Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hitano zena

Hitano zena

2008-05-14 / 08:25 / Gontzal Fontaneda   HIZKUNTZA

Euskara galtzorian dagoela esan du Unescok. Ahalegin handiak egin eta egiten dira eta euskara aurrera doala baieztatzen dute Jaurlaritzaren eta erakunde kultural batzuen estatistikek. Eta mota guztietako leherrenak ere egin beharko ditugu arrisku-egoera honetatik ateratzeko eta (gaztelaniak, frantsesak eta ingelesak jartzen dizkiguten kultur oztopoak gaindituz) euskal normaltasuna lortzeko.

Dena den, euskara azken buruan salbatzen bada ere, aditz-jokabide bat hiltzeko arrisku bizian dago orain: hitanoa, euskararen ezaugarririk garrantzitsuenetako bat.

  • Oso leku gutxitan mintzatzen da hika; toka, hobeki esateko, noketa herri gehienetan ia-ia galduta dago eta.
  • Gure gazteen ikasketetan, batxilergo eta unibertsitatean, gaingiroki estudiatzen da sakondu gabe (ikasi gabe esango nuke).
  • Orain arte ez zegoen merkatuan hika egiten ikasteko metodorik.

Egoera larri honen arrazoiak askotarikoak ditugu:

  • Hainbaten ustez, zuketa nahikoa dugu, hitanoa ez baita erabilgarria.

    Arrazoi dute gaur egungo gazteen harremanak (ikaskidetasuna, lankidetasuna, adiskidetasuna), lehen ez bezala edo lehen baino askoz arruntago, bi sexuen artean egiten direla diotenek. Eta zuzen daude hitanoak hemen hutsune bat daukala esanez, irakaskuntza eta literaturatik baztertuta eguneratu gabe, bi sexuetako lagun batzuen aurrean hitanoa ezin erabil daiteke eta.

    Baina gazteriaren eta idazleen kemenean sinetsi behar dugu: hizkuntzetako beste arlo batzuk aldatu, gaurkotu dituztenez gero, erraza izango litzaieke, hika egiteari eman nahi baliote, hutsune honi ere konponbidea ematea. Gogora dezagun, adibidez, aipatutako hutsune hau betetzeko, ezer asmatu barik euskararen barrutik aukera bat har litekeela; alegia, Nafarroa Behereko xuketa, sexu-bereizkuntzarik gabeko tratamendu afektiboa.

  • Beste batzuek hitanoa gaitzesten dute, arbasoen iritzi txarrak eraginda.
  • Zenbaitek sexista deritza hitanoari.
  • Administrazioari noizbait entzun diodanez, nagusia eta nahikoa omen da jokabide neutroa hedatzea.

    Baina munduak aurkako bidea hartu du, Europako gazteek nagusi bilakatu dute hiketa beren hizkuntzetan zuketaren kaltetan (ingelesean izan ezik, noski, hiketako adizkiak aspaldidanik galduta daude eta).

Gure hizkuntza ere horrelaxe bukatuko da, ingelesaren moduan, kontuan hartu gabe hitanoa beste hizkuntzetako hiketak baino aberatsagoa dela, hitanoa aditz-jokabide osoa eta orokorra dela. Beste hizkuntzetako tratamenduek nahikoa dute solaskideari dagozkion jokoak bereiztea. Euskaran, berriz, hitanoa adizki guztietan erabiltzen da, hitanoak adizki guztiak moldarazten ditu eta. Hitanoari, nolabaitekoa izan ez arren, ez zaio ematen mende askotan zehar etorri zaigun jokabide bikain eta bitxi honek merezi duen axola. Bada garaia hitanoa irakaskuntzan eta hedabideetan (telebistan batik bat, euskararen erakusleihorik biziena baita, telebista-filmetako lagunarteko elkarrizketetan, esaterako) bultzatu eta hedatzeko.

Lagun nafar eta giputz batzuei esker hika egiten ikasita, herriz herri ibili nintzen garai hartan, duela berrogei urte, eta mutilen artean, baita nesken artean ere, bizirik zegoen hitanoa herrietan, ahul baina bizirik. Aurten berriro eskualde berean izan naiz eta oraingo egoera larria egiaztatu dut: hika askoz gutxiago egiten dela, eta batez ere, nesken artean ez dela herri askotan erabiltzen, atzerakada larria jasan duela.

Hitanoaren heriotza ikusi horretatik ateratzeko gakoa Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean daukagu. Hiritarrok irakatsi, ikasi, kaleratu eta, batez ere, lehendanik duen ospe txarrari aurre egin behar diogu, baina hau guztia ez da nahikoa, irakaskuntzan serioski sartu arte.

Neure harri-koskorra ekartzen saiatu naiz: Hezkuntzak hitanoa indartzeko ekimena abian ez jarri bitartean, merkatuan metodorik ez zegoenez gero, nik hikako metodo bat argitaratu dut, HIKASI izenekoa, euskaldun guztiek (irakasleek, ikasleek edo beste edozeinek) hika egiten goitik behera ikasi ahal dezaten (argibide gehiago nire internet-gunean ikus daiteke: www.fontaneda.net).

Baina norbanako eginahalak ez dira nahikoak; Hezkuntza Sailari hitanoaren aldeko bultzada indartsua egiteko exijitu behar diogu denok, Hezkuntzaren esku baitaude hitanoaren etorkizuna eta biziraupena, lehen urratsa Hezkuntzak eman behar du eta. Helburua, badioenez, ikasle guztiek beren ikasketak bukatzean euskaraz jakitea denez gero, ikasle guztiek batxilergoa edo unibertsitatea bukatuta aditz osoa, beraz, hika egiten ere, jakin beharko lukete.

Bestela, hitanoa ez da hilgo, geuk hil... edo behintzat hiltzen utzi izango dugu.


(GONTZAL FONTANEDA ORILLE euskarazko irakasle ohia da, Euskaltzaindiaren B mailako euskal irakasle-tituluduna)


Gontzal Fontanedak erabili.com-en orain arte argitaratutako artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Kaleko erabileran eragin ikaragarria izan dezake
2008-05-14 / 10:14 / Amaia Zinkunegi

Guztiz ados nago. Ez dut sekula ulertu zergatik baztertu izan den hitanoa hezkuntza sistematik. Lagun artean aritzeko ezin aproposagoa da. Gainera bi sexuetako adiskideak dauden taldeetan hika aritzea ere ez zait zail egiten. Neskari begiratzen diodanean, noka egiten dut; mutilari begiratzean, toka. Eta ez da arazorik sortzen. Hitanoa berreskuratu behar den zerbait dela uste dut; kaleko erabileran eragin ikaragarria izan dezakeela pentsatzen dut gainera.

AMAIA ZINKUNEGI Debako Udaleko Euskara teknikaria da

 
Gizartearen eginkizuna
2008-05-14 / 18:16 / Xabier Armendaritz

Nik ere kinka larrian ikusten dut hitanoa. Ondorengo bi xehetasun hauetan, ordea, ez nator bat:

-1.- bi sexuetako lagun batzuen aurrean hitanoa ezin erabil daiteke eta.

Hori, horrela esanda, ez da egia. Sexu bietako lagunak egonagatik, hika berdin-berdin egin daiteke. Mutil bati ari zatzaizkionean, toka; eta neska bati ari zatzaizkionean, noka. Ez da errespetu faltarik, hor.

Beharbada, esan nahi zenuen mutilek noka egiten ez dakitenez, eta neskek hitanoaren batere formarik jakin ohi ez dutenez, ez dutela erabiltzen. Hori esan nahi bazenuen, bat etorriko nintzaizuke.

  • 2.- Nire ustez, hitanoa berreskuratzeko lana ez dagokio Hezkuntza Sailari, gizarteari baizik. Hitanoa kaleko hizkera da, erabilera formaletik kanpokoa. Kalean ikasi beharrekoa, edo gazte giroan, behinik behin. Bestela, ez du zentzurik.

Hori ez dakit nola lor daitekeen, lortzeko biderik baldin bada. Astialdiko begiraleen bidez? ETBk gazteentzako moda-modako telesail bat erosi eta hika jarrita?... Hori dena lagungarri izango litzateke, baino askoz gehiago beharko dugu, askoz gehiago.

Euskararen jakintza gehituz doa, baina kaleko erabilera gutxituz(euskaraz zenbatek ikasi duten begiratuta, erabilera inoiz baino txikiagoa dela iruditzen zait, behintzat). Horren lekuko dugu hitanoaren galera, nik uste. Jakintza gehiago sartuta, ez zait iruditzen hitanoaren erabilera salbatuko dugunik; gazteek eta gaztetxoek kalean euskara gehiago erabiltzea behar genuke...

Horretarako, gizarte osoak egin beharko genuke hitanoaren alde. Oso begi onez ikusten dut Gotzonek artikulu hori idatzita bultzada hau ematea: eta zuk, irakurle, zer egingo duzu hitanoaren alde?

Ondo izan,

Xabier Armendaritz

 
Beharrik ez
2008-05-16 / 17:13 / Borja Ariztimuño López

Ea ba, mutil-neska talde baten aurrean hitz egitean, kontua ez da hitanoa ezin dela hitz egin, ez dagoela beharrik baizik. Hau da, hikak pluralik ez du, beraz "zuek", "duzue", "zarete" eta abar erabili beharko ditugu ez bagatzaizkio bakarrari zuzentzen (orduan, bost axola talde bat den ere). Bi kontu nahasten dira (edo beharbada aspaldi nahasi ziren) hikaz ari garenean. Bata hika hitz egitea bera. Bestea, tratamendu horrek izan dezakeen "alokutibotasuna". Hau da, "hi haiz" esaten baduzu gero ez duzu zertan "ni naun/k" edo "joango gaitun/k" esan, nahiz eta aspalditik joera hori nagusitu den. Testu zaharretan horrelako jokabidea topatzea ez da arraroa. Xuketa aipatu du Fontanedak (zuketa ere hor da), bada (izendapen horiek gorabehera), zuka eta zuketa ia gauza bera dira, baina lehena arrunta eta bigarrena alokutiboa. Berdin gertatzen zen lehen hikarekin.

Eskematikoki azalduko dut esan nahi dudana:

ZUKA:

ni naiz, zu zara, hura da...

nik dut, zuk duzu, hark du...

ZUKETA (alokutiboa):

ni nauzu, zu zara, hura duzu...

nik dizut, zuk duzu, hark dizu...

HIKA:

ni naiz, hi haiz, hura da...

nik dut, hik dun/k, hark du...

HITANOA (alokutiboa):

ni naun/k, hi haiz, hura dun/k...

nik di(n)at, hik dun/k, hark din/k...

Beraz, "zu zara" esaten dugunean "ni nauzu" eta "hura duzu" esatera behartuak ez garen bezala, "hi haiz" batekin hasiz gero ez dugu zertan "ni nauk" esan behar beti-beti.

Hiketaren zailtasun handiena alokutibotasuna da, baina, kontxo, ez da hikaz aritzeko modu bakarra! Eta gazteek euskaraz egin dezaten nahi badugu, eta horretarako gazte-hizkera baten beharra badago, behintzat "hi haiz" esaten ikas dezatela, horrekin bakarrik ere lagunartekoago bihurtzen baita solasa.

Egia da oso berezitasun polita eta aberatsa dela alokutiboarena, eta ez nago kontra eh! Baina tira, euskara ikasleei eta batez ere erabiltzaile izango direnei gauzak erraztearren diot eta ez dut ezer asmatu, esan nahi baita, ez dut euskal senaren aurkako ezer sortu, baizik eta eredu zaharra berrartu.

Bestalde, zeharo ados nago hika eskolan irakatsi beharko litzatekeela. Has gaitezen, bada, "ni naiz, hi haiz..." irakasten eta lagunartekotasuna errespetu faltatik bereizten, ez baitut uste Leizarragak bere Iesusi edo are Iainkoari errespetu falta egozten zienik edota haiei oieski eta adeirik gabe zuzentzen zitzaienik!

IESUS KRIST GURE IAUNAREN ORATIONEA

Gure Aita zeruetan AIZENA.

Sanktifika bedi HIRE Izena.

Ethor bedi HIRE Resuma.

Egin bedi HIRE borondatea zeruan bezala lurrean-ere.

Gure eguneko ogia IGUK egun.

Eta barka IETZAGUK gure bekatuak, nola guk-ere ofensatu gaituztener barkatzen baitrauegu.

Eta EZGAITZALA sar erazi tentationetan: baina deliura GAITZAK gaitzetik.

Ezen HIREA DUK resuma, puisanza eta gloria sekula sekulakotz, Amen.

Bada, horixe, hala biz.

 
Milesker hiruroi
2008-05-19 / 09:45 / Gontzal Fontaneda Orille

Erantzuteagatik mila esker, hitanoaz hitz asko egin behar baitugu... agintariek entzun arte.

Eta gainera, eskerrik asko oker batetik atera nauzuelako, hitanoak hutsunerik ez duela irakatsiz: bi sexuetako talde batean hika ari denean, lagun bati edo beste bati sexuaren arabera toka ala noka egiten zaiola, eta talde osoari zerbait esateko, berriz, alokutiborik gabeko hitano arrunta edo neutroa, eta kito.

Bestalde, hitanoaren etorkizuna Hezkuntza Sailaren esku egon beharrean, gizarteari dagokiola diozue. Gizartea oso zabala da, zabalegia. Eta gizartea beti norbaitek eragin behar izaten du. Izan ere, hitanoa kalekoa bada ere, bi erakundek lantzen dute: Euskaltzaindiak, hitano batua erabaki baitu, eta Hezkuntza Sailak berak, irakaskuntzan sartu du eta. Baina azaletik. Adibidez, ikasliburu batek hamar orrialde eskaintzen dizkio hitanoari ikasturte osorako, horietatik zortzi orrialde taulak izanik. Hau ez da eragina, adabakia baizik.

Ez dakit zenbat belaunaldi behar ote den hitanoaren kaleko erabilera finkatzeko, baina bitartean hitanoa irakats bedi, behintzat ikasleek geroko seme-alabei helarazteko; idazleek hika idatz bezate gaur eta geroago irakur dadin; telebistako filmeetan hika mintza bedi orain eta geroan ikus-entzuteko. Etorkizun zalantzagarria lantzeko, ahaleginak orain.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus