Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Muxikan ez dau planik

Muxikan ez dau planik

2008-04-07 / 08:45 / Arkaitz Zarraga Azumendi   HIZKUNTZA

Aurreko batean idatzi nuen euskalduntze alfabetatzearen ardura neurri handi batean udalen menpe uztea ez zitzaidala egokia iruditzen. Euskaltegien sare publikoa osatzeko zailtasunak ez ezik, herritarren artean sortzen dituen ezberdintasunak ere aipatzen nituen eta, egia esan, gero eta argiago daukat arduragabekeria bat dela Udal Euskaltegiak eta euskalduntzeko dirulaguntzen zati handi bat tokian tokiko korporazioen esku uztea.

Argi utzi nahi dut ez diedala udalei garrantzirik kendu nahi normalizazio lanean. Ezta gutxiagorik ere. Zalantzarik gabe, herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa da, gure aniztasun soziolinguistikoari erantzuteko egokiena eta nahitaezkoa. Baina badira baliabide batzuk instituzio hauen gainetik eskaini beharko liratekeenak. Herritarron eskubide oinarrizkoenak goragoko instantzietatik bermatuta egon behar dira.

Inori ez zaio bururatzen osasun zerbitzuak edo hezkuntza udalen eskumenen artean jartzea. Udalek, noski, osasun-kanpainak sustatu beharko dituzte, euren herritarren etxebizitza arazoei irtenbidea topatzeko bideak bilatu beharko dituzte eta heziketa lagundu eta osatu beharko dute, baina baliabide nagusiak Eusko Jaurlaritzak jarri beharko ditu. Kasu honetan Etxebizitza Saila, Osasun Saila eta Hezkuntza Sailak izango dira. Ez dut ulertzen zergatik euskara ikasteko baliabide eta laguntza publikoak ez diren, modu berean, hortik goitiko sail batetik irteten.

Agian norbaitek defenda dezake zerbitzu horiek ere udalen menpe egotea eta, seguruenik, izango du pisuzko arrazoirik. Baina ez dit ukatuko gaur egungo Euskal Herrian urrun gaudela hori egin ahal izateko beharko litzatekeen demokrazia maila lortzetik. Ez bakarrik sufragio unibertsalari eta botereen banaketari dagokienean, batez ere, parte-hartzearen aldetik esan nahi dut. Heziketatik hasi beharreko eraldaketa litzateke, zalantzarik gabe.

Baina Muxikan gertatutako pasadizo edo suzedido bat jarriko dut, argi gera dadin zergatik jotzen dudan arriskutsutzat hizkuntz politikaren atal batzuk udalen menpe egotea:

Muxika UEMAn dagoen herria da, hau da, bere biztanleen % 80tik gora euskaldunak dira; kopuru hori % 90etik hurbilago egongo da seguruenik. EBPNren arabera, bereziki zaindu beharreko gune euskaldunenen artean dago, noski, baina, gainera, herriak euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuen beste hainbat herri euskaldunekin UEMAn sartzean. Dena dela, denok dakigu erabakiak plenoan hartzea gauza bat dela, eta oso bestelakoa urratsak suposatzen duen erantzukizunari erantzutea.

Bertako Urretxindorra eskolan, euskara izan da nagusi beti: batzarrak, eskolak, irakasle-guraso harremanak... Izan da euskaraz jakin ez duenik, baina itzulpenen bidez edo aparteko azalpenen bidez, inor ez diskriminatzea bilatu izan da. Ezin da ukatu hala ere, tira-biraren bat edo beste izan dela inoiz, eta horrelakoetan sortzen den egoera inorentzat ere ez da erosoa izaten.

Horrelako pasarte pare baten ostean, guraso elkartekooi euskara klaseak eskaintzeko aukera aztertzea egokia iruditu zitzaigun. Jendea apuntatuko ote zen zalantza genuen, baina ezezkoari aldez aurretiko beldurrik izan ez eta proposamena luzatu egin genuen. Inozo hutsak ere ez garenez, jakin bagenekien HPSren bitartez, horrelako ikastaroak guztiz edo ia-ia guztiz ordaintzen dituztela, normalizazio plana eginda izanez gero. Alboan dugun Gernikan, hain zuzen ere, umeen guraso, aitite-amama, zaintzaile, dendari, komertziante, enpresari, etorkin eta beste hainbat herritarrek debalde daukate (20 euro urtean) euskara ikastea. Ez dezagun ahaztu, ikasleentzat eskubidea ez ezik, besteontzat beharrezkoa ere badela, izan ere euskaraz bizi ahal izateko solaskideek ere jakin beharko dute.

Gure harridurarako 9 gurasok eman zuten izena. Poza eta larritasuna aldi berean, aurrekontuak eskatu gabe baikeneuzkan. Udaletxearekin harremanetan jarri eta aurrekontuekin joateko esan ziguten, seguruenik ez zela arazorik egongo. "Seguruenik" hitzak duen indarraz jabetuta, HPSk ordaintzen zuela eta diruaren zati bat geuk aurreratu behar bagenuen ere, gauzak adostu behar genituela azpimarratu genien.

Aurrekontuak eskatuta, euskararentzako beste inolako gasturik egiten ez zenez, klaseekin hasteko aukera izango genuela pentsatzen hasi ginen. Euskaltegikoei ere prestatzen hasteko abisua eman genien, baina zein izan zen gure sorpresa! Alkatearen idazkariak eman zigun abisua. Hasieran % 25 eta beste horrenbeste amaieran.

Erantzunak jota utzi gintuen. Argi genuen gure ikasleei ezin geniela 170 euro eskatu astean 3 orduko klaseak hartzeko. Baina kontua da, Muxikako udalak ez duela Euskara Normalizatzeko Planik!! Eusko Jaurlaritzatik ez du, beraz, eurorik jasotzen. Plana eginda egon beharko luke, baina eginda ez izateak ez dio inolako zigorrik ekartzen udalari. Bai ordea herritarroi. Muxikarrok ez dute beste euskal herritarrek dituzten eskubideak euskaraz ikasi eta modu normalizatutan erabili ahal izateko.

Azkenean, arre edo ixo egin behar genuen. Klaseekin aurrera ez egitea erabaki genuen eta horrela esan genion udaleko idazkariari. Haserre antzean galdetu zigun ea zer espero genuen!, ea klaseak debalde gura genituen!...

Eskolak jaso gura zituzten gurasoak zain-zain genituen. Hasteko irrikaz. Azkenik ez genuen adorerik izan klaseri ez zela egongo esateko eta, erdi-boteprontoan, eskolak gurasook emango genituela erabaki genuen. Gure asmoa ez da AEK-k edo Gernikako Udal Euskaltegiak egin behar zuten lana betetzea, ezta gutxiagorik ere. Gure helburua hazia busti eta datorren ikasturtean behar bezala ernaltzea da. Klaserik eman ezean, aurten animatu direnak frustratuta sentituko ziren eta, agian, une hartan zeukaten gogoa eta indarra ahul zitezkeen.

Gaur egun bi hilabete dira klaseekin hasi ginela. Gure balorazioa oso positiboa da. Asistentzia itzela, ikasteko gogoa haziz doa, jarrerak ikaragarri hobetu dira eta, gehienetan, ingurukoen onarpena eta sostengua ere izan dute.

Euskaldun kopuru handia duten herrietan sarri gertatzen da euskarak bere lekua baduela pentsatu eta ondorioz laguntza beharrik ez duela pentsatzea. Gutxi pentsatzea da hori, ordea. Asebetetze sentsazioa faltsua! Horrelakoetan, askotan kultura-ekintzekin nahasten dira euskararen aldeko politikak. Postal lehiaketak, ipuin kontaketak eta abar egin eta, euskaraz direnez, udalaren "jarrera positiboa" erakusten da. Baina plangintzak egiteko moduak ere araututa daude eta urrats batzuk eman behar dira.

Muxikan, beste herri askotan bezala, etxe berriak egin dira eta jende asko etorri da bertara. Batzuk herrikoak bertakoak dira, beste batzuk inguruko herrietakoak eta beste batzuk urrunagokoak. Baina zalantzarik gabe, saneamendua, ur-hornikuntza, zabor-bilketa, haurtzaindegia handitzeko obrak, eta abarrak aurreikusi behar diren moduan, hizkuntzaren normalizazioa ere kontuan izan behar da: auzokide berriei gure errealitatearen berri eman, bikote gazteak edo gurasoak euren seme-alabekin euskaraz hitz egitera animatu, euskaraz ez dakienari ikasteko dituen aukeren berri eman...

Baina gure herrian normalizazio planik badago, ez da orain dela urte batzuk kaxoitik atera. Inoiz egon bazen, baloraziorik ez da egin eta, ondorioz, plan berririk ere ezin da onartu. Udaletxearen komunikazioek ez dute udalbatzan hartutako hizkuntz irizpiderik errespetatzen, udal lan-poltsek ez dute hizkuntz irizpiderik eta, gaurkoan dagokigun gaiarekin loturik, euskara ikasi nahi dutenentzako laguntzarik ez da inon aurreikusten. Horrexegatik diot ez zaidala batere egokia iruditzen Gernika, Getxo, Santurtzi edo Lanestosako herritarrek eta Muxikakoek eskubide ezberdinak izatea euskara ikasteari dagokionean. Herritar guztiok dugu euskara jakiteko eskubidea; euskaldun guztiok dugu gure auzokoek euskaraz jakin dezaten eskubidea.

Nik bi proposamen ditut nahi duenak eztabaida ditzan: lehenengoa, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea den zezenaren adarrei Eusko Jaurlaritzatik bertatik heltzea. Bigarrena, axolagabekeria agertzen duten udal eta instituzioei isunak ezartzea.


(ARKAITZ ZARRAGA AZUMENDI Muxikako gurasoa da)


Arkaitz Zarragak erabili.com-en aurrez argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):



Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus