Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XIII)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XIII)

2008-07-04 / 08:15 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Orri honetan arreta handia eman diogu aditz-denboren erabilerari. Gramatika-testuetan nahiko garbiro egoten da zehaztuta aditz-denbora bakoitza zelan erabiltzen den, baina itzulpenak beti korapilatzen ditu gauzak. Itzulpena bikoizketarako bada, are gehiago. Izan ere, pertsonaien egoera psikologikoak ere badu eragina aditz-denbora baten edo beste baten hautaketan.

ERDARETATIK EUSKARARA

ERDARETATIK EUSKARARA


Gertatu eta igaro dena

Dagoeneko amaitu eta denboran atzera geratu diren jazoerak kontatzeko, adizki bat baino gehiago dute gure inguruko hizkuntza guztiek. Azpiko zerrendan jarri ditugun adizkiek orainaldiko forma dutela esan dezakegu.

euskaraz: etorri naiz
ingelesez: I have come
frantsesez: je suis venu

Beste hauek, berriz, iraganekoa.

euskaraz: etorri nintzen
ingelesez: I came
frantsesez: je vins

Aurkeztutako adizkiak itxuran parekoak izan arren, balioan, ostera, ez dira beti pareko. Baliokidetasunak honela laburbil daitezke.

ingelesez: I have come
euskaraz: etorri naiz

ingelesez: I came
euskaraz: etorri naiz / etorri nintzen

frantsesez: je suis venu
euskaraz: etorri naiz / etorri nintzen

frantsesez: je vins
euskaraz: etorri nintzen

Testu bat ingelesetik euskarara ekartzen dugunean, testuinguruak esango digu «I came» erako adizkiak «etorri naiz» ala «etorri nintzen» modura itzuli behar ditugun. Gauza bera, frantsesetik euskarara. Testuinguruak argituko digu «je suis venu» zer den: «etorri naiz» ala «etorri nintzen».

Bikoizketan ere hala da, baina ez da alferrekoa oharpen bi egitea. Lehena da askotan erreferentzia ez dela denbora erreala izaten, denbora psikologikoa baizik.

Denbora psikologikoaren adibide bat emateko, "Traveler" telesailaren eszena bat har dezakegu. Protagonistak, ihesi doazela, gauza batzuk berreskuratzera doaz gordeta dauzkaten tokira.

  • Will and I left some boxes at a friend’s house. They had his chemistry work, clothing...
    • Willek eta nik kaxa batzuk gorde ditiagu etxe batean... Bere kimikako lanak zeudek, arropak...

    (Traveler 03)

Protagonistentzat oraindik orain gertatu da guztia: euren gauzak lagun baten etxean utzi dituzte bi egun lehenago, Estatu Batuak alderik alde zeharkatzeko abenturari ekin aurretik, bidean tranpa batean jausiko zirela jakin barik. Euskaraz ez litzateke egokia izango «gorde genitian» jartzea, «behinola», «behinola gorde genitian» esango balute bezala.

"Itsasoaren urdina" telesailean, protagonista hiltzen ahalegindu dira. Saiakera, azpiko elkarrizketa baino egun batzuk lehenago gertatu zen, baina Taliak -protagonistak- eta bere lagunak ezin dute burutik aldendu. Egokiena, beraz, aditza orainaldian ipintzea da.

  • JEANNE: Charles a tenté de te tuer! Ça ne te suffit pas!? Mais qu'est-ce que tu cherches à prouver?

    TALIA: Je veux qu'il comprenne qu'il ne me fait pas peur.

    • JEANNE: Hil egin nahi izan zaitu! Zer erakutsi nahi duzu?
      TALIA: Ez diodala beldurrik.

      (Itsasoaren urdina 02)

Denbora psikologikoak nahasteak eragiten ditu, baina batzuetan denbora errealak are nahaste handiagoak. Hain zuzen, bigarren oharpena da oso adi jarraitu behar zaiola kontakizunaren hariari, batzuetan ez baita erraz igartzen, esate baterako, biharamunera pasatu den ala egun berean jarraitzen duen.

"Dr Who" telesailaren lehen atalean, adibidez, Doktoreak Roseri izena lehen aldiz esan dionetik bigarrenez esan dionera hainbat eszena igaro dira, baina kontatzen diren gertakizunetan minutu erdi baino ez.

  • ROSE: Who are you?
    DOCTOR: Told you, the Doctor.
    • ROSE: Nor zara zu?!
      DOCTOR: Esan dizut: Doktorea.


      (Dr Who 01)

Kontakizunari adi jarraituz gero, erraz kontura gaitezke okerra litzatekeela «esan nizun» jartzea. Era berean kontakizunari adi jarraituz gero, "Itsasoaren urdina"ren protagonistak egunkarian irakurritako albiste honetan ez genuke ipiniko ez batean «itsasora atera da», ez bestean «itxaropena galdu zuten».

  • Malgré l'avis de tempête, Abel Delcourt a pris la mer n'hésitant pas à mettre en danger sa vie ainsi que celle d'Ariane Delcourt, l'ex-femme de Charles Delcourt. Après deux semaines de recherches infructueuses, les secours ont écarté tout espoir de retrouver Ariane et Abel Delcourt vivants.
    • Nahiz eta ekaitza iragarria izan, Abel Delcourt itsasora atera zen, eta arriskuan jarri zituen bere bizia eta anaiaren emazte izandako Ariane Delcourtena... Bi aste bila ibilita gero, salbamendukoek bikotea bizirik aurkitzeko itxaropena galdu dute.


      (Itsas... 01)

Itzulpenak eragiten dituen korapiloetatik harago, euskaraz ditugun ohitura ezberdinek ere arazoren bat ekar dezakete. Izan ere, aditz-aukera bi ditugu honako kasu honetan: denboran atzera geratutako jazoera bi, uneren batean bat egin dutenak. Bietako bat erreferentzia modura erabiltzen dugu, eta orainaldi burutuan ematen dugu. Beste jazoerak nolabaiteko iraupen edo hedadura luzea izan behar du, eta era bitara eman dezakegu.

  1. Iraganeko trinkoa / iraganeko burutugabea:
    • Sakelak arakatu dizkiot, baina ez zeukan ezer.
    • Atea ireki dut, eta gizon bat zegoen, txakur batekin.
    • Hainbeste bider galdetu diot, baina gezurra erantzuten zidan denbora guztian.
  2. Orainaldi burutua:
    • Sakelak arakatu dizkiot, baina ez du eduki ezer.
    • Atea ireki dut, eta gizon bat egon da, txakur batekin.
    • Hainbeste bider galdetu diot, baina gezurra erantzun dit denbora guztian.

Bigarren modua, orainaldi burutuaz baliatzea, mendebaldeko euskara batzuetan entzuten da. Bikoizketan zilegi da batera zein bestera egitea, nork bere ohituren arabera.

  • SANDRA: Did you see this?
    NOAH: I knew this would happen.
    SANDRA: How’d you know this was gonna happen?
    NOAH: ...
    SANDRA: Hey, that’s not the way we do things, anymore. No more secrets. That was the deal.
    • SANDRA: Ikusi duzu?
      NOAH: Jakin dut gertatuko zela.
      SANDRA: Jakin duzula? Nola?
      NOAH: ...
      SANDRA: Noah, orain ez ditugu gauzak horrela egiten hemen. Sekretuak amaitu ziren. Horixe zen tratua.


      (Heroiak II - 02)

Elkarrizketa horretan «jakin dut» eta «jakin duzula» dauden tokian «banekien» eta «bazenekiela» ipin zitezkeen.

Aintzat hartu behar da, dena dela, burutuaren aukerak ez duela beti ondo funtzionatzen. Izan ere, orainaldi burutua errazago ulertzen dugu gertaera puntual modura. Gertakizuna iraupen luzekoa dela aditzera eman nahi badugu, orainaldi burutuari beste zerbaitek lagundu behar dio, indargarri bat behar du.

Indargarri hori aditzaren esangura izan daiteke. Jakitea, adibidez, ez da istantean hasten eta amaitzen; jakitea ekintza "luzea" da. Beste batzuetan, indargarria denborazko adberbioren bat izan daiteke («denbora guztian»...). Azkenik, indargarria aditz-flexioan bertan egon daiteke, «erantzuten izan dit» modura, edo «erantzun izan dit» modura.

HIZKERAK


Calgonit brilliant

Fabrikatzaile askok "deiturak" eransten dizkiete euren produktuen izenei, produktuok berriztu eta hobetu egin dituztela iradokitzeko: «Ariel frescor de los Alpes», «Ariel blancura profunda», «Ariel sensaciones», «Ariel básico»...

Iragarkiak bikoizten ditugunean, halako izenak euskaraz jartzeko ohitura dugu, "deitura" lekuz aldatu barik, eta jatorrizkotik ahalik eta lotuen, erreferentzia ez galtzeko: «Ariel frescor de los Alpes» / «Ariel Alpeetako freskura», «Vernel rosas silvestres» / «Vernel basa-arrosak», «Colon toque de Flor» / «Colon Flor ukitua», «H&S color» / «H&S kolorea»...

Gaztelaniaz beste hizkuntza bateko deitura ipintzen badute, euskaraz beste hizkuntza horretan uzten dugu: «Calgonit brilliant», «Opel Corsa blue line», «Danet batifresh»...

Euskaraz jartzen ditugun deiturak artikulu eta guzti ematen ditugu. Edozelan ere, atzetik «berri» izenondoa edo beste hitzen bat erantsiz gero, deklinatzeko, kate bakartzat hartzen dugu dena.

  • Nuevo H&S color, ama todos los colores excepto el blanco.
    • HS kolore berriak kolore guztiak maite ditu, zuria izan ezik.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Txosten hau ETB eta MIXER-eko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)
  12. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XII)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus