Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Kontakizunaren logika II

Kontakizunaren logika II

2008-10-03 / 08:20 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Lehengo hilean zabaldu genuen orrian bazen adibide bat zeresana eman duena. Erabili.com-en hainbeste irakurlek iruzkinak bidali dizkigute, eta EiTB barruan ere hitz asko egin genuen esaldiaz, kanpoan zabaldu aurretik. Beharbada, merezi du gogoeta horien berri ematea, adibidearen bitartez erakutsi nahi genuena hobeto azaltzeko.

Datu pilaketak

Datu pilaketak

Aurreko orrian esan genuen testuaren zentzua galtzeko arriskua dagoela informazioa oso hitz gutxitan trinkotu nahi izanez gero. Hobe da informazio edo datu bakoitza perpaus batean ematea, eta perpausak ondo mugatzea.

  • EZ
    • Frantziako Asanblea Nazionalak behin betiko botoa emango die gaur gauean Poliziaren eskumen bereziei, terrorismoaren aurka ekiteko. Legeak oso kezkatuta dauzka giza eskubideen aldeko taldeak.
  • BAI
    • Frantziako Asanblea Nazionalak gaur gauean bozkatuko du terrorismoaren aurkako lege berria. Gobernuak prestaturiko lege-proiektuak eskumen bereziak aitortzen dizkio Poliziari, eta horrek kezka eragiten die giza eskubideen aldeko taldeei.

«Behin betiko botoa ematea» esateko modu iluna da. Ez da ondo ulertzen. Badirudi "berresteaz" ari garela, "bozkatzeaz" aritu beharrean. Gainera, Asanblea Nazionala aipatuta, ulertutzat ematen da lege batez dihardugula. Ulertutzat ematen da, era berean, Gobernuak aurkezten dituela legeak Asanblea Nazionalean.

Halako testuak nahasgarriak dira. Datu mordoa hitz bakarrean daukate pilatuta. Goiko adibidean, «Asanblea Nazionala» terminoari utzi zaio dena argitzeko zeregina, hitz magiko bat edo izango balitz bezala.

Adierazpen aditzak

Ez da arraroa adierazpen-aditzak "hitz magiko" modura erabilita aurkitzea albiste-testuetan. Azpiko esaldian, hala gertatzen da «adierazi» aditzarekin.

  • EZ
    • Espainiako Poliziak sei pertsona atxilotu ditu Vigon. Polizia iturriek adierazi dute Europan kokaina sartzen duen kontrabandista-sare bateko kide direla.

Adibide horretan ez da inola ere agertzen atxilotuak errugabe izan litezkeela. Ez da nahikoa poliziak adierazi duela jartzea, droga-trafikatzaile izatea akusazio bat baino ez dela ulertarazteko. Kazetari batek, behintzat, bestela osatuko luke esaldia, garbi uzteko susmoei buruz ari dela, eta berak ez diola deliturik leporatzen inori.

  • BAI
    • Espainiako Poliziak sei pertsona atxilotu ditu Vigon, Europan kokaina sartzen duen kontrabandista-sare bateko kide direlakoan.

Berriro lehengo adibidea

Lehengo orriko adibidera itzulita, arazoa gorago azaldutakoa da: adierazpen-aditz bati egotzi zitzaion informazioaren erantzukizuna. Aditza «jakinarazi» zen.

  • EZ
    • ETAk Getxon atentadu handi bat egiteko asmoa zeukala jakinarazi dio Imanol Landa herriko alkateari Mikel Cabieces Espainiako gobernu-ordezkariak, udal agintariak erne egon daitezen.

«Ak Bri C jakinarazi dio» esaten duenak ez dio ezer Cren fidagarritasunaz / egiazkotasunaz. Are gutxiago, aditza «jakinarazi» izanda.

Elkarrizketa asmatu hauetan, amaren erreakzioagatik garbi ikusten da zein ezberdin ulertzen dituen «jakinarazi» eta «esan» aditzak. «Esan» denari buruz jarrera kritikoa hartzen du. «Jakinarazi» dena bete-betean sinesten du.

  • AITA: Irakasleak bi eta bi bost direla esan dio umeari.
    AMA: Irakasle hori burutik dago.
  • AITA: Irakasleak bi eta bi bost direla jakinarazi dio umeari.
    AMA: Geuk ere hasi beharko dugu ikasten.

Horrenbestez, goragoko adibidera itzulita, «ETAk atentatua egiteko asmoa zeukala jakinarazi dio gobernu-ordezkariak alkateari» entzunez gero, inork ez luke zalantzarik egingo ETAren asmoei buruz: egiatan Getxon atentatzekoak zirela ulertuko zen.

Nahitaezkoa da iturria aipatzea, ETAren asmoei buruzko informazioa objektibo eta zalantzaezintzat jo nahi ezean: «Polizia iturrien arabera, ETAk Getxon atentadu handi bat egiteko asmoa zeukan».

  • BAI
    • Polizia iturrien arabera, ETAk Getxon atentadu handi bat egiteko asmoa zeukan. Mikel Cabieces Espainiako gobernu-ordezkariak poliziaren susmoen jakitun jarri du Imanol Landa herriko alkatea, udal agintariak erne egon daitezen.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus