Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Boto zenbaketa

Boto zenbaketa

2008-03-07 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Gure irrati eta telebistetan hauteskunde-saio berezia hauteslekuak itxi bezain laster hasi ohi da. Ordu pare batez, boto-zenbaketaren lehen albisteak heldu arte, kazetariek boto-arakaketaz eta inkestaz asetzen dute ikus-entzuleen jakingura. Esaten dutenari arreta apur bat eman ezean, kazetariek denbora osoa igaro lezakete «hain alderdik honenbeste eserleku lortuko lituzke» formula nekagarriria errepikatzen.

Aurreikuspenak

Aurreikuspenak

Boto-asmoari buruz galdetuz gero, EUSTATek aldian behin egiten duen bezala, egoera hipotetikoa dela ulertzen dugu. Emaitzen berri ematean, beraz, «hauteskundeak gaur izango balira» esaldia presente egongo da denbora guztian.

  • EUSTATek (boto-asmoari buruz) egindako inkestaren arabera (hauteskundeak gaur izango balira), Ezker Batuak lau eserleku lortuko lituzke Eusko Legebiltzarrean.

Boto-arakaketa batean, egoera ezberdina da. Hasteko, botoak emanda daude, eta inkestatuei emandako botoaz galdetzen zaie. Arakaketatik atera diren datuen berri ematean, gehienez ere inkestatuen zintzotasunari buruz izan dezakegu zalantza: «inkestatuek egia esan badute», «galdekatuek zintzoki erantzun badute»... Hau da, balu / luke bikotea "jokoz kanpo" dago.

  • HONELA EZ
    • Ipsos-Eco Consultingek ETBren enkarguz egindako galdeketaren arabera, NaBai koalizioak bi diputatu lortuko lituzke Nafarroan.
  • HONELA HOBETO
    • Ipsos-Eco Consultingek ETBren enkarguz (hauteslekutik irtendakoei) egindako galdeketaren arabera, (eta galdekatuek egia esan badute), NaBai koalizioak bi diputatu lortuko ditu Nafarroan.

Beste modu batean esanda: aurreikuspenak egiteko, geroaldi arrunta erabiltzen dugu, esaterako, eguraldiaren gaineko informazioa ematen dugunean bezala: «euri asko egingo du, eta tenperatura ez da 18 gradura helduko».

  • Hauteslekuetan bertan egindako inkestak dioenez, UPyD alderdi berria izango da bigarren indarra Sorian, botoen % 22,2 eskuratuta.
  • Arakaketak agertzen duenez, sozialistek boto asko irabaziko dute; beraz, PP Soriako hirugarren indarra izatera pasatuko da.

Erabateko ziurtasunik gabe

Pentsatzekoa denez, kazetariak zer edo zelan adierazi behar du ematen dituen datuak ez direla erabat ziurrak, ez direla behin betikoak. Horretarako, alde batetik, informazioaren jatorria aipa dezake, -ren arabera, -ren esanetan, -ren haritik, -nez edo antzeko esapide bat erabiliz.

  • Lehen ehun boto-paperek agertutakoaren haritik, Bizkaitik ordezkaria izango du Ezker Batua-Berdeak taldeak, botoen % 6,2rekin.

Aditz egokiak erabiltzea ere oso erabilgarria da. «Aurreikusi» eta «iragarri» aukera-aukerakoak dira testuinguru honetan.

  • CIS zentroak iragarri du hauteskundeak PSOE alderdiak irabaziko dituela. Ez du ziurtatu gehiengo osoa lortuko duenik, baina bai 180 eserlekutik hurbil izango dela.

Baliabide horretara joz gero, oso traketsa -eta, itxura batean, okerra- da «irabaziko lituzke» erako adizkiak erabiltzea.

  • HONELA EZ
    • Araban Senaturako lehen ordezkaritza Javier Rojo sozialistak aterako lukeela aurreikusi du La Vanguardia-ren arakaketak.
  • HONELA HOBETO
    • Araban Senaturako lehen ordezkaritza Javier Rojo sozialistak aterako duela aurreikusi du La Vanguardia-ren arakaketak.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus