Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Kopuruen gorabeherak

Kopuruen gorabeherak

2008-11-07 / 08:30 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Kopuru baten gorabeheren berri emateko, zenbat igo edo zenbat jaitsi den esaten dugu. Gauza jakina izan arren, testuinguru batzuetan, datu jakin batzuk darabiltzagunean, zalantza sortzen zaigu, eta okertzat dauzkagun formak erabiltzeko tentatuta egoten gara.

Prezioak, tenperatura...

Prezioak, tenperatura...

Albisteetan arreta handia ematen zaie prezio, tenperatura, interes-tasa eta beste datu askoren gorabeherei.

  • Estatu Batuetako Erreserba Federalak puntu erdi jaitsi ditu interes-tasak.

Ikusten denez, halako esaldietan darabilgun egitura zenbat galderari dagokio. Okerra da, beraz, inesiboa (-n) erabiltzea.

  • EZ
    • Gasolio litroa bi zentimoan merkatu du Repsolek.
  • BAI
    • Gasolio litroa bi zentimo merkatu du Repsolek.



  • EZ
    • Rice australiar igerilariak bi segundotan hobetu du munduko errekorra 400 metrokoan.
  • BAI
    • Rice australiar igerilariak bi segundo hobetu du munduko errekorra 400 metrokoan.



  • EZ
    • Tenperaturak bi gradutan egingo du behera asteburuan.
  • BAI
    • Tenperaturak bi gradu egingo du behera asteburuan.



  • EZ
    • IBEX 35ek bederatzi puntutan egin du gora, eta 8.000ko maila berreskuratu du.
  • BAI
    • IBEX 35ek bederatzi puntu egin du gora, eta 8.000ko maila berreskuratu du.

Edozelan ere, aintzat hartu behar da Iparraldean badela beste modu bat. Iparraldean instrumentalaz (-z) baliatzen dira kopuruen gorabeherak azaltzeko.

  • Berrogoi ta hamar liberaz emendatu zioten urtheko paga. (Oxobi)

Pertsonak tarteko direnean

Igotzen edo jaisten diren kopuruak pertsona-saldoak direnean, oso sarri aurkitzen dugun akatsa da inesiboaz (-n) baliatzea.

  • EZ
    • Fagorrek mila langiletan murriztu du plantilla.
  • BAI
    • Fagorrek mila langile murriztu du plantilla.

Zuzena da, baina «mila langile murriztu» entzun, eta esaldia hanka-motz sumatzen dugu. Beharbada, horregatik dabiltza hain zabal forma okerrak. Irtenbide bat instrumentala (-z) jartzea litzateke: «mila langilez murriztu du plantilla».

Albiste-testuetan, berriz, beste joera bat igartzen da: esaldiak beste modu batera osatzea.

  • EZ
    • Gurutze Gorria berrehun bazkidetan handitu da, telebistako kanpainari esker.
  • BAI
    • Gurutze Gorriak berrehun bazkide berri batu ditu, telebistako kanpainari esker.



  • EZ
    • 2.684 pertsonatan hazi da Nafarroako biztanleria lehengo urtean.
  • BAI
    • 2.684 biztanle gehiago zenbatu dira Nafarroan lehengo urtean.



  • EZ
    • Aretoaren edukiera ehun pertsonatan murriztuko da, segurtasun-arrazoiengatik.
  • BAI
    • Aretoak ehun pertsona gutxiagoko edukiera izango du, segurtasun-arrazoiengatik.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus