Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Haren, BERE, haien, BEREN(EUREN)

Haren, BERE, haien, BEREN(EUREN)

2008-11-19 / 08:25 / Anuntxi Arana   HIZKUNTZA

Azken denbora hauetan nahasmendu handia dabil euskarazko izenordainen genitiboetan ("posesiboetan"). Haren eta BERE, haien eta BEREN(EUREN) (Mendebaldeko EUREN eta BEREN sinonimoak dira), gero eta gehiago irizpide argirik gabe erabiltzen dira, itxuraz.

Baten batzuek aterabide kiskila aurkitu dute, bereziki Hegoaldean: BERE ala haren, BEREN ala haien? Dudatan biok bota eta akabo arazoa! Horrela ditugu BERAREN eta BERAIEN epidemia, horiez besterik ez baitugu entzuten eta irakurtzen gure komunikabideetan.

Zoritxarrez, arazoa ez da akabatua, BERE eta BERAREN ez direlako gauza bera, ez eta BEREN eta BERAIEN. BERAREN eta BERAIEK forma indartuak dira; BERE eta BEREN bihurkariak, erreflexiboak.

Iparraldeko eta Nafarroako tradizioko araua oso argi izan da, eta etxetik euskara dakitenek ez diote inoiz hutsik egiten. Orain gazteen artean denetarik bada; Hegoaldetik bereizteko edo (hor dena BERE dela) haren eta haien epidemia dugu, hainbesteraino non "*Haren burua hil du", eta horrelakoak ere entzuten baitira (edo *"Agintariek haien legea inposatu nahi digute"; eta antzekoak).

Iparraldeko araua

Hegoaldean ez bezala, Iparraldeko araua zorrotza da eta ez du zalantzako edo fantasiako biderik ematen, eta hori gauza ona dateke ikasteko orduan. Ulertzea eta bereganatzea da kontua; agian errazago adibideak erabiliz. Horrelako batzuk proposatuko ditut segidan. Baina lehenago teoria pixka bat.

Lafittek bere Grammaire-n horrela azaltzen du (92 or.)

Haren et heien sont des possessif non réfléchis; BERE et BEREN sont des possessif réfléchis.

Emploi de BERE et BEREN.- Le réfléchi dépend d'ordinaire du verbe à mode personnel de la proposition où il se trouve; il se réfère à un possesseur désigné comme sujet (NORK), complément direct (NOR) ou complément indirect (NORI) dans la forme verbale.

(Hots, jabea NOR, NORK edo NORI denean, erreflexiboa behar dela, BERE edo BEREN/EUREN)

Bizkaierako gramatika batean ere arau hori onartu dute:

Bizkai euskararen jarraibide liburuan hauxe dioskute (75 or.):

  • Izenordaina adierazoten dauen pertsonea - ekintzaren egilea edo jabea, edo ekintzagaz zerikusia daukana - aditzean agertzen bada, BERE genitibo bihurkaria erabili behar da:
    • Senarrak BERE bizimodua dau eta nik neurea
    • Iñakik onartuko dau nozonoiz BERE errua
  • Izenordainak adierazoten dauen pertsonea aditzetik kanpo geratzen denean beraren forma indartua erabiliko da:
    • BERAREN (haren) trebetasunaz fidatu behar dozu
    • Kepa nigaz haserre dago, baina nik BERAREN (haren) laguna izan gura dot

Beste adibide batzuk

  • NORK denean jabea
    (Jabea ageri denean, NORK atzizkia hizki handiz idatzia da)
    • AstoAK BERE burua lauda
    • Txakurrak katua mana eta katuAK BERE buztana
    • Besteen bartzak ikusi eta BERE zorriak ez ("Haien bartzak ikusi..." esan genezake)
    • ApezAK azken hitza BERE
    • BakoitzAK BERE opilari su
    • Nik zu zaitut maiteago txoriEK BEREN(EUREN) umeak baino
    • Lurrezko ontzietan ehorzten zituzten BEREN(EUREN) hilak
    • ArtistEK BEREN ikusgarria aurkeztu ziguten, eta denok goraipatu genuen haien lana.



    • Garaziko artzainEK BEREN(EUREN) arrangurak adierazi dituzte Herriko etxean (eta haien hitzak arretaz entzun dituzte han zeuden guztiek)
    • San MartinEK BERE kapa eman zion pobre bati (haren biluztasunaz errukiturik).
    • Patakon lapur onAK BERE ahalegin guztiak egiten zituen aberatsei lapurtzeko (eta gero haien dirua pobreei emateko). Hortaz esakera: "Patakon, daukanak ez daukanari emon".



    • Neron enperadoreAK BERE buruaz beste egin zuen
    • NeronEK oso iritzi ona zuen BERE olerkietaz
    • NeronEK BERE esklabo olerkaria hilarazi zuen (eta gero haren poesiak BEREganatu zituen)



    • NagusiAK Kuban pasatzen ditu BERE oporrak, eta, bitartean, haren lanak morroi batEK hartzen ditu BERE gain.
    • Nafarroako agintariEK BEREN(EUREN) hedabideak erabiltzen dituzte nafarrak gogatzeko (eta haien jukutriaz leporaino daude nafar asko)
    • PolitikariEK BEREN(EUREN) iritziak azaltzen dituzte irratian (haien ustez, gezurretan ibiltzen direlako beste guztiak)
    • Ikasle borrokalariak ditu MirenEK baina haien aurrean badaki BERE lekuan egoten (Orain oporretan dabil Miren eta nik hartu dut haren lana)
    • GeronimoK eta haren gerlariek ez zuten errendizioa onartu eta BEREN(EUREN) askatasunaren alde borrokatu zuten beti.
  • NOR denean jabea
    (NOR atzizkia hizki handiz)
    • Mila urte igarota, urA BERE bidea / Gipuzkoarrok sartu dira Gazteluko etxean...
    • EguzkiA joan da BERE amarengana, bihar etorriko da eguraldia bada
    • AzukreA BERE lekuan ezarri behar da (azukrearen lekuan)
    • Ez da azukrea haren lekuan ezarri behar (gatzaren lekuan)
    • Cuzco-ko emakume futbolariAK BEREN(EUREN) barrutiko txapeldunak dira
    • Miren BERE senarrarekin joan da oporretara
    • Pantxika haren senarrarekin joan zen (beste baten senarrarekin)
    • Argi Maritxuren menpe ari zen lanean; orain haren lantegitik joan da eta BERE gain jarri da.
    • BERE ahoak galtzen du arrainA
    • Ama Euskal Herriaz naiz nahigabetua (...) BERE seme-alabek abandonatuA, nork barka lezake haien bekatua.

    NOR eta NORK
    (NORK eta NOR atzizkiak hizki handiz)

    • Iraultzaileek BERE tronotik kendu zuten erregeA, eta haren lekuan (iraultzaileEK) BEREN(EUREN) gobernu berria ezarri zuten.
    • MenditarrEK, hirira joaten direnean bizitzera, BEREN(EUREN) hizkera erabili beharrean, haiena (hiritarrena) erabiltzen dute, baita (herritarrAK) BEREN(EUREN) artean daudenean ere.
    • ApatxeAK BEREN(EUREN) artean bildu ziren (Apatxeen artean), baina Navajo batzuk ixilean sartu ziren haien artean (Apatxeen artean).
  • NORI denean jabea
    (NORI atzizkia hizki handiz)
    • Antzinako legea: bakoitzARI BEREA
    • TxoriARI eder BERE habia
    • Amak alabARI BERE liburua itzuli dio (baina: AmAK BERE liburua utzi dio alabari)(Kasu hauetan testuinguruak adieraziko du jabea NORK ala NORI den)
    • Iraultzaileek erregeA BERE tronutik kendu zuten eta haren lekuan (iraultzaileEK) BEREN(EUREN) gobernu berria ezarri zuten. Errestaurazioa etorri zen gero eta erregeARI BERE tronua itzuli zioten.
  • Menpeko perpausetan

    Perpaus bakoitza (nagusia eta menpekoa) independenteki hartu behar da, batzuetan zaila egiten dena. Baina badira kasu oso argiak.

    • (BakoitzAK) BERE mokanesaz sudurra garbitzeko // esan zien irakasleak haurrari.
    • Haren aholkua entzuteko / esan zion irakasleak haurrari ("BERE aholkua" esaten bada, haurren aholkua da)
    • Nagusiak langileei exigitu zien // BEREN(EUREN) greba utz zezaten (langileEK BEREN greba)
    • Nagusiak langileei exigitu zien // haren agindua bete zezaten (Nagusiaren agindua)
    • Hondartzara joan baino lehen, MaddiK BERE aitatxiri eskatu zion // haren txakurra BERE etxean har zezan ("BERE txakurra" esaten badugu, aitatxiren txakurra da).
    • Niri koinatak kontatu eustan zelan // haren amak, egun baten, eukin euazan...
    • Amatxi harek entzuten du // haren alabitxia holako gazteluan bizi dela urus...

    (Azken bi kasu hauek gutxitan aurkitzen dira, gehienetan perpaus nagusiaren NORK edo NOR jabeak "kutsatzen" du bigarrenaren posesiboa: "Nire koinatAK kontatu eustan zelan // BERE amak..." "Amatxi harek entzuten du // BERE alabitxia...).

***

Horra. Okerrak badira, zuzendu mesedez. Eta adibideetan ere segur esangarriagoak badira. Niretzat bereziki eskertzekoak izango dira kantuetatik edo esakera ezagunetatik hartuak, gogoan modelo gisa atxikitzeko.

Hitz egiteko zaila bada ere, idazteko orduan kasu egin behar genuke eta zuzen ibili. Behingoz bederen zuzentasun gaixoak ez du ezertan egokitasuna kaltetuko...


(ANUNTXI ARANA antropologoa eta idazlea da)


Inprimatu


Erantzun

 
Desideratum ona izan liteke
2008-11-19 / 11:50 / Bittor Hidalgo

Nik ere beti izan dut kezka erabilera horiekin, zuk, Anuntxi, aipatzen duzun legea maiz saiatu zaizkidalako irakasten, baina nik batere garbi ikusi ez dudalako erabilera hori iparraldeko testu klasikoenetan salbu, eta inoiz ez betea nire hegoaldeko belarrietan.

Nolanahi ere den, nire kezka horiek neurri handian baretu zitzaizkidan 1990ean Orotariko Hiztegiak BERE sarrera eman zuenean, eta bertan nahikoa garbi azaldu batetik "zaharkituxe" bezala, BERE/HAREN (anaforiko/arrunt) bereizketa eta (ia) betidanik (historikoki) soilik iparraldeko joera bezala. Merezi du irakurketak (OEH IV 741). 742-3 orrialdeetan agertzen ditu b) atalean adibide sail bat (dio "empleado libre de las restricciones" [ "anafóricas" ], azken hau guk erantsia), hegoaldeko literatura guztian bildutakoak (eta are iparraldeko adibideren bat ere -Leon-).

Lafittek berak ere dio jada bere Gramatikan, zuk aipatu "legea" jaso ondoren (211, ap. OEH): "L'influence du guipuzcoan moderne a fait oublier l'emploi de HAREN et HAIEN chez beaucoup de labourdins côtiers; ils mettent BERE et BEREN presque partout. [ Eta eragin latinoa ere aipatzen du hurrena, legearen ez betetze arrazoi bezala ere autoreetan ] D'autres auteurs sont hantés par les règles du réfléchi latin".

Bestetik Lafittek berak ere Gramatikan bertan dio (211) BERE eta BEREN-en arteko aldea singularra eta plurala bereizteko guztiz sartu berria ote den iparraldeko euskaran, tradizioz BERE erabili ohi delarik soilik bietarako (cf. OEH IV 743), nahiz badiren bertan adibide zaharragoak ere (cf. OEH IV 770-1).

EUREN formari dagokionez berriz OEHk (VII 560-1) ez du batere bereizten erdi eta mendebaldeko forma honetan, erabilera arrunt eta anaforikoen artean, bietako adibideak nahasian emanez.

Geroztik ba, nire ondorioa izan da agian desideratum ona izan litekeela, zuk ere, Anuntxi, proposatzen duzun legea betearaztea, baina ez dela tradizioan hala bete izan (nahiz zantzuak aurkitu), eta beraz erabateko berrikuntza litzatekeela orokortu nahi izatea hegoaldean bederen (eta iparrean ere maila batean). Besterik litek pentsatzea berrikuntzak ere onartu behar ote ditugun, gehienok ados bagaude, eta mesedegarriak izan dakizkigukeen neurrian, baina tradiziozko erabilera ahalik eta hobetoen ezagutu eta gero, ezta? Eta askotan bezala OEH tresna handia da gure eskueran usteak eta izanak bereizteko ere.

Ondo izan

Bittor

 
Bittor Hidalgori erantzuna
2008-11-27 / 19:15 / Anuntxi Arana

Lehenik eta behin, eskerrak bihurtu nahi dizkiot B. Hidalgori nire proposamenaz duen iritzia orri honetan emanik. Eta atzera ere erantzun behar dudala iruditzen zait.

Oso eszeptizismoa handia erakusten du, "bere" eta "haren" bereizteko, Iparraldeko eredua erabiltzeko orduan. Alabaina, kaltegarria izan liteke ondo markatzea erakuslea noiz den bihurkaria eta noiz ez?

  1. Bistan da, euskaldun guztiek ez dute bereizketa hori egiten: gero eta gehiago aurkitzen ditugu "haren", "bere" eta "beraren" sinonimo bezala erabiliak; eta halaber "haien", "beren" eta "beraien".

    Batik bat oso problematikoa da "bere" eta "beren" ordez "haren" eta "haien" ezartzen denean (*"Gurasoek edukazio eman behar diete haien haurrei"). Holakoak aski berriak omen dira, eta irtenbidea emateko, hain zuzen, proposatu dut "Iparraldeko araua". Ez da nik asmatua, orain arte bizirik iraun du, eta bizirik dago euskaldun anitzen hitzetan eta idazkietan. Eta ez dira gutxi tradizio horri atxikiak.

  2. Hidalgok oroitarazten duen bezala, "beren" berria dela esan idatzi zuen Lafittek. Haren aburuz, 60 bat urte bazituen 1944an; orain halako bi, beraz. Hain ideia txarra izan ote zen "asmazio" hori? Dena dela, ez da hori "Iparraldeko arau"aren funtsa, erakusleen forma "arruntak" (lañoak?) eta bihurkariak bereiztea baizik; agian hori dute gehienek ulertu nire artikuluan.
  3. Orobat, Lapurdi kostako erabilera gipuzkerak kutsaturik dela eta BERE nagusitzen dela zioen Lafittek (hura joanez gero, zabaldu ere da fenomenoa). Halere, usadio zaharra baino hobea ez bada, denetara zabaltzekoa ote da?...
  4. Baina funtsezko kontua da ea "haren" eta "bere" berdinak direnez. Horra bi esaldi, adibide gisa:
    • "Laboak Bretch maite du eta haren hitzak sartu ditu bere kantuetan"
    • "Laboak Bretch maite du eta bere hitzak sartu ditu haren kantuetan".

    Biek gauza bera esan nahi dute? Erdarara hitzez hitz itzulita, beharbada, bai ("sus palabras en sus canciones"). Euskaraz, ez.

    Eta berdinak balira, zer egingo dugu? "Dona-dona katona" jo eta ea zer ateratzen zaigun? Berdin "bere hitzak bere kantuetan", edo "haren hitzak haren kantuetan"?...

    Bereizketarik ez egitea hobesten badugu, "haren" eta "beren" sinonimoak badira, ez dira anomalia bat hiztun baten hizkeraren ekonomian? Zertarako nahi ditugu biak, nahasketa sortzeko ez bada? Hobe bat kentzea, ez?

    Ba, ez horixe, bien beharra badugu! Ustea baizik ez bada ere, zinez uste dut lehen esaldia ("haren hitzak bere kantuetan") doakiola errealitateari (hau da, Laboak beste baten hitzak sartu dituela bere kantu propioetan).

  5. "Euren" eta "haien" berdin erabili ohi direla ohartarazten du Hidalgok. Bai, hala da, eta nik arinki eta llaburki parekatu nituen "beren" eta "euren"; analogiaz egin nuen, baina aitortu behar: "euren" "Iparraldeko arauan" sartzea, definizioz, ezinezkoa da.

    Halere, Bizkaian ere badute forma ez-bihurkaria ("hareen"), eta batzuek erabiltzen dute. Azkuen iritziz, "euren" "ber"-en plurala da, bihurkaria, beraz. Deusik ez dute galduko bizkaitarrek gogoratzen badute "hareen" / "euren" bikotea badaukatela, eta hori aberastasuna dela, esanahi desberdinak adierazteko baliatzen badute.

Bukatzeko. Ez dakart berrikuntzako proposamenik, arazo berri bati aurre egiteko eredu bat badugula gogoratu nahi dut, soilik. Tradiziozko erabilerak ongi ezagutzea oso komenigarria da -nork ukatuko du- eta OEH oso tresna ona; hartan ere ikus daiteke probintzia bezainbat tradizio badugula, eta bat gehiago. Horiek hola, elkar ondo ulertzeko altxorra dira arau argiak, Iparraldeko tradiziokoa kasu baterako.


(ANUNTXI ARANA)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus