Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Eredugarri

Eredugarri

2008-05-09 / 08:15 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Gero eta sarriago azaltzen dira albiste-testuetan «eredugarri jo» eta antzerako esaldiak. Zalantza eragiten digute, EGLUk ez baititu aipatu ere egiten, baina, testuetan arakatuz gero, egitura ondo finkatuta dagoela konturatuko gara. Edozelan ere, beste zalantza bat gehiago egiten dugu: ea albiste-testuetan egitura egokiro erabilita dagoen.

Aditzak eta osagarriak

Aditzak eta osagarriak

Albiste-testuetan gero eta gehiago entzuten da «jo» aditzaren osagarria deklinabide-markarik gabe. Berez, aditz jakin batzuekin osagarria hala erabiltzen da, hitza bera soil-soilik. «Izendatu», «bihurtu», «hasi» eta «sartu» era jakin horretako aditzak dira, alegia, egoera, status-a, egoera-aldaketa edo status-aldaketa adierazten dutenak.

  • Udalbatzak alkate izendatu du PSOEko hautagaia.
  • Jesusek ura ardo bihurtu zuen.
  • Miren itzultzaile hasi da Bruselan.
  • Guraso askorentzat atsekabe handia da semea apaiz sartzea.

Aditz batzuk, horrela erabiltzeaz gainera, beste era batera ere erabiltzen ditugu.

  • Josune mediku hartu dute Basurtuko ospitalean.
  • Mikel medikutzat hartu dute, mantal zuriarekin ikusi dutenean.

Adibideetan garbi ikusten da esangura ez dela berdina. Lehen kasuan status-aldaketa da gakoa, goragoko esaldietan bezala. Bigarren kasuan, uste bat agertzen du -tzat duen osagarriak. Hain zuzen, hizpidea eman digun egituran horixe da adiera.

  • Herrian zorotzat jotzen dute denek.

"Uste" adiera, batez ere, «hartu», «eduki», «eman» eta «jo» aditzen osagarriekin gertatzen da.

  • Partidua galdutzat eman zuten, eta azken ordu laurdenean Athleticekoak ez ziren batere saiatu.
  • Aitak berretsi arren, nik gezurtzat daukat osabak kontatutakoa.

Beste aditz batzuekin -tzat atzizkiak xedea edo helburua adierazten du. Hala gertatzen da «eman», «eskaini», «ipini» eta beste aditz batzuen osagarriari itsasten zaionean.

  • Erloju bat eman nion oparitzat.
  • Bigarren platertzat oilasko errea ipini digute.

Jokabide bikoitza

Ez da arraroa izaten osagarria -tzat eran hartzen duten aditzek osagarri biluzia ere hartzea. "Uste" adierari dagokionez, Orotariko Euskal Hiztegian adibide hauek eta beste batzuk aurkitu ditugu -tzat barik.

  • Usoa errudun jo? (Yon Etxaide)
  • Oso aundi jotzen degu. (Nemesio Etxaniz)
  • Zuk dohatsu eduki behar duzu egun hau. (Harizmendi)
  • Frantsesek geure buruak daduzkagu net handi. (Goyhetche)

"Xede" adierari dagokionez, gauza bera gertatzen da; aditz batzuek -tzat atzizkiarekin zein atzizkirik gabe onartzen dute osagarria.

  • Oriok beheko mailetako aulki mugikorra suspertzea jarri du helburutzat.
  • Lehen alea uda aurretik argitaratzea jarri dugu helburu.

"Xede" adieran beste aukera batzuk ere aurki ditzakegu, aditzaren eta osagarriaren arabera.

  • Erloju bat eman nion oparitzat / opari / oparitan.
  • Proiektu honen bitartez landare-olioak erregaitzat / erregai moduan erabiltzeko sistema baten lehen oinarria jarri nahi da.

Albiste-testuetan, zelan?

Ez dago garbi noiz onar daitekeen «handi jo», edo noiz erabili behar den derrigor «handitzat jo». Ematen du gustuak eta ohiturak agintzen dutela. Alde horretatik, beraz, «eredugarri jo» aitzakiagabea da.

Edozelan ere, albiste-testuetako arazoa beste bat da. Eman dezagun dena delako ekitaldia egin eta gero antolatzaileak prentsaurrekoan azaldu direla.

  • ANTOLATZAILEAK: «Euskal gizartearen erantzuna eredugarria izan da».

Prentsaurrekora joan den kazetariak honela eman dezake horren berri.

  • KAZETARIA: «Antolatzaileek adierazi dute euskal gizartearen erantzuna eredugarria izan dela».

Albistegietan, sarri, informazio bera honela entzuten da.

  • KAZETARIA: «Antolatzaileek eredugarri jo dute euskal gizartearen erantzuna».

Beraz, zalantza ez da «eredugarri jo» ala «eredugarritzat jo» erabili behar den. Zalantza da ea parekoak diren «eredugarri dela adierazi» eta «eredugarri(tzat) jo». Beste adibide bat, arazoa garbiago erakustearren.

  • NAFARROAKO GOBERNUAREN BOZERAMAILEA: «Tamalgarria da Pirinioetako "bi-bider-bi" proiektua».
  • KAZETARIA: «Nafarroako Gobernuak adierazi du tamalgarria dela Pirinioetako "bi-bider-bi" proiektua».

Nafarroako Gobernuak zer esan du, «tamalgarria da» ala «Gobernu honek tamalgarritzat jotzen du»? Horrenbestez, salto moduko bat igartzen dugu, kazetariak «Nafarroako Gobernuak tamalgarri(tzat) jo du» esaten badu.

Dena dela, ematen du jauzi hori zilegi dela, kazetariak «Gobernuak tamalgarri deritzo proiektuari» esango balu bezain zilegi. Beraz, honelako esaldietan alternatiba biak joko ditugu egokitzat.

  • Oso larri / larritzat jo du Zenarruzabeitia lehendakariordeak Zapateroren gobernuak transferentzien arloan izan duen jarrera.

Osagarria adjektibo bat izan beharrean izen bat denean, berriz, nahitaezkoa da -tzat atzizkiaz baliatzea.

  • Atzokoa, ibilbide luze baten lehen pausotzat jo du Ibarretxe lehendakariak.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus