. (ed.) (1992): Manuel Larramendi. Hirugarren mendeurrena (1690-1990). Andoain: Andoaingo Udala / Euskaltzaindia / Gipuzkoako Foru Aldundia / E.J. Kultura Saila. 27-38, 49-62, 375-379.
  • (24) Id. 1992: 27-29.
  • (25) Id. 1992: 28.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus