Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ama hizkuntzan

Ama hizkuntzan

2008-02-22 / 07:00 / Toni Mollá   HIZKUNTZA

Chang-Rae Lee idazleak Native Speaker (Ama hizkuntzan) izenburuko liburua argitaratu zuen orain dela urte batzuk; eleberri zoragarria izateaz gain, balio enpiriko ukaezineko dokumentu soziolinguistikoa ere bada.

Sari asko irabazi ditu, esaterako, PEN Hemingway Award, Oregon Book Award eta American Book Award. Nire iritzi apalez, bikain idatzita dago eta kontakizunaren eremu geografikoa (New York hiria) gainditzen duen balio unibertsaleko edukia du. Lan paradigmatikoa da, istorioa munduko hiri garrantzitsuenean gertatzen delako eta hiri horretan azaltzen diren joerak, jarrerak eta jokabideak mundu osora hedatzen direlako. Egilea Hego Korean jaio zen eta, hiru urte zituelarik, Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuen gurasoekin. Kutsu autobiografikoa erabiliz, edo erabili gabe -horrek ez du, gure ustez, garrantzi handirik-, Chang-Rae Leek etxe orratzen hirian bizi den etorkin baten egoera deskribatzen du, nola saiatzen den identitate berria bilatzen hiri konplexu hartan. Amerikarra den aldetik, ingelesez ezin hobeki daki, baina arrotz sentitzen da etengabe bere etxetzat daukan munduko hiriburuan. Chang-Rae Lee honela mintzo da Ama hizkuntzan liburuan: «Antzinako Erroma izan zen benetako lehen Babel. Litekeena da New York hiria izatea bigarrena. Eta azkena, dudarik gabe, Los Angeles izango da».

Soziolinguistak, ibiltaria baldin bada -eta hala behar du-, ezin hobeto jakingo du zertaz ari den gure idazlea. Italiatik kanpo dagoen italiar hiri nagusia da New York, Irlandatik kanpo dagoen irlandar hiri nagusia eta, jakina, hiri judu nagusia. Baina ibiltariak New York zertxobait ezagutzen badu, jakingo du Amerikako melting pot delakoak hainbat gauza uztea nahiz integratzea eskatzen duela. Akulturazio prozesu orok -alde batera zein bestera- alde onak eta txarrak ditu: gizarte hartzailean integratzea dakar, baina baita arrotz sentitzea eta jatorrizko gizartearen hainbat gauza bazter uztea ere. «Hala ere, -jarraitzen du Chang-Rae Leek- toki liluragarri horietan sartzeko, iritsi berriek oinarrizko latina ikasi behar dute. Beren antzinako hizkuntzak isilarazi, ezpainak moteldu. Estatu Batuetako hiriaren garrasi heterogeneoak entzun». Ez da gai hutsala, eta komenigarria litzateke, alarmismo gehiegirik gabe, gure hizkuntzen lokalismo (edo, beste gabe, baserritarkeria) gero eta handiagoaz hausnartzea, eta zergatik baztertuak izan diren zeregin urbano eta globaletatik. Zer leku dugun herri globalean eta zergatik gauden (des)konektaturik munduko sare soziolinguistikoetatik.

Bere aldetik, Isaac Bashevis Singer idazleak, New Yorkeko yiddish literaturaren patriarka nagusiak, Brooklyn auzoan bere hizkuntzari eta etniari eusteko egindako ahalegin izugarriak kontatzen ditu bere lanetan, Chang-Rae Leek baino urte batzuk lehenago. East River ibaiaz bestaldeko auzo horretako kaleetatik igarotzen den ibiltariak hasidimak topatuko ditu oraindik, beltz-beltzez jantzita eta ile kiribilez, bai eta ileordez apaindutako haien emazteak ere, garaiz eta tokiz kanpo, gure ustez. Tradizio irmoa duten familiak dira, eta yiddish mintzatuz bizitzen saiatzen dira, ahalik eta xumeen. Hizkuntzen hilerri den New Yorki aurre egiten diote, kosher janaria eskaintzen duten jatetxeetara joaten dira eta Bashevis Singer bera erredaktore izan zuen Forverts egunkaria irakurtzen dute. Etnia horretako familiak Folksbiene Yiddish Antzokira maiz joaten dira eta klezmer, hizkuntza horretako herri musika, lantzen dute.

Azken finean, merkatu globaleko hizkuntza ez-hegemonikoen hiztunarentzat, New York edo Los Angeles bisitatzea «inperioaren etorkizunera bidaiatzea» da, Robert Kaplanek idatzitako liburuaren izenburuak dioen bezala. Soziolinguistarentzat, hiriok esploratu gabeko eremuak dira, megalopoliaren erabateko konplexutasunaren erdian, etorkizuneko gizartearen muina eta metafora.

Premiazko gogoetaren ardatzak dira, batetik, ingelesak zer-nolako funtzio instrumental eta integratiboa izango duen etorkizuneko bizitzan eta, bestetik, jatorrizko nortasuna biltzen duten hizkuntzak desagertuko ote diren -edo iraungo duten. Soziolinguistak ez du ahaztu behar hiriko eredu trinkoek esparru publikoak sortzeko eta iraunarazteko joera dutela. Eta hiri aldirietako ereduek, berriz, lurraldea zatitu eta kohesio soziala murrizten dutela; esaterako, Los Angelesen eta Mediterraneoko kostaldean gertatzen ari den bezala. Egoera horietan, Darwinismo kulturala eta soziolinguistikoa erabat ezartzen da. Bizikidetza soziolinguistikoa zaildu egiten da, gero eta bateratuagoa den munduan, egiturak hainbeste aldatzen ari diren munduan. Eta soziolinguista harrituta dago, ibiltaria bezainbat. Hausnarketak eta diagnostikoak, ikusten eta aztertzen duten errealitatearen konplexutasun bera behar dute, halabeharrez.


(TONI MOLLÁ kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus