Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Dozenaka faltsukeria

Pruden Gartzia / Hizkuntza / 2009-02-23 / 18:23


Oraindik gai honek nobela, polizia-film eta misterio-saioetarako pagotxa ederra emango du. Azaroaren 19an Arabako Foru Aldundiak grafito «ez ohikoak» aztertzeko izendaturiko Batzorde Zientifikoak epaia eman zuen: faltsuak dira, inolako zalantzarik gabe! Arkeologoek, epigrafistek eta filologoek mila eta bat zantzu aurkeztu zuten ebazpena frogatzeko. Batzordeko kimikariaren txostena ere bat zetorren funtsean aurrekoekin (bere ebazpena oso garrantzitsua zen, denborak ildoetan sortzen duen patinarik agertzen den esan behar zuelako), nahiz eta onartzen zuen zenbait piezatako patina zaharra eta jarraikorra zela.



Herritar gehienek bezala, ez dut nire burua gai ikusten eztabida tekniko (filologiko, historiko, epigrafiko edo nahi duzuna) batean sartzeko gai hau dela eta.

Baina bada oinarrizko puntu bat herritar gehien-gehienok epaitzeko gai garena, alegia, mota honetako kasuetan aski da faltsukeriaren froga bat, bat bakarra, multzo osoa bere osotasunean faltsutzat jotzeko, zeren logikak agintzen diguna da pentsatzea faltsutzaileak, Agatha Christieren nobeletan bezala, lan oso ona egin duela, baina azken detaile batek izorratu diola bere krimen ustez perfektua.

Bada, badirudi kasu honetan ez gaudela zalantzatan ibiltzeko moduan; izan ere, ez faltsukeria bat, dozenaka faltsukeria baizik dira argi eta garbi eta nabarmen ageri zaizkigunak, bai euskarari dagokionez, bai latinari dagokionez, bai hieroglifikoei dagokionez... Beraz, zertan ibili zalantzan? Zergatik afan hori, ondo dokumentatutako iruzur bat nola edo hala salbatzekoa?

Nire ustez arrazoi bakarra dago: hainbat lagunek aurkikuntza horien egiazkotasunaren defentsa "euskararen defentsa"-rekin identifikatzen dutelako. Beraz, "euskararen alde" gaudenez gero...

Baina bistan da posizio hori absurdua dela; euskararen defentsak eskatzen duena da, hain juxtu ere, faltsukeria honen salaketa garbi eta ozena.

Eta hain zuzen ere horretan ari dira, euskararen eta euskaltzaleon zorionerako, bai Arabako Diputazioa, bai Euskal Herriko Unibertsitatea.

Bistan da oraindik ez dugula ezagutzen aferaren gako eta giltza guztiak. Agian ez ditugu guzti-guztiak inoiz jakingo, iruzur gehienetan gertatzen den bezala, baina unean uneko hutsune eta gabeziak gora-behera, ondorio nagusia oso argi dago.

Badakit geurea bezalako herrietan oso zaila dela instituzioekiko konfiantza predikatzea: euskalgintza, orohar, eta euskaltzale asko partikularzki, erresistentziaren kulturan hazitakoak eta hezitakoak dira/gara. Zaila da hamarkadatan zehar landutako ohiturak aldatzea eta, bestalde, oro har oso onuragarria da instituzioekiko mesfidantza-gradu nabarmen bati eustea (hemen eta edonon). Baina kasu honetan uste dut zentzuzkoena dela Arabako Diputazioari eta EHUko filologo eta historialariei konfiantza boto bat ematea. Argi eta garbi.

Partzialki bederen egiazkoa izan daitekeela? Konspirazio bat egon dela aurkikunde zoragarri batzuk faltsutu eta izorratzeko? Baliteke. Baina gauzak dauden bezala fribolitate hutsa iruditu zait, Juan Martin, horrelako teoriei haizea ematea froga sendoagorik gabe.



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1234784400/1235409796