Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara gazteleraren ama?

Euskara gazteleraren ama?

2009-02-04 / 08:25 / Urtzi Reguero   HIZKUNTZA

Euskaren historia interesa dakiokeen edonori interesa piztu liezaioke Ribero-Meneses-ek argitaratu duen liburuak: El euskera, madre del castellano. Liburu honek guztiz kontrajartzen du gaur egungo hizkuntzalaritza guztia. Autorearen arabera, hizkuntza erromantze deituriko hizkuntzak (gaztelera, katalana, frantsesa, galiziera...) ez datoz latinetik, baizik eta gazteleratik eta hau, aldi berean, zaharragoa den euskaratik.

Hipotesi interesgarria Riberoren hau, baina kontraesanez betea. Lehenik eta behin, badirudi ez duela ulertu erromantzeak latinetik datozela dioen hipotesia. Riberok dioenez, erromantzeak latinaren korrupzio baten bidez sortu direla esaten da. Baina interpretazio okerra da. Mundu mailako hizkuntzalaritzaren arabera, ordea, hizkuntza erromantzeak ez dira korrupzioak, latinak berak jasandako bilakabidearen ondorioz sortu zirela esaten da. Aldaera hauek tokian-tokian aldaketa ezberdinak jasan zituzten kanpo zein barne eragileen eraginez. Erromatar inperioaren gainbeheraren ostean, lehen inperioa izandako horretan elkarren artean batasunik gabeko erresuma txiki asko sortu ziren. Batasun eza honek hizkuntzan ere eragin zuen, elkarrengandik gero eta gehiago bereiziz. Horrela uler dezakegu gaur egun, gaztelera eta errumanieraren arteko ezberdintasuna, besteak beste.

Riberoren arabera, ezinezkoa da hain denbora gutxian latinetik hainbeste hizkuntza berri sortzea, beraz, latina zabaldu aurretik Europan hizkuntza hauek hitz egiten zirela defendatzen du. Edonork edozer esan lezake, baina esaten den hori frogatu egin behar da, datuak eman behar dira hipotesia fidagarria izan dadin eta Riberok ez du daturik ematen. Iberiar penintsulara mugatuz, Riberoren arabera, Galiziera, Katalana, Leonera... erromatarrak etorri aurretik hemen hitz egiten ziren. Baina ez digu horren frogarik ematen, gainera, jakina da erromatarrak etorri aurretik iberiera, zeltiberiera, euskara... hitz egiten zela, lekukotuta daude garai hartakoak diren hainbat inskripzio. Ez, ordea, gazteleraz, katalanez... idatzitakorik. Badirudi Riberok hau ahaztu egin duela.

Latinaren amatasuna defendatzea elizari egotzi dio, latina elizaren hizkuntza izaki, gainerako hizkuntzak hemendik sortu direla elizak zabaldu duen ustea izan dela esan duela eta gainontzeko hizkuntzalariek Amen esan dutela dio Riberok behin eta berriz. Hala ere, berak Bibliara jotzen du bere hipotesia baieztatzeko. Esate baterako, aipatzen du Judutarrak, Abraham sortu aurretik ba omen zeudela eta, nola ez, iberiar penintsulan bizi zirela, beraz, hauek euskaraz mintzatzen zirela aipatzen du eta Judutarrak munduan zabaltzearekin batera euskara ere hedatu zutela. Hara! Eta gero zientzia egiten duela esango digu honek! Ez da hau bakarrik: Tubal, Noeren bilobetako bat, iberiar penintsularen iparraldean bizi zela esaten du! Ikusten denez, ez du oinarri zientifikorik Riberoren lan honek.

Etimologia batzuk (gehienak okerrak, noski) ere proposatzen ditu, bat esaterako hau: Lovainan argitaratu omen zen Gramatica de la lengua castellana liburuan "lengua caldea" aipatzen omen da, zeina euskararen ama baita Riberoren arabera, Caldea Eskaldea-tik letorke, aferesiaren bidez azaltzen du, hau da hitz hasierako lehen silabaren galera. Posible izan daiteke hau, baina azaldu beharko luke nolatan den posible hau gertatzea eta honen pareko fenomeno gehiago badaudela erakutsi beharko lituzke, zergatik adibidez Espaņa daukagun eta ez Paņa... Eskaldea-tik Eskalada eta Eskaldia eratortzen ditu, baina ez du hauen esanahik ematen. Hitz hauetatik eratortzen ditu Euskadi eta Euskal Herria hitzak ere. Beraz, badirudi eskal- elementu bat badagoela, beste zenbaitekin batera, baina ez du azaltzen esanahia zein den. Batetik, hemen azaldu beharko luke e nola bihurtu den eu- eta honen gertaera paraleloak aurkitu. Ez du egiten. Bestetik, behar beharrezkoa da hizkuntza baten historia egin nahi bada, hizkuntza hori ondo ezagutzeaz gain, historian zehar hizkuntza horretan idatzi dena ondo ezagutzea. Riberok euskaraz idatzitakoaren berri jakingo balu, jakingo luke Garibaik enuskara idatzi zuela euskara adierazteko. Akastzat hartu izan bada ere, Irigoienek proposatu zuen, agian, forma arkaiko bat erakusten duela Garibairen honek eta *enautsi bezalako aditz batetik eratorri zuen lehen elementua. Gainera euskara-ko bigarren elementua *ala zaharrago batetik datorrela esaten da, horregatik euskaLdun, EuskaL Herria. Hau ere, hipotesi bat besterik ez da, kontua da hipotesi hau baiezta dezakeela, besteak beste, Etxepare eta Leizarragaren idatzietan Heuskara azaltzeak, h hori bokal arteko n zaharrago batek sor baitezake euskararen historiari begiratuz gero; ikusi bestela latinezko arena euskaraz harea. Euskadi hitzari dagokionez, eskaldia-tik eratortzen du Riberok. Eratorpen guztiz okerra da hau, Sabino Aranak asmatutako hitza baita, eta hitz amaierako -di hori pagadi, aristi... hitzetan dagoen bera genuke. Akats larria, beraz, Riberorena. Euskararen historia ez ezagutzeaz gain, ez ditu euskal testu zaharrak ezagutzen. Larriena da zientzia egiten ari dela esaten duela berak eta besteek elizaren esanari Amen esaten diela.

Hemen aipatutakoa sagar handi baten zuztarra besterik ez da (filosofo handi batek esan zuen bezala), baina sagarra uste baino handiagoa da. Kontraesan handiz beteriko liburua da Riberoren lan hau, informazio asko ematen du; hau hala izan zen eta bestea horrela. Kontua da ez duela bere hipotesia zuzena dela frogatzeko inongo datu zientifikorik ematen eta benetako zientzia fidagarria egin nahi bada, datuak beharrezkoak ditugu, bestela ezin sinetsi esaten duen ezer.


(URTZI REGUERO UGARTE Euskal Filologiako ikaslea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus