Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Sagrario Alemanen sarrera hitzaldiaren erantzuna

Sagrario Alemanen sarrera hitzaldiaren erantzuna

2008-06-03 / 08:25 / Patxi Salaberri   BESTELAKOAK

Izenburuak dioen bezala, hona hemen Patxi Salaberrik Sagrario Alemanen Euskaltzaindiko sarrera hitzaldiari emandako erantzuna.

Kontent eginen dut hemen, Etxalekun, Sagrario euskaltzain berriaren hitzaldiaren erantzuna. Izan ere, euskararekiko nire lehen kontaktua, herritik Iruñera bizitzera igo ginelarik, alderdi honetako euskaldunekikoa izan zen, Beramendi eta Udabeko senar-emazteak izan baikenituen auzo zenbait urtez. Kontaktu berezia eta gazi-gozoa izan zen, biak euskaldun garbiak izanagatik (gizonak aise hobeki solas egiten zuen euskaraz gaztelaniaz baino, andreak beharbada erdaraz errazkiago) erdaraz aritzen baitziren, frankismoaren garai haietan, elkarrekin, bai karrikan eta bai etxean ere, eta gaztelania baizik ez baitzieten erakutsi bi alabei. Egia da gero, alaba horietako batek behintzat euskara ikasi duela, ez beharbada arras ongi, baina moldatu behinik behin egiten da. Haur bat ere badu orain eta pentsatzen dut Basaburuko euskaldun haien ilobak euskara ikasi izanen duela, ez lehen bezala etxean segur aski, baina bai, eta ez da gutxi, ikastolan edo eskolan, alegia, begií, buruú, esení eta besteren ordez begia, burua eta esnea erraten ikasi izanen du.

Ez ziren urriak hirurogeiko hamarkadan Iruñean bizi ziren herrietako euskaldunak, baina nekez sumatuko zenuen garai hartan euskara kalean. Oroitzen naiz gure arrebaren adiskide batek -hogei bat urte zituzkeen orduan- nola erran zigun ez zuela sekula bere denboran euskararik aditu. Zer soinu zuen ere ez zekien neska hark! Hortaz, pentsa dezakezue gure hizkuntza ikastea eta ikasitakoari eustea ez zela aise sasoi hartako Iruñean, «euskaldunon hiri buruzagian». Ez dut erranen orain erraza dela (Satrustegiri hilzorian zegoenean Nafarroako ospitalean agitu zitzaionaz oroitu besterik ez dago), baina irratiekin eta telebistarekin entzumena gutxienez landu daiteke, ikasitakoa atxiki, eta, bestalde, egunkari-liburuak hor daude, ordenagailuek etxeratzen edo bulegoratzen dizkiguten material idatzi eta ahozkoez landara. Gainera, egun, hezkuntzan sartzearen eta euskaltegien lanaren ondorioz frankotan entzuten da euskara Iruñeko karriketan, ez menturaz auzo guztietan hein berean, ez eta deus jakin gabe ikasteko moduan ere, baina aurrera egin dugula zalantzarik ez dago, nahiz ez, segur aski, guk nahi genukeen bezain azkar.

Euskaldunak ez ezik euskaltzaleak ere baziren Iruñean garai gartan: hamar urterekin Arrosadiko eskolan maisu izan nuen Don Augusto izenekoaz oroitzen naiz beti; ez dakit zer deitura zuen, ez Iruñekoa berekoa zen, herri euskaldun batekoa edo beste nonbaitekoa, baina gogoan dut nola azaldu zigun, zenbait egunez, tarteka-marteka, gure deiturek zer erran nahi zuten (garai hartako Iruñeko etorkin gehienak Nafarroako herrietakoak ginen), zer adiera zuten, ez dakit zuzen ala makur, baina ia berrogei urte igarota ere ez zaizkit ahantzi irakasle prestu haren saio haiek.

Gero, Ximenez de Rada izena zuen Gurutze plazako institutuan ere egokitu zitzaidan euskaldunekin ikastea, Iruñeko bertako lehen ikastolumeekin eta, baita ere, zenbait herritako euskaldunekin, Areso eta Goizuetakoekin, adibidez. Gogoan dut Etxalekuko mutil sendo xalo euskaldun bat ere bazela, Moreno deitura ez hain euskalduna zuena, familiarekin Irurtzunen finkatua orduko, oker ez banaiz.

Beranduago Arturo Campión euskaltegiko (artean Arturo Kanpion zen eta gaueskola erraten genion) atea jo eta euskara serio ikasten hasi nintzenean Sagrarioren anaia, Jose Manuel, izan nuen irakasle, eta gero, hiru egunez, 1977 edo 1978an, hemen, Alemandarren Etxalekuko etxean ikastaro labur-trinkoa egiteko aukera izan nuen. Haiek lanak eta estualdiak hemengoei entenditu ezinda! Guk klaseetan hitz guztiak oso-osorik ikasten baikenituen, eta hemen berriz, silaba gose balira bezala hitzen erdia jaten baitzuten! Hiru gauza ditut oraino buruan sarturik: guk ikasi genuen berehala hura bela erraten zutela lehena, Etxaleku inguruko oihaneko zuhaitz bat tximistak jo zuela, eta ziztorrak beratz zeudela. Zer ote zen hura guztia?

Sagrario bera lankide izan dut zenbait urtez Campionen, lankide eta irakasle, pasilloetako elkarrizketetan, eskolak prestatzeko egiten genituen bileretan (aitzinago, Euskaltzaindian, bilkurak egiten hasi ginen) irakaskide nituen Martintxo Manterola, Kontxi Agerre, Miren Beitia, Bittorio Lizarraga, Zito Alduntzin, Iñaki Zabaleta, Mikel Bujanda, Lontxo Gorroñoren eta besteren euskara hitz erdirik galdu gabe ere buruan sartzen eta atxikitzen saiatzen bainintzen. Ez dakite, oharkabean ere, zenbat lagundu didaten niri eta ni bezala euskara etxean jasoa ez zuten beste irakasleei, ikasleei ez ezik.

Euskara ikasteari lotu nintzaion lehenbiziko urte haietan gauzak adierazteko gauza banintzen, neurri batean bederik, baina etxeko euskaldun baten gaitasunaren aldean hutsaren hurrengoa zen nirea, eta oraino hala da, eta sinetsirik eta etsirik nago gero ere hala izanen dela, beti. Hau da, nire ustez, Miquel Grosek (2007) bere liburu interesgarri eta bihotz emangarriaren «ahulgunea», egun idatzi ohi den bezala erranda, edo «ahuldadea» nahiago baduzue, aipatzen den zenbaki bakoitzaren hizkuntza gaitasuna zenbaterainokoa den ez baita zehatz ageri. Erran nahi dut ez dela, hizkuntzari doakionez, berdin Lizarrako euskalduna izatea edo Leitzakoa, nahiz gero salbuespenak, ustekabekoak eta kasu bereziak badiren, jakina.

Hemen Etxalekun, Sagrariok hitzaldian erran duen bezala, duela hamarkada batzuetako haurrek gaztelaniaz ikasten zuten eskolan, baina euskara zen gero etxeko, karrikako, lagun arteko hizkera ohikoa. Orain, aldiz, haurrek -dauden gutxiek- euskaraz ikasten dute eskolan, baina erdaraz aritzen omen dira maizkara jostetan karrikan. Gure unibertsitatean -ez dakit xuxen besteetan zer gertatzen den- antzeko zerbait sumatzen da euskaraz ikasteko aukera duten ikasle urrien artean: herri euskaldunenetakoek (honetan ere mailak daude eta) euskaraz jardukitzen dute elkarrekin, eta ikastolan ikasi duten gutxi batzuek ere bai, nori berea aitortu behar baitzaio, baina gehienxkoenak erdaraz mintzatzen dira elkarren artean, klasean berean ere gaztelaniaz aritzen dira, gero euskara eta euskarazko irakasle izanen badira ere. Hau, jakina, lehenagotik heldu da, haurtzututik, eta nerabezutua iristearekin, institutuan, gauzak makurtu baizik ez dira egiten. Joera hau hizkuntza gaitasun askirik ez izateari leporatu behar zaio: etxean erdaraz hitz egiten dute, kalea mundu erdalduna da gehienendako eta, lagun artean, en la gela, los ariketas, te voy a mandar un mezu eta antzeko erdal gaiztoko esaldietan ageri diren "bitxi" horiek alde bat utzirik, ez dute gure hizkuntza deusetarako ibiltzen. Betikoan gaude: ez dute euskaraz hitz egiten gaitasun nahikorik ez dutelako, eta gaitasunik ez dute erdiesten euskaraz mintzatzen ez direlako. Nola atera gurpil zoro honetatik? Hor da gakoa.

Beste kontua, Sagrariok bere hitzaldian ukitu duena, Tolosako euskarak duen prestigioarena da; «publizista» ona omen dute bertan eta hortik hango euskararen ospe eta entzutea. Dena dela, Kike Amonarriz tolosarrak hitzaldi batean erran zuenez, bere gazte denborako herriko euskara arrunt polita eta arrunt ona zen, orbanik eta notarik gabea, gazteek -bera barne, nonbait- elkarrekin erdaraz hitz egiten zutelarik zikintzeko arriskurik ez zegoelako.

Nik ere anitzetan entzuna dut Nafarroako herrietan, batez ere adineko jendeari, Tolosako euskara dela euskararik ederrena, baina gaur egun, Iruñean, holako konturik ez dut aditzen gehiago. Bai ordea, eta Tolosan hitz horiek xeheki nola diren ez dakit, usu entzuten ditugu gure ikasleen ahotik ondo eta hobeto bezalakoak, hauek Nafarroan, muga-mugako herriren batean ez bada, ibiltzen ez diren arren. Hemen, jakina, de facto-ko euskara batuaren eragina dago, irrati-telebistena hain zuzen, eta irakaskuntzan lanean ari diren Nafarroaz kanpoko zenbait euskaldunek dituzten ohiturena ere bai. Nik, egia erran, ez dut deus ele horien kontra, eta ez nago, bestalde, Nafarroako erdialde zabalean ibiltzen ziren hizkeretara itzultzeko aiherrak, Bonapartek materialetan bildu zituenetara (Ondarra, 1982) edo Elkanoko Lizarragaren idazki jorietan ditugunetara, adibidez, besteak beste, eta segur aski, holako nahas-mahas irenskaitza sortuko genukeelako orain unibertsitatean, konparaziorako, eskola emateko tenorean emen zeude, erran zio utzi zezkien erran zion utz zitzan, fite zoezi, adi zaze edo xataunt 'jaten dut'-en modukoak ibiltzen hasiko bagina.

Halarik ere, iruditzen zait gutxieneko batzuk ere errespetatu eta begiratu behar ditugula, eta ongi eta hobeki ibili, gorago aipatutako horien ordainez. Hortik aurrerakoak, esan ala erran erabili behar den, anitz ala asko, aitzin - gibel ala aurre - atze, beste ala bertze... norberaren esku gelditzen da, nork bere euskarari kutsu "kutsia" eman nahi dion edo aipaturikako euskara zuzen, zurrunkara horren bidetik ibili nahiago duen.

Nire irudiz nafarrok euskara batuari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure herrietan hain ugaria den, hainbeste ñabardura dituen hiztegiarekin aberastea da batetik, eta erranaireen, esamoldeen munduan sartzen diren esaldi egin baina ez erabat finkatu horiekin osatzea bestetik. Euskaltzainok, baita sartu berri-berriak diren azkenekoek ere, garbi dakusagu oraingo eta ondoko urteotako eginkizunik larrienetako bat hiztegi batua moldatzea dela eta, ezbairik gabe, eginbehar honetan, Imozko euskara, Sagrariok etxean ikasi duen Etxalekuko hizkera garrantzi handikoa da, herria aski toki estrategikoan dagoelako, dialektologialariek (Ibarra, 1995; Hualde, 1997, Gaminde, 1998; Zuazo, 1998, 2003; Apalauza, 2008) nabarmendu duten bezala ekialdera eta erdialdera begira dauden ezaugarriak batzen diren gunean, edo, menturaz, egokiagoa izanen da erratea bereizten diren lekuan dagoela.

Imotz osoa ere ez da, oker ez banago, berdin-berdina alderdi guztietarik, eta hemen Muskitzen berezitasuna azpimarratu beharra dago, Imozko beste herrien aldean, azentuari eta beste ezaugarri batzuei dagokienez, baina nik ez dakit hiztegi kontuetan ere holako aldea hautematen den herri honetatik Imozko beste herrietara. Hori dialektologialariek-eta argitu beharko digute, eta, egia erran, ez daude zango bat bestearen gainean denbora nola emanen. Goldaratz, berriz, fonologiaren aldetik bereizten omen da beste herrietatik (Apalauza, 2008).

Oraingo nafar euskaltzainok, eleka ari den Uxueko euskaldun berri honetaz landara, Sagrario une batez alde bat uzten badugu, Akademian sartu diren hurrenkera errespetatuz, Arizkungo Pello Salaburu, Leitzako Patxi Zabaleta eta Iturengo Andres Iñigo dira. Ikusten den bezala, Iruñerritik aski urrunekoak denak, eta Iruñearen eta Iruñerriaren garrantzia, beste hiri batzuena bezala, euskararen garapenean handia izan dela ez dago zalantzarik, hiriburuko euskara bera nolakoa zen ongi ez badakigu ere (Camino, 1999, 2003). Horregatik, iruditzen zait Sagrarioren ekarpena, hiztegi batua apailatzean etxean ikasitako hitzak sartzea alegia, biziki garrantzizkoa dela euskararendako eta Nafarroarendako, irudi baitu Imotz alderdi hau, hein batez bederen, Iruñerriarekin edo Iruñerriaren iparraldeko zendea eta ibarrekin zegoela loturik hiztegiaren aldetik, eta, beraz, Imozko hitzei sarbidea ematea erdararen bulkadaren aitzinean lekuak hustu behar izan zituen hizkerari sarbidea ematea dela, neurri batean.

Egia erran behar badut, ni hasia naiz dagoeneko Sagrariok barnean duen altxor lexiko hori baliatzen edo baliatu nahian: Juan Joxe Zubiri ene lankidearekin batean argitaratu Biraoak liburuan Sagrariok emanikako Etxalekuko madarikazio edo irainaireen zerrenda sartu nuen, gehienak, espero izatekoa zenez, beste leku anitzetan ere ezagunak direnak, hala nola ahoberoa, aldrebesa, artopila, astakiloa, astopitoa, atsomotza edo atsopotoka emakume ttiki lodikotea, aztalzikina, barrabilaundia, begiezkela, burugabea, enborra, erdezua, expantua edo expantuaundia, gibelaundia, hankamehea, hortzamaketsa, kimaluze edo kimazua, muturbeltza, muturzorrotza, oilanda, ongabea, purtxila eta hauen moduko beste harribitxi batzuk.

Badira, horiekin batean, Nafarroan segurik hain hedaturik ez dauden beste zenbait biraoaire, bakarrik Etxalekun bildu ditugunak, nahiz segur aski Imozko beste herrietan eta inguruko ibarretan ere erabiltzen diren: buztangorria nesketan aritzeko beti prest egoten dena, galtxagorria gaiztoa, puzkilde eta puzkilderoa latosoa edo, karrapizta (ez dago urrun Iparraldeko kalapita-tik, adieraz eta formaz, eta arrunt hurbil dago Leitza aldeko karramista-tik), kidail-luze gorputza bi makilen gainean duela dirudien pertsona, oilopelatua ergela, satitsua betaurreko kristal lodi-lodiak erabiltzen dituena edo ikusezinean eta baldar samar ibiltzen dena, supilmotz sudurmotza mespretxuz mintzatuz, sustopila tontotua, mantso-mantso dabilena, eta abar.

Gure herrietako hizkera, arlo anitzetan, jendeak uste duen baino aberatsagoa da eta zuzen eta egokiro biltzea ez da aise; horretarako lekuan lekuko jende prestatua behar da, eta Sagrario, alderdi horretatik, egoera ezin hobean dago bere inguruko altxor hori, berak etxean eta herrian ikasi duena, hiztegi batuan eta bestelako lexiko lanetan txertatzeko. Bestalde, euskara helduei irakastea ere garrantzizkoa izan da azken hamarkadetan eta garrantzizkoa izanen da ondokoetan, eta seguru nago eremu honetan ere Sagrarioren lana ezinbestekoa izanen dela bi "akademietan", Euskaltzaindian eta Arturo Campionen, gure hizkuntza irakatsi eta sustatzeko zereginetan, erakutsi, hobetu, prestatu eta gaurkotu ez ezik sustatu ere egin behar baita, Nafarroan bereziki. Beraz, Sagrario, eta bukatzeko, izan zaitez ongi etorria Euskaltzaindira eta urte askotarako izan dadila.


(PATXI SALABERRI ZARATIEGI euskaltzaina da)

Bibliografia

  • Apalauza, A., 2008, "Nafarroako ipar-mendebaldeko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu", FLV 107, 63-104.
  • Camino, I., 1999, "Goñerriko hizkera (I)", ASJU 33-1, 5-78.
  • 2003, Hego-Nafarrera, Nafarroako Gobernua, Iruñea.
  • Gaminde, I., 1998, "Nafarroako azentu ereduen sailkapena", Nafarroako Hizkerak. Nafarroako Euskal Dialektologiako Jardunaldietako Agiriak, I. Camino arg., UEU, 23-48.
  • Gros, M., 2007, Recuperación del Euskera en Navarra, Jagon bilduma 2, Euskaltzaindia, Bilbo.
  • Hualde, J. I., 1997, Euskararen azentuerak, ASJU-ren gehigarriak 42, Gipuzkoako Foru Aldundia & Euskal Herriko Unibertsitatea, Donostia - Bilbo.
  • Ibarra, O., 1995, Ultzamako hizkera. Inguruko euskalkiekiko harremanak, Nafarroako Gobernua, Morentin.
  • Salaberri, P. & Zubiri, J. J., 2007, Biraoak. Nafarroan bilduak, Pamiela, Iruñea.
  • Zuazo, K., 1998, "Nafarroako euskal hizkerak", Nafarroako Hizkerak. Nafarroako Euskal Dialektologiako Jardunaldietako Agiriak, I. Camino arg., UEU, 1-22.
  • 2003, Euskalkiak. Herriaren lekukoak, Elkar, Donostia.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus