Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Markak

Markak

2008-04-04 / 08:40 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Hedabideetako testuak zenbakiz beteta egoten dira, eta ekonomiaz diharduten albisteetan, zer esanik ez. Burtsaren gaineko informazioetan bada gaztelaniaz behin eta berriro errepikatzen den esapide bat: «el Ibex 35 ha superado los trece mil puntos». Euskaraz, bere horretan kalkatu da esaldia inoiz: «Ibex 35 indizeak hamahiru mila puntuak gainditu ditu». Ez dirudi esaldi hori aukerarik onena denik. Dena dela, garbi dago zer eman nahi den aditzera era horretako egituren bidez: marka bat, kota bat, mugarri bat.

Adina

Adina

Gaztelaniaz badago adina adierazteko formula bat, gorago beltzez nabarmenduriko egituraren antzekoa dena.

  • A los trece años me mandaron a estudiar a Italia.
  • Antiguamente la mayoría de edad no llegaba hasta los veintiún años.

Esapide horiei garbiro antzematen zaie mugarri-kutsua. Euskaraz, baina, kutsu bera izan arren, ez genuke pluralera joko, mugagabera baizik.

  • Eskolarat sei urtetan hasi ninduzun.
  • Gure amonak hamazazpi urterekin izan zuen lehen haurra.

Indizeak

Hizpidea eman digun esaldia, beraz, ez genuke pluralaren bidez moldatu behar, beste era honetara baizik.

  • Ibex 35ek hamahiru mila puntuko maila gainditu du.

«Maila» hitzaren bitartez mugarri-kutsua azpimarratzen dugu, baina badira beste aukera batzuk, hain higatuta ez daudenak.

  • Ibex 35 hamahiru mila puntutik gora jarri da.
  • Nikkei indizeak 12.000ko marka gainditu du.
  • Nasdaq 2.200 puntuko marraz azpira jaitsi da.

Beste batzuk

Burtsako indizeetatik kanpo, gaztelaniaz askotan aurki daitezke «los trece mil puntos» erako egiturak, betiere mugarria edo marka aditzera eman nahi denean.

  • El agua hierve a los cien grados centígrados.
  • Tardamos tres horas en ascender hasta los 2.000 metros.
  • Euskaltel ha llegado a los cuatrocientos mil clientes en febrero.

Euskaraz txartzat emango dugu mugatu plurala. Aukerak hainbat dira.

  • Urak ehun gradu zentigraduan irakiten du.
  • Hiru ordu behar izan genuen 2.000 metroko kotara igotzeko.
  • Euskaltel laurehun mila bezero edukitzera iritsi da otsailean.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus