Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Letra larriak erabiltzeko irizpideak

Letra larriak erabiltzeko irizpideak

2008-09-01 / 08:25 / Ikasmaterialen Aholku Batzordea   IRAKASKUNTZA

Duela lau urte ekin zion Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, EIMA programaren ildotik, noizbait estilo-liburu izen osoa merezitzeko moduan izango den proiektuari. Pixkana-pixkana, arazoak eta gramatika-katramilak ez baitira koxkarik gabeak, Ikasmaterialen Aholku Batzordea tinko ari da hura taxutzen, itxuratzen, moldatzen eta apailatzen. Joxe Ramon Zubimendiren Ortotipografia liburukia izan zen lehena, 2004an. Handik gutxira, 2005ean, Juan Garziaren Kalko okerrak eta Elhuyar Fundazioko koordinatzaileekin talde-lanean eginiko Onomastika liburukiak atondu ziren. Liburuki horiek paper-euskarrian atera ziren lehen pausoan. Tresneria berriak eskaintzen dituen erraztasunak bitarteko, berehala jarri ziren Interneten ere, Sailaren webgunean.

Denbora-tarte luzeagoa behar izan da esku artean duzun Alfontso Mujikaren Letra larriak erabiltzeko irizpideak izeneko hau atontzeko. Bidean datoz, bestalde, beste liburuki batzuk. Ea horiek ere azkar hartzen duten moldiztegi-arrastoa eta kalean ikusten ditugun laster. Euskaraz irakasten duten milaka maisu-maistrei, euskal ikasliburuen sortzaile-prestatzaileei eta alor horretan diharduten argitaletxeei lagundu nahirik kaleratzen ditugu letra larriak erabiltzeko irizpideok.

Letra larriak direla eta, ez gara hutsetik abiatzen. Lehen ere egin izan da saiorik, horien erabilera arautzeko. Euskaltzaindiaren 1990eko Letra larrien erabilera euskaraz izeneko gomendioa aipatu behar da beste ororen gainetik. Horixe izan du lantxo honen egileak abiapuntu nagusi. Nolanahi ere, autoreak berak hitzaurrean dioskunez, beste hainbat ekarpen eta moldaera ere kontuan hartu ditu.

Urrats asko egin delarik ere euskararen normaltze-bidean, orain arteko arau-gomendioek ez diete eguneroko behar guzti-guztiei erantzuten. Euskara batuaren testuinguruan badira, oraindik, jorratu beharreko arloak. Arlo batzuk teoriatik hurbilago daude; beste batzuk, berriz, kontu pragmatikoetatik gertuago. Bigarren molde horretakoa dugu letra larrien arloa. Benetako premia bati erantzutera dator, askoren ustean. Liburuki honen paratzaile nagusi den Alfontso Mujikak bikain atondu du, bere egitekoa. Ez zuen erronka txikia. Oreka ederrean jokatzen jakin du eta egoki uztartu ditu teoria-alderdia eta adibideen iturri oparoa. Talde-lanean eginiko liburukia da hau. Hala komeni ere zen, eta halaxe jokatu da. Itzal eta hedadura zabalagoak lortuko ditu, hartara. Egileaz eta Ikasmaterialen Aholku Batzordeko kideez gainera, idazle, argitaletxe, irakasle eta bestelako espezialista asko izan dira beren kritikak eta ekarpenak egin dituztenak. Testuak irabazi baino ez du egin, horrela.

Euskaltzaindiaren goi-gidaritza estimu handitan du Sailak, eta hark egindako gomendioei orpoz orpo jarraitzen saiatzen da beti. Beste liburukiekin egin zen bezala, Akademiari aurkeztu zitzaion oraingo hau ere, irizpen eske. Bere Corpus batzordearen irizpena oinarri hartuz, egoki eta taxuzko iritzi dio Euskaltzaindiak liburuki honi: egoki eta baliagarri. Aldeko irizpen horrekin batera zenbait hobekuntza-proposamen ere hobetsi ditu Akademiak, puntu jakin batzuetan. Kontuan hartu dira ohar horiek, zintzoki. Liburukiak Euskaltzaindiaren oniritzia du, batetik; Akademiak berak bihar edo etzi gai honetaz erabaki ditzakeenak ez dira baldintzatzen, bestetik. Eskerrak eman nahi dizkio Sailak Euskaltzaindiari, oraingoan ere bere eskeari hain eskuzabalik erantzun izanagatik.

Besterik ez, honenbestez. Beti bezala, zeu zara gai hauetan, irakurle, unean uneko epaile eta eragile nagusi. Zeuk ikusiko duzu argibide eta gomendio hauek noraino diren zure beharretarako egoki, eta zer neurritan hobekizun. Eguneroko idatz-langintza saiatuak erakusten digu argien, guztioi, honelako gomendioen irismena eta balio-indarra zenbaterainokoa den. Errespetu handia diogu idazle trebatuaren bere baitariko esperientziari. Badakigu jakin gomendioak bidea egiten laguntzeko direla: lagungarri izan behar dutela, ez bidegile saiatuaren behaztopa-harri. Euskararen onerako, ahalegin honetan asmatu izana da gure uste eta desio bakarra. Zernahi dela ere, jakizu zure ekarpen baliotsuak jasotzeko prest gauzkazula noiznahi. Hemen gauzkazu: huiseus4@ej-gv.es.

Gasteizen, 2008ko maiatzaren 7an
JOSE ANTONIO CAMPOS GRANADOS
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua

Hitzaurrea

Letra larri edo maiuskulen eta letra xehe edo minuskulen erabilera atal berezia da hizkuntzaren ortografiaren barnean. Atal berezia da, hain zuzen ere, askotan ez dagoelako arau garbirik ematerik, eta, gainera batzuetan, letra larriaren edo xehearen erabilera idazle bakoitzaren gustuen, apeten edo ideia politiko edo erlijiosoen mende ere badagoelako. Hizkuntza idatziaren alderdia ez dagokio hizkuntzaren muinari, baina garbi dago baduela garrantzia testu uniformeak eta barne-kohesioa dutenak lortu nahi badira. Eguneroko jardunak erakusten du idazle, itzultzaile eta testu-zuzentzaileen kezka-iturri atergabea dela, letra larrien erabilerari dagokionez, bai erdaraz (erdaretan) eta bai euskaraz dabilen irizpide-aniztasuna edo, askotan, irizpide falta.

Askoren mina txoroen atsegina baino ez bada ere, komeni da ohartzea arazoa ez dela euskararena bakarrik. Askoz estandarizazio-maila handiagoa eta idatzizko tradizio finkatuagoa duten gure auzo-erdaretan ere letra larrien erabilera ez dago erabat normalizaturik, nahiz eta arauak, gomendioak eta estilo-liburuak nahi beste izan. Arazoa lehen hurbiltzean ematen duen baino konplexuagoa den seinale.

Izan ere, letra larrien erabilera ez dago arau sail aldagaitz eta unibertsal batek gobernatua. Inguruko hizkuntzetan pixka bat aztarrika hasita, berehala ikusten da ez dela arau orohartzailerik, eta badirela ohiturak, badirela modak, eta badirela norberaren edo erakunde bakoitzaren gustuak, estiloak edo hitzarmenak. Adibidez, frantsesez gutxiago erabiltzen dira letra larriak gaztelaniaz baino; ingelesez, berriz, askoz gehiago erabiltzen dira gaztelaniaz baino, baina, nolanahi ere, alemanez baino gutxiago. Esan liteke, beraz, letra larrien erabilera bideratzeko arau orokor-orokorrak gutxi direla eta hitzarmen edo hobespen eta ohitura sektorialak, berriz, ugariak direla.

Euskaraz ere izan dira saioak letra larrien erabilera arautzeko. Ahalegin horretan, oroz gainera, Euskaltzaindiak 1990eko azaroaren 30ean plazaratu zuen Letra larrien erabilera euskaraz izeneko gomendioa aipatu behar da. Lehen urrastzat ulertu behar da gomendio hori, garatu, zehaztu eta osatu beharreko urrastzat.

Administrazioaren arloan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiak Letra larri eta xeheak lana moldatu zuen 1991n, gerora berrikusi eta zehaztua. Lan horrek aski ongi deskribatzen du letra larrien unibertsoa. Euskaldunon Egunkariak ere, Estilo liburuan (1992), arau batzuk eman zituen egunkarian erabiltzeko, eta hurrengo argitalpenetan arauak findu eta zehaztu egin zituen. Joxe Ramon Zubimendiren eta Pello Esnalen Idazkera liburuan ere (1993), badira letra larrien erabilerari buruzko ohar batzuk. 1994an, Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarrean, Antton Elosegik «Euskaltzaindiaren gomendio-arauen idazkeraz: letra larriei buruzkoaren kasua» izeneko lana aurkeztu zuen. Lan horretan, Euskaltzaindiaren 1990eko gomendioa kritikatu zuen, eta hura osatzeko eta zuzentzeko hainbat proposamen egin zituen. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak hau baino lehen argitaratu dituen Ortotipografia eta Onomastika lanetan ere badira hainbat ohar letra larrien erabileraz, nahiz eta letra larriak ez diren lan horien berariazko langai.

Lan horiek guztiek letra larri eta xeheen oihana zedarritzeko saioak izan dira, eta ez hutsalak. Hala ere, eguneroko testu-zuzenketako jardunak erakusten du premia dagoela oraindik kasuak xeheago deskribatu, jarraibideak zehazkiago eman eta adibidetegia zabaltzeko.

Ez da lantegi erraza, dena dela, letra larrien erabilera araupetzea, orain arteko lanek erakusten dutenez. Eta zailtasunaren zioa ez da euskara batu estandarraren tradizio falta bakarrik. Tradizio faltak ez du batere laguntzen, jakina, baina arazoa sakonagoa da, ez da euskararen arazo espezifikoa, inguruko hizkuntzetara begiratuta aise ikus daitekeenez. Estatu Batuetako Government Printing Office (Gobernuaren Argitalpen Zerbitzua) erakundearen estilo-liburuaren arabera, adibidez, ezinezkoa da letra larrien erabilerari buruzko arazo guztiak araupetzea:

«It is impossible to give rules that will cover every conceivable problem in capitalization. Actually, what is capitalized is mostly a matter of editorial style and preference rather than a matter of generally accepted rules. In addition, although there is a clearly recognized rule requiring capitalization of proper nouns and adjectives, opinions differ concerning what a proper noun is».

Konplexutasuna onartuta ere, printzipio nagusiak ezarri eta aplikazioa zainduz gero, zalantzarik ez dago batasun handia lor daitekeela:

«(...) but by considering the purpose to be served and the underlying principles, it is possible to attain a considerable degree of uniformity».

Komenigarria ez ezik premiazkoa ere bada euskarazko eskola-materialetan erabiltzen diren testuetan letra larrien eta xeheen erabilera arautzen ahalegintzea. Horregatik ondu da lan hau, kontsulta-iturri zehatz bat izateko, erabilera arautzeko, edo irizpideak eskaintzeko behinik behin. Ez dira jaso, ziur, testuetan ager daitezkeen kasu guztiak, baina oinarri sendo bat jarri nahi izan da lan honekin, gero, pixkanaka, guztion ohar eta kritikekin osatuz joateko.


Eskertza

Aldaketa ugari, bertsio ugari izan ditu liburu honek liburugai izan den bitartean. Liburugai izatetik liburu bihurtu arteko bidean, jende askoren laguntza jaso du egileak. Ikasmaterialen Aholku Batzordeko kideek -Andres Alberdi, Juan Garzia, Xabier Mendiguren Bereziartu, Joxe Ramon Zubimendi-, lana goitik behera miatu eta kritikatzeaz gainera, iruzkinak egin eta hobekuntzak proposatu dituzte. Gai korapilatsu eta korapilatuetan irizpidea noraino eraman eta zenbateraino zehaztu, irizpide horietan noiz bide bakarra utzi eta noiz ez eta salbuespenen kutxa zenbateraino bete, horiexek izan dira luzeen eztabaidatutako gaiak. Batzordekideen iritzi eta laguntzari esker egin du aurrera liburugaiak punturik konplexuenetan.

Ikasmaterialen Aholku Batzordeko kideen laguntzaz ondutako lana beste bahe batetik iragaztera bidali zen. Eguneroko lanean letra larrien katramiletan kateatzea zer den ongi dakiten hainbat adituri bidali zitzaien, lana kritikatu zezaten. Hainbat ohar, iradokizun eta zuzenketa-proposamen zorrotz egin zituzten pertsona hauek:

  • Ander Irizar (Nafarroako Parlamentuko itzultzailea)
  • Ane Goenaga (Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak Saila)
  • Antton Elosegi (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia Saila)
  • Edurne Pérez de San Román (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza)
  • Fernando Rey (Nafarroako Gobernuaren Itzulpen Atala)
  • Iñigo Roque (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzua)
  • Irene Arrarats (Berria egunkaria)
  • Irune Payros (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzua)
  • Itziar Bernaola (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzua)
  • Jesus Maria Agirre (Eusko Legebiltzarreko itzultzaile-zuzentzailea)
  • Joxe Mari Berasategi (Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzua)
  • Juan Carlos Odriozola (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia Saila)
  • Saroi Jauregi (Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak Saila)
  • Txantxon Zubeldia (Elkarlanean argitaletxea)
  • Xabier Olarra (Nafarroako Gobernuaren Itzulpen Atala)
  • Xarles Bidegain (Paueko Unibertsitateko irakaslea)
  • EIMAko teknikari aztertzaileak

Ohargile guztien oharrak eta kritika oro arretaz irakurri eta kontsideratu dira. Batzuetan, aldeko eta kontrako iritziak jaso dira puntu beren inguruan, letra larrien gaiak zenbaitetan duen konplexutasunaren eta -garbi esan dezagun- nolabaiteko subjektibotasunaren froga.

Euskaltzaindiarena izan da azken bahea: Corpus batzordeak lana aztertu eta ohar-txostena egin du. Euskaltzaindiaren ohar, zehaztapen eta iradokizun horiek aztertzea eta haien araberako moldaketak egitea izan da lanaren azken urratsa. Batzordekide eta aditu prestu horien lankidetza zintzoari esker iritsi da lana azken bertsioraino.

Alfontso Mujika

Ohar nagusia: behar denean soilik erabili behar da letra larria

Letra xeheak, edo minuskulak, ohiko letrak dira, idazkera arruntean erabili ohi direnak; neurriz letra larriak baino txikiagoak dira, eta formaz ere desberdinak izan ohi dira (letra xeheen erabilerari buruzko oharrak 3. puntuan ematen dira). Adibideak:

a, b, c, d, e...

Letra larriak, edo maiuskulak, letra xeheak baino handiagoak dira, eta forma desberdina izan ohi dute. Adibideak:


A, B, C, D, E...

  • Behar denean soilik erabili behar da letra larria testuetan.
  • Letra xehea da testua idazteko erabili beharreko letra molde nagusia.
  • Letra larriak kasu berezi eta jakinetan baino ez dira erabiltzen.
  • Hurrengo puntuetan zehazten diren irizpideen arabera letra larria ez badagokio, testuari letra xehea dagokiola ulertu behar da.
  • Zalantzaren aurrean, ez jo letra larrietara: xeheak erabili.

Letra larriei buruzko ohar orokorrak


1.1. Letra larri handiak eta txikiak

Bi letra larri mota daude: handiak eta txikiak. Letra larri txikiak, formaz, letra larriak dira; tamainaz, berriz, beren inguruko letra xeheak bezalakoak dira.

LETRA LARRI HANDIAK eta LETRA LARRI TXIKIAK

  • letra larri handiak (maiuskula handiak), letra larri arruntak (maiuskula arruntak) edo letra larriak (maiuskulak) dira erabilienak (LETRA LARRIAK).
  • letra larri txikiak (maiuskula txikiak) (LETRA LARRI TXIKIAK). Letra larri handiak nabarmenegi gertatzen direnean erabili ohi dira. Nolanahi ere, arruntak baino askoz gutxiago erabiltzen dira. Bibliografia aipatzean, adibidez, erabiltzen dira, idazlearen deitura idazteko (ikus estilo-liburuaren lehen liburukia, Ortotipografia, 55. or.). Adibidez:

    ARRATIBEL, Joxe: Kontu zaarrak, Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980.


1.2. Digramak

Digrama batez hasten diren erdal nahiz euskal hitzetan (ll, tx, ts, tt, tz, ch, ph, kh, qu...), letra larriz idaztekoak direnean, digramaren lehen letra bakarrik da larriz idaztekoa. Adibideak:

Lleida, Lluís Llach, Txillida, Txillardegi, Tsugaru, Ttipia, Tzarkeria, Chihuahua, Phnom Penh, Khartum, Québec...


1.3. i eta j letrak

i eta j letrak maiuskulaz idazten direnean, gaineko puntua ez da idatzi behar (ohar honek eskuz idazten denerako balio du, ordenagailuz idatziz gero gaineko punturik gabe idazten baitira beti I eta J letrak). Adibideak:

indiar, baina India; japoniar, baina Japonia...


1.4. Diakritikoak

Letra larria erabiliagatik, eutsi egin behar zaio zeinu diakritikoari. Adibideak:

IÑAKI, OÑATI, ÉCHIROLLES, MARTÍNEZ, PERPINYÀ, NÎMES...


1.5. Letra guztiak larriz

Zenbaitetan, testu baten hitz bat edo zati bat nabarmentzeko, delako hitza edo esaldia oso-osorik letra larriz idatzi ohi da. Erabilera hori, gehienetan, ez dagokio ortografiari, testuen diseinuaren edo maketaren aukera estilistikoa da, eta, hortaz, ez dago arautzerik. Adibidez, inprimatutako liburu eta aldizkarien azaletan, edo haien barneko atalen izenburuetan, edo egunkari eta aldizkarien goiburuetan, letra guztiak larriz idazten dira askotan; eta zerbait iragartzeko karteletan eta oroitarrietan ere bai. Adibideak:

DICCIONARIO GENERAL VASCO - OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIA
ARGIA; FONTES LINGUAE VASCONUM; SENEZ
MESEDEZ, EZ ERRE

Erabilera horiek guztiak lan honen esparrutik kanpo daude, lan hau testu arruntari baitagokio, ez maketari.

Aurrekoez gainera, honako hauetan ere letra guztiak larriz idatzi ohi dira:

  • 1.5.1. Zenbaki erromatarrak

    Zenbaki erromatarrak beti letra larriz idazten dira. Adibideak:

    Luis XIV.a; Maria II.a; Joan XXIII.a; Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarra; Axularren Geroren III. kapituluan; Orotariko Euskal Hiztegiaren I. liburukiko sarrerako XXV. orrialdean

  • 1.5.2. Siglak eta akronimoak(1)

    Izen berezien sigla eta akronimoak letra larriz eta punturik gabe idatzi ohi dira(2). Adibideak:

    BBK, NBE, AEB, DBH, EAJ, UGT, LHL, ISBN, EHU, ETB
    (BBK: Bilbao Bizkaia Kutxa; NBE: Nazio Batuen Erakundea; AEB: Ameriketako Estatu Batuak; DBH: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; EAJ: Euzko Alderdi Jeltzalea; UGT: Unión General de Trabajadores; LHL: Lurralde Historikoen Legea; ISBN: International Standard Book Number; EHU: Euskal Herriko Unibertsitatea; ETB: Euskal Telebista)

    Letra larriz idazten dira izen arrunten siglak ere. Adibideak:

    BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga(3)), TAOa (trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua), PVCa (polibinil kloruroa), DNA (azido desoxirribonukleikoa)...

    Kontuan izan behar da, hala ere, sei letra edo gehiagoko sigla eta akronimoetan letra larriz lehen letra baino ez idazteko hitzarmena dagoela indarrean Europar Batasunaren argitalpen ofizialetan (Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietarako hitzarmena da), baldin eta sigla hitz bat balitz bezala irakur badaiteke. Adibideak:

    Unesco (United Nations Educational, Scientific and Cultural Organisation)

    Esprit (European strategic programme for research and development in information technology)

    Edifact (Electronic data interchange for administration, commerce and transport)

    Cenelec (Comité européen de normalisation électrotechnique)

    Sigla edo akronimoa ezin irakurrizkoa bada, ordea, letra larriz idazten da oso-osorik:

    CCAMLR (Commission for the Conservation of Antarctic Marine Living Resources)

    EMCDDA (European Monitoring Centre for Drugs and Drug Addiction)

    Dena dela, erabiliaren erabiliz, idazten diren bezala irakurriak izatera heltzen dira sigla batzuk; horrelakoak letra xehez idazten dira oso-osorik. Izen arrunt bilakaturiko siglak hiztegietan agertzen dira. Adibideak:

    laser, quasar, sonar, radar, hies, bit...

    Akronimoetan hasierako letra baino ez da larriz idazten. Adibideak:

    Bizkaibus (eta ez *BizkaiBus), Euskotren (eta ez *EuskoTren)...

Letra larriaren eginkizunak edo funtzioak

Hitz bat letra larriz hasita idazteko, badira bi arrazoi nagusi: bata, hitz horrek testuan duen kokapena edo posizioa; bestea, hitz horren izaera bera. Lehen kasuan, kokapenak eragiten du letra larria; bigarrenean, berriz, nabarmentze- edo bereizte-funtzioa betetzeko erabiltzen da.


2.1. Kokatze-funtzioa

Puntuazio-zeinuek eta testuaren antolamenduak erabakitzen dute hitz baten lehen letra noiz idatzi behar den larriz (atal honetan ematen diren adibideetariko asko euskarazko liburuetatik hartu dira, dela literaturazkoetatik dela bestelakoetatik).

  • 2.1.1. Testuaren hasieran

    Letra larriz hasita idazten da beti edozein idazkiren lehen hitza. Adibideak:

    Jaun-andreok, egun on!
    Agur t'erdi:
    Gerokoak geroko, euskaraz egin nahi nuke...

  • 2.1.2. Puntuaren ondoren

    Kasurik ugariena da. Puntuak esaldiaren amaiera adierazten du, eta hurrengo esaldiaren lehen hitza letra larriz hasita idazten da beti, berdin dio hurrengo esaldia paragrafo berean edo hurrengo paragrafoan idaztekoa den. Adibideak:

    Hartu arnasa. Utzi kezkak alde batera. Kendu zapatak, modua baldin badaukazu. Askatu pijamako botoiak ere, ohean baldin bazaude.

    Kontuan izan laburduren puntuaren ondoren eta ordinalen puntuaren ondoren ez dela letra larririk idatzi behar, puntu horiek ez baitute esaldiaren amaiera adierazten(4). Adibideak:

    Argazkiak, infogramak, grafikoak, etab. erabiltzen dira, askotan, gure aldizkarian.

    Orotariko Euskal Hiztegiaren I. liburukiko sarrerako XIV. orrialdean ageri da.

  • 2.1.3. Galdera- edo harridura-markaren ondoren

    ? eta ! markek prosodia-, joskera- eta esanahi-ezaugarri bereziak dituzten perpausen amaiera adierazten dute. Halakoetan, marka horien ondorengo hitza letra larriz hasita idatzi behar da. Adibideak:

    Zergatik berezia? Zer du diferentea? Ez al da beste edozein bezalako liburu bat, prezio jakin bat ordainduta edo liburutegian eskatuta eskuratu duzuna?

    Hori duk hori sakea! Nondik atera zaio?

    Dena dela, galdera laburren sorta bat edo harridura-perpaus laburren sorta bat dagoenean, bata bestearen atzetik idatziak, aukerakoa da haietako bakoitza unitate beregaintzat hartzea, goragoko adibideetan bezala, edo, multzoa unitatetzat harturik, komaz edo puntu eta komaz bereiztea haietako bakoitza. Hala jokatuz gero, lehenengo galde- edo harridura-perpausaren hasieran baino ez da idatzi behar letra larriz. Adibidez:

    Non bizi da?; zarauztarra da?; noiz hasi da tabernan lanean?; zergatik etorri da berandu?

  • 2.1.4. Eten-puntuen ondoren

    Eten-puntuek esaldiaren amaiera adierazten dutenean, letra larriz hasita idatzi behar da haien ondorengo hitza. Adibideak:

    (...) Eskerrik asko, eskerrik asko... Zuek bezala ez dakigu, baina amaren bularretik haziak gaude behintzat.

    (...) babalore, historia fidagarririk gabeko, alfer, axolagabe, optimista... Beude berean.

    Baina, batzuetan, eten-puntuek esaldia une batez eten bai baina berriro hartzen dute berehala, esaldiari amaiera eman gabe. Horrelakoetan ez da letra larririk idatzi behar. Adibideak:

    (...) ohar bedi irakurlea Lancre-ren formulak «sasi guztien gainetik...» ezagunarekin duen antzaz.

    (...) zeren delitua da hori ere... gezur biribilak botatzea.

  • 2.1.5. Parentesi arteko testua

    Puntu baten ondoren dagoen parentesi arteko testuko lehen hitza letra larriz hasita idatzi behar da. Adibidez:

    Alegia, arin-arinka gauzen gainetik pasatzeagatik, arazoen astuna astunagotzen dutela. (Honaino sermoia).

    Baina esaldi baten barnean parentesia zabaltzen bada (tarteki gisa, alegia), parentesi arteko testuaren hasieran ez da letra larririk erabiltzen, esaldi osoa ez bada. Adibidez:

    Baina, hartarako (liburuak argitaratu ahal izateko, alegia), hiru gauzaren beharra dugu.

    Gramatika batzordea egiten ari den gramatikan aurkituko du behar duen informazioa, literatura-tradizioan oinarritua (ikus EGLU II, 387.-392. or.).

    Nolanahi ere, esaldi baten barnean zabaldu den parentesian esaldi oso bat komatxo artean dagoenean parentesi artean (norbaitek esana edo idatzia hitzez hitz jasotzeko, esate baterako) letra larriz hasita idatzi behar da hasierako hitza. Adibidez:

    Eritasunak adoregabe utzi zuen («Ez naiz ezertarako gauza»), eta hitz egiteko gogorik ere ez zuen.

  • 2.1.6. Komatxo arteko aipuak

    Zuzeneko aipuak edo adierazpenak komatxo artean idazten badira (ikus estilo-liburuaren lehen liburukia, Ortotipografia, 23. or.), lehen hitza letra larriz hasita idatzi behar da; hala ere, aipua eteten bada, aipuaren jarraipenean ez da letra larririk idazten. Adibideak:

    Lehendakariak esan zuen: «Ezin dugu hori horrela onartu».

    «Ezin dugu hori horrela onartu» -esan zuen lehendakariak- «baina prest gaude eztabaidatzen jarraitzeko».

    Komatxo artean dagoen aipua edo adierazpena esaldi handiago baten barnean gertatzen bada eta komatxo arteko zatia sintaktikoki beregaina ez bada, komatxo arteko zatiaren hasieran ez da letra larririk idazten. Adibidez:

    Alde horretatik, negoziazioetan «orain dagoen arazo nagusia konponduko den itxaropena» agertu du alkateak.

    Goiko adibidean «orain dagoen arazo nagusia konponduko den itxaropena» zatia ez da esaldi osoa, ez da beregaina, eta ezin da ulertu ondokoa gabe, nahiz eta norbaitek egindako adierazpen baten zatia izan.

  • 2.1.7. Bi puntuen ondorengo testua

    Estilo-liburuaren Ortotipografia liburukian zehaztuta dago bi puntuen ondorengo idazkera. Hona hemen, hitzez hitz:

    Bi puntuen ondoren lerro berean segitzen denean, honako irizpide hauen arabera ebazten da letra xehez ala letra larriz idatzi behar den:

    • Esaldi osoko aipamenetan, letra larriz idatzi behar da lehen hitzeko lehen letra.

      Gogoratu haren hitzak: «Herri oso bat itzultzaile bihurtzeak baditu bere arriskuak; ongi agerikoak, gainera».

    • Esaldi oso baten zati baizik ez diren aipamenak, letra xehez.

      Gogoratu zer esan zigun: «bildu eta hitz egitea» dela premiazkoena.

    • Aurreko zatiaren osagarriak letra xehez hasi behar dira.

      Hizkuntza hori ez da bere buruaren jabe: besteren legeak dauzka gogoan.

    Oharra:

    Bi puntuen ondorengo osagarriak esaldi bat baino gehiago baditu, orduan, paragrafo berria hasi nahi ez bada, bi puntuen ordez puntu bakarra idaztea da irtenbidea:

    1. Honela gertatu zen istripua. Autoa bere bidetik zetorren, baina azkarregi. Errepidea bustita zegoen. Oinezkoa errepidea zeharkatzen hasi zen, eta...

    2. Honela gertatu zen istripua:
    Autoa bere bidetik zetorren, baina azkarregi; eta errepidea bustita zegoen. Oinezkoa errepidea zeharkatzen hasi zen, eta...


    Okerreko antolaera

    3. Honela gertatu zen istripua: autoa bere bidetik zetorren, baina azkarregi; eta errepidea bustita zegoen. Oinezkoa errepidea zeharkatzen hasi zen, eta...

    Bi puntuen ondoren paragrafo berria hasten denean, honako irizpide hauen arabera ebazten da letra xehez ala letra larriz idatzi behar den:

    • Gutun hasierako diosal eta deikien ondoren, larriz idatzi behar da lehen hitzeko lehen letra.

      Agur, irakurle maitea:
      Zuri eskerrak eman beharrean gara, berriro ere, gure liburuak erosten segitzeagatik.

    • Zerrendetan, lehen hitzeko lehen letra maiuskulaz idatzi behar da esaldi osoak dituztenean.

      Datorren astearteko bileran egitekoak:
      - Aurreko bileraren agiria irakurri eta, ongi irudituz gero, onartzea.
      - Hurrengo jardunaldiko programaren xehetasunak aztertzea.
      - Norberak dakartzan proposamenak aurkeztea.

    • Zerrendak letra xehez hasi behar dira esaldi osokoak ez direnean.

      Hauek dira alorrez alorreko euskalgintzako profesionalak:
      - irakasleak (hezkuntza orokorrekoak nahiz euskaltegietakoak)
      - kazetariak
      - itzultzaileak, idazleak eta argitaratzaileak
      - ...

  • 2.1.8. Zerrendak(5)

    Gehienetan, zerrendaren hasiera datorrela adierazteko, bi puntuak erabiltzen dira, eta, ondoren, enumerazio-markak jarri ohi dira, hau da, gidoia edo puntu lodia (- / – / •), zerrenda alfabetikoa (A, B, C... / a, b, c...) edo zenbaki bidezkoa (1., 1.1., 1.2., 2. ... / I., II., III., IV. ...). Ez dirudi arau orokorrik eman daitekeenik, eraguztietako irizpideak erabiltzen baitira, baina idazki berean edo idazki sail batean irizpide bakarra erabili behar da beti. Oro har, liburu eta agirien atal eta kapituluen -eta haien aurkibideen- izenburuetan, larriz idazten da lehen hitzeko lehen letra, eta bukaeran ez da punturik jartzen. Adibidez:

    1. Perpausa
    1.1. Perpaus motak
    1.2. Perpausen sailkapena
    1.2.1. Atribuzio-perpausak
    (...)
    1.3. Perpausaren egitura (...)
    2. Izena

    Testu barnean, berriz, bi puntuen ondorengo idazkeran zehaztu den bezala (ikus 2.1.7 atala) jokatzen da, hau da, letra larriz esaldi osoak direnean eta letra xehez esaldi osoak ez direnean.


2.2. Nabarmentze-funtzioa

Letra larriz hasten dira pertsona-izenak eta toki-izenak(6). Adibidez:

Ainhoa, Iñaki, Usurbil, Gorbeia, Zuberoa, Jupiter...

Baina irizpide orokor hori lausotzen hasten da izen berezirik ez duten edo izen bereziz bakarrik osatuak ez diren «izendapenetan». Adibidez:

Euskaldunon Egunkaria, Bigarren Mundu Gerra, Itsaso Beltza, Ekialde Hurbila, Hezkuntza Saila, Urriko Iraultza, Nekazaritza Politika Bateratua, Zigor Kodea, Justizia Auzitegi Nagusia, Nazioarteko Terminologia Biltzarra...

«Izendapena» hitz multzo bat da, bere horretan errealitate edo izate geografiko, administratibo, kultural, politiko, historiko edo bestelakoa izendatzen duena.

Izendapenetan, ia beti, osagai generikoa eta osagai espezifikoa bereiz daitezke. Osagai generikoak mota, multzo, klase edo genero bat adierazten du, eta, kategoriaz, izen arrunta izan ohi da. Adibidez (nabarmentzeko, osagai generikoa azpimarraturik ageri da adibideetan):

Victoria aintzira, Sezesio Gerra, Helsinkiko Agiria, Frantziako Iraultza, Hezkuntza Saila...

Osagai espezifikoak, berriz, izendapenaren izen berezia adierazten du. Adibidez (nabarmentzeko, osagai espezifikoa azpimarraturik ageri da adibideetan):

Victoria aintzira, Urbieta kalea, Euskal Herriko Unibertsitatea...

Baina izen arrunta ere izan daiteke:

Sezesio Gerra, Konstituzio plaza, Lehen Mundu Gerra...

Edo izenondoa izan daiteke:

Itsaso Hila, Ibai Gorria, Espainiako Gerra Zibila, Depresio Handia...

Izendapenek izen bereziaren estatusa bereganatu dute, izen berezi bihurtu dira -izendapena osatzen duten hitzetan ez da nahitaez izen berezirik behar-, eta, hortaz, gutxienez letra larri bat behar dute. Izendapena nolakoa den, izendapena osatzen duten hitzetariko lehenengoan bakarrik agertuko da letra larria (Urbieta kalea, Nobel saria) edo guztietan (Maiatzaren Lehena, Ekialde Urruna, Udako Euskal Unibertsitatea).

Letra xehez idatzita ez luketen esanahia lortzeko hartzen dute izendapen horiek letra larria, hau da, nabarmentzeko edo bereizteko. Izan ere, izen arrunta izen berezi bihurtzen du letra larriak. Hortaz, baliabide tipografiko huts baten bidez -hitz baten lehen letra ondoko letrak baino handiagoa izatea–, balio sinbolikoa ematen zaio hitzari. Honako adibide hauetan, argi ikusten da letra larrien erabilerak eragiten duen oposizio semantikoa:

Balio arruntaBalio berezia
aintzira handiakAintzira Handiak (leku-izena)
mendi harritsuakMendi Harritsuak (leku-izena)
kongresu garrantzitsu batEstatu Batuetako Kongresua (erakundea)
automobil beltzaItsaso Beltza (leku-izena)
erdialdeko mendiguneaErdialdeko Mendigunea (leku-izena
berdeakBerdeak (alderdi politikoa)

Izendapenetan, zalantza nagusi bat izaten da: ea larriz lehen hitzaren lehen letra bakarrik ala hitz guztien lehen letra idatzi behar den. Inguruko hizkuntzetara begiraturik, berehala ikusten da irizpideak ez datozela bat hizkuntza batean eta bestean. Adibidez, hona hemen Europar Batasunaren erakunde baten izena hainbat hizkuntzatan:

ingelesaCourt of Justice and Court of First Instance
gaztelaniaTribunal de Justicia y Tribunal de Primera Instancia
frantsesaCour de justice et Tribunal de première instance
alemanaGerichtshof und Gericht erster Instanz
italieraCorte di giustizia e Tribunale di primo grado
nederlanderaHof van Justitie en Gerecht van eerste aanleg
suedieraDomstolen och förstainstansrätten
finlandieraYhteisöjen tuomioistuin ja ensimmäisen oikeusasteen tuomioistuin

Badira arau edo joera orokorrak, baina errealitatea konplexua da, ustekabez eta zirrikituz betea. Horregatik, erabiltzaileari letra larrien erabilerari buruzko gomendioak emateko orduan, errealitate konplexua ahalik eta xeheen islatzeko, komeni da erabilera-esparruak ahalik eta zehatzen zedarritzea.

  • 2.2.1. Pertsona- eta jainko-izen bereziak
    • 2.2.1.1. Pertsonen izen-deiturak

      Pertsona-izen eta -deiturak letra larriz hasita idazten dira. Adibidez:

      Marie Sklodowska edo Marie Curie; Albert Einstein; Ainhoa Arteta; Karlos Santamaria...

      Baita hipokoristikoak ere:

      Joxepa, Montxo, Patxi, Txetxu, Tony, Vicky, Paco...

      Deituretako artikuluak, preposizioak eta bestelako partikulak, oro har, letra xehez idaztekoak dira. Adibideak:

      Louis de Broglie, Charles de Gaulle, Juan de Mena, Jean Le Rond d' Alembert, Vincent van Gogh; José Maria de Eça de Queirós, Emil Adolf von Behring, Otto von Bismarck, Wernher von Braun...

      Hala ere, ponte-izenik gabe erabiltzen direnean, letra larriz idazten dira. Adibidez:

      Van Gogh, De Gaulle, Von Behring...

      Bestalde, frantsesezko deituretako artikulua (ez preposizioak) letra larriz idazten da. Adibidez:

      Jean de La Fontaine, Jean-Bernard Le Blanc...

      Eta italierazko zenbait deituratako preposizioak ere larriz hasita idazten dira:

      Gabriele D'Annunzio, Manuela Di Centa...

      Azkenik, kontuan izan behar da gerta daitekeela jatorrizko hizkuntzan ez bezala erabiltzea letra larriak zenbait deituratan, beste herrialde batekoak direnean. Adibidez:

      Mona Jane Van Duyn, de Valera (Éamon de Valera adierazteko, baina ponte-izenik gabe erabilia)...

      Oharra:

      Kontuan izan izen bereziek, zenbaitetan, esanahi generikoa hartzen dutela, alegia izen arrunt bihurtzen direla. Hori gertatzen da artelan bat adierazten duten pertsona-izenekin; hau da, egilearen izenaren bidez adierazten dira, generikoki, haren artelanak. Dena dela, horrelakoetan ere letra larriz idatzi ohi dira. Adibideak:

      Museoan lapurreta egin dute: 10 Txillida, 6 Picasso eta Monet guztiak eraman dituzte, baina Kandinskyak utzi egin dituzte.

      Lehendakariak Renoir bat du bulegoan.

      Beste batzuetan, izen arrunt bihurtzen da pertsona-izena, baina jatorrizko esanahia aldatuta. Halakoak, izen arrunt diren aldetik, hiztegietan agertzen dira eta letra xehez idazten. Adibideak:

      Gure aitona alzheimerrak jota dago.

      Estatu Batuetan, parkinsona sendatzeko botikak sortu nahi dituzte.

    • 2.2.1.2. Izengoiti eta ezizenak

      Letra larriz hasita idazten dira izengoiti eta ezizenak. Adibideak:

      Alexandro Handia, Antso Azkarra, Joana Eroa, Pello Errota, Bizargorri kortsario ospetsua, Altzoko Erraldoia, Indalezio Bizkarrondo Bilintx...

      Benetako izena idatzi beharrean izen antonomasikoak erabiltzen direnean (izengoitiak benetako izenaren ondoan erabili beharrean benetako izenaren ordez izengoitia jartzea da antonomasia), haien osagai guztiak letra larriz hasita idatzi behar dira(7). Adibideak:

      Apostolua (Done Petri adierazteko); Lehoi Zaharra (Churchill adierazteko); Orléanseko Dontzeila (Joana Arc-ekoa adierazteko); Hizlari Erromatarra (Zizeron adierazteko)...

    • 2.2.1.3. Jainkoak eta pertsonaia mitologikoak

      Jainko-jainkosen eta pertsonaia mitologikoen izenak letra larriz hasita idazten dira jainko-izenak jainkoa bera edo haren irudia izendatzen duenean. Adibideak:

      Venus, Zeus, Jainkoa, Ala, Jahve, Luzifer, Mari, Olentzero, Amon, Espiritu Santua...

      Oharra:

      Jainkoen izen antonomasikoak letra larriz idatzi ohi dira. Erlijio monoteistetan -eta erlijio monoteistak nagusi diren herrialde eta hizkuntzetan, hala nola kristautasuna Euskal Herrian- jainko hitza larriz hasita idatzi ohi da, erlijio horietako jainko jakin hori adierazten baitu. Eta dena delako jainkoa izendatzeko erabili ohi diren bestelako izen eta izenlagunak ere larriz idazten dira, dena delako jainko horren izenaren ordez erabiltzen direnean. Adibideak:

      Denok Ahalguztidunak sortuak gara.

      Zergatik zu zaren ene Kreatzaile goikoa.

      Bai, hura da Mesias egiazkoa.

      Eta Ama Birjina da Salbatzailearen ama.

      Izaki mitologikoen kopuru mugatua ordezkatzen duten izenak, hau da, zenbatu daitezkeenak, letra larriz hasita idatzi behar dira (horretan bat datoz gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Adibidez, grekoen mitologian, mendekuen jainkosak Eriniak edo Eumenideak ziren, erromatarren Furiak zirenak (hiru ezagutzen dira); Gorgoiak ere hiru ahizpa dira, Medusa da famatuena; Nereidak, Nereoren 50 alabak; Pleiadeak, Atlasen zazpi alabak.

      Graziak, Musak, Furiak, Eriniak edo Eumenideak, Nereidak, Pleiadeak, Gorgoiak...

      Izaki mitologikoen kopurua mugagabea denean, letra xehez idaztekoak dira. Adibideak:

      itsaslaminak, amazonak, ziklopeak, walkiriak, huriak, titanak, aingeruak, serafinak, kerubinak, sirenak, zentauroak...

      Badira, gainera, pluralez baino erabiltzen ez diren izaki mitologikoak ere: galtzagorriak.

      Jakiteko irizpide horien arabera izen horietatik zein den letra larriz idaztekoa eta zein letra xehez, aski da entziklopedietan begiratzea.

    • 2.2.1.4. Fikzio-pertsonaiak eta animalia antropomorfoen izenak

      Literaturan, herri-tradizioan edo fikzio-sorkuntzan (ikus-entzunezkoetan) asmatutako pertsonen izen bereziak nahiz pertsona gisa jokatzen duten animalien izenak izen berezitzat hartzen dira, eta letra larriz hasita idazten dira(8). Adibideak:

      Peru Abarka, Petiri Santz, Ziripot, Miel Otxin, On Kixote Mantxakoa, Superman, Charlot, Asterix, Txanogorritxo, Errauskine, Mateo Txistu, Katu Botaduna, Itzalik Gabeko Gizona, Loti Ederra, Peter Pan, Donald ahatea, Pluto, Bambi...

    • 2.2.1.5. Dinastiak, leinuak eta familiak(9)

      Dinastia eta familia edo leinuak adierazteko, izen/izenondo eratorriak lortzen dira deitura + (t-/d-)ar eginez. Dinastia- eta familia-izenak izen arruntzat hartzen dira, eta letra xehez idazten dira. Adibideak:

      Bizkaiko oñaztarrak, ganboarrak, beaumontarrak, agaramontarrak, habsburgotarrak, akemenestarrak, antoninotarrak, klaudiotarrak...

      Oso pilotari handiak dira retegitarrak.

      Florentzian medicitarrak jaun eta jabe izan ziren.

      Borgia familiako kideak: borgiatarrak.

      Filipe V.arekin iritsi ziren borboitarrak Gaztelako koroara.

      Mailegatutako dinastia-izenak ere letra xehez idazten dira. Adibideak:

      abbadiak, mamelukoak, haxemiak, lagidak, fatimiak, merovingioak...

    • 2.2.1.6. Izen bereziekin batera erabiltzen diren izendapen generikoak

      Pertsonak izendatzeko, batzuetan, pertsonaren izen bereziarekin batera, beste izen generiko batzuk erabiltzen dira aposizioan. Izen horiek definitu egiten dituzte pertsonak; pertsonen titulua edo duintasuna (erregina, kondea, lehendakaria, dohatsua, aita santua...), lanbidea edo kargua (irakaslea, pilotaria, ministroa, zuzendaria, idazlea, marinela...), ahaidetza (izeba, osaba, arreba, ahizpa, anaia, amona, emazte...) edo nortasunaren alderdiren bat zehazten dute, edo, besterik gabe, adeitasunezko deiturak (andre, jaun, maisu...) izaten dira. Aposizioan ematekoak diren izen generiko horietariko batzuk izen bereziaren aurrean idaztekoak dira, eta beste batzuk ondoan.

      Izendapen generiko horiek letra xehez idazten dira dagokien izenaren ondoren jartzen direnean, baita laburdura direnean ere. Adibideak:

      Lazkao Txiki bertsolaria, Trajano enperadorea, Joane Somarriba txirrindularia, Antso Azkarra erregea, Agirre lehendakaria, Joan XXIII.a aita santua, Etxenike irakaslea, Elkano nabigatzailea, Virginia Woolf idazlea, González jauna / González jn., Idoia Zenarrutzabeitia andrea / Idoia Zenarrutzabeitia and., Inozentzio V.a dohatsua...

      Ahaidetza denean, alderantzizko hurrenkera erabili ohi da: dagokion izenaren aurretik, alegia. Horrelakoetan ere, letra xehez idazten dira. Adibideak:

      Gure izeba Mari Karmen, aitona Juan Mari, emazte Itziar...

      Halaber idazten dira letra xehez lanbidea, titulua edo kargua adierazten duten hitzak, dagokien izenaren aurrean zein atzean idatz daitezkeenean. Adibideak:

      George Bush lehendakaria; Margarita erregina

      AEBko lehendakari George Bush; Danimarkako erregina Margarita

      Dagokien izenaren aurretik baino ezin jar daitezkeen euskarazko titulu- edo duintasun-hitzak, berriz, letra larriz hasita idazten dira. Adibideak:

      On Joxe Migel Barandiaran, Musde Irigarai, Aita Donostia, Aita Patxi Altuna, Ama Margarita Maria Lopez de Maturana, Ama Maria Josefa, Ama Teresa Calcuttakoa, Anaia Balentin, Anaia Garate...

      Erdaretako titulu- eta duintasun-hitzetan, jatorrizko erabilera atxikiko da. Adibideak:

      Sir Winston Churchill, Lord Kelvin, frai Bartolomé de las Casas, don Alberto, doña Marta, Sir William Wallace, Sir Isaac Newton, Lord Byron, sor Luisa...

    • 2.2.1.7. Izen berezirik gabe erabiltzen diren izendapen generikoak
    • 2.2.1.7.1. Azalpena

      Aurreko puntuan adierazi den moduan, askotan erabiltzen dira izendapen generikoak pertsonen izen berezien ondoren, pertsona horien lanbidea, kargua edo beste zerbaiten berri emateko. Izendapen lagungarri horiek letra xehez idatzi behar direla zehaztu da aurreko puntuan.

      Testuinguru askotan, baina, izendapen generiko horiek gailendu egiten zaizkio laguntzen duten izen bereziari; izendapen generikoak -edo izendapen generikoaren zati batek- ordezkatu egiten du lehenago izen bereziak eta izendapenak osatzen zuten unitatea. Izen berezia desagertu egiten da orduan.

      Ohiko prozedura da, oso, ordezkapen hori, eta badira zenbait arrazoi horrela jokatzeko. Zenbaitetan, kargua bera garrantzitsuagotzat edo adierazgarriagotzat hartzen da kargu horretan une horretan dagoen pertsona baino:

      Gaur goizean, Miren Azkarate Kulturako sailburuak esan du...

      Gaur goizean, Kulturako sailburuak esan du...

      Askotan, berriz, testua arintzeko prozedura hutsa da batzuetan izen berezia bakarrik erabiltzea eta beste batzuetan izendapena bakarrik erabiltzea, edo biak txandakatzea testuan:

      Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburu Miren Azkaratek jakinarazi du... (...) gaineratu zuen sailburuak. (...) adierazi zuen Miren Azkaratek. (...) esan zuen sailburuak.

      Azken batean, hizkuntza-ekonomiaren legeak, ahaleginik txikienaren legeak, agintzen du hor ere (testua ulertzeko behar den ahalik eta informazio gutxiena ematea): ez dago errepikatu beharrik lehenago emandako informazioa edo ezaguna dena.

      Eta badira, azkenik, antonomasiaz erabiltzen direnak edo, karguan bakarrak direlako, izen berezia erabat ordezkatzen duten izendapenak ere:

      Gaur, Benedikto XVI.a aita santuak esan du... [ ] Gaur, Aita Santuak esan du...

      Ordezkatze horren emaitza den izen arrunta letra larriz hasita idatzi behar da?

      Batetik, izendapenak izen berezi bat ordezkatzen duenez (Miren Azkarate Kulturako sailburua [ ] Sailburua), hori adierazteko funtzioa betetzen du letra larriak, hau da, ezin da ukatu lagungarri gertatzen dela. Alde horretatik, erabilgarria da letra larria; zilegi, beraz.

      Bestetik, irizpide horren aplikazioa muturrera eramanez gero, letra larriz josiko lirateke testu asko, beharrik gabe josi ere, irakurleak, gehienetan, ez baitu inolako zalantzarik ordezkapena ulertzeko, eta garbi dago Kulturako sailburua delako osagaiak aukera garbia ematen duela Miren Azkarate edota Miren Azkarate Kulturako sailburua berreskuratzeko. Beraz, esan liteke anafora moduko zerbait dela, erreferentziakide bat dela.

      Oro har, badirudi esapide generikoetan eta testuinguru gabekoetan behar handiagoa suma daitekeela letra larria erabiltzeko; testu ongi egituratuen eta logikoen barnean, ordea, esan daiteke erreferentziakidea dela eta, hortaz, ez dela beharrezkoa letra larria.

      Bestalde, badirudi senak -tradizioak edo ohiturak ondutako senak- mugatu egiten duela prozedura bereziaren erabilera -prozedura berezia baita, ez dezagun ahantz, letra larriaren erabilera-. Izan ere, badirudi ez dela prozedura orokorra eta nekez aplikatuko litzatekeela lanbide edo kargu askorekin. Adibidez:

      Naroa Agirre atletak aldatu egin du entrenamendu-plana (...) Atzo, kazetarien aurrean, atletak aitortu zuen...

      Bitxia litzateke bigarren perpausean «atletak» dioen tokian «Atletak» idaztea.

      Badirudi, beraz, badirela mugak prozedura horretara jotzeko. Esan liteke dena delako erakunde edo giza talde baten barneko hierarkian oso gora -edo goren- ageri direnekin baino ez dela erabilgarri, hain zuzen ere, hierarkiaren goiko erpinean direnak oso bakanak -edo bakarra- direlako. Egia da, halaber, letra larria holakoetara mugatzea letra larriaren erabilera «erreberentziazkora» hurbiltzea edo lerratzea dela.

      Bestalde, erreberentziazko erabilera gehiegizkoa ikusten da batzuetan -aurreko paragrafoan aipatutako dena delako hierarkiatik kanpo ere- oso dokumentu formaletan (hitzarmen pribatuetan, administrazio-idazki batzuetan edo zenbait enpresa eta erakunderen idazkietan, adibidez):

      (...) Hitzarmena sinatzeko, bildu dira: batetik, Errentaria, ordezkariaren bidez. Bestetik, Errentatzailea, bere izenean eta bere eskubideak baliatuz aritu dena.

      Erreberentziazko erabilera hori gehiegikeria da, eta halakoetan letra larria ez erabiltzea gomendatzen da. Beraz, aurreko adibidea honela idaztekoa da:

      (...) Hitzarmena sinatzeko, bildu dira: batetik, errentaria, ordezkariaren bidez. Bestetik, errentatzailea, bere izenean eta bere eskubideak baliatuz aritu dena.

    • 2.2.1.7.2. Irizpidea

      Horiek horrela, hona hemen irizpidea testu arruntetarako eta eskola-materialetarako:

      • Izendapenak pertsonaren izen berezia ordezkatzen duenean, erreferentziakidetzat hartzekoa da; ez da, beraz, letra larririk erabili behar.
      • Irizpide orokor horretatik kanpo, letra larriz hasita idatz daitezke, baina ez da nahitaezkoa, izendapen hauek: aita santua, dalai lama, errege-erreginak (eta kidekoak: enperadoreak) eta estatuetako presidenteak edota estatuburuak. Adibideak:

        Gaur bilduko dira Euskaltzaindiko idazkaria eta EHUko errektorea.

        Irratian entzun dugu Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburua eta Espainiako Justiziako ministroa atzo bildu zirela.

        Gure eskolako zuzendariak onartu egingo du irakasleen proposamena.

        Iaz, euskaltzainburua Ameriketan izan zen.

        Gaur argitaratu da prentsan alkatearen dekretua.

        Lan-erreformari laster ekingo diotela adierazi du ministroak.

        EAEko lehendakaria Txilen eta Argentinan izan da duela gutxi.

        Atzo, Frantziako presidentea Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu zen.

        Bihar, Leioako campusean, errektorearekin batera, Bizkaiko ahaldun nagusia eta lehendakaria
        [ EAEko lehendakaria adierazteko ] ere izango dira ekitaldian.

        Europako Parlamentuko idazkari nagusiak irakurri du adierazpena.

        Horretarako, administrazio-zuzendariaren sinadura behar da.

        Irango atzerri-ministroa Bruselan da gaur.

        Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak prentsaurrekoa eman du gaur.

        Hauetan, berriz, letra xehea nahiz larria erabil daiteke:

        Joan den astean, aita santuak bidaia luzea egin zuen.

        Aspalditik bizi da erregina (= Ingalaterrako erregina = Elisabet II.a erregina) Buckingham Palacen.

        Udan Mallorcan bizi ohi da erregea (= Espainiako erregea = Joan Karlos erregea), eta neguan Madrilen.

        Potalan dago dalai lamaren jauregia.

        Edo:

        Joan den astean, Aita Santuak bidaia luzea egin zuen.

        Aspalditik bizi da Erregina (= Ingalaterrako erregina = Elisabet II.a erregina) Buckingham Palacen.

        Udan Mallorcan bizi ohi da Erregea (= Espainiako erregea = Joan Karlos erregea), eta neguan Madrilen.

        Potalan dago Dalai Lamaren jauregia.

        Ez dira nahastu behar izen berezirik gabe erabiltzen den izendapen generikoa eta izendapenaren erabilera erabat arrunta, izen berezi jakin bati atxikirik ez doana alegia, orduan letra xehez idazten baita beti. Adibideak:

        Zer aita santu izango dugu 2050. urtean?

        Ingalaterran ez da erreginarik izango XXII. mendean.

        Frantzian, hurrengo lehendakaria emakumezkoa izango da.

      Oharrak:

      • Arartekoa letra larriz hasita erabiltzen da instituzioaren izena delako, baina, izen bereziarekin batera doanean edo erreferentzia soil denean, letra xehez idaztekoa da. Adibidez:

        Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arartekoaren arteko lankidetza-hitzarmena.

        Iñigo Lamarka EAEko arartekoak prentsaurrekoa emango du bihar.

        Arratsaldean, arartekoa elkarrizketatuko dute Euskadi Irratian.

      • Kargu edo duintasunaren ohorezko trataeretan edo protokolo-trataeretan ere (eskutitzen goiburuan, adibidez) letra larriz hasita idatzi ohi da, trataeraren barruan kargudunaren izen berezia agertu zein ez. Adibideak:

        Mercedes Guerrero Lehendakari Andre Txit Argia

        edo

        Lehendakari Andre Txit Argia

        Jose Luis Bilbao Eguren Jaun Txit Gorena

        edo

        Jaun Txit Gorena

        Virginia Aleman Alkate Andre Txit Gorena

        edo

        Alkate Andre Txit Gorena

        Hala ere, salbuespen hori egiteko benetako arrazoirik ez dago. Hobe da, beraz, horrelakoak ere irizpide nagusira biltzea, eta letra xehez idaztea. Adibideak:

        Mercedes Guerrero lehendakari andre txit argia

        edo

        lehendakari andre txit argia

        José Luis Bilbao Eguren jaun txit gorena

        edo

        jaun txit gorena

        Virginia Aleman alkate andre txit gorena

        edo

        alkate andre txit gorena

      • Antonomasiaz erabiltzen direnean, letra larriz hasita idatzi behar dira. Alegia, pertsona bakar bati baino ez dagokion titulua izen berezira asimilatzen da, eta, orduan, letra larriz idazten da. Adibideak:

        Denok dakigu Caudilloa ohean hil zela.

        Italian, dagoeneko inor ez da gogoratzen Duceaz.

      • Hitz-elkarteetan, letra larriaren erabilerari dagokionez, ezinbestekoa da aposizioa (Uztapide bertsolaria, Ebro ibaia, izeba Maria) eta mendekotasunezko izen-elkartea (behi-esne, leku-izen, eguzki-lore) bereiztea.

        Aposizioak, «dena delako izena duen zerbait» izendatzeko erabiltzen dira (Uztapide bertsolaria = Uztapide izena duen bertsolaria; Ebro ibaia = Ebro izena duen ibaia; izeba Maria = Maria izena duen izeba), eta ohikoa da dena delako hori izen berezia izatea eta, beraz, letra larriz hasita idaztea.

        Mendekotasunezko elkarteetan, lehen osagaia mugatzailea da eta bigarrena mugakizuna. Bigarren osagaia da sintagmaren burua, eta, lehenengo osagaia letra larriz hasita idatziz gero, ulertu behar litzateke letra larria elkarteari dagokiola, hots, sintagma osoari. Adibidez, eklipseei buruz ari garela, Ilargiaren eklipsea idatziko da, baina, hitz-elkartera joz gero, ilargi-eklipsea idazten da, ez *Ilargi-eklipsea; izan ere, *Ilargi-eklipsea idatziz gero, adieraziko genuke letra larriz idaztekoa dela hitz-elkartearen emaitza, eta hori ez da hala, ilargi-eklipsea eklipse mota bat baita, eta eklipse hitza, elkarketaz zehaztua zein ez, ez da izen berezia).

        Beraz, Kulturako sailburua idaztea zuzena da (Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua da), kultura-sailburua idaztea ere zuzena da(10) (Miren Azkarate kultura-sailburuak adierazi du...). Ez da idazkera egokia, ordea *Kultura-sailburua forma, ezta *Kultura sailburua ere (ez baita aposizioa; alegia, ez da hau: Kultura izena duen sailburua).

        Horiek horrela, idazkera hauek dira hobestekoak:

        Justiziako ministroa edo justizia-ministroa (eta ez *Justizia(-)ministroa)

        Atzerriko ministroa edo atzerri-ministroa (eta ez *Atzerri(-)ministroa)

        Estatuko idazkaria edo estatu-idazkaria (eta ez *Estatu(-)idazkaria)

    • 2.2.1.8. Hagionimia: santuei eta Ama Birjinari deitzeko izenak

      Santuen izenen aurretik erabiltzen diren San, Santa, Santi, Dona, Done edo Jaun Done (baita Jondoni eta Jondane ere) izendapenen hasierako letra maiuskulaz idazten da. Eta Kristoren ama aipatzeko erabiltzen diren Andre, Andra, Andredena eta Andre Dona izendapenak ere bai. Adibideak:

      Done Petri, Santa Barbara, Done Salbatore, San Agustin, Santa Katalina, San Tomas, Dona Julia, Andre Maria (Andra Maria /Andredena Maria / Andre Dona Maria), San Sebastian, Jondoni Paulo...

      Oharra:

      Izen bereziaren aurretik ez doazenean, santu, santa eta done izen arruntak dira (santu eta done, bestalde, badira izenondo ere), eta, beraz, letra xehez idazten dira. Adibideak:

      Zeruan diren santu eta santa guztiak.

      Frantzisko Xabierkoa santu handia izan zen.

      Liburuak santa horren mirariak kontatzen ditu.

      Katalina santua.

      Adalbaldo, gizon argia, ederra, ona eta donea.


      Oharra: santuen izenetatik eratorritako herri eta hirietako jaien izenak letra xehez eta pluralez idazten dira. Ikus 3.4 puntua.

  • 2.2.2. Animalia-izen bereziak

    Letra larriz idazten da animalia-izen berezien hasierako letra. Adibideak:

    Pintto, Laika, Lassie (txakurrak); Rocinante (zaldia); Dolly (ardia); Txita (txinpantzea); Flipper (izurdea); Islero (zezena); Moby Dick (balea)...

    Oharra:

    Animalia-arrazak eta aldaerak letra xehez idazten dira. Adibideak:

    dobermana, betroia, pertxeroia...

  • 2.2.3. Gauzakien izen bereziak eta abstrakzioak
    • 2.2.3.1. Abstrakzioak eta pertsonifikazioak

      Letra larriz hasita idazten dira izaki bizidun gisa aurkezten diren izen arruntak. Adibideak:

      Gure artean Bakea biziko den garai bat izango dela amestu nuen.

      Gauaren erdian Herio etorri zen, eta haur jaioberria berekin eraman zuen.

      Orduan, Justizia agertu zitzaidan, balantza eskuan zuela.

      Agur eta ohore, andre Askatasuna!

      Ikurritz, goiburu eta leloetan ageri diren hitz nagusiak(11) ere letra larriz hasita idatz daitezke. Adibideak:

      «Ekin eta Jarrai» da Euskaltzaindiaren ikurritza; «Asmoz ta Jakitez», Eusko Ikaskuntzarena.

      Frantziako Errepublikaren ikurritza: «Askatasuna, Berdintasuna, Elkartasuna».

      Luzeagoak edo esaldi osoak direnean, berriz, ohikoa da letra xehez idaztea eta letra larria lehen hitzaren hasieran bakarrik jartzea. Adibideak:

      Muxika arerioagaz haginka (muxikatarren leinuaren goiburua).

      Fidelissima Vardulia nunquam superata (Gipuzkoaren armarriko goiburua).

    • 2.2.3.2. Gauzakien izen bereziak

      Izen berezia dutenean, gauzakiak letra larriz hasita (eta letra etzanez) idazten dira. Adibideak:

      Excalibur (ezpata), Tizona (ezpata), Max Luzea (kanoia)...

    • 2.2.3.3. Ibilgailuen izen bereziak

      Era guztietako ibilgailuen izen bereziak letra larriz hasita (eta letra etzanez) idazten dira. Adibideak:

      Enola Gay, Spirit of Saint Louis (hegazkinak)

      Apollo 11, Mir, Mariner 5 (espazio-ontziak)

      Mayflower, Titanic, Santa Maria, Nautilus, Prestige (itsasontziak)

      Libia, Ama Guadalupekoa, Kanpa, Erreka (traineruak)

      Oharra:

      Ez dira nahasi behar izen bereziak modelo edo marken izenekin. Modelo- eta marka-izenak ez dira letra etzanez idazten (ikus 2.2.3.5). Spirit of Saint Louis hegazkin jakin baten izena da, hau da, bakarra. Concorde hegazkin-modelo baten izena da, eta Tomahawk misil mota batena, hau da, bada Concorde eta Tomahawk bat baino gehiago.

    • 2.2.3.4. Produktuak

      Janari-edarien eta bestelako produktuen sor-marka ofizialen hitz guztiak letra larriz hasita idazten dira. Adibideak:

      Getariako Txakolina, Errioxako Ardoa, Idiazabalgo Gazta...

      Oharra:

      Erabilera metonimikoan (produktua adierazteko, produktua ekoizten den lekua idaztea produktuaren izenaren ordez), leku-izena produktu-izena izatera pasatzen da, eta, ondorioz, letra xehez idazten da. Adibideak:

      Atera bi errioxa eta rueda bat.

      Oharra:

      Sor-marka ofizialetik aparte, produktuen izen generikoak letra xehez idazten dira. Adibideak:

      Zer nahi duzu: Bakioko txakolina ala Getariakoa?

      Errioxako ardoa gero eta garestiagoa da.

      Zerbitzu-enpresen produktu eta zerbitzuen izenak ere letra larriz idazten dira (non eta enpresa horien estiloak, diseinuak edo maketak kontrakoa agintzen ez duten). Adibideak:

      Euskaltel Leihoa zerbitzua, Kredikutxa Pertsonala kreditua, Visa Classic txartela...

    • 2.2.3.5. Markak eta modeloak

      Letra larriz hasita idazten dira produktuen marken eta modeloen izenak. Adibideak:

      Bi Kas, Cinzano bat eta hiru Campari.

      Mégane berria baxuagoa da Focus berria baino.

      Seat Leon beltzaren eta Opel Astra zuriaren artean utzi dut neure Golfa.

      Aurten Airbus gehiago saldu dira Boeing baino.

      Minak dago eta Nolotil bat hartzeko esan diot.

      Orain, Viagra hartzen hasi da.

      Microsoften Word, Excel eta PowerPoint dira erabilienak.

      Hala ere, batzuetan, markak edo modeloak izen arrunt bihurtu dira (izendapen generiko, alegia); orduan, letra xehez idatzi behar dira. Izen arrunt bihurtu direnak hiztegietan agertzen dira, eta, batzuetan, grafia ere egokitu egiten da. Adibideak:

      aspirina, zelofana, uralita...

      Oharra:

      Erabilerak izen arrunt bihur ditzake edozein marka edo modelo. Gainera, batez ere teknologia-izenekin eta aplikazio informatikoen izenekin, bi erreferente aipa daitezke: batetik, aplikazioa bera (PowerPoint aplikazioa, adibidez); bestetik, aplikazio horren bidez lortutako emaitza (adibidez: bihar PowerPoint/powerpoint bat bidaliko dizut posta elektronikoz). Emaitza izen arrunta da, eta, alde horretatik, errazago onartzen du letra xehea. Alde horretatik, fikzioan (eleberrietan, adibidez), edo hain formalak ez diren idazkeretan (blogetan, adibidez), izen arrunt gisa eta letra xehez idatzita erabili ohi dira maiz (eta grafia egokitua ere bai, batzuetan). Adibidez:

      Baina nire powerpointaren zain bahago, badaukak puska baterako.

      Ardo-botila bat eta kokakola-botila handi bat zituzten mahai gainean.

      Nolanahi ere, idazkera berezi horietatik kanpo, jatorrizko grafiaz eta letra larriz hasita idatzi behar dira.

    • 2.2.3.6. Internet hitza

      Mundu osoko ordenagailuen artean datuak trukatzeko balio duen sare informatiko globala da Internet.

      Gainerako komunikazio-sistemekin aldera daiteke; telefonoarekin edo telegrafoarekin, esate baterako. Beraz, telefono hitza letra xehez hasita idazten bada, beste hainbeste egin liteke, eta hitz arrunt gisa deklinatu, teorian: interneta, internetaren... (telefonoa, telefonoaren... egiten den bezala).

      Hala ere, Internet sareen sarea da, munduan bat bakarra, eta hitzaren jatorrizko hizkuntzan, ingelesean, Internet eta internet (internet-work hitzaren aldaera laburra, TCP-IP protokoloa erabiltzen ez duten bestelako sare taldeak izendatzen duen terminoa) bereizten dira, eta hortik zabaldu da beste hizkuntzetara Internet letra larriz hasita. Letra larriz idazten da inguruko hizkuntza gehienetan (ingelesa, nederlandera, gaztelania -RAEren erabakia-, katalana, frantsesa, italiera, portugesa...; frantsesez ere bai, eztabaida eta guzti, eta letra xehez idaztearen aldeko joera bizia bada ere). Euskaraz ere letra larriz hasita idazten da, eta izen berezi gisa deklinatzen: Internet, Interneten... Haren bertsio aurreratua den Internet-2 / Internet II / abiadura handiko Internet ere era berean idatzi behar da.

      Baina letra xehez idatzi behar dira -eta hitz arrunt gisa deklinatu- Internet ez diren gainerakoak: infraneta, intraneta, estraneta.

    • 2.2.3.7. Erakunde, instituzio, enpresa eta orotariko taldeen izenak

      Gaur egungo nahiz antzinako era guztietako erakunde publiko nahiz pribatu, instituzio, enpresa, sozietate, elkargo, alderdi politiko, sindikatu, elkarte eta antzeko taldeen izena osatzen duten hitz nagusiak letra larriz hasita idazten dira. Askotan, erakundeen izen generikoak (fundazioa, erkidegoa, unibertsitatea, elkartea, erakundea...) erakundeen izenaren parte dira eta, ondorioz, larriz idazten dira haiek ere. Adibideak:

      Bizkaiko Lan Ordezkaritza; Elgoibarko Institutua; Elhuyar Fundazioa; Nafarroako Foru Erkidegoa; Euskal Herriko Unibertsitatea; Euskal Telebista; Euskaldunon Egunkaria; Probintzia Auzitegiko Zigor Arloko Sala; Nazio Batuen Erakundea; Gizarte Segurantza; Europako Kontseilua; Ministerio Fiskala; Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartea; Eusko Ikaskuntza; Usurbilgo Udala; Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa; Nafarroako Gobernua; Frantziako Gobernua; British Petroleum; Athletic Club; Eusko Alderdi Jeltzalea; Euskadiko Alderdi Sozialista; Al Kaeda; Jerusalemgo San Joan, Rodas eta Maltako Ordena Subirano Militar eta Ostalaria; Ekialdeko Indietako Konpainia Ingelesa; Eusko Langileen Alkartasuna; Opus Dei; Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea; Harvard Unibertsitatea; EAEko Justizia Auzitegi Nagusia; Auzitegi Gorena; Nazioarteko Zigor Auzitegia; Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea; Alkorta Anaiak SA; Miren Arrandegia SM...

      Oharra:

      Ez dira nahasi behar enpresaren izen ofiziala eta izendapen arrunta. Adibidez, enpresa baten izen ofiziala Miren Arrandegia, SM baldin bada, horrek ez du esan nahi arrandegi horren errotuluan edo publizitatean Miren Arrandegia, SM jarri beharra dagoenik. Enpresaren izena osorik jartzen ez bada, Miren arrandegia idazkera dagokio, Gaztelupe taberna, Fototxukun argazki-denda, Osasuna belar-denda eta abar egiten den moduan.

      Testuetan erakundeak aipatzean, erakundearen izendapen ofizialaz gainera, badira beste bi aipamolde: (A) erakundearen izendapenaren parte bat bakarrik erabiltzea, eta (B) erakundearen izendapenaren ordezko beste izen bat erabiltzea.

      A. Erakundearen izendapenaren parte bat bakarrik erabiltzea

      Askotan, erakundearen izen osoa idatzi beharrean, eta laburtzearren, haren zati bat baino ez da idazten (Udala, Diputazioa, Gobernua, Polizia, Parlamentua, Armada, Fundazioa...), eta testuinguruak argitzen du zer erakunde den. Halakoetan ere, idazten den zatia letra larriz hasita idatz daiteke. Adibideak:

      Kasu horretan, Udalak ezin du ezer egin, Diputazioak erabaki behar du (baldin eta generikoak ez badira eta -lehenago aipatu direla eta- zer udal eta zer diputazio diren badakigu).

      Elgoibartik iritsi da berria: kanpainan parte hartzea erabaki du Ikastolak (Elgoibarko Ikastola adierazteko).

      Orain ere, Usurbilen dago Fundazioaren egoitza (Elhuyar Fundazioa adierazteko).

      Juan Ignacio Pérez Iglesias errektoreak Unibertsitatearen ikasketa-plan berriak aurkeztu ditu (Euskal Herriko Unibertsitatea adierazteko).

      Gaur, Fiskaltzak kereila jarri du Atutxaren aurka (Estatuko Fiskaltza Nagusia laburturik esateko).

      Laster onartzekoa da aurrekontua Parlamentuan (baldin eta nongo parlamentua den badakigu).

      Hildako gehienak Gobernuaren aldeko milizianoak dira (baldin eta nongo gobernua den badakigu).

      Edo, bestela, testuan lehenago aipatua ordezkatzeko, erreferentziakide modura:

      Kasu horretan, udalak ezin du ezer egin, diputazioak erabaki behar du (lehenago aipatu den dena delako diputazioa ordezkatzeko).

      Elgoibartik iritsi da berria: kanpainan parte hartzea erabaki du ikastolak (Elgoibarko Ikastola adierazteko).

      Orain ere, Usurbilen dago fundazioaren egoitza (Elhuyar Fundazioa adierazteko).

      Juan Ignacio Pérez Iglesias errektoreak unibertsitatearen ikasketa-plan berriak aurkeztu ditu (Euskal Herriko Unibertsitatea adierazteko).

      Gaur, fiskaltzak kereila jarri du Atutxaren aurka (Estatuko Fiskaltza Nagusia adierazteko, baina haren ordez erabilita).

      Laster onartzekoa da aurrekontua parlamentuan (badakigu nongo parlamentua den).

      Hildako gehienak gobernuaren aldeko milizianoak dira (badakigu nongo gobernua den).

      Kasu honetan, berriz, aukera bakarra da, Jaurlaritza ez baita izen arrunta:

      Eskumen gehiago eskatu ditu Jaurlaritzak (Jaurlaritza bakarra baita: Eusko Jaurlaritza).

      Pluralean erabiltzen direnean edo esanahi generikoa dutenean, aldiz, letra xehez idazten dira. Adibideak:

      Euskal Autonomia Erkidegoko diputazioak.

      Probintzia bakoitzak bere diputazioa du.

      Euskal Herrian ditugun unibertsitateak.

      Hiru urte barru unibertsitatera joango da.

      Europako estatuak ez dira ados jartzen kanpo-politikan.

      Zein da Europako estaturik boteretsuena?

      Mediterraneoko estatuen interesak defendatzeko prest agertu dira estatu-buruak.

      Baltikoko errepublikak.

      Esan zuen Afrikan gobernu demokratiko gutxi dagoela.

      Ezkerreko alderdiek parlamentu federal bat sortu nahi dute.

      B.erakundearen izendapenaren ordezko beste izen bat erabiltzea

      Erakunde edo talde bat izendatzeko izen ofiziala -osorik edo partez- erabiltzen ez bada, eta hari erreferentzia egiten dion beste izendapen sinonimoren bat erabiltzen bada haren ordez, hau da, erreferentziakide bat erabiltzen bada (askotan, izena + erakuslea erabiltzen da), erreferentziakidean ez da letra larririk erabiltzen. Adibideak:

      Garbi dago erakunde horretan aldaketa sakonak egin behar direla (badakigu zein erakundez ari garen, lehenago aipatu delako edo jakina delako).

      Zer moduz dabil talde txuri-urdina? (Real Sociedad adierazteko).

      Ez, gure erakundea ez da berria, baina fundazio gisa bai (irakurleak badaki zer erakunde den).

    • 2.2.3.7.1. Estatua

      Berariazko azterketa behar du «estatu» hitzak, adiera bat baino gehiago baitu(12).

      • 1. Lurraldea

        Adiera geografiko hutsa duenean, letra xehez idazten da, «probintzia», «kontinentea» eta lurralde-eremu bat adierazten duten gainerako hitzetan bezala. Adibidez:

        Mitinak ematen ibili zen estatuaren bazter batetik bestera, eta kontinente osoan ere hara-hona aritu zen elkartasun-taldeak sortzen.

        Surinamgo iparraldean lurra landuta dago, baina estatuaren hegoaldean oihan tropikala da nagusi.

        Batzuek diote estatuko hiri garrantzitsuena Bartzelona dela, eta ez Madril.

      • 2. Antolamendu politikoa

        Herrialde subirano jakin baten gobernu-organoen multzoa edo herrialde jakin hori osatzen duen batasun politikoa adierazten duenean, bi erabilera bereizi behar dira.

        • Generikoa, estatuaren izen bereziarekin batera erabiltzen denean(13):

          Euskal lurraldeen eta Espainiako estatuaren arteko elkarbizitza politikoa

          Nork irabaziko ditu Frantziako estatuko presidentea hautatzeko hauteskundeak?

        • Izendapena, estatuaren izen bereziaren laguntzarik gabe:

          Letra larriz hasita idatz daiteke, baina ez da nahitaezkoa: erreferentziakidetzat har daiteke. Letra larriz hasita idazten bada, ulertu behar da erreferentea antolamendu politikoa dela, ez lurraldea. Adibideak:

          Joan Karlos erregea izango da, hil arte edo abdikatu arte, Estatuaren burua (Espainiako estatuaren burua).

          edo

          Joan Karlos erregea izango da, hil arte edo abdikatu arte, estatuaren burua (testuinguruak argitzen duen estatu jakinaren burua; kasu honetan, Espainiarena).

          Urrian aurkeztu zuen Gobernuak Madrilgo Kongresuan Estatuaren aurrekontu orokorren proiektua (Espainiako estatua adierazteko).

          edo

          Urrian aurkeztu zuen Gobernuak Madrilgo Kongresuan estatuaren aurrekontu orokorren proiektua (testuinguruak argitzen duen estatu jakinaren burua; kasu honetan, Espainiarena).
          Chirac-ek dio gazteek eta langileek ulertu behar dutela baliabideak mugatuak direla, Frantzia ez dela munduko lurralderik aberatsena; alegia, Estatua ez dela ahalguztiduna (Frantziako estatua adierazteko).

          edo

          Chirac-ek dio gazteek eta langileek ulertu behar dutela baliabideak mugatuak direla, Frantzia ez dela munduko lurralderik aberatsena; alegia, estatua ez dela ahalguztiduna (testuinguruak argitzen duen estatu jakinaren burua; kasu honetan, Frantziarena).

          Beraz, honela laburbil daiteke irizpidea:

Oharrak:

  • Estatu bakoitzak hartzen duen izena hartu behar da kontuan. Estatuek bi izen izan ohi dituzte: bata ofiziala da (estatu guztiek ez, baina gehienek badute izen ofiziala), estatuak berak bere buruari eman diona (izen ofiziala osatzen duten izen guztiak letra larriz hasita idazten dira; adibidez, Frantziako Errepublika, Espainiako Erresuma, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua, Alemaniako Errepublika Federala, Tanzaniako Errepublika Batua); bestea, berriz, izen ofizialaren izendapen laburtua da, gehien erabiltzen dena (aurreko adibideen kasuan, hauek dira, hurrenez hurren, izendapen arruntak: Frantzia, Espainia, Erresuma Batua, Alemania, Tanzania).
  • Zenbaitetan, estatuen izen arruntak erabili beharrean, haien ordezko izendapenak erabiltzen dituzte gurean idazle eta hiztun batzuek, batez ere -edo bakar-bakarrik- Espainiari eta Frantziari buruz aritzean. Halakoetan, espainol estatua / estatu espainola / Espainol estatua / Estatu espainola / espainol Estatua / espainol estatua eta frantses estatua / estatu frantsesa / Frantses estatua / Estatu frantsesa / frantses Estatua / estatu Frantsesa esan edo idazten dute Espainia / Espainiako estatua edo Frantzia / Frantziako estatua esan edo idatzi beharrean. Ez du ematen izendapen berezi eta berri horren erabilera aldeztekoa denik, oso zabalduta badago ere (izan ere, Araba edo Arabako probintzia esan edo idatzi beharrean, arabar probintzia esatea bezain bitxia da). Haien ordez, gorago azaldu den moduan, hobe da Espainiako estatua / Frantziako estatua edo, bestela, Estatua/estatua besterik gabe erabiltzea.
  • Batzuetan, Iberiar penintsula izendapena ere ikusten da Espainiako estatua behar lukeen tokian. Kontuan izan behar da Iberiar penintsula izendapen geografiko hutsa dela eta ezin dela erabili adiera horretatik at, are gutxiago Espainiako estatuaren sinonimo gisa (gaur egungo Andorra, Espainia eta Portugal estatuek partekatzen duten lurraldea da Iberiar penintsula).
  • Estatu Idazkaritza eta Estatuko idazkaria idatzi behar da (baina estatu-idazkaria; ikus 2.2.1.7 puntua), «Estatu» hitza letra larriz hasita alegia, erakundea adierazten baitu hor «estatu» hitzak. Adibideak:

Condoleezza Rice Ameriketako Estatu Batuetako estatu-idazkaria da.

Ekialde Hurbilean izan berri da AEBko Estatuko idazkaria.

Industria, Turismo eta Merkataritzako Ministerioko estatu-idazkaria.

Vatikanoko Estatu Idazkaritzan lan egin zuen.

  • Erreferente jakina ez duenean, hau da, esanahi generikoa duenean, letra xehez idazten da «estatu» hitza. Adibideak:

Pasaporteaz gainera, bisa ere behar da estatu batzuetan sartzeko.

Hori ez da zuzenbide-estatua, eta bai, ordea, salbuespen-estatua.

1799an, Napoleonek estatu-kolpe bat eman zuen.

Europako estaturik gabeko nazioak

estatu zentralista; estatu federala; estatu-eredua; estatu-ituna; estatuaren botereak

  • Erreferente bat baino gehiago adieraztean, erreferenteak jakinak direnean ere, letra xehez hasita idazten da «estatu» hitza. Adibideak:

Espainiako eta Frantziako estatuak

Europako estatuen arteko mugak irekiak dira, baina mugiezinak.

Aurrez aurre ageri dira estatuen Europa eta herrien Europa.

Europar Batasuneko estatu kideak behartuta daude defizita kontrolatzera.

  • Estatu baten barneko banaketa administratiboaren barneko lurralde-entitatea adierazten duenean, hau da, probintzia, autonomia-erkidegoa, departamendua, eskualdea edo maila horretako entitatea denean, letra xehez hasita idazten da. Adibidez:

Chiapasko estatua; São Pauloko estatua; Texasko estatua

  • 2.2.3.7.2. Administrazioa

    Botere-antolamendu (estatua, autonomia-erkidegoa, probintzia...) baten edo haren mendeko zerbitzu publikoak adierazteko termino generikoa da. Bakarrik doala, letra larriz hasita idazten da. Adibideak:

    Hori Administrazioaren erabakia da.

    Ez dakigu zein den Administrazioaren ikuspegia.

    Bai, Administrazioan lan egiten du, baina ez da funtzionarioa.

    Haren barneko atalak ere letra larriz hasita idazten dira. Adibideak:

    Eusko Jaurlaritzaren Osasun Administrazioaren ordezkariek ere parte hartu dute.

    Ogasunaren eta Justizia Administrazioaren organoen arteko harremanak

    Modu generikoan erabiltzen denean, berriz, letra xehez idazten da. Adibideak:

    Tokiko administrazioen modernizazioa

    Afrikako estatu gehienetan, osasun-administrazioa penagarria da.

    • 2.2.3.8. Era guztietako erakunde eta taldeen mendeko kudeaketa-organo, sail, talde eta batzordeen izenak

      2.2.3.7 puntuan esandakoak balio du era guztietako erakunde, elkarte, enpresa, talde publiko nahiz pribatuen kudeaketa-organo, egitura, antolakunde eta sailen izendapenetarako ere, baita, erakundeen kasuan bezala, osorik idazten ez direnean ere. Alegia, letra larriz hasita idatzi ohi dira. Adibideak:

      Industria, Merkataritza eta Turismo Saila; Euskaltzaindiaren Jagon Saila; Atzerri Ministerioa eta Defentsa Ministerioa; Ministroen Kontseilua; Eusko Jaurlaritzaren Kontseilua; Diputatuen Kontseilua; NBEko Segurtasun Kontseilua; EHUko Klaustroa; Elhuyar Fundazioaren Patronatua; Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentua; Eleka Sozietate Mugatuaren Administrazio Kontseilua; Elgoibarko Euskara Mintegia; CIDETECeko Material Berrien Saileko Polimero Eroaleen Arloa; Hizkuntza Politikako Sailburuordetza; Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia; Urtxintxa Saila; Elgoibarko Institutuko Ingeles Mintegia...

      Alabaina, hori ez da beti betetzen. Dena delako erakundearen mendeko atalaren izen generikoa (lantaldea, taldea, batzordea, komisioa, saila...) letra xehez idazten da askotan. Adibideak:

      Euskaltzaindiaren Onomastika batzordea, Usurbilgo Udalaren Hirigintza batzordea, Hizkuntza Kalitateko lantaldea, EHUko Administrazio Zuzenbidea arloa...

      Bigarren bide hori, hala ere, ez dago beti aukeran. Izan ere, batzuetan, izen generiko horiek erakundearen izenaren parte nahitaezkoa dira, eta, orduan, letra larriz hasita idazten dira. Adibideak:

      Euskal Kultur Taldea (EKT), Euskal Kostalde Ez-nuklearraren Aldeko Batzordea, Euskararen Aholku Batzordea, Europako Batzordea...

      Nazioarteko Elektroteknia Batzordea (IEC, International Electrotechnical Commission; CEI Commission électrotechnique internationale)

      Nazioarteko Argiztapen Batzordea (CIE, Commission Internationale de l'éclairage)

      Balore Merkatuen Batzorde Nazionala (CNMV, Comisión Nacional del Mercado de Valores)

      Aldaera horiek guztiak ikusita, hiru puntu hauetan laburbil daiteke irizpidea:

      • 1. Erabilera generikoan, ez da letra larririk erabiltzen (hirigintza-batzordea / hirigintzako batzordea; kultura-saila / kulturako saila). Adibideak:

        Zein dira hirigintza-batzordeen funtzioak?

        Auzo-elkartearen barnean, kultura-sail txiki bat antolatu zuten.

      • 2. Erakunde publiko nahiz pribatu baten mendeko atala denean, hau da, berezko izaera duenean edo erakundetuta dagoenean, izen berezi bihurtzen da, eta, erabilera generikotik bereizteko, letra larriz hasita idazten da (Hirigintza Batzordea / Hirigintzako Batzordea; Kultura Saila / Kulturako Saila; Giza Baliabideen Batzordea). Adibideak:

        Gure herrian, alkateak murriztu egin ditu Hirigintza Batzordearen eskumenak.

        Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saila

        Etxebizitza eta Gizarte Gaiak Saila / Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila

        Ikasmaterialen Aholku Batzordea

      • 3. Izen berezia denean, hala ere, bada beste aukera bat: aposizio-bidea hartzea. Orduan, atal espezifikoa letra larriz hasita idazten da, eta izen generikoa, berriz, letra xehez idaztea gomendatzen da (Hirigintza batzordea). Halakoetan, letra etzana erabil daiteke izen espezifikoa nabarmentzeko (Hirigintza batzordea). Adibideak:

        EHUko Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak saila

        Euskaltzaindiaren Gramatika batzordea

      Irizpidea, beraz, irekia da. Erabilera generikoa alde batera utzita, noiz bigarren aukera erabili (Hirigintza Batzordea) eta noiz hirugarrena (Hirigintza batzordea) ez da zehazten erraza, eta ez du ematen irizpidea estuagotzea, gaur egun, zuhurra denik. Euskaltzaindiaren kasuan, berak hobetsiak dira "Gramatika batzordea" moldekoak.

      Hala ere, bada muga garbi bat aposizio-bide horren aplikazioari dagokionez: osagai espezifikoak (letra larrizkoak) nola edo hala benetako izen berezitzat hartzeko modukoa izan behar du, bere horretan:

      Onomastika/Literatura/Gramatika [ izeneko ] batzordea

      Hirigintza [ izeneko ] batzordea

      *Aholku [ izeneko ] batzordea.

      Azken horren modukoetan, generikoa izendapenaren osagai berezko eta nahitaezkoa da, eta ezin liteke zatitu aposizioaren mekanismoaz: edo dena generikoa da (letra xehez: aholku-batzordea), edo dena izen berezi (letra larriz: Aholku Batzordea).

  • 2.2.4. Entitate abstraktuak
    • 2.2.4.1. Zientzia eta teknologiako terminoak

      Lege, teorema, printzipio, gaixotasun, sindrome eta zientzia-kontzeptuen osaeran izen bereziek parte hartzen dutenean, letra larriz hasita idazten da izen berezia, eta letra xehez izen arrunta. Adibideak:

      Plancken konstantea, Pitagorasen teorema, Rorschach testa, Joule efektua, Ohmen legea, Down sindromea, Parkinson gaixotasuna (baina parkinsona ere idatz daiteke, letra xehez, guztiz lexikalizatuta alegia), Arkimedesen printzipioa, Otto zikloa, Magdeburgeko hemisferioak, Hilberten espazioa...

      Izen berezirik ez dagoenean, letra xehez idaztekoak dira. Adibideak:

      grabitazio unibertsala, erlatibitatearen teoria, energiaren kontserbazioaren printzipioa, eskaintza-eskarien legea...

      Unitateen izenek, askotan, pertsona-izen batean dute jatorria. Hala ere, unitateak izen arruntak dira, eta letra xehez idazten dira. Unitateen ikurrak nazioarteko estandarretan ezarritakoaren arabera idaztekoak dira, dela larriz dela xehez (adibidez, jatorrian pertsona-izena duten unitateen ikurra letra larriz idatzi ohi da). Adibideak (ikurra parentesi artean ageri da):

      newtona (N), amperea (A), joulea (J), coulomba (C), pascala (Pa), watta (W), ohma (Ω)...

      Oharra:

      Unitateen ikurrak eta unitateen aurrizkien ikurrak aldaezinak dira (batzuk letra larriz idazten dira, eta beste batzuk letra xehez), eta irizpide estetikoen eta diseinuaren gustuen gainetik daude. Hortaz, dena delakoagatik testu zatiren bateko letra guztiak larriz edo xehez idaztea erabakitzen bada, kontuan izan behar da unitateen eta unitate-aurrizkien ikurrak ezin direla aldatu. Bestela, adibidez, mili- (m) eta mega- (M) edo piko- (p) eta peta- (P) aurrizkiak nahasi egingo lirateke, edo tesla (T) eta tona (t) edo segundo (s) eta siemens (S) unitateak. Adibideak:

      600 kW-eko motorra, 20 h-ko tartea, 45 s-tik gorako atzerapena...

      600 kW-EKO MOTORRA, 20 h-KO TARTEA, 45 s-TIK GORAKO ATZERAPENA...

    • 2.2.4.2. Biologia: bizidunen sailkapen sistematikoa

      Biologian, bizidunen espezieak izendatzeko -animaliak, landareak, onddoak, bakterioak-, nomenklatura binomiala erabiltzen da, latinezko bi osagaiz osatua: lehenengoak generoa adierazten du, eta letra larriz hasita idazten da; bigarrena, berriz, espeziearen bereizgarria da, eta letra xehez idazten da. Beraz, generoa bakarrik idazten da letra larriz hasita; bai generoaren, bai espeziearen bereizgarria, berriz, letra etzanez idazten dira. Subespezieak eta aldaerak hiru izenez osatuta daude (espeziearen biak eta hirugarren bat). Hirugarren izen hori letra xehez idazten da. Espezie-izen arruntak letra xehez idazten dira. Adibideak:

      panda gorria edo Ailurus fulgens; Weddel itsas txakurra edo Leptonychotes weddelli; izurde arrunta edo Delphinus delphis; ametza edo Quercus pyrenaica; Hyla versicolor chrysoscelis; Otis asio naevius...

      Generotik gorako kategoriak ere latinez idazten dira, eta letra larriz hasita beti (familia, ordena, klasea...), baina ez dira letra etzanez idazten. Eta haietatik mailegatu zein eratorritako izenak eta izenondoak letra xehez idazten dira. Adibideak:

      Gizakia Homo sapiens espezieko animalia da, Homo generokoa, Hominidae familiakoa, Anthropoidea subordenakoa, Primates ordenakoa, Eutheria subklasekoa, Mammalia klasekoa, Vertebrata subfilumekoa, Chordata filumekoa eta Animalia erreinukoa.

      Bovidae familiako animaliak bobidoak dira.

      Gepardoa felido bat da, Felidae familiakoa.

      Guanakoa eta alpaka artiodaktiloak dira (Artiodactyla ordenakoak).

    • 2.2.4.3. Ospakizun erlijiosoak, zibilak, politikoak edo bestelakoak

      Letra larriz hasita idazten dira izendapenaren hitz guztiak. Adibideak:

      Eguberri, Eguberriak, Gabonak, Aste Santua, Aberri Eguna,(14) Aste Nagusia, Ostiral Santua, Maiatzaren Lehena, Eskerrak Emateko Eguna, Ostegun Gizena, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, Gay Harrotasunaren Eguna, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Giza Eskubideen Nazioarteko Urtea

      Oharra:

      Auzo, herri eta hirietako jaien izena letra xehez idazten da, eta pluralean deklinatzen. Ikus 3.4 puntua.

    • 2.2.4.4. Historiako gertakariak

      Oro har, hasierako letra maiuskulaz idazten da gertakari historikoen izendapenetan. Oso sail zabala osatzen dute historiako gertakariek (gerrak, guduak, iraultzak, itunak, bakeak, ligak, aliantzak, batasunak, hitzarmenak, planak...). Estilo-liburuaren hirugarren liburukian, Onomastikan, berariaz aztertu, eta irizpideak zehaztu ziren. Hona hemen:

      Gertaera historikoen izendapena bi izenez -gutxienez- osatu ohi da (hitz bakarreko Karlistaldia modukoak salbuespenak dira): izen berezi bat eta izen berezi hori sailkatzen duen izen arrunt bat. Bi izen horiek, bestalde, hainbat modutan elkartu daitezke gertaera historikoaren izendapena osatzeko:

      • Hitz-elkarketa, aposizioa zein bestelakoa (edo izen bakarra). Adibideak:

        Maginot Lerroa, Marshall Plana, Ondorengotza Gerra, San Bartolome Gaua, Nabigazio Agiria, Bigarren Mundu Gerra, Ezarpen Agiria, Kultura Iraultza, Karlistaldia...

      • Izen + izenondo egitura. Adibideak:

        Depresio Handia, Izurrite Beltza, Gerra Punikoak, Lehen Gerra Punikoa, Trek Handia, Martxa Luzea, Aliantza Hirukoitza, Konbentzio Nazionala...

      • -ko edo -en atzizkia + izena egitura. Adibideak:

        Pragako Udaberria, Cádizko Konstituzioa, 68ko Maiatza, Labana Luzeen Gaua, Gernikako Estatutua, Bergarako Hitzarmena, Vienako Konbentzioa, Helsinkiko Agiria, Maastrichteko Ituna, Basileako Itunak, Maiatzaren Hiruko Fusilatzeak, Gatzaren Matxinada, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Maiatzaren Lehena, Aliantza Hirukoitzaren Gerra, Inbestiduren Eztabaida, Borodinoko Gudua, Lepantoko Gudua, Golkoko Gerra, Sei Egunetako Gerra, Bi Arrosen Gerra, Nantesko Ediktua, Ekialdeko Zisma, Postdamgo Konferentzia, Berlingo Kongresua...

      Horietan guztietan, bai izen berezia (espezifikoa), bai arrunta (generikoa) letra larriz hasita idaztekoak dira. Beste hizkuntzetatik mailegatzen diren eta egokitzen ez diren izendapenak ere letra larriz hasita idaztekoak dira. Adibideak:

      Entente Cordiale, Devotio Moderna, Home Rule, Risorgimento...

      Oharra:

      Badira, salbuespen gisa, gertaera historikoak izanagatik, erreferente anizkoitza izan eta aski zehaztugabeak eta hainbat tokitakoak izanik, letra xehez idaztekoak diren zenbait gertaera historiko ere. Adibideak:

      leinu-gerrak, erlijio-gerrak, familia-itunak, karlistaldiak...

    • 2.2.4.5. Aldi geologikoak, historiaurrekoak, historikoak eta historia banatzeko denbora-tarte nagusiak

      Letra larriz hasita idazten dira aldi historiko berezien izendapenak. Adibideak:

      Errenazimentua, Ilustrazioa, Argien Mendea, Errestaurazioa, Hirurteko Konstituzionala, Antzinako Erregimena...

      Letra larriz hasita idazten dira historiako eta historiaurreko aroen izendapenak. Adibideak:

      Antzinaroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa...

      Neolitoa, Brontze Aroa, Burdin Aroa, Azilaldia, Aurignacaldia, Madeleinealdia...

      Geologian erabiltzen diren unitate estratigrafikoen (eontema, eratema, sistema, serie, estaia) eta geokronologikoen (eon, era, periodo, epoka, aro) izenen hasierako letra maiuskulaz idazten da. Adibideak:

      Era Primarioa, Era Sekundarioa, Paleogenoa, Fanerozoikoa, Mesozoikoa, Jurasikoa, Siluriarra, Goi Triasikoa, Arkearra, Permiarra, Kuaternarioa, Kanbriarra, Kretazeoa...

      Oharra:

      Izen ez eta izenondo direnean -hau da, izen bat kalifikatzen dutenean- letra xehez idazten dira. Adibideak:

      Oro har, Jurasikoan klima beroa eta hezea izan zen (izena).

      Antiklinala, erliebe jurasikoan (izenondoa), bi sinklinalen artean eratzen da.

      Arte- eta literatura-estiloak edo filosofia-mugimenduak letra xehez idazten dira. Ikus 3.12 puntua. Nolanahi ere, dena delako arte- edo literatura-estiloa nagusitu zen aldi historikoa izendatzeko estilo horren izena erabiltzen bada, letra larriz hasita idazten da (hiztegiek argitu behar dute zein arte- edo literatura-estilok eman dion izena aldi historikoari eta zeinek ez. Adibidez, barroko hitzak badu adiera hori, baina gotiko hitzak ez. Eta, alderantziz, entziklopedia batean aldi historikoak sarrera izateak eta letra larriz agertzeak ez du esan nahi letra xehez ezin erabil daitekeenik hitzak estiloa -eta ez aldia- adierazi nahi duenean). Adibideak:

      XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendearen hasierara bitartera iraun zuen Barrokoak.

      Mendebaldeko kulturan erromantizismo izeneko literatura-estiloa nagusitu zen aldiari Erromantizismo deritzo.

    • 2.2.4.6. Hezkuntza-sistemaren barneko ikasketak, irakasgaiak eta jakintza-alorrak

      Letra larriz hasita idazten dira hezkuntza-mailen izendapenen osagai nagusi guztiak, eta berdin ikasketen, irakasgaien, zehar-lerroen, heziketa-zikloen, lanbide-arloen, materien eta, oro har, jakintza-alor guztien izendapenen osagai nagusi guztiak. Moduluak eta lantegiak dira salbuespenak, oso izenburu luzeak izaten baitituzte maiz; horregatik, haien lehenengo hitzaren lehen letra baino ez da larriz idazten. Adibideak:

      Aurten, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan hasi da.

      Hezkuntza Saila aztertzen ari da Lanbide Heziketako irakasleen eskakizunak.

      Duela bi urte Biologian lizentziatu zen. Bihar, Biologiako azterketa dugu.

      Datorren ikasturtean Soziologia ikasten hasiko da.

      Gaur ez da etorri Zuzenbide Zibileko irakaslea.

      Mirenek Zirkuituen Teoria [ irakasgaia ] ematen du.

      EHUko Elektrizitate eta Elektronika Saila.

      EHUko doktorego-programak bost sailetan banatuta daude: Zientzia Esperimentalak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Giza Zientziak eta Irakaskuntza Teknikoak.

      Niri gehien gustatzen zaidan doktorego-programak oso izen luzea du: Aurrerapen Berriak Elikaduran eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian.

      Sexu Berdintasunerako Hezkuntza eta Kontsumo Hezkuntza zehar-lerroak.

      Idoia dugu Sexu Berdintasuneko irakaslea.

      Atzerriko Hizkuntza eta Hezkuntza Plastikoa irakasgaiak.

      Lanbide Heziketan, Itsasoko eta Arrantzako Jardueren lanbide-arloan, Itsasontziko Makinen eta Instalazioen Operazioa, Kontrola eta Mantentzea erdi-mailako heziketa-zikloan, Hozteko sistemen eta produkzio-sistemen erabilera eta mantenimendua izeneko modulu bat dago.

      Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Gizarte Zientzietan, Herri-ondare eta -kultura zaindu eta lehengoratzeko lantegia eratu da.

      Osasungintza lanbide-arloko Erizaintzako Zainketa Osagarriak heziketa-zikloko Osasunaren sustapena eta pazientearentzako laguntza psikologikoa lanbide-modulua.

      Letra larrien erabileraz gainera, aukerakoa da halako izendapen luzeak letra etzanez nabarmentzea. Adibidez:

      Osasunaren sustapena eta pazientearentzako laguntza psikologikoa lanbide-modulua

      Oharra:

      Hortik kanpo, letra xehez idazten dira arteen, zientzien eta lanbideen izenak. Adibideak:

      Asko gustatzen zaio herrietako/herrien historia ezagutzea.

      Teknikari egokiak lortuko badira, ezinbestekoa da lanbide-heziketa edozein herrialdetan.

      Zuk duzun filosofia horrekin ez zara oso urruti iritsiko.

      Ez zaio batere gustatzen arkitektura modernoa.

      Diotenez, aurrerantzean zientzia-aurrerapenik handienak genetikatik etorriko dira.

      Euskaldunon psikologia ulertzerik ez dagoela esaten digu beti.

      Niri, zeramika, musika eta, oro har, arte ederrak gustatzen zaizkit, baita giza geografia ere; nire ahizpari, berriz, kimika organikoa, fisika kuantikoa eta mekanika analitikoa.

      Gauza jakina da traumatologia asko aurreratu dela azken urteotan.

    • 2.2.4.7. Jarduerak, ekimenak, ekitaldiak, ospakizunak

      Letra larriz hasita idazten dira erakunde ofizialek edo gizarteko edozein elkartek edo taldek antolatutako izaera formaleko jardueren izendapen ofizialen hitz nagusiak. Hala, letra larriz hasita idazten dira biltzar, jardunaldi, topaketa, txapelketa, lehiaketa, kongresu, azoka, ekitaldi, konferentzia, programa, politika eta abarren izen ofizialak. Adibideak:

      Nafarroa Oinez, Nazioarteko Terminologia Biltzarra, Euskal Giza Taldeen III. Mundu Biltzarra, Literatura Jardunaldiak, Berlingo Olinpiar Jokoak, Espainiako Lehen Mailako Liga, Bigarren Mailako Buruz Buruko Txapelketako finala, Txapeldunen Liga, Europako Gizarte Fondoa, Nekazaritza Politika Bateratua, Ikerketa eta Garapeneko IV. Esparru Programa, Euskal Herriko Itzulia, Euskal Bizikleta, Italiako Giroa, Frantziako Tourra, Bilboko Nazioarteko 37. Argazki Lehiaketa, Munduko Igeriketa Txapelketa...

      Stockholmen, 1972an, Nazio Batuen Giza Inguruneari buruzko Konferentzia antolatu zen.

      Aurten, Bigarren Mailako Buruz Buruko Txapelketako finala Zarautzen jokatuko da.

      Alaves Bigarren Mailara jaitsi zen 2003an.

      Izaera generikoa dutenean, berriz, letra xehez. Adibideak:

      Lau urtez behin antolatzen dira olinpiar jokoak.

      Gaur egun, nonahi antolatzen dira argazki-lehiaketak.

      Enpresak jardunaldi tekniko bat antolatuko du laster produktu berria aurkezteko.

    • 2.2.4.8. Sariak

      Letra larriz hasita idazten dira era guztietako erakunde eta taldeek emaniko sarien izendapenaren osagai nagusi guztiak egitura egitura izen espezifikoa + saria denean; aposizioak direnean, alegia. Adibideak:

      CAF-Elhuyar sariak, 1993ko Kimikako Nobel saria, Oscar sariak, Irun Hiria saria, Asturiasko Printzea saria, Max Planck saria, Iberdrola Zientzia eta Teknologia saria...

      Letra larriz hasita idazten da sari hitza sariaren izena deskriptiboa denean, hau da, sari hitza sariaren izendapenaren parte denean. Halakoetan, izendapena ez da osoa sari hitza falta bada. Hori gertatzen da aposizioak ez direnean, hau da, egitura (izenlaguna) + sari + (izenondoa) denean. Adibideak:

      Espainiako Gastronomia Akademiaren Gastronomiako Sari Nazionala Andoni Luisek irabazi zuen 2002an; urte berean, Espainiako Narratibako Sari Nazionala irabazi zuen Unai Elorriagak.

      Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVII. Asteko Publikoaren Saria

      Euskal Herritar Unibertsalaren Saria

      Musika Akademiaren Ohorezko Saria

    • 2.2.4.9. Hitzaldiak, txostenak, komunikazioak, artikuluak

      Lehen hitza letra larriz hasita idazten dira hitzaldi, mahai-inguru, txosten, erakusketa eta komunikazioen eta aldizkarietan argitaratzen diren artikuluen izenburuen osagai nagusiak. Aldizkari eta komikien barneko artikuluen eta atal finkoen izenburuen lehen hitzaren lehen letra ere larriz idazten da. Adibideak:

      Joxe Anton Artzek «Ibarrean zeharka-meharka; mendian gora eta behera» hitzaldia eman zuen; Mikel Zalbidek «Maileguzko hitzen zenbait muga-arazo» txostena irakurri zuen Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarrean; «Munduko hizkuntzen izenak euskaraz» artikulua argitaratu zen Uztaro aldizkariaren 54. zenbakian; Elhuyar aldizkariaren atalik irakurriena «Berriak labur» izaten da; Berria egunkariko «Agenda» saila...

    • 2.2.4.10. Liburuak eta bestelako argitalpenak

      Liburuen, aldizkarien, tesien eta euskarri informatikoan (CD-ROM, DVD...) argitaratzen diren produktuen izenburuetan, lehen hitzaren lehen letra bakarrik idazten da larriz (izenburuaren parte diren izen bereziak edo berez letra larria dagokienak larriz idazten dira, jakina, nahiz eta izenburuaren lehen hitza ez izan). Gainera, letra etzanez idaztekoak dira testu baten barnean daudenean. Adibideak:

      Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, panpox 1983an argitaratu zen.

      Ibon Sarasolaren Joan eta Ane zigarro bat erretzen Erein argitaletxeak berrargitaratu zuen.

      Unai Elorriagaren SPrako tranbia izan zen hilabete hartan euskarazko libururik salduena.

      Ramon Saizarbitoriak Gorde nazazu lurpean argitaratu zuen 2000. urtean.

      Koldo Mitxelenaren Historia de la literatura vasca 1988an argitaratu zen.

      1997an kaleratu zen Bertsoen mundua CD-ROMa.

      Oharrak:

      Hemen ematen diren jarraibideek obraren izenburua testu baten barnean idaztekoak direnerako balio dute. Kontuan izan liburu, CD-ROM eta abarren azaletan agertzen direnean, edo iragarkietan agertzen direnean, izenburuek ez dutela zertan jarraibide horri atxiki, azaletan eta iragarkietan diseinuak, estiloak eta maketak agintzen baitute izenburua nola idatzi (letra guzti-guztiak larriz, edo guzti-guztiak xehez, edo hitz bakoitza letra larriz hasita...).

      Jatorrizko hizkuntzan ematen direnean, jatorrizko hizkuntzan bezala idatzi ohi dira. Adibidez, ingelesez larriz idazten dira izenburuetako hitz nagusiak:

      Noiz idatzi zuen William Shakespearek As You Like It obra?

      Salbuespenak:

      • 1. Hainbat liburukiz osatutako liburu-bildumen izenburuetako hitz nagusi guztiak letra larriz hasita idaztekoak dira testu barruan ere, eta liburuki bakarrekoak izan arren argitaraldiz argitaraldi osatuz doazen obren izenburuetako hitz nagusiak ere bai. Adibideak:

        Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren azken liburukia 2005ean argitaratu zen, eta Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-VI liburukia ere urte berean kaleratu zen.

        Haur eta Gazteentzako Literatura Bilduma.

      • 2. Literaturaren eremutik kanpo, izenburu batzuek izaera izendatzaile nabarmena dute, oso deskriptiboak dira. Halakoetan, salbuespena egin eta hitz nagusi guztiak letra larriz idatz daitezke. Horretarako, izen-sintagma absolutiboko izenburua izan behar du obrak. Adibideak:

        2000. urtean Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa argitaratu zuen EVE erakundeak.

        Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegia noiz argitaratu zen?

        Elhuyarren Euskal Hiztegi Modernoaren bi edizioak ditugu bulegoan.

        Kontrol Sekuentzialeko Sistemak liburua oso garestia da.

        Lehenbailehen erosi Salerosketen Kudeaketa, agortu egingo da eta.

        Edo:

        2000. urtean Energiaren hiztegi entziklopedikoa argitaratu zuen EVE erakundeak.

        Ibon Sarasolaren Euskal hiztegia noiz argitaratu zen?

        Elhuyarren Euskal hiztegi modernoaren bi edizioak ditugu bulegoan.

        Kontrol sekuentzialeko sistemak liburua oso garestia da.

        Lehenbailehen erosi Salerosketen kudeaketa, agortu egingo da eta.

      • 3. Ikasliburuen izenburuek, maiz, irakasgaiaren izen bera izaten dute, jakintza-alorraren izen bera. Irakasgaia eta jakintza-alorra letra larriz hasita idazten direla adierazi da 2.2.4.6 puntuan (hartu kontuan salbuespenak ere). Halakoetan, izenburua irakasgai edo jakintza-alor baten izena denean, letra larriz hasita idatz daitezke izenburua osatzen duten hitz nagusiak. Adibideak:

        Giza eta Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika II; Fisika eta Kimika DBH 3; Euskara eta Literatura DBH 2; Erlijio Katolikoa; Naturaren Zientziak DBH 1 / Izadiaren Jakintza DBH 1; Marrazketa Teknikoa...

        Edo:

        Giza eta gizarte-zientziei aplikatutako matematika II; Fisika eta kimika DBH 3; Euskara eta literatura DBH 2; Erlijio katolikoa; Naturaren zientziak DBH 1 / Izadiaren jakintza DBH 1; Marrazketa teknikoa...

    • 2.2.4.11. Aldizkariak

      Letra larriz hasita idazten dira aldizkariaren izenaren parte diren hitz nagusi guztiak (juntagailuak eta postposizioak izan ezik). Liburuen izenburuak bezala, letra etzanez idatzi ohi dira testu baten barnean gertatzen direnean. Adibideak:

      Berria, The New York Times, El Diario Vasco eta Le Monde egunkariak erosten ditu beti.

      Elhuyar Zientzia eta Teknika hilabetekaria da; Argia, berriz, astekaria.

    • 2.2.4.12. Ikus-entzunezko komunikabideetako saioak

      Lehen hitza letra larriz hasita idazten dira irrati eta telebistetako emanaldien izenburuen eta emanaldien barneko atal finkoen izenak. Adibideak:

      Faktoria, goizeko magazina Euskadi Irratian

      Teknopolis programaren barnean «Informazioaren gizartea» atala dago.

      ETB1eko Gaur egun programako «Kirolak» atalaren aurkezlea aldatu dute.

      ETB2 kateak El topo izeneko lehiaketa eman zuen udazkenean.

    • 2.2.4.13. Antzezlanak, filmak, kantak, musika-obrak eta arte plastikoetako obrak

      Liburuen izenburuetan bezala, lehen hitza letra larriz hasita idazten da antzezlanen, filmen, kanten, musika-konposizioen, pinturen, eskulturen eta kidekoen izenburuetan. Eta, liburuekin egiten den bezala, letra etzanez idazten dira testu baten barnean gertatzen direnean. Adibideak:

      Mozarten Figaroren ezteiak opera; Txillidaren Haizearen orrazia eskultura taldea; Charles Chaplinen Garai modernoak eta Diktadore handia filmak; Mikel Laboaren Gure bazterrak eta Oroitzen zaitudanean, ama kantak; S. Botticelliren Venusen jaiotza ezaguna; Velázquezen Mozkorrak edo Bakoren garaipena izeneko margolana...

      Oharra:

      Jatorrizko hizkuntzan ematen direnean, jatorrizko hizkuntzan bezala idatzi ohi dira. Adibidez, ingelesez larriz idazten dira izenburuetako hitz nagusiak:

      Van Morrisonen You Know What They’re Writing About kanta

    • 2.2.4.14. Arau eta agiri ofizialak

      Arauen eta agirien izen ofiziala osatzen duten hitz nagusi guztiak letra larriz hasita idazten dira, baita programa, hitzarmen, politika, plan eta bestelako agiri ofizial ororen izenen osagaiak ere, bai ofizialak direnean bai ofizial bihurtu baino lehenagoko izapidetzean. Adibideak:

      Atzerritarren Legea, Prozedura Zibilaren Legea, Uraren Liburu Zuria, Ingurumen eta Garapenari buruzko Rioko Deklarazioa, Kode Zibila, Zigor Kodea, Zergekiko Foru Arau Orokorra, Bizkaiko Forua, Lizarrako Estatutua, Enplegu Plan Nazionala, Kyotoko Protokoloa, Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Hitzarmena, Errepide Mapa izeneko bake-plana...

      Oharra:

      Ohiturak ohitura eta erabilera guztiak bat ez badatoz ere, arau eta agiri ofizialen izenak luzeak direnean, gomendio gisa, sei hitz nagusi arte letra larriz hasita idaztea proposatzen da. Hortik gora (zazpi hitz edo gehiago), arauaren edo agiriaren lehenbiziko hitza letra larriz hasita idaztea proposatzen da, baita arau motaren beraren izena ere - Legea, Dekretua...-; gainerakoetan, letra larririk ez idaztea proposatzen da. Irizpide horrek berdin balio du lege eta gainerakoen aipamen zehatzetarako eta «laburtu» edo «egokituetarako» ere. Adibideak:

      Hobetzeari buruzko Legea [ Hobetzeari = 1 ]

      Gaueko Argiteriari buruzko Foru Legea [ Gaueko, Argiteriari = 2 ]

      Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsari buruzko Foru Legea [ Kontsumitzaile, Erabiltzaileen, Defentsa = 3 ]

      Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa [ Nafarroako, Foru, Eraentza, Berrezarri, Hobetzeari = 5 ]

      Nafarroako turismoko aterpetxeak antolatzeko Erregelamendua onesten duen Foru Dekretua [ Nafarroako, turismoko, aterpetxeak, antolatzeko, Erregelamendua, onesten, duen = 7 ]

      Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzko Legea.

      Euskadiko Gas Baltzuaren kapital-gehitzeari erantzuteko berariazko diru-izendapen bat egiteari buruzko Legea.

      Foru Legea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean aldez aurreko erretiroa eskatzen duten unibertsitatetik kanpoko langile irakasleek borondatezko erretiroaren sari osagarria jasotzeko baldintzak ezarri eta borondatezko erretiroaren sari osagarri horren zenbatekoa finkatzen dituena.

      4/2007 Foru Agindua, urtarrilaren 24koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 26an eman 83/2005 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez irailaren 13ko 368/1999 Foru Dekretua garatu zen, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetzaren antolamendua eta funtzionamendua arautu zituena.

      3600/2006 Ebazpena, abenduaren 11koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1997ko abenduaren 19ko Aginduan eta uztailaren 20ko TAS/2435/2004 Aginduan ezarritako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, Estatuko Administrazio Orokorreko organoekiko eta irabazi asmorik gabeko erakundeekiko lankidetzaren esparruan.

      Lege eta gainerako arau eta agiri ofizialen osagai formal handi-txikiak (kapitulua, atala, artikulua, eranskina, zatia, titulua, atalburua, xedapena, idazpurua...) letra xehez idazten dira. Gauza bera aipamen orokorrak egiten direnean. Adibideak:

      Legearen II. atalburuan, 27. artikuluko b atalean eta III. eranskinean

      2. xedapen gehigarrian zehaztu denez (...)

      Eta foru-lege honetan (...)

      Hala ere, erregelamendu honen 2. artikuluan (...)

      Enpresen eta era guztietako erakundeen agiri, gutun, arau, jarraibide, barne- nahiz kanpo-dokumentu eta kidekoen izenburuen hitz nagusi guztien lehen letra ere larriz idazten da (Dena dela, letra etzanez idazten badira, ez da letra larririk behar hitz guztietan eta aski da lehenengoan jartzea). Hala ere, luzeak direnean, zazpi hitz nagusi edo gehiago badituzte, lehenbiziko hitza letra larriz hasita idatziko da, baina gainerakoak ez. Nolanahi ere, eremu pribatuari dagozkionez, erakunde bakoitzaren estiloak edo ohiturek finkatu ohi dute erabili beharreko irizpidea. Adibideak:

      Lan Segurtasuna Bermatzeko Jarraibideak izeneko dokumentuan zehazten dira (...)

      Eta Enpresako Langileentzako Barne Arautegiak zehazten duenez (...)

      Oharra:

      Arau eta agiri ofizialen grafiari dagokionez, kontuan hartu beharra dago bi grafia dabiltzala batera: grafia ofiziala eta grafia arrunta. Espezializazio-idazkerari dagozkio gorago emandako irizpideak. Testu tekniko espezializatu eta ofizialetan askoz gehiago erabiltzen da letra larria; haietan derrigorra da arauen izenetan hasierako letra larria (Legea, Dekretua, Ebazpena...). Espezializazio-eremutik kanpo, aldiz, ohikoa da arauen izenak letra xehez idaztea; gainera, lege eta gainerako arauen izendapena laburtuta erabili ohi da. Adibidez, grafia ofiziala Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legea izan daiteke, baina, hortik kanpo, laburtuta erabiltzen denean, Haurrak Babesteko legea idatz daiteke, ez baita legearen izen ofiziala.

      Betiere, modu generikoan erabiltzen direnean, letra xehez idatzi behar dira. Adibideak:

      Datorren urtean, lurzorua babesteko lege bat egingo dutela esan dute.

      Batzar Nagusiek foru-arauak onartzeko ahalmena dute.

  • 2.2.5. Leku-izenak
    • 2.2.5.1. Leku-izenak

      Estilo-liburuaren hirugarren liburukian, Onomastikan, berariaz landu ziren letra larrien eta xeheen inguruko alderdiak, eta han zehaztu ziren irizpide orokorrak. Hona hemen irizpide horiek, hainbat oharrez osatuak:

      Leku-izenak bi osagai izaten ditu: espezifikoa (lekuaren berezko izena; izen berezia izan ohi da) eta generikoa (zer leku mota den zehazten duena; izen arrunta izan ohi da). Adibidez, Ebro ibaia toponimoan, Ebro da osagai espezifikoa eta ibaia generikoa.

      Baina leku-izenaren berezko egituraren ondorioei heldu baino lehen, oinarrizko beste sailkapen bat egin behar da, eta bi sail bereizi: toponimo politiko-administratiboak eta toponimo fisikoak. Toponimo politiko-administratiboak dira: estatuak eta estatuen barneko banaketa administratiboaren emaitza direnak: autonomia-erkidegoak, probintziak, departamenduak, eskualdeak, udalerriak... egungoak nahiz izandakoak. Horiek, leku-izenaz gainera, erakunde ere badira edo izan dira, eta letra larriz idaztekoa da izendapen ofizialaren parte diren hitz guztien lehen letra. Adibidez:

      Alpe Garaiak (departamendua); Frantziako Errepublika (estatuaren izen ofiziala); Espainiako Erresuma (estatuaren izen ofiziala) edo Espainia; Libiako Arabiar Herri Errepublika Sozialista (estatuaren izen ofiziala) edo Libia; Nafarroa Beherea (herrialdea); Kanariar Uharteak edo Kanariak (autonomia-erkidegoa); La Paz (hiria); Río de la Platako Probintzia Batuak (toponimo administratibo historikoa); Asiako Probintzia (toponimo administratibo historikoa); Adengo Protektoratua (toponimo administratibo historikoa); Erromatar Inperioa (antzinako estatua)...

      Oharra:

      Erakunde diren aldetik, grafia ofizialak dira Arabako Lurralde Historikoa, Bizkaiko Jaurerria, eta abar, baina, hortik kanpo, grafia arrunta erabiltzen denean, letra xehez hasita idazten da generikoa: Arabako probintzia, Bizkaiko probintzia...

      Halaber sar daitezke sailkapen horretan esanahi ideologiko edo geopolitikoa dutenak. Adibidez:

      Hirugarren Mundua, Ekialde Hurbila, Ekialde Urruna, Mendebaldeko Europa

      Toponimo fisikoak dira gainerakoak: mendiak, ibaiak, itsasoak, lurmuturrak, kaleak, bideak... Askotan, elkarren ondoan agertu ohi dira izen berezia (Ebro) eta izen generikoa (ibaia), baina toponimoen egitura, osagaiei dagokienez, ez da beti bat, eta errealitateak erakusten du kamutsa dela toponimoetan letra larriak nola erabili behar diren adierazteko arau nagusitzat har daitekeena -osagai espezifikoa letra larriz eta osagai generikoa letra xehez-.

      Leku-izena osatzen duten elementuen -bereziaren eta generikoaren- arteko harremana ez da beti bera. Askotan, elementu generikoa ez da nahitaez izen bereziari atxikia agertu beharrekoa (Amazonas ibaian edo Amazonasen esan daiteke; Usurbilgo herrian edo Usurbilen; Mediterraneo itsasoaren ertzean edo Mediterraneoaren ertzean; Pirinio mendiak edo Pirinioak); beste batzuetan, ordea, elementu generikoa ezin kenduzkoa da, ez da hautazkoa (Itsaso Gorria esaten da beti, ez da *Gorria bakarrik esaten; Mexikoko golkoa, Esklaboen aintzira eta Ur-jauzien mendikatea toponimoetan, adibidez, ezin da generikoa kendu eta *Mexikoko, *Esklaboen eta *Ur-jauzien bakarrik utzi).

      Dena dela, irizpide nagusia hau da: toponimoaren elementu generikoa letra xehez idaztekoa da. Irizpide nagusi hori hartu eta erabili du Euskaltzaindiak Euskal Herriko toponimia txikia finkatzeko, eta, beraz, irizpide hori zabalduta, gainerako toponimoei ere ezartzekoa da.

      Beraz, generikoaren eta bereziaren arteko harreman horretan oinarritzen da irizpidea. Generikoa hautazkoa denean, letra xehez idaztekoa da. Adibidez:

      Amazonas (Amazonas ibaia), Anboto (Anboto mendia), Bahamak (Bahama uharteak)...

      Elementu generikoa hautazkoa ez denean ere, generikoa letra xehez idaztekoa da gehienetan. Adibidez:

      • a) Elementu espezifikoa (izen berezitik -(t)ar atzizkiaren bidez eratorritako adjektiboa) eta elementu generikoa (izen arrunta). Adibideak:

        Kaspiar itsasoa, Tirreniar itsasoa, Italiar penintsula, Kantabriar mendikatea, Iberiar goi-ordokia, Kanbriar mendiak, Aleutiar uharteak, Britainiar uharteak...

        Oharra:

        Dinariar Alpeak toponimoan, berriz, letra larriz idaztekoa da Alpe hitza, elementu generiko berezia baita (ez da mendikate, mendigune, mendilerro edo mendi ohiko generikoak bezalakoa).

      • b) Izen espezifikoa, -ko edo -en atzizkia eta izen generikoa. Adibideak:

        Omango itsasoa, Eskandinaviako mendikatea, Bizkaiko golkoa, Atacamako goi-ordokia, Suaren lurraldea, Esperantza Onaren lurmuturra, Maud Erreginaren lurraldea, Elur-oreinaren aintzira, Faisaien uhartea, Hartzen uhartea, Eduardo Printzearen uhartea, Esklaboen kostaldea, Konstantzako aintzira, Suezko kanala, Tarifako lurmuturra, Floridako penintsula, Gibraltarko itsasartea, Panamako kanala, Paueko uhaitza, Oloroeko uhaitza, Niloren delta, Dardaneloen itsasartea, Girondako estuarioa, Arcachongo badia, Landerbasoko erreka, Saratzeko lepoa, Errotazarko iturria...

      • c) Izen-elkarteak. Adibideak:

        Koral itsasoa, Sargazo itsasoa, Metal mendiak, Ipar lurmuturra, Hego uhartea, Ipar itsasoa, Ipar poloa (edo Iparburua), Hego hemisferioa...

      Elementu generikoa letra larriz idaztekoa da, berriz, hiru kasu hauetan:

      • 1. Izena + izenondoa egitura denean, hau da, generikoak izenondo baten laguntza duenean. Adibideak:

        Ibai Horia, Hartzaren Aintzira Handia, Aragoiko Kanal Inperiala, Ozeano Atlantikoa, Mendikate Banatzaile Handia...

        Oharrak:

        • Toponimoek, batzuetan, egitura konplexua dute, hala nola izenlaguna + izena + izenondoa. Horrelakoetan, hau da, izenondoren bat eskuinean ageri denean, beti idatzi behar da elementu generikoa letra larriz. Adibidez, Elur-oreinaren aintzira toponimoan, aintzira letra xehez idaztekoa da. Hartzaren Aintzira Handia toponimoan, berriz, larriz idatzi behar da aintzira, ondoren izenondoa duelako. Beste hainbeste gertatzen da, adibidez, Sondako Uharte Handiak eta Sondako Uharte Txikiak toponimoetan ere.
        • Batzuetan, izen generikoa lexikalizatuta dago, eta ez da itzultzen, Adibidez, Mont Blanc (mendia). Antzeko kasua da Monte Perdido (mendia) ere, nahiz eta, maiz, ahozkoan batez ere, Perdido (edo Perdido mendia) bakarrik esaten den. Mont Blanc toponimoan, berriz, ez da Blanc (edo Blanc mendia) esaten.
        • Kontuan izan behar da toponimoari laguntzen dion izenondoa batzuetan ez dela toponimoaren berezko osagaia, baizik eta izenondo arrunta. Horrelakoetan, jakina, izenondoa letra xehez idatzi behar da. Adibideak:

        Bi Amerika daude: Amerika aberatsa eta Amerika pobrea.

        Iparraldean, Nafarroa menditsua dugu, eta hegoaldean, berriz, Nafarroa laua.

        Batzuek Iparraldeari Euskal Herri kontinentala esaten diote, eta Hegoaldeari, berriz, Euskal Herri penintsularra.

        Alemania komunista deitzen zioten Alemaniako Errepublika Demokratikoari.

        Italia faxistaren gorenaldian gertatu zen.

      • 2. Generikoa metafora baten bidez lortu denean, hau da, toponimoaren benetako izaera izen generikoarekin bat ez datorrenean. Adibideak:

        Aiako Harria («harri» hori mendia da); Hiru Erregeen Mahaia («mahai» hori mendia da); Adamen Zubia (istmo bat da); Afrikako Adarra («adar» deritzo, punta-formakoa delako, mapan ikusita); Gazako Zerrenda («zerrenda» deritzo, lurralde estua eta luzea delako); Erraldoien Galtzada («galtzada» hori itsaslabarra da)...

      • 3. Generikoa kokatzaile huts eta orokor batez lagunduta dagoenean (izen berezia puntu kardinalak direnean, adibidez). Adibideak:

        Ekialdeko Mendikatea, Erdialdeko Mendigunea, Ekialdeko Itsasoa...

    • 2.2.5.2. Astronimia

      Planeten, sateliteen, izarren, konstelazioen, galaxien eta, oro har, astro guztien izenetan hasierako letra maiuskulaz idaztekoa da. Adibideak:

      Merkurio da Eguzkitik gertuen dagoen planeta.

      Satelite bakarra du Lurrak: Ilargia.

      Oso ikusgarriak dira Saturnoren eraztunak.

      Ipar hemisferioko konstelazio ezagunak Hartz Nagusia eta Hartz Txikia dira.

      Astronomoek Halley kometa hurbiltzen ikusi zuten.

      Gure galaxia, Esne Bidea alegia

      Hilaren 19an, Eguzkia, itxuraz, Capricornus konstelazioan sartuko da.

      Zeruko izarrik distiratsuena Sirius da.

      Ez nekien Aldebaran zenik Taurus konstelazioko alfa izarra.

      Oharra:

      Eguzkia, Lurra eta Ilargia izenen hasierako letra maiuskulaz idatzi behar da astronomia eta astrofisikako testuetan. Adibideak:

      Ilbetea edo Ilargi Betea, Ilargiaren faseak (baina ilargi-faseak), Ilberria edo Ilargi Berria, Ilgora, Ilbehera, Eguzkiaren eklipsea (baina eguzki-eklipsea)...

      Testuinguru horietatik kanpo eta astroaren adiera hertsitik kanpo, letra xehez idatzi ohi dira, baita haiei lotutako fenomenoak adierazteko ere. Adibideak:

      Ez zaitez jarri eguzkitan, erre egingo zara eta!

      Atzo eguzkia hartu genuen, baina gaur eguzki zuria dago.

      Gogotik jotzen du eguzkiak.

      Laino itxia dago, eta ezin ikusiko dugu ilargia.

      Ematen du ilargian dagoela, ez da ezertaz konturatzen.

      Gaur ilberri(a) da.

      Arrantza-denboraldia urriko ilberria baino astebete lehenago hasiko da.

      Eguzki-panelak, eguzki-urtea, eguzki-energia, ilargi-adarra, ilargi-izpiak, ilargi-urtea, eguzki-sistema...

    • 2.2.5.3. Zodiakoa

      Letra larriz hasita idazten dira zodiakoa osatzen duten hamabi zeinuen izenak, konstelazio-izenak baitira. Adibideak:

      Egia da, Taurus zeinukoa da Ane.

      Hamabi konstelaziok osatzen dute Zodiakoa, eta Aries da lehena.

      Zodiako hitza letra larriz hasita idazten da hamabi konstelazioak dituen zeruko eremua izendatzeko. Aldiz, zodiako hitzaren bidez adierazten bada zeruko eremu hura irudikatzen duen zirkulu sektoretan zatitua, xehez idazten da. Adibideak:

      Zein dira Zodiakoko konstelazioak?

      Indiako astrologoen zodiakoa eta Txinakoena ez dira berdinak.

    • 2.2.5.4. Puntu kardinalak

      Letra xehez hasita idazten dira puntu kardinalak (iparra, hegoa, ekialdea/sortaldea, mendebaldea/sartaldea) eta haien elkarketaz sortzen diren puntu interkardinalak eta gainerako tarteko puntuak ere (ipar-ekialdea, ipar-mendebaldea, hego-ekialdea, hego-mendebaldea; ipar ipar-ekialdea, ipar iparmendebaldea, mendebalde hego-mendebaldea...), bai irudizko puntua bai norabidea edo orientazioa adierazten dutenean. Adibideak:

      Iparrorratzak ipar magnetikoa adierazten du.

      Bardea Nafarroako hegoaldean dago.

      Eguzkia mendebaldetik sartzen da.

      Gaur hego-haizea dabil.

      Hotz handia ekarriko du ipar-haizeak.

      Orduan, ekialderantz abiatu ziren.

      Hiriaren mendebaldean gertatu zen ezbeharra.

      Ebrotik hegoaldera, hotz handia izango da.

      Otsoak mendebaldetik etorri ziren.

      Nafarroako hegoaldean barrena ibili ziren.

      Zarauzko hego-ekialdea etxez betetzen ari da.

      Uhartea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du.

      Europako ekialdea; AEBko mendebaldeko kostaldea; hiriaren hego-ekialdean

      Puntu kardinala leku-izen baten parte denean -kontinente, herrialde, eskualde, mendi, itsaso, bide edo dena delako errealitate geografiko, geopolitiko edo historiko jakin bat adierazten duenean-, letra larriz hasita idazten da. Adibideak:

      Ipar Irlanda; Iparraldea edo Ipar Euskal Herria; Hegoaldea edo Hego Euskal Herria; Mendebaldeko Samoa; Hego Amerika; Ipar Amerika; Hego Korea; Iparraldeko geltokia Donostian; Hego Uribe; Ekialdeko Mendikatea; Erdialdeko Mendigunea; Ipar lurmuturra; Hego uhartea; Ipar itsasoa; Ipar poloa (edo Iparburua); Hego hemisferioa...

      Ekialde Hurbila; Ekialde Urruna; Mendebaldeko zibilizazioa; Iparralde aberatsaren eta Hegoalde pobrearen arteko harremanak; Ekialdeko herrialdeak; Ekialde-Mendebalde gatazka Gerra Hotzaren garaian...

      Estatu Batuetako Gerra Zibilean, Iparraldea Hegoaldeari nagusitu zitzaion.

      Nolabaiteko batasuna -geografian, historian, kulturan edo politikan- duten eskualde eta makroeskualdeen izendapenen parte izaten dira, maiz, puntu kardinalak. Halakoetan ere, letra larriz hasita idazten dira (kontuan izan desberdintasuna: Europako ekialdea, Euskal Herriaren iparraldea -orientazioa-, baina Ekialdeko Europa, Ipar Euskal Herria edo Iparraldea -leku-izena-). Adibideak:

      Ekialdeko Europa, Mendebaldeko Europa, Erdialdeko Europa, Hego Europa, Ipar Europa, Hego-ekialdeko Asia, Ipar Afrika...

      Oharra:

      Puntu kardinalen nazioarteko ikurrak beti letra larriz erabiltzen dira. Adibideak:

      NW (ipar-mendebaldea), SSE (hego hego-ekialdea), W (mendebaldea)...

      Nazioarteko ikurren ordez puntu kardinalen euskal izenetatik ateratako ikurrak erabiltzen badira, letra larriz idatzi behar dira horiek ere. Adibideak:

      iparra = I; hegoa = H; ekialdea = E; mendebaldea = M

    • 2.2.5.5. Zeru-lurretako irudizko lerroen eta poloen izenak

      Lur- nahiz zeru-esferako tropikoen izenen osagai espezifikoa letra larriz hasita idazten da, baina tropiko letra xehez idazten da, baita gainerako lerroen izenak ere, hala nola «paralelo» eta «meridiano». Adibideak:

      Kantzer tropikoa eta Kaprikornio tropikoa; zeru-ekuatorea; Greenwich-eko meridianoa; ekinozioen lerroak eta ekliptikaren planoa; zirkulu polar artikoa eta zirkulu polar antartikoa...

      Toponimoaren parte denean, berriz, larriz idazten da. Adibidez:

      Ekuatore Ginea

      Poloen izenen osagai espezifikoa larriz idazten da. Adibideak:

      Naomi Uemura japoniarra izan da Iparburura (Ipar polora) bakarrik iritsi den lehen pertsona.

      Non dago Ipar polo magnetikoa?

      Roald Amundsen Hego polora (Hegoburura) iritsi zen 1911n.

    • 2.2.5.6. Herri eta hirietako kale, plaza, pasealeku, errepide eta gainerako odonimoen izenak

      Odonimoetan, osagai generikoa (kalea, zubia, etorbidea, pasealekua, bulebar, plaza...) letra xehez idazten da, eta osagai espezifikoa, berriz, larriz. Adibideak:

      Askatasunaren hiribidea, Tolosa hiribidea, Konstituzio plaza, Leandro Agirretxe plaza, Gudarien plaza, San Martin kalea, Santa Katalina zubia, Pio Baroja pasealekua, Santiago Urtizberea saihesbidea, Donapea kalea, Berriz landa, Begoñako Andra Mariaren zeharbidea...

      Zenbaitetan, izen espezifikoa konplexua izan daiteke, baina izen espezifikoaren barneko izen guztien hasierako letra larriz idaztekoa da. Adibidez, Deba ibaia toponimoa kale baten izena bada, toponimoaren bi osagaiak letra larriz idaztekoak dira: Deba Ibaia kalea (nahiz eta toponimoa Deba ibaia izan, hau da, ibai hitza letra xehez idatzia). Beste adibide bat:

      Santa Klara Uhartearen pasealekua (nahiz eta toponimoa Santa Klara uhartea izan)

      Beste hainbeste gertatzen da kale eta hiribideen izenen barnean agertzen diren pertsonen kargu eta tituluekin ere, hau da, letra larriz hasita idazten dira. Adibideak:

      Agirre Lehendakariaren kalea (nahiz eta, hortik kanpo, Agirre lehendakaria izan), Barnard Doktorearen plaza, Zumalakarregi Jeneralaren pasealekua...

      Batzuetan, osagai generikoa espezifikoarekin bat eginik dago, hau da, bi osagaiak bereizezinak dira (osagai espezifikoa izenondoa da -Kale Nagusia-). Halakoetan, bietan hasierako letra maiuskulaz idatzi behar da. Adibideak:

      Bilboko Plaza Barria, Ategorrietako Galtzada Zaharra, Kale Berria...

      Kasu horietan, gainera, gerta daiteke osagai generikoa fosilizatua izatea (espezifiko bilakatua, alegia). Fosiltze horren ondorioz, loturik idatzi ohi dira osagai espezifikoa eta generikoa. Adibideak:

      Goenkale, Artekale, Barrenkale, Kaletxiki, Kalezar...

      Oharra:

      Atzerriko kaleak-eta aipatzen direnean, osagai generikoa larriz uzten da erdara horietan hala idazten bada. Adibideak:

      Downing Street, Via Veneto, Puerta del Sol, Trafalgar Square, Hyde Park, Wall Street...

    • 2.2.5.7. Etxe eta bestelako eraikinen izenak

      Izendapenaren osagai espezifikoaren elementu nagusien hasierako letra maiuskulaz idazten da. Adibideak:

      Antzoki Zaharra (antzokia), Loiolako santutegia, Karlos V.aren gaztelua, Antiguako Andre Mariaren baseliza, Amarako geltokia...

      Oharra:

      Atzerrikoak itzuli gabe aipatzen direnean, osagai generikoa letra larriz uzten da, erdara horretan hala idazten bada. Adibideak:

      Buckingham Palace (baina Buckingham jauregia), Palazzo Chigi, Fontana di Trevi, Villa Farnesina...

      Eraikin batzuen izenak itzuli egiten dira, batez ere izen arruntez osatuak direnean eta oso ezagunak direnean. Adibideak:

      Etxe Zuria, Etxe Arrosa, Pentagonoa, Kapera Sixtinoa...

      2.2.5.8. Leku-izenetatik eratorritako aditzak

      Letra larriz idazten den leku-izen batez eta -ratu atzizkiaz osatutako aditzak letra larriz idazten dira, joskera-baliabide hutsa baita. Adibideak:

      Bilbo eta Bilboratu; Durango eta Durangoratu.

      Espainia eta Espainiaratu; Frantzia eta Frantziaratu.

      Amerika eta Ameriketaratu; Asia eta Asiaratu.

3. Letra larriak noiz ez diren erabili behar

Orain arteko puntuetan, batez ere, letra larria noiz erabili behar den zehaztu da, nahiz eta, askotan, letra xeheen erabilera ere zedarritu den. Letra larria erabili behar ez den guztietan erabili behar da letra xehea, eta, beraz, ez da beharrezkoa letra xeheen erabilera zehatz-mehatz adieraztea. Bestela esanda, letra larria da salbuespena, eta letra xehea da araua.

Nolanahi ere, han-hemen ikusten da badirela zalantzak letra xeheen erabileran, edo, zehatzago adieraztearren, batzuetan letra larria ikusten dela xehea behar lukeen tokian. Fenomeno hori nabarmenagoa da euskarara zuzenean ingelesetik itzulitako edo moldatutako testuetan. Hori dela eta, komeni da letra xeheen erabilerari buruzko ohar batzuk egitea; alegia, letra xeheen erabilera modu labur eta arinean esplizitatzea:

  1. Ez dira letra larriz idatzi behar sigla edo ikur bat osatzeko erabiltzen diren izen arruntak berez hala dagokien kasuan baino, sigla letra larriz idazten bada ere (ikus 1.5.2 puntua). Adibideak:

    balio erantsiaren gaineko zerga(15) (BEZ)

    barne-produktu gordina (BPG)

    kontsumoko prezioen indizea (KPI)

  2. Ez dira letra larriz idazten lanbideak, arteak eta zientziak (ikus 2.2.4.6 puntua). Adibideak:

    arotzeria, iturgintza, ehungintza, musika, pintura, arkitektura, historia, literatura, histologia, traumatologia, arkeologia, medikuntza, marketina, elektronika, aljebra...

  3. Ez dira letra larriz idazten jentilizioen izenak eta pertsona-izenetatik eratorritako izen eta izenondoak (ikus letra larrien erabilera: 2.2.1.5 puntua). Adibideak:

    fordista, italiarra, txinatarra, donostiarra, durangarra, turkiarra, frantses/frantziar, espainol/espainiar...

    aristotelismoa, darwinismoa, leninismoa, taylorismoa...

    karlista, marxista, orangista, kalbinista...

  4. Ez da letra larriz idazten santu-santen izenetik edo bestelako edozein izenetatik eratorri diren auzo, herri eta hirietako jaien izendapena. Dagokion izenari loturik idazten da san edo santa titulua, eta horrela sortutako hitza pluralean deklinatzen da. Adibideak:

    sanferminak, santakatalinak, sanprudentzioak, santomasak...

    porrontxoak, kofraixak...

  5. Ez dira letra larriz idazten farmakoen izen generikoak (botiken izen komertzialak bai, ordea). Adibideak:

    Orfidal eta Idalprem botikek lorazepama daukate.

    Medikuak azetazolamida hartzeko esan dit.

    Hemen, betaxolola erabiltzen da hipertentsioaren aurka, eta Oxodal izenarekin saltzen da.

  6. Ez dira letra larriz idazten urteko hilen izenak, diren egutegikoak direla, ezta urtaroak eta asteko egunak ere. Adibideak:

    urtarrila, abendua, ramadana, brumarioa, safara, chaitra, vaisakha, sivana, tammuza...

    udaberria, negua, astelehena, igandea......

  7. Ez dira letra larriz idazten moneten izenak. Adibideak:

    Italiako dirua lira zen; orain, berriz, euroa da.

    Estatu Batuetako dolarra eta Erresuma Batuko libera esterlina beherantz doaz.

  8. Ez dira letra larriz idazten herrien, etnien eta hizkuntzen izenak. Adibideak:

    hunoak, aztekak, apatxeak, khemerrak, tutsiak, uigurrak, turkoak...

    kazakhera, aimara, afrikaansa, etruskoa, gaelikoa, punjabera, italiera, latina...

  9. Ez dira letra larriz idazten konposatu kimikoak, aleazioak eta mineralak. Adibideak:

    karbono dioxidoa, hidrokarburo aromatiko poliziklikoa, polibinil kloruroa; konstantana, brontzea; migmatita, kristobalita, gibsita...

  10. Ez dira letra larriz idazten Lurrean eta atmosferan bereizten diren geruzak. Adibidez:

    ozonosfera, litosfera, ionosfera, exosfera...

  11. Ez dira letra larriz idazten haizeen izenak. Adibideak:

    mendebala, ipar-haizea, hego-haizea, sirokoa, tramontana, alisioak, ziertzoa, garizuma-haizea...

  12. Ez dira letra larriz idazten arteetako, filosofiako eta literaturako genero, estilo, joera eta konposizio moten izenak. Adibideak:

    kopla, bertsoa, fandangoa, zortzikoa, adagioa, rock-and-rolla, jazza, bluesa, rapa, kantata, oratorioa, suitea, mazurka, westerna, zarzuela, eleberri historikoa, poesia epikoa, flamenkoa, tangoa, erromantizismoa, gotikoa, inpresionismoa, kubismoa, klasizismoa, sinbolismoa, surrealismoa, existentzialismoa, postmodernitatea, barrokoa...

    Oharra:

    Kontuan izan estiloak aldi historiko bati izena ematen dionean letra larriz idazten dela aldi historikoa, baina ez estiloa (ikus 2.2.4.5 puntua).

  13. Ez dira letra larriz idazten musika-notak. Adibideak:

    do; re; mi; fa maiorrean; la bemolean; sol minorrean...

    Oharra:

    Hezkuntzaren beheko mailetan maior hitzaren ordez erabiltzen bada nagusi eta minor hitzaren ordez txiki, letra xehez idatzi behar dira horiek ere (la nagusian, sol txikian).

  14. Ez dira letra larriz idazten leku- edo pertsona-izenen ondoan, atributu gisa, edo haien ordez erabiltzen diren ezizenak(16). Adibideak:

    Parisek izan nahi du Ipar Amerikatik kontinente zaharrera sartzeko ate nagusia (kontinente zaharra: Europa).

    Zoritxarrez, kontinente beltzak etorkizun beltza du (kontinente beltza: Afrika).

    Gizakia planeta gorrira bidaltzeko planak prestatzen ari da NASA (planeta gorria: Marte).

    Urepeleko artzainaren bertsoak euskaldun askoren gogoan iltzaturik gelditu dira (Xalbador: Urepeleko artzaina).

    Kaxiano, Lizartzako itsua.

  15. Ez dira letra larriz idazten ideologiaren, etikaren edo erlijioaren ikuspegitik goresgarritzat hartzen diren ideia eta terminoak, edo, idazlearen ikuspegitik, itzal edo garrantzi handikoak direnak(17). Adibideak:

    aberria, nazioa, herria, iraultza, euskara, natura, gizadia, zibilizazioa, familia, bakea, zoriontasuna...

  16. Ez dira letra larriz idazten ekonomian edota politikan bereizten diren sektoreak eta klaseak. Adibideak:

    lehen sektorea, zerbitzuen sektorea, sektore pribatua, burgesia, langileria...

  17. Ez dira letra larriz idazten erlijioen izenak eta erlijio bakoitzaren jarraitzaileen izenak. Adibideak:

    kristautasuna, budismoa, islamismoa, katolizismoa, xamanismoa...

    katolikoa, protestantea, adbentista...

  18. Ez dira letra larriz idazten kargu ofizial eta akademikoen eta tituluen izenak. Adibideak:

    ministroa, zuzendaria, kontseilaria, alkatea, presidentea, euskaltzaina, errektorea, katedraduna, doktorea, bizkondesa, kondea, markesa, Ezpeletako baroisa, printzea, erregina...

  19. Letra larriz idazten diren hitzetatik eratorritako hitzak.

    Letra larriz idazten den izen batez edo sigla batez eta -kide edo -zale atzizki gisa funtzionatzen duten izenekin osatutako hitz eratorriak letra xehez idazten dira (-ar atzizkiarekin gertatzen den bezala: Perurena baina perurenatarrak eta Usurbil baina usurbildarra). Adibidez:

    JEL, baina jeltzale, jelkide, jeltzaletasun, jelkidetasun, jeltzaletu.

    ETA
    , baina etazalea, etakidea.

    UEU
    , baina ueukidea.

    UZEI
    , baina uzeikidea.

    GRAPO
    , baina grapokidea.

    Elhuyar
    , baina elhuyarkidea.

    Aralar
    , baina aralarkideak.

    Real Sociedad
    , baina realzaleak.

    Athletic
    , baina athleticzaleak.

    Baskonia
    , baina baskoniazaleak.

    Osasuna
    , baina osasunazaleak.

    Orio
    , baina oriozaleak [ Orioko arraunlarien jarraitzaileak adierazteko ].

    Ibarretxe politikaria, baina ibarretxezaleak [ bestela, Ibarretxeren zaleak ].

    Irujo pilotaria, baina irujozalea [ bestela, Irujoren zalea ].

    Oharrak:

    • Leku-izenekin erabiltzen denean, bereiz idaztea proposatzen da. Adibideak:

      Gure lagunak oso Getaria zaleak dira.

      Gaztetan, Lekeitio zalea izan zen.

    • Ikus 2.2.5.8 puntuan leku-izenetatik eratorritako aditzak idazteko irizpidea.

Oin-oharrak

  • (2) Badira, dena dela, salbuespenak, sigla batzuk letra larriz eta letra xehez idatzi ohi baitira. Adibidez:

    CiU...

    Halaber, badira, salbuespen gisa betiere, jatorrian sigla edo akronimo moduan eratuak izan arren, autonomia hartu duten izenak edo markak. Adibideak:

    Seat (jatorrian, Sociedad Española de Automóviles de Turismo)
    Talgo (jatorrian, Tren Articulado Ligero Goicoechea Oriol)
    Benelux (België, Nederland, Luxembourg estatu-izenen lehen letrekin osatua)

    Azkenik, sigla batetik abiatuta eta letraren bat(zuk) erantsita beste sigla bat sortzen denean, letra erantsiak xehez idazten dira batzuetan. Adibidez:

    RNA (azido erribonukleikoa) eta RNAm/mRNA (azido erribonukleiko mezularia)

  • (3) Euskarazko testu ofizialetan, dena den, ohikoa da zerga-izenak letra larriz hasita idaztea (Balio Erantsiaren gaineko Zerga; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga), hori baita Espainiako administrazio-testuen tradizioa (Impuesto sobre el Valor Añadido; Impuesto sobre la Renta de las Personas Físicas). Frantziako testu ofizialetan edo katalanezko testu ofizialetan, berriz, letra xehez idazten dira zerga-izenak (frantsesa: taxe sur la valeur ajoutée; impôt sur le revenu des personnes physiques. Katalana: impost sobre el valor afegit; impost sobre la renda de les persones físiques).
  • (4) Kontuz ibili behar da ordenagailu bidezko testu-tratamenduen automatismoak ezartzean, aplikazio informatiko batzuek automatikoki ezartzen baitute letra larria puntuaren ondoren.
  • (5) Estilo-liburuaren Ortotipografia liburukiaren «Bi puntuen ondorengo idazkera» atalaren osagarria.
  • (6) Erabilera estilistiko eta markatu berezi batzuetan, hala ere, hautsi daiteke araua, baina erabilera horiek literaturaren munduan gertatu ohi dira, ez ikasmaterialetan.
  • (7) Ikus, dena den, 3.14 puntua.
  • (8) Hala ere, kontuan hartu osagai generikoak ez direla izen bereziak (Pintto txakurra, Donald ahatea).
  • (9) Herritarren izenak (gasteiztarrak, bizkaitarrak...) ez dira letra larriz idazten. Ikus 3.3 puntua.
  • (10) kultura-sailburua formaren ordez, kultura sailburua aldaera ere -marratxorik gabe, alegia- zuzena da, marratxoa aukerakoa baita. Dena dela, Euskaltzaindiak marratxoz nahiz bereiz idazteko aukera emana duen hitz elkartuak marratxoz idaztea hobesten da ikasmaterialetan. Bestalde, Kultura Sailburua idaztea ere zuzena litzateke ohorezko trataeretan edo protokolo-trataeretan kultura-sailburua formaren ordez; hala ere, 2.2.1.7 puntu honetako bigarren oharrean adierazi den moduan, hobe da horrelakoetan ere letra xeheak erabiltzea.
  • (11) Hitz nagusiak dira: izenak, izenordainak, izenondoak, erakusleak, zenbatzaileak, izenlagunak, aditzak eta adizkiak, aditzondoak eta adberbioak. Ez dira hitz nagusitzat hartzen juntagailuak, lokailuak, postposizioak -eta postposizioetatik eratorritakoak- eta bestelako partikulak (ote, al, ez, bezala...); hala ere, berez nagusi ez izan arren, eduki semantikoagatik edo enfasiagatik, letra larria har dezakete.
  • (12) Gaztelaniaz eta frantsesez aski sistematikoa da letra larriz hasita idaztea «estado/état» hitza. Tradizioak eta erreberentziazko erabilerak izan dezakeen pisuaz gainera, kontuan izan behar da halako balio «diakritikoa» duela, nolabait esatearren, hots, guztiz bestelako esanahia duen «estado/état» (egoera) hitzetik bereizteko balio duela.
  • (13) Aposizioa da, Garaziko herria, Iratiko basoa, Gipuzkoako probintzia edo Bilboko hiria diren bezala. Eta letra xehez idaztekoa da.
  • (14) Aberri Eguna / Aberri-eguna izendapen berezia da, Eusko Alderdi Jeltzaleak lehen aldiz 1932an antolatu zuena eta haren ondorengoak izendatzeko balio duena. Beste nonahikoa bada, Aberriaren Eguna izendapena erabiltzea komeni da, hori baita joskera normala (Maiatzaren 25ean, Aberriaren Eguna ospatzen dute argentinarrek). Izan ere, ez dira gauza bera patata-urtea (2008. urtea, patata-urtea) eta patataren urtea (2008. urtea, Patataren Urtea). Ildo beretik, eta ohiturak ohitura, hauek dira gomendatzekoak: Sagardoaren Eguna, Arrantzalearen Eguna, Txakolinaren Eguna, Berdelaren Eguna (eta ez: *Berdel Eguna; *Berdel-eguna)...
  • (15) Ikus 1.5.2 puntuan zerga-izenei buruz egindako oharra (3. oin-oharra).
  • (16) Nolanahi ere, ez da erraza mugak zehaztea. Adibidez, adibidean ageri den Urepeleko artzaina izen antonomasikoa dela uler liteke; hala ulertuz gero, 2.2.1.2 puntuan ezarritakoaren arabera, Urepeleko Artzaina idatzi behar litzateke.
  • (17) Ez dago kontraesanik irizpide horren eta 2.2.3.1 puntuan ematen den irizpidearen artean, desberdinak baitira erabilerak.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus