Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara askatasunez

Euskara askatasunez

2008-10-06 / 08:30 / Patxi Lopez   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Jarraian irakur dezakezuena da PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakaritzarako hautagai Patxi Lopezek euskararen eta hizkuntza politikaren gainean plazaratu berri duen agiria.

Abiapuntua

Abiapuntua

Haize berriak dabiltza Euskadin. Erregenerazio haizeak gizartean, kulturan eta politikan. Gure eguneroko bizitza zamatzen jarraitzen duten iraganeko presentziak gorabehera, gauza asko ari dira aldatzen partekatzen dugun errealitate honetan. Besteak beste, Euskadin hizkuntzaren gaia ulertzeko moldea ari da aldatzen, eta aldi berean antzeman egiten da beharrezkoa dela formula berriak proposatzea elkarbizitza harmoniatsu eta emankorra lortzeko euskararen eta gaztelaniaren artean. Horregatik, eta Euskara askatasunez izenarekin, adierazpide kritiko, anitz, demokratiko eta integratzaile bat sustatu eta bultzatu nahi dugu euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia duten pertsona guztiak biltzeko.

Gehiegitan jasan dugu euskal gizarteak dituen hizkuntzekiko erabilera politizatu eta gehiegikeria politikoez jositako giroa. Egoera horren aurrean, defendatu nahi dugun politika euskaltzaleak ezaugarri berezi zenbait izango ditu: oinarri identitario edo historizistarik gabea izango da, gaur egungo euskal gizartearen elebitasunean oinarrituta egongo da eta, ondorioz, akordioan sustengatutako elebitasuna bultzatuko du. Honen ildotik proposatzen dugu enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela, hizkuntzaren gaiak ezin dituela euskal hiritarren aukera pertsonalak modu erabakigarrian baldintzatu. Hausnarketa orokor bat egin behar dela uste dugu akordio berri bat lortzeko hizkuntza politikari buruz, bi hizkuntzen hiztunen artean bizikidetza librea ahalbideratzeko. Izan ere, gure iritzirako, euskarazko kultura moderno eta inolako sektakeria ideologikorik gabea sendotzeko bidea neurri eta ekintza berriak bultzatzetik etorriko da. Neurri eta ekintza horiek, hizkuntzaren erabileraren kasu zehatzean, benetan eraginkorrak izan beharko dute sustatze eta bultzatzeari dagokionez, eta gaztelaniaz bakarrik mintzatzen diren euskal hiritarrak baztertzea ekar lezakeen inposaketazko ezein politikatik urrunduak.

Ikuspuntuak

Euskal gizartea prestatua dago, demokrazian hainbat hamarkada egin ondoren, gobernuan aldaketa eta alternantzia burutzeko. Garaia da alternatiba bat eratzeko Euskadiko kudeaketa politikoan, besteak beste norabide aldaketa sendo bat bultzatuko duena kulturari buruzko politika ulertzeko moduan eta mamian. Kultura-eredua benetan aldatu ahal izateko nahiatezkoa da Eusko Jaurlaritza ere aldatzea.

Ikuspegi horren aurrean, euskararentzako kultura berri bat defendatzen dugunok elkargune bat bilatu nahian gabiltza, kultura eta hizkuntza politikei beste norabide bat eman beharra dagoela pentsatzen duten pertsonak elkartzeko, politika horiei ikusmolde alderdikoi eta sektarioak, are nabarmen diskriminagarriak ere, kentzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza mintzatzen dira, komuna horietako bat bakarrik den arren. Biak ere hartu behar dira erakunde publikoek babestu eta sustatu beharreko ondare sozial eta kultural gisa. Gobernatzeko ardura daukatenek ezin dute baztertu ez euskara ez gaztelania. Hori dela eta, uste dugu lehentasunezkoa dela hizkuntza hiritarren zerbitzura jartzea eta ez alderantziz. Erakunde publikoek hizkuntza-arloan bultzatu beharreko ekintzak ez du bakar-bakarrik euskal gizartearen zati baten irizpideetan oinarritu behar; aitzitik, eredu libreago bat erdietsi behar du, Euskadiko hiritarren hizkuntza-errealitatea errespetatu eta gizarte-kohesioa indartuko duena. Erabat sinetsita gaude euskararen oraingo osasuna eta haren erabileraren geroa hertsi-hertsiki loturik daudela behar bezalako sustatze politika bati, besteak beste, euskara ikastea hurbilerraza eta erakargarria izan dadin.

Nahitaezkoa da, halaber, euskaltzaletasuna ikusmolde abertzale edo nazionalistatik erantsi ohi izan zaizkion edukietatik bereiztea. Euskara lantzea eta ikertzea ez daude berez halako ideologia jakin bati loturik, arlo horietan aritu eta ari direnen perfil politiko denetarikoak erakusten duen bezala.

Eta helburu horien guztien gainetik, eta hizkuntza-faktore soiletik haratago, bada eginkizun premiazko eta oinarrizko bat, hau da, bultzatzea euskarazko kultura bat guztiz demokratikoa eta inolako oniritzi, tolerantzia edo hurbiltasun intelektualik azalduko ez duena ETAren eta haren inguruaren oinarri ideologiko eta xede totalitarioekiko, horrek, bestalde, pertsona askok euskara eta euskal kulturarekiko duten atxikimendurik eza ekarri baitu.

Proposamenak

Euskararentzat proposatzen dugun politika berriak euskal gizartea integratu egin nahi du bizikidetza demokratikoko proiektu komun batean non euskarak bere leku propioa aurkituko baitu gaztelaniarekin batera. Jakitun gara zer aberastasuna eta zer komunikazio ahalmen ikaragarria ematen dion Euskadiri bi hizkuntzaren jabe izateak, eta horregatik aurrerantzean hizkuntzen arteko kohesio eta bizikidetzarako politika bultzatu nahi dugu, ezein liskarretik urrunduta.

Euskal hiritarrek kultura arloan behar eta eskatzen duten norabide berria guk uste zenbait zutabe estrategikotan oinarritu daitekeela, horiek baitira euskararentzako politikaren gaineko ikuskera berri baten ondoriozko erreforma-proposamenak.

  • a) Euskaraz egindako jarduera kulturalen finantzaketa publikoari eustea, konpromiso garbi-garbia hartuz ez dela haien hornidura ekonomikoa gutxituko, eta gaztelaniaz gauzatzen den euskal kultura babesteari kalterik ekarri gabe.
  • b) EITB eraberritzea informazio-zerbitzu publiko anitz eta demokratikoa, eta kalitateko eduki kulturalekin, eskaintze aldera. ETB-1en moldeak, edukiak eta aurrekontua aztertzea kultura euskaldun moderno eta askotarikoa garatzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izan dadin.
  • c) Aniztasunean oinarritutako hizkuntza-eredu bat defendatzea: eredu horrek hezkuntza-sisteman bere isla izango du euskara belaunaldi berriei helaraztea bermatzeko, eta erdaldunak euskararen mundura erakartzeko, euskaraz ez dakiten horiek uxatzeke edo eta nahitaez ikastera behartu gabe, izan ere emaitzak etsigarriak izan dira-eta gehiegitan.
  • d) Kultura-proiektu euskaldun demokratiko eta askotarikoa garatzea, nola euskara hala euskarazko kultura erabilera politikotik kanpo utziko duena.
  • e) Euskarazko kulturaren prestigio demokratikoa hiritarren artean lehenbailehen berreskuratzea, oinarritzat hartuz aniztasun eta sormen irizpideak, hiritartasunari lehentasuna emanez identitatearen eta etnikotasunaren gainetik, eta argi eta garbi salatuz nazionalismo biolentoak -euskaldun askoren urruntasuna eraginez- sortarazten duen identifikazioa.

Uste dugu gutxienezko proposamen-multzo honen gainean adostasun batzuk sor daitezkeela hurrengo urteetan euskal kultura ireki eta libre bat eraikitzen laguntzeko, Euskadiko autonomia erkidego guztiaren aniztasuna ordezkatzeko gauza dena eta, beraz, hemengo hiritarren isla duintzat ere har litekeena.


(PATXI LOPEZ ALVAREZ PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakaritzarako hautagaia da)


Inprimatu


Erantzun

 
Euskara da askatasunez hitz egin eta erabil ezin daitekeen hizkuntza
2008-10-07 / 15:25 / Ezker abertzalea

Ezker abertzaleak salaketa irmoa egin nahi du PSEk eskaini duen "Euskara Askatasunez" manifestuaren aurrean. PSEren manifestua burlaizezko espainolkeria da euskaraz bizi nahi dugunontzat, hain zuzen euskara baita askatasunez hitz egin eta erabil ezin daitekeen hizkuntza. PSOEk inposatutako salbuespenezko testuinguru politiko honetan, manifestu hori sarkasmo bat da demokraziaren aldetik eta, euskararen ikuspegiaren, ereduaren eta politikaren aldetik begiratuta.

Ikuspegia

Euskarazko kultura xede totalitarioekin lotzen dute. Madrilen gaztelaniaz bizitzea eta Parisen frantsesez bizitzea praktika totalitario ez bada, zergatik da xede totalitarioa Euskal Herrian euskaraz egin nahi izatea? Gaztelaniaz hil dituzte milioika pertsona Amerikan eta milaka Euskal Herrian, baina hizkuntza horrek ez du prestigio demokratikoa berreskuratu beharrik, euskarak bai, ordea. Ez da erraza asimetria handiagorik bilatzea. PSOEk, ordea, Euskal Herri euskaldunaren aldeko helburua kriminalizatu nahi du, manifestuan argi eta garbi azaltzen den bezala.

Manifestuan termino hauek azaltzen dira: euskarazko "oinarri identitario eta erabilera politizatua" gainditzea, "ikusmolde abertzaletik bereiztea", "euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia" ematea "adierazpide kritiko anitz, demokratiko eta integratzailea bultzatzeko", "elkarbizitza harmoniatsu eta bizikidetza demokratikoa lortzeko".

Termino negatibo horien pilaketak iradokitzen du euskara itxia, ez-demokratikoa, desintegratzailea eta zapaltzailea dela; horregatik jarri diote "euskara askatasunez" izena manifestuari; eta aldi berean, gaztelania dela guztion hizkuntza demokratiko komuna, integratzailea eta askatzailea.

Benetan iraingarria da PSOEk euskal herritar guztiei gaztelania inposatu, euskara desegin, milaka euskal herritarren oinarrizko eskubide politikoak urratzen eta Euskal Herria desagerrarazteko ahalegintzen ari denean, erdal elebakarrezko elebitasun politikaren mitoa planteatzea. Mozorroa ken ezazue eta argi hitz egin dezagun: Gu gara elebidunak, eta eleaniztasun pertsonala planteatzen dugunok, ez zuek. Ezker Abertzalea da, oraingoz, euskal herritar eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna planteatzen duen bakarra, zoritxarrez.

Eredua

30 urtez frogatu da menpeko hizkuntz politika autonomistaren ereduak ez duela balio Euskal Herri euskaldunaren iraunkortasuna bermatzeko. Politika horren maximoak euskararen normalkuntzak behar dituen minimoen azpitik daude. Eredu horren "askatasuna, aniztasuna eta integrazio" formularen azpian, euskararen eta Euskal Herriaren mendetasuna, asimilazioa eta desintegrazioa proposatzen dira. Elebitasun baztertzailearen eredu horren azken hogeita hamar urteko praktikak erakutsi du eskasa dela euskararen kontrako faktore negatiboak neutralizatzeko, Jaurlaritzak berak onartu duen bezala. Argigarria da, ordea, euskarari buruzko oinarrizko adostasun guztietan PSOE eta EAJ bat etorri direla. Nahiz eta PSOEren egiteko izan euskara sustatzeko oinarriak sistematikoki zalantzan jartzea, eztabaidak denboran zehar luzatzea, erabakiak atzeratzea, neurrien edukiak murriztea eta ez aplikatzea. Manifestuak adierazten duen akordioan sustengatutako elebitasuna beto eskubidea da euskararen aurkako kultur fobia ezkutatzeko, elebitasun baztertzailea inposatzen jarraitzeko, euskaraz bizitzeko aukera oztopatzeko eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko prozesua ukatzeko.

Politika

"Hausnarketa egin behar dela akordio berri bat lortzeko' dio, baina oraindik elebitasun baztertzailearen politika hori gehiago murrizteko. Manifestuak dio 'Enplegu publikorako sarbideak ezin dituela aukera pertsonalak baldintzatu". Zertarako? Administrazioan elebidun ez diren langileak sartzeko, denon hizkuntz eskubideak zapaltzeko, atal ezberdinetan euskaraz jardutea oztopatzeko, jardun hori zabaltzea eragozteko, euskaraz lan egitea ezinezko bihurtzeraino, orain gertatzen den bezala, baino gehiago oraindik. Menpeko hizkuntz politikaren jarrera horrekin administrazioa euskalduntzerik ezinezkoa da, baina kontuan hartzen baldin bada gainerako arlo sozial gehienetan oraindik gutxiago egiten dela, erraz ondorio daiteke politika horrek ez duela balio euskarazko komunitatea berregiteko bere lurraldean.

Zutabe estrategikoen inguruan hitz bi:

  • a) Euskarazko jarduera kulturalaren finantzaketa publikoari eustea. Eustea bakarrik eskasa da, baina are eskasagoa da oraindik, neurri horiek euskararen normalkuntzak eskatzen dituen faktore soziolinguistikoen efikazia eta efizientzia parametroetatik kanpo egiten direlako, eta, finantzaketa hori "gaztelaniaz gauzatzen den euskal kultura babesteari kalterik ekarri gabe", baldin bada, euskararen berreskurapen osoa mehatxupean dago (gaztelaniaz gauzatzen den euskal kultura kontraesanetan sartzen diren terminoak baldin bada ere).
  • b) Aniztasuna hezkuntza-sisteman. PSOEk hizkuntza autonomikoetan irakaskuntza bideratzea onartu du bere kongreso federalean, baina hori ere itotzea erabaki du PSEk eta ez du onartzen ereduen erreforman euskara irakasgaien %60a izan dadin. Eskolak belaunaldi berri guztiak euskaldundu gabe euskal Herri euskaldunaren iraupena arriskuan jartzen dute,
  • c) Euskarazko kultura erabilera politikotik kanpo uztea. Manifestuaren aurkezpena hauteskunde begirako ekitaldia izan da, euskarari ustezko bultzada emateko baino tresna politiko gisa erabili dute nahitaezkoa da Eusko Jaurlaritza ere aldatzea Lopez lehendakari izan dadin. Argigarria da hainbatetan euskara helburu politikoetarako erabiltzea salatu izan duen alderdiak berak egitea erabilera hori hauteskundeak hurbiltzen ari direnean.

Ezker abertzalearentzat PSOEren manifestu horrek bi euskararen egoera minorizatua naturalizatzea bilatzen du eta euskararen herria berregitearen ordez, eskubideen zapalketa eta hizkuntz borroka betikotu nahi ditu.

Ezker abertzalearentzat hizkuntzen arteko bizikidetza demokratikoko proposamenik onena hizkuntza bakoitza bere lurraldean nagusi izaten errespetatzen duena da. Gure proposamena da guztion artean, orube demokratiko komun berri bat aurkitzea euskararentzat Euskal Herri osoan. Konstituzio espainiarraren betorik gabe Hegoaldean eta Konstituzio frantsesaren mugarik gabe Iparraldean, bi Estatu horien neutralitatea gordeko duena eta euskal herritarrek erabakitzen duen hizkuntz ereduari buruzko autodeterminazio eskubidea errespetatuko duena, Euskal Herri euskalduna barne.

 
Euskara askatasunez, erdara halabeharrez
2008-10-10 / 11:41 / JJ Agirre

> Hori ote da PSEk dakarren haize berritua? Haize berria izanagatik, kirastua dator benetan. Proposamen iraingarria da, oinarri faltsuen gainean eraikia, inposaketa eta bazterketa bermatu eta errotu nahi dituena.

Bada euskaltzalerik PSEn?

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus