Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Kontakizunaren logika

Kontakizunaren logika

2008-09-05 / 08:35 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Testuetan datuak lotzeko darabilgun logika baliabide gramatikalen bidez jartzen dugu agerian. Baliabide gramatikal horiek (lokailuak, juntagailuak, ordena...) txarto aukeratzen baditugu, kontakizuna, kasurik onenean, trakestu eta ilundu egiten dugu. Kasurik txarrenean, ulertezin bihurtzen dugu.




Perpausen mugak

Ahoz ari garenean, perpausak ez dira guztiz biribilak izaten. Askotan perpausak erabat amaitu barik uzten ditugu, eta, amaitu barik egonda ere, oso normala izaten da bata bestearekin uztartzea kate edo andana azkengabe batean. Idatziz, ostera, perpausak behar bezala hasi eta behar bezala amaitzen ditugu, eta elkarrengandik ondo mugatzen ditugu.

Irrati eta telebistako albisteetan, batzuetan, kate luze horietakoak egiteko joera sumatzen da. Okerrena da logikarik ez duten loturak erabiltzen direla perpausak kateatzeko.

  • EZ
    • Pertsona bat hil zen atzo Gasteizen, lantegiko teilatutik erorita, nahiz eta enpresak dioen ez zela bertako langilea.
  • BAI
    • Pertsona bat hil zen atzo Gasteizen, lantegiko teilatutik erorita. Enpresak dio ez zela bertako langilea.

Enpresak dioena gorabehera, pertsona hori hilda dago. Hobe da, beraz, perpaus biak ondo banatzea, behar ez den moduan lotzen ibili barik.

  • EZ
    • Atxilotuei haur-pornografia sustatzea leporatu diete, poliziaren esanetan, webguneetara sartzeko ordaintzen duten diruarekin finantzatzen direlako material pedofiloa ekoizten eta banatzen duten sareak.
  • BAI
    • Atxilotuei haur-pornografia sustatzea leporatu diete. Poliziak dio webguneetara sartzeko ordaintzen duten diruarekin finantzatzen direla material pedofiloa ekoizten eta banatzen duten sareak.

Oso ohikoa da -lako erabiltzea era horretako sasiloturak egiteko. Goiko adibidean, bigarren perpausa lehenaren zabalkuntza da, gauza bera beste hitz batzuekin esatea modu zehatzagoan. Hartara, lehen perpausa amaitu, mugatu, eta hurrengoarekin uztartzen ez bada, errazago igartzen da kausazko lotura ez dela aukerarik gogobetegarriena.

Hurrengo adibidean ere, lehen perpausa amaitu eta mugatzea da aukerarik egokiena, testu zehatzagoa eta formalagoa osatzeko.

  • EZ
    • Eusko Jaurlaritzak alegazioak prestatuko dituela, eta hamabost egun baino lehen aurkeztuko dituela adierazi du bozeramaileak, eta espero duela Auzitegi Konstituzionalak arrazoi juridikoak politikoen aurretik jarriko dituela.
  • BAI
    • Eusko Jaurlaritzak alegazioak prestatuko dituela, eta hamabost egun baino lehen aurkeztuko dituela adierazi du bozeramaileak. Jaurlaritzan, Auzitegi Konstituzionalak arrazoi juridikoak politikoen aurretik jarriko dituelakoan daude.

Interferentziak

Interferentzia beste hizkuntza baten eragina pairatzea da. Interferentzia gertatzen denean, kontakizuna ez zaigu oso modu logikoan antolatuta geratzen.

Interferentzia ezagunenetako bat -nean oker erabiltzea da. Gertaera bat bere testuinguruan kokatzeko, -la edo -larik jartzen diogu testuinguru horren berri ematen duen esaldiari.

  • Mendian behera nentorrela, kilo erdiko perretxikoa aurkitu nuen.

Nahaste bat da kontrara egitea: testuinguruari dagokion esaldia beste barik eman, eta gertaerari dagokion esaldia -nean juntagailuarekin markatzea.

  • EZ
    • Langile batek istripu hilgarria izan du gaur Eibarren. Corte Ingles berria eraikitzeko obran ari zen, 15 metrotik behera erori denean.
  • BAI
    • Langile batek istripu hilgarria izan du gaur Eibarren. Corte Ingles berria eraikitzeko obran ari zela, 15 metrotik behera erori da.

Beste interferentzia ezagun bat: datuak eransteko -z erabiltzea, eta emendiozko juntagailua baztertuta.

  • EZ
    • Gyanendra erregeak gobernua eta parlamentua desegin zituen orain hilabete batzuk, Nepaleko aginte osoa bere esku hartuz.
  • BAI
    • Gyanendra erregeak gobernua eta parlamentua desegin zituen orain hilabete batzuk, eta Nepaleko aginte osoa bere esku hartu zuen.

Datu pilaketak

Informazioa oso hitz gutxitan trinkotu nahi izanez gero, albiste-kontakizunak zentzua galtzeko arriskua handia da. Hobe da informazio edo datu bakoitza perpaus batean ematea, eta, gorago esan bezala, perpausak ondo mugatzea. Informazioetan, gainera, lehentasunak ezarri behar dira: lehenengo ardatza, eta gero datu osagarriak edo argibideak.

  • EZ
    • ETAk Getxon atentadu handi bat egiteko asmoa zeukala jakinarazi dio Imanol Landa herriko alkateari Mikel Cabieces Espainiako gobernu-ordezkariak, udal agintariak erne egon daitezen.
  • BAI
    • ETAk Getxon atentadu handi bat egiteko asmoa zeukan. Mikel Cabieces Espainiako gobernu-ordezkariak jakitun jarri du Imanol Landa herriko alkatea, udal agintariak erne egon daitezen.

Horrela bereizita, garbiago dago datuak bi direla, ETAk atentatua egiteko asmoa zeukala, eta Getxoko alkatea jakitun ipini dutela. Datuak perpaus banatan emanda, entzuleak errazago harrapatuko ditu. Azpiko adibidean, gauza bera.

  • EZ
    • Herri-kontsultari buruzko auzian, helegitearen erantzukizun osoa harrokeriaz jokatu duen Rodriguez Zapatero presidenteari leporatzen dio Jaurlaritzak.
  • BAI
    • Herri-kontsultari buruzko auzian, helegitearen erantzukizun osoa Rodriguez Zapatero presidenteari leporatzen dio Jaurlaritzak, harrokeriaz jokatu duela iritzita.

Berriz ere, datuak perpaus banatan emanda, edo, behintzat, parte banatan emanda hobeto konturatzen gara zein diren: erantzukizuna Zapaterori leporatu diotela, eta Zapaterok harrokeriaz jokatu duela iruditzen zaiela.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus