Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Errioxako ardoak

Errioxako ardoak

2008-02-01 / 08:30 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Urtarrilaren 28an Errioxari "Wine Star" saria eman dio New Yorken Wine Enthusiast aldizkariak, 2007an ardo-eskualderik onena izan dela iritzita. Ardoa hainbeste bider azaltzen da albistegietan, Euskal Herrian ekonomi sektore garrantzitsua da eta.

Geografia

Geografia

Errioxan hiru zona bereizten dira, orografiari eta klimari begiratuta.

  • Arabako Errioxa: Toloño mendilerrotik Ebro ibairaino doa.
  • Errioxa Garaia: Logroño probintziaren sartaldean.
  • Errioxa Beherea: Logroño probintziaren ekialdeaz gainera, Nafarroako zazpi herri besarkatzen ditu (Andosilla, Aras, Azagra, Bargota, Mendabia, San Adrian eta Viana).

Jatorri-izena

Errioxan ekoizten diren ardoek berezko izen bat dute, euren «jatorri-izena» edo «sormarka» dena: Errioxa. Errioxa ez da jatorri-izen soila, jatorri-izen kalifikatua baizik, produkzio-kontrol eta kalitate-ezaugarri zorrotzak betetzen ditu eta. Gauzak behar bezala egiten direla zaintzeaz «kontseilu arautzailea» arduratzen da: Errioxa Jatorri Izen Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea.

Arabako Errioxan zazpi mahats-barietate onartzen dituzte jatorri-izeneko ardoa produzitzeko. Beltzetan: tempranillo, garnatxa, graciano eta mazuelo. Zurietan: viura, malvasia eta garnatxa zuria. Nafarroan, aurreko horietaz gainera, beltzetan cabernet‑sauvignon eta merlot ere onartzen dituzte, eta zurietan, ale txikiko moskatela eta chardonnay.

Ardo motak

Koloreagatik, hiru ardo mota bereiz daitezke: zuriak, gorriak eta beltzak. Errioxan hirurak ekoizten dira.

Ardoaren adina kontuan hartuta, honako sailkapena egiten da.

  • Ondu gabeko ardoak: urtekoak.
  • Ardo onduak: barrikan gutxienez urtebete egiten dute.
  • Erreserbako ardoak: barrikatik irten eta gero, gutxienez botilan bi urte egiten dute.
  • Erreserba handiko ardoak: barrikan gutxienez bi urte eta botilan gutxienez hiru urte egiten dute.

Badira beste klase interesgarri batzuk.

  • Autore-ardoak: enologo batek bere ezagutzen eta gustuen arabera eginikoak.
  • Ardo txinpartadunak edo pindartsuak: karboniko apur bat dutenak.
  • Ardo apardunak: karbonikoa dute, alegia, burbuilak. Ardo apardun naturalen taldean «Xanpaina» eta «Cava» jatorri-izenekoak daude. Euskal Herrian Errioxako bost herri besarkatzen ditu Cava sormarkak: Oion, Biasteri, Moreda, Mendabia eta Viana.

Ardoaren kultura

Ardoak harreman harmonikoa izan behar du laguntzen duen jakiarekin. Harreman harmoniko horri «uztartze» esaten zaio (fr.: «mariage», esp.: «maridaje»).

Jatetxe batera joanez gero, sommelier-ari galde diezaiokegu zein ardo uztartzen den ondo aukeratu dugun janarekin. Sommelier-ik onenak "Urrezko Sudurra" izateko lehiatzen dira urtero.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

 
Ardo klaretea?
2008-02-11 / 07:20 / Raul Iglesias

Kaixo:

Artikulu honetan erantzun bat egin nuen eta hor ez da azaltzen...: kontua da ez dela zehazten nola erraten den "vino clarete": ardo klaretea? ardo claretea?

Gainerako guztia hagitz ongi dago eta arront baliagarria da adibidez tabernarientzat...

Oharra: klaretea (clarete) eta gorria (rosado) ez dira gauza bera; beraz, izendapen ezberdinak izan beharko lukete, nik uste..

Mila esker aunitz,

Raul Iglesias Alvarez

 
Gorria eta klaretea
2008-02-11 / 10:31 / Asier Larrinaga Larrazabal

Egia da. Gauza bat da ardo gorria, eta beste bat klaretea. Mikel Garaizabalek ondo bereizten ditu bere liburuan, "Mahatsaren orpotik dator" izenekoan.

Eskerrik asko.


Asier

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus