Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Supervivientes

Supervivientes

2008-06-06 / 08:30 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

"Supervivientes" deritzon telebistako saioari euskaraz izen itxurosoa ipini behar izanez gero, jai genuke hiztegiekin. Izan ere, inguruko hizkuntzetako «superviviente», «survivent», «survivor» esateko ez daukagu hitz zehatzik.

Bizirik irtetea

Bizirik irtetea

Gehienetan, ezbeharrean hil ez direnen egoera aditz-lokuzio baten bitartez ematen dugu aditzera: «bizirik atera», «bizirik irten»...

  • Istripuan bizirik ateratakoak anbulantzian eraman dituzte.
  • Pertsona bakarra irten da bizirik sarraskitik.
  • Gaur ume bat aurkitu dute bizirik hondakinen artean.

Halako esaldietan ez dugu batere arazorik. Ondo moldatzen gara lokuzioekin.

Bizi arrastoak

Beste egoera batzuetan, ordea, goiko lokuzio horiek ez digute balio. Kasurako, erreskateetan, inor bizirik dagoen ez dakigunean.

  • Erreskate taldeak ???bizirik dauden pertsonen bila ari dira gau eta egun.
  • 130 mila soldadu ari dira hondakinak arakatzen, ???bizirik irten direnen bila.
  • Ingurua miatuko dute, ???bizirik egon daitezkeenen bila.

Zer egin holakoetan? Hiru bide proposatzen dizkizuegu.

  1. «Bizi» edo «bizidun» hitza erabili. Egia da hiztegiek ez dutela halako ordainik ematen, baina esaldi batzuetan eroso eta ulergarri sartzen direlakoan gaude.
    • Erreskate taldeak bizi(dun) bila ari dira gau eta egun.
  2. «Bizi-arrasto», «bizi-aztarna» edo antzeko esamolde bat aukeratu.
    • 130 mila soldadu ari dira hondakinak arakatzen, bizi-arrasto bila.
  3. Formulazio hipotetikoren bat erabili.
    • Ingurua miatuko dute, baten bat bizirik balego ere.

Biziraupena

Aditzari dagokionez, «bizirik atera»-ren ondoan, «bizirik iraun» eta «biziraun» ematen dizkigute hiztegiek. Azken hori lagungarria da «biziraupen-ikastaro», «biziraupen-kit» eta antzekoak esateko. Beste kasu batzuetan, hobe dugu kasuan-kasuan erabaki.

  • Biziraupena jokoan dagoenean, delituak ugaritu egiten dira.
    • HOBETO : Bizia jokoan dagoenean, delituak ugaritu egiten dira.
  • Zerealek miloika lagunen biziraupena ziurtatzen dute.
    • HOBETO : Zerealak milioika lagunen bizibide / elikagai dira.
  • Arazoak arazo, otsoak badu bizirik irauteko aukera Baltikoan.
    • NAHIKOA : Otsoak badu irauteko aukera Baltikoan.

Bide batez, otu zaizue ezer "Supervivientes" saioaren izena euskaratzeko? Konturatuko zineten goian aipatutakoetatik batak ere ez duela balio.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

 
Biziberri?
2008-06-06 / 09:54 / Aitor Iturriaga Bakarte

Egun on.

Gustatzen al zaizue "biziberri" hitza?


Aitor

 
Bizirauleak
2010-02-17 / 09:35 / Xabier Erroteta

Supervivientes = Bizirauleak.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus