Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Oka-Iruņaren Adierazpena

Oka-Iruņaren Adierazpena

2008-01-16 / 07:00 / Euskararen Jatorriaren Elkartea   KULTURA

Euskararen Jatorriaren Elkarteak adierazpen bat egin du Oka-Iruņari buruz. Indusketa-lanekin eta hauen ondorioz egindako aurkikuntzen inguruan zenbait eskaera luzatu ditu elkarte honek; hizkuntzalari taldea zabaltzea, besteak beste, atzerriko hizkuntzalarien parte-hartzea ere bultzatuz.

1. Izena. Antzineko hiri honi, Brontze Garaitik okupatuta, Veleia izena ere jarri zaio, erromatar garaiko izena, ziurtatuta ez badago ere Veleia Oka-Iruņa izan zenik. Herriak azken mende hauetan "Iruņa" esan dio ingurune hori, eta ez da inoiz Veleia izan inguruko biztanleentzat, nahiz eta euskara orain dela 200 urte inguru galdu.

Horregatik, izena zuzendu eta Oka-Iruņa izan dadila eskatzen dugu, beti horrela deitu izan delako, sortu zenean eta azken mendeotan, eta baita ere, udalerriaren izen ofiziala horrela delako.

2. Indusketak. Arkeologoek, orain urte bat baino gehiago, euskarazko idazkunak aurkitu dituzte, erromatarren idazkeraz idatzita, Iruņa hiriak izan zuen zabaleraren % 1 arakatu ondoren.

Euskararako, Euskal Herrirako, inguruko herrialdeetarako eta Europarako hain aurkikuntza garrantzitsua izanik, nola ez da egin orain arte indusketa plan handigura bat, hiri guztia epe egoki batean (10-15 urte) aztertzeko? Euskal Herriko hiririk handiena izan omen zen (10.000 biztanle izan ei zuen orain 2.000 urte) eta epe labur-laburrean desagertu zen. Agian gure historiako gako garrantzitsuenetako gordetzen du eta orain arte ezikusiarena egin dugu. Noiz arte?

3. Idazkunak. Egindako datazioen arabera, idazkunak Kristo osteko III. Mendekoak ei dira. Atzerriko hiru laborategiek data hauek baieztatu dizkigute. Idazkun hauek ez dira Euskal Herriko Ondarea bakarrik, mundu mailako Ondarea ere bada, eman dezaketen informazio historiko, linguistiko, erlijioso eta abar oso garrantzitsuak direlako.

Orain arte informazio gutxi eman da, emandakoa filtrazioen bidez atera da eta ez dago ezer eskuragarri. Gainera, datorren urtera arte ez dute ikerketako informazio osoa emango: idazkunen testuak, interpretazioak, testuinguruak, etab. Denbora gehiegi da, herritarrak zain egoteko.

Denbora hau laburtzea eta beharrezkoak diren baliabide teknikoak jartzea eskatzen dugu.

4. Hizkuntzalariak. Idazkun hauen kopia batzuk, hizkuntzalari gutxi batzuei eman zaizkie eta urtebete luze pasatu ondoren, euren ondorioak oraindik ez ditugu ezagutzen: esanahi literala eta historikoa, Euskal Herriko eta inguruko herrien testuinguruan kokatuta.

Agian urtebete barru, ikerketaren emaitzak ematen direnean zerbait izango dugu baina parte hartzen ari den hizkuntzalari taldea ikusita, murritzegia iruditzen zaigu, ez bakarrik kopuruagatik, duten euskararen ikuspegiagatik ere bai. Izan ere, ikerlari hauek Koldo Mitxelenaren eskolakoak izanik, euskararen gaur egungo ikuspegi ofiziala dute. Horren arabera, euskara hizkuntza isolatua izan zen eta inguruko herrien hizkuntzekin ezer gutxi jaso zuen erromatarren garaia iritsi arte. Uste sendoa dugu, Oka-Iruņako aurkikuntzek zalantzan jarriko dutela orain arte "indarrean" dauden hainbat pentsaera.

Hizkuntzalari taldea zabaltzea eta bertan Euskal Herrikoez gain, atzerriko hizkuntzalariak ere laguntzea eskatzen dugu. Ikuspuntu desberdineko hizkuntzalariak nahi ditugu taldean, ez lerro bakarrekoak. Horrelakoa egiten ez bada, material asko ezkutatuta edota balio gabe utzita, alde batera geratuko delakoan gaude

5. Gainerako ikerketa taldea. Arlo asko ukitzen ditu ikerketa honek eta orain arte arkeologo, historialari eta hizkuntzalari gutxiegi egon dira, dagoen erronka honi erantzuteko.

Horregatik, Nazioarteko Ikerketa Talde bat antolatzea eskatzen dugu, Euskal Herri eta Europako adituez osatuta.

6. Ikerketaren sozializazioa. Horrelako ikerketek lasaitasuna eta diskrezio maila bat behar dutela jakinda ere, behin informazioa zabaldu ondoren, beste modu batera kudeatu behar izan da hau, batez ere, datazioak egiaztatu direnean.

Horren tamainako aurkikuntza egotea, ondoren dena isilpean eramatea... ez da egokia kultur maila handiko eta herritarrenganako errespetuan oinarritutako herrialdetan.

Orain arte aurkitutako testu, argazki eta bestelako material grafikoa eta euren kontextualizazioa publiko egitea eskatzen dugu, ikerketa osoa amaitu arte itxaron gabe.

Interneten webgune bat irekita egon beharko litzateke jadanik, material guztia kokatzeko, jendeak parte hartzeko maila desberdinetan (adituak, herritarrak...), ikerketa kudeatzeko (kanpokoen parte hartzea erraztea...) etab. Beste aurkikuntzak, Lazarragarena esaterako, denbora laburragoan jarri da denon eskura, zorionez.

7. Finantzazioa. Orain arte Oka-Iruņako indusketa finantzatu duten erakundeak ikusita, Eusko Trenbideak babesle nagusia izan dela ikusteak harridura handia sortzen du. Gasteizen tranbia ez jartzean, Eusko Trenbideek Araban publizitatea egitea erabaki zuen, Tau Baskoniaren babesle gisa jarriz eta Oka-Iruņako indusketak sustatuz. Gure hiri zaharra ikertzen hasteko txiripaz egon da dirua.

Eusko Trenbideei eskerrak eman nahi dizkiegu Oka-Iruņako indusketan sinisteagatik baina, ordua da, Arabako Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak proiektu hau behar bezala babes dezaten. Gasteizko Katedraleko birgaitze eta indusketan, dirutza jarri da. Bien arteko finantzazio eta balio historiko, linguistiko eta erlijiosoa ikusita, alde izugarria dago. Enpresek ere, euskararen alde zerbait egitekotan, aukera paregabea dute laguntzeko Oka-Iruņan.

Finantza dezagun gure hizkuntzaren eta historiaren atal garrantzitsuenetako hau argitzeko ikerketa!

8. Eskaera erakundeei. Guzti honengatik, ikerketa hau zuzentzen ari den taldeari, Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailei, Europako Batasunari eta Unescori egindako eskaerak kontuan hartzea eskatzen diegu.


(EUSKARAREN JATORRIAREN ELKARTEA)


Inprimatu


Erantzun

 
Nik sinatuko nuke
2008-01-16 / 21:52 / Bittor Hidalgo Eizagirre

Zergatik ez duzue aukerarik eman Oka-Iruņaren gainean iritzia emateko. Niri ere, argitaratutako artikuluan esandako guztiekin ados egongo ez banaiz ere, lotsagarria iruditzen zait bertako aurkikuntzekin garatatutako informazio politika, eta uste dut bertako informazioa hasiera-hasieratik jarri behar zela ahalik eta osatuen denon eskueran. Lazarragaren kasuan gertatu zen bezala, nahiz eta orduan ere, askoren iritziaren kontra izan bide zen. Gero etorriko dira ikerketak, ziurtatzeak eta gezurtatzeak.

Ireki liteke, ba, halako dokumentuari, edota hobe, bertako eskaera nagusiari eginiko adhesio zerrenda edo. Nik sinatuko nuke.

Ondo izan.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus