Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lehen hitz digitala

Lehen hitz digitala

2008-04-22 / 08:35 / Iñaki Arruti   INTERNET

Garai aurredigitalean gertatutako pasadizo bat nahi nuke gogora ekarri. Bi neska elkarrekin dantzan ari zirela, bi mutil dantza eske hurbildu eta izandako «elkarrizketa» da. Esan beharrik ez dago ingurua eta inguruan zebiltzanak euskaldunak zirela, elebidunak (euskal elebidunak!) zehatzago esanda:

-Bailamos pues?

-¡No!

-¡Oh, qué lastimantzia!

Pena izango zen, mutilentzat behintzat, jasotako erantzuna, baina ez zen beti horrela izango, noski. Batzuetan, auskalo zeren arabera, «sí» erantzungo zuten beste batzuek eta... «esque gu hola ezautu giñan, castellanoz, eta bakizu, ohitura hoi hartu genun eta oain e holaxe ittedeu...».

Nik dantza kontuak utzi samarrak ditut eta web guneetako sarbideak ditut orain, besteak beste, ohikoago. Nik ezer esan aurretik, ordea, web gune bakoitzera sartzen naizenean, web guneak berak hitz egiten dit; hizkuntza-aukera emanez batzuetan, euskaraz hitz eginez beste batzuetan eta gaztelaniaz besteetan («¡Oh, qué lastimantzia!»).

Lehen hitza euskara izan dadin hautatzeko aukerarik ematen ez didaten web gune (ez normal?) elebakarrez gain (Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, ADEGI, Fnac, MediaMarkt, PP ...), bi hizkuntzen hautakizunak ematen dizkidatenen artean, bi hizkuntzekin dantza egiteko aukera oso desberdinak ikusten dira («Bailamos pues?»).

Lehendabiziko multzo batean sailka ditzakegu, bi hizkuntzen aukera eman arren, gaztelaniari lehentasuna emanez, orri nagusia (lehen hitza) beti gaztelaniaz irekitzen dutenak eta erabiltzaileak aldiro, hala nahi badu, hizkuntzaz alda dezakeena (Donostiako Udala, Lasarte-Oriako Udala, Erreala, Policlínica, Eroski, CCOO, UGT, PSE, Ezker Batua ...).

Bigarren multzo batean bil genitzake hizkuntza aukeratzea sarbide duten web orriak. Lehendabiziko azpimultzo batean leudeke hori beti egiten dutenak (Eitb, Bruesa, Euskotren, Ertzaintza, EUDEL ...), eta, bigarren azpimultzo batean, berriz, hori lehendabiziko aldian egin ondoren, hurrengo bisitetarako lehen hizkuntza-aukeratzat automatikoki (cookien bidez) norberak web gune horretan azkeneko aldiz erabilitako hizkuntza aukeratzen dutenak (Kutxa, Euskadiko Kutxa, Eusko Jaurlaritza, EHU, Euskaltel, Irungo Udala, Osakidetza, EAJ, Eusko Ikaskuntza ...).

Hirugarren multzo nagusi batean daude orri nagusia beti euskaraz irekitzen dutenak eta erabiltzaileak aldiro, hala nahi badu, hizkuntzaz alda dezakeena (Gipuzkoako Foru Aldundia, Azpeitia, Tolosa, Eibar eta Arrasateko udalak, ELA, EA, Aralar ...).

Lehendabiziko multzoari aukera ez normalizatzailea (diskriminazio negatiboa) dei geniezaioke, bigarren multzoari normalizatua eta hirugarrenari normalizatzailea (diskriminazio positiboa). Hirurek ematen dute hizkuntza bat edo bestea hautatzeko modua, baina aukerak oso desberdinak dira.

Bazenekiten, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko web guneak egunero 3.000-5.000 bisita inguru izaten dituela (hilean 100.000) eta guztiei hitz egiten diela euskaraz?

Lehen hitza eta bigarrena ez dira gauza bera, eta ez dute zertan hizkuntza berean izan, baina izan daitezke; hala dirudi, ezta? Zein proportziotan aldatuko du hizkuntzaz elebidunak lehen hitz digitala euskaraz eginez gero? Eta gaztelaniaz eginez gero? «es que...».


(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko teknikari arduraduna da)


Iñaki Arrutik erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus